2026-06-18
HomeEkintza SindikalaPribatizazioaren aurrean, zaintza sistema publiko komunitarioa aldarrikatu du LABek martxoaren 8ko mobilizazioetan

Pribatizazioaren aurrean, zaintza sistema publiko komunitarioa aldarrikatu du LABek martxoaren 8ko mobilizazioetan

LABek Gasteiz, Iruñea eta Baionan egin ditu mobilizazioak aurtengo martxoaren 8an. Pribatizazioaren aurrean, zaintza sistema publiko komunitarioa aldarrikatu du sindikatuak. Garbiñe Aranburu koordinatzaile orokorra Gasteizen izan da, Probintzia plazatik abiatu den mobilizazioan.

Azaroaren 30eko Greba Feminista Orokorra zaintzaren eraldaketari ekiteko urrats erraldoia izan zela adierazi du Aranburuk, zaintza sistema eraldatu gabe, emakume* eta gizonen arteko berdintasunaz hitz egitea erretorikoa dela nabarmenduz. “Zaintza lanak banatu eta kolektibizatu behar dira, erantzukidetasuna bultzatzeko neurriak beharrezkoak dira eta zaintza sistema publiko komunitarioa eratu behar da”, gaineratu du.

Bere esanetan, zaintza sistema publiko komunitariorik ez izateak bizitzen eta lanen prekarizazioa iraunkortzen du eta zaintza kate globalak emakume* batzuen bizitzak are gehiago esplotatzea dakar, eta horren erakusgarri dira Euskal Herrian gaur egun aurki daitezkeen muturrreko egoerak.

Hala ere, ez du ukatu emandako urrats erraldoia: “Sistema kapitalista heteropatriarkalaren zutabeak arrakalatzen ari gara, pitzadurak sortu ditugu eta horiek handitzen jarraitzea dagokigu”. Zaintzaren erronkaren inguruan egindako pedagogia ariketa sakona nabarmenduz, emakumeon* bizkar erortzen den zaintza eredu bidegabea salatu eta gaia politizatu dela adierazi du. “Ari gara zaintzari behar duen tokia egiten, eremu sindikal, sozial zein politikoan”. 

Nafarroa zein Gasteizko Gobernuei dagokienez, salatu du azaroko grebaren ondorioz, agendan kokatu dutela zaintzaren gaia, baina ez egoerak eskatzen dituen erantzunak emateko. “Bereganatu dituzte feminismoaren hainbat kontzeptu eta zuriketa eta desitxuratzearen jokoan sartu dira”, gaineratu du.

Politika feministak eskatu ditu Aranburuk, ez mezu politikoki zuzenak. Eta honetan sakonduz, eta emakume* eta feministen determinazioa goraipatu ditu: “Ez duzue lortuko gure bidetik ateratzea, borrokan jarraituko dugu zaintza eraldatu arte”.

Apirilaren 21ean EAEn izango diren hauteskundeak aipagai, adierazi du marketing kanpaina jarri duela martxan urte luzez zaintza pribatizatu eta negozio eremu bilakatu duen EAJk.

Horrela, jeltzaleek proposatutako Zainketen aldeko euskal ituna egungo zaintza eredua egonkortzeko apustu argitzat jo du. “Gobernu honek aukera berdintasuna erdiesteko konpromisoa duela esaten digu, baina badakite neurri hauekin hori ez dela gertatuko”, gaineratu du. 

Kritikan sakonduz, gaineratu du EAJren proposamenak ez dakarrela eredu berririk, ez zaintza duina jasotzeko dugun eskubidea bermatzeko inolako neurririk. Horrela “zaintzak eskubide ez baina negozio iturri izaten” jarraituko duela adierazi du, “ez baitago pribatizazioarekin amaitu eta zaintza sistema publiko komunitarioa eratzeko inolako asmorik, ez zaintza eremuko langileen soldata eta lan-baldintzak duintzeko edo zaintza lanak erantzukidetasunez berbanatzeko neurririk”.

Itun honen helburua zaintza lanetan ari diren emakumeen* borroka zikloa, Greba Feminista Orokorrak indartutakoa, desaktibatzea dela salatu du Aranburuk. Gaineratu du EAJk beti defendatu dituela kapitalaren interesak, eta sindikatuak, eragile sozialak, Mugimendu Feminista eta emakume* langileak mespretxatu dituela; eta ez diela erantzuten grebara atera zirenen aldarrikapenei.

Gogoratu du azaroaren 30eko grebaren hurrengo egunean dei egin zitzaiola gobernuari Mahai Intersektorial bat osatzeko eta gobernuak ez zuela honetarako inolako borondaterik erakutsi.

Aranburuk gaineratu du zaintza eraldatu gabe ez dagoela diskriminazioekin amaitzerik: “Zaintza denboren banaketa desorekatuari edo sexuen araberako lan banaketari eusten zaion bitartean soldata arrakalak iraun egingo du, emakumeok* esfera publikoan aritzeko desabantailan egongo gara eta denbora libreaz gozatzeko aukera gutxiago izango dugu”. 

Bestelako politika publikoak eta aldaketa politikoak ere eskatu ditu Aranburuk, EAJren eredua, PSEk babesten duena, agortuta dagoela zehaztuz. “Aldaketa hori egingarria da eta gero eta gertuago ikusten dugu” gaineratu du, aldaketa bultzatzen jarraitzeko dei egitearekin batera.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Amiantoak hil egiten duela salatu dute CEMOSAko langileek

Joan den maiatzaren 9an hil zen Juan Mazorriaga Maguregui, Matxorri, CEMOSAko langilea, lanean ari zela amiantoaren eraginpean egotearen ondorioz. Honen harira, amiantoarekiko esposizioak eragindako...

Grebaren jarraipen masiboa Etxebarri-Ibiñako PEPSICOren botilaratze plantan

PEPSICOko langileak greba egiten ari dira gaur, enpresa batzordeak deituta, enpresa diziplina-araubidea gehiegikeriaz eta arbitrariotasunez erabiltzen ari dela salatzeko. Enpresa langileen aurkako politika zigortzailea gauzatzen...

LABetik exijitzen dugu lehenbailehen zuzendu dezatela familia-langileen soldaten finantzaketa

Nafarroako Gobernuko Eskubide Sozialetako Departamentuan eskaera aurkeztu ondoren, martxoan jaso genuen departamentuaren erantzuna, non esan baitziguten 48/2020 Foru Dekretuan jasotako familia-langileen finantzaketa-moduluen "azterketa" egingo zutela. Hiru hilabete geroago, oraindik ez dugu erantzunik jaso, eta oinarrizko gizarte-zerbitzuen kolektibo horrek konparaziozko bidegabekeria onartezina jasaten jarraitzen du.