2026-11-03
HomeEkintza PolitikoaEuskal preso bati langabeziarako eskubidea aitor diezaioten lortu dugu

Euskal preso bati langabeziarako eskubidea aitor diezaioten lortu dugu

Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiak onartu egin du LAB sindikatuak jarritako helegitea langabeziarako eskubidea ukatu zioten euskal preso baten kasuan. Hala, atzera bota du aurrez Bilboko epaitegiak emandako epaia, zeinak ez baitzion langabeziarako eskubiderik aitortzen kaltetuari. Epaia behin-behinekoa da.

Hirugarren graduan dagoen euskal preso baten aldekoa da epaia. 2002an espetxeratu zuten, eta hirugarren gradua eman zioten 2023ko otsailean. Hala dago egun, eta 2028an geratuko da aske zigorra osorik betez gero. Espetxean zegoen bitartean, aipatutako presoak Aukerak Gizarteratzearen Euskal Agentziaren bidez lana egin zuen espetxean bertan, urtebete baino gehiago iraun zuen epealdian. Egindako lan horrengatik langabezia eskatu zuen behin hirugarren gradua eskuratutakoan, baina ukatu egin zioten. Orain, EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak horretarako eskubidea aitortu dio.

Auzitegiak dio Espainiako Konstituzioak berak aitortzen diola ezein presori ordainpeko lanerako eskubidea eta horren ondorioz Gizarte Segurantzaren onurak jasotzekoa, inolako salbuespenik gabe. Aipatutako kasuan, langabeziarako eskaera presoak espetxean egindako lanean zegoen oinarrituta. Behin hirugarren graduan, ordea, SEPE Espainiako Enplegu Zerbitzu Publikoak ukatu egin zion presoari langabezia.

Horretarako arrazoirik ez zegoela ebatzi du orain epaitegiak, eta presoari eskatua zuen langabeziari dagokion ordaina emateko agindu du, baita epealdi horretan langabezia jaso izana aitor diezaioten ere.

LABek positiboki baloratzen du epaia, presoen oinarrizko eskubideak aitortzera bidean urratsa baita, eta aurrekari izan baitaiteke bide horretan. Beste edozein herritarren moduan, presoek ere badute lanerako eskubidea, eta baita, horrenbestez, Gizarte Segurantzara sarbidea izatekoa ere. Justizia sistema ez punitibista baten oinarrietako bat behar luke presoari bere bizi proiektua garatzeko oinarrizkoak dituen eskubideak aitortzeak, eta horren alde lanean jarraituko du LABek. Zentzu berean, euskal presoei ezartzen zaizkien salbuespenezko neurriak amaitzeko eskatzen du.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Etxebizitzarako eskubidea bermatu dadin, hiru eraldaketa eta sei ekintza lerro proposatu ditugu

Etxebizitza langileen eta herritarren beharren arabera antolatzeko, parke publikoa ardatz duen planifikazioa egin behar da; etxebizitza politiketan eman beharreko eraldaketak kapitalaren irabazi espekulatiboen bidez ordaindu behar dira; eta, jarduera espekulatiboak debekatuz, negoziorako erabiltzen diren etxebizitzak berreskuratu behar dira.

Mallabiko Enerpac enpresaren itxiera salatzen dugu

Errekorreko etekinak dituen multinazional batek 43 pertsona kalean utzi nahi ditu lehenago Larzep izena zuen lantegian.

Osakidetzako langileek irmoki erantzun diote greba deialdiari, eta kaleak bete dituzte lehenengo greba egunean

Eguerdiko manifestazioek milaka pertsona bildu dituzte, osasun zerbitzuko kategoria guztietako beharginak eta osasungintza publikoa babesteko herri plataformetako kideak eta herritarrak barne.