2026-08-02
HomeEkintza SindikalaEkidin zitekeen beste lan-heriotza bat, oraingoan Irunberrin

Ekidin zitekeen beste lan-heriotza bat, oraingoan Irunberrin

Atzo, irailak 16, 42 urteko langile bat hil zen Irunberriko etxebizitza baten berritze lanetan ari zela aldamio batetik erorita.

LAB sindikatutik elkartasun eta babes osoa adierazten diegu hildako langilearen familiari, lagunei eta lankideei.

Beste drama bat. Beste langile bat hil da ekidin zitekeen lan-istripu batean. Heriotza honekin, dagoeneko 42 langile hil dira lan-istripuz aurten. LABetik istripua zorrotz ikertzeko eskatzen dugu, eta gertakari guztiak argitzeko, baita istripuaren ondoriozko erantzukizun guztiak argitzeko ere.

LABen argi daukagu, aldamioen arloko segurtasun-araudia aplikatu izan balitz, ez litzatekela lan-istripu hori gertatuko. Arazoa da patronalak ez duela betetzen laneko segurtasunari eta osasunari buruzko araudia, lan-kostuak merketzeko. Heriotza mota hauek guztiak ekidin daitezke prebentzio-jarduera behar bezala kudeatuz, integratuz eta aplikatuz.

Azken 10 urteetan, Euskal Herrian, gutxienez 79 langile hil dira altueratiko erorikoen ondorioz, gehienak eraikuntzaren sektorean. Laneko heriotzen % 12,5 baino gehiago dira, eta nagusia eraikuntzaren sektorean. Heriotza berri honekin, aurten beste 6 langile hil dira arrazoi horrengatik.

Horrenbestez, eta lan-arriskuen prebentzioari buruzko legea indarrean sartu zenetik ia 30 urte igaro ondoren, gaitz sozial eta laboral hori saihesteko neurriak hartu behar dira berehala.

Horretarako, funtsezkoa da erakundeen kontrola, lan-osasunari buruzko araudia bete dadin eskatzeko. Kasu zehatz honetan, Irunberriko Udalak obra-plana berrikusi behar zuen egiaztatzeko ea segurtasun-neurri guztiak betetzen ziren eta ea aldamioa bat zetorren araudiak ezarritakoarekin.

Nafarroako Gobernuak nabarmen handitu behar ditu lan-ikuskatzaileen kopurua eta kontrolak, obretan eta lantokietan prebentzio-araudia bete dadin.

Amaitu behar da patronalaren zigorgabetasunarekin. Amaitu behar da lan-absentismoari buruzko eztabaida interesatu eta faltsuarekin. Nola da posible, lan-osasunari buruzko araudia indarrean sartu zenetik ia 30 urte igaro ondoren, erorikoaren ondoriozko heriotzak izatea, urtez urte, eraikuntzaren sektoreko lan-istripu hilgarrien kausa nagusia? Hori da laneko absentismoaren benetako gaitza: patronalak eta instituzioek gaixotu eta hiltzen gaituzte, gero, gainera langileok kriminalizatzeko.

Azkenik, azken lan-istripu hau salatzeko egingo diren mobilizazioetan parte hartzeko deia egiten dugu.

AZKEN ALBISTEAK | ĂšLTIMAS NOTICIAS

Helegiteak aurkeztu dizkiegu 1.200 milioitik gorako kostu estimatua duten anbulantzien makro-esleipenei, eta pribatizazioaren aldeko apustua salatzen dugu

Sindikatuak errekurtso berezi bat jarri du Osasun Sailaren pleguen aurka, Oinarrizko Bizi Euskarriko eta Garraio Programatu eta Hitzartuko zerbitzuei dagokienez. Bestalde, salatu du Alberto MartĂ­nez sailburuak Osasun Planaren ildoak alde batera uzten dituela, gizartearen eskaerari entzungor egiten diola eta beste autonomia-erkidego batzuetan osasun-zerbitzuen kudeaketa publikoa berreskuratzeko izandako esperientzia arrakastatsuak ere baztertzen dituela, lan-arloko ez-betetzeengatik ezagunak diren enpresa piratak saritzen jarraitzeko.

Patronalak Bizkaiko Arrain Kontserben eta Gazituen hitzarmenerako proposamen bat aurkeztu du, eta LABek langileen erabakipean jarriko du

Proposamenean jasotzen diren aurrerapenak urte eta erdi baino gehiagoko negoziazioaren emaitza dira, eta, batez ere, langileen egindako borrokaren eta greben ondorio dira.

Hezkuntza Sailak udal haur eskolei finantzaketa kentzeko aldebakarrez hartutako erabakiaren aurrean, bertako langileak babesten dituen akordioa lortu du LABek

Andoaingo, Usurbilgo, Oiartzungo, Ordiziako, Aretxabaletako eta Gaubeako langileek bertako haur hezitzaile izaten jarraitzeko akordioa sinatu du LABek; ez da kaleratzerik egingo, eta karrerako funtzionarioek tokiko administrazioan haien izaerari eutsiko diote jubilatu bitarte.