2026-07-11
Blog Page 923

Euren etorkizunarekin kezkatuta daude BSH Bosch enpresako langileek

0

BSH Bosch lantegiko langileek elkarretaratze bat egin zuten larunbatean, Gasteizen, bizi duten egoera salatzeko. Hain zuzen ere, enpresa batzordeak adierazi du enpresak datozen hiru urteetarako soldata eskaintza bat egin diela, baina lantegiaren bideragarritasuna ziurtatu gabe. Hortaz, kezkatuta daude euren lanpostuaren etorkizunarekin.

Negoziatzen ari da enpresa batzordeak, komunikabideei igorritako oharrean adierazi bezala, baina orain arte proposatutakoa ez ditu langileak asebete.
 

 

 

Askapenaren 30. urteurrenaren ospakizunetan parte hartu dugu

0

Gaur Urriak 7 larunbata, Euskal Herriko Askapena erakunde internazionalistak bere 30. Urteurrena ospatu du, eta LAB sindikatua bertan egon da, Askapenako kideekin batera Berriozarren. Egun seinalatu honetarako egun osoko egitarau bat antolatu dute bertaratu diren guztientzat, eta eguerdiko 12etan Ekitaldi politiko bat izan da Berriozargo musika eskolan. LAB bertze hainbat eragilerekin batera ekitaldi horretan egon da.

Eguerdiko ekitaldi horretan Askapenaren 30 urte hauetako ibilbidearen errepasoa egin da, internazioanlismo politikoaren garrantzia azpimarratuz, eta jazarpen guztien gainetik egindako lan guztia azpimarratuz. Aldi berean urte guzti hauean mundu osoan zehar Askapenaren eta Euskal Herriaren askapen borrokaren ondoan egon diren lagunak omendu dira.

LABetik Askapena 30 urteko ibilbide honengatik zoriondu nahi dugu, eta bertze hainbertze urte ospatzea desio diogu. Guk ere Askapenaren lana goraipatu nahi dugu, mundu osoko herrien askapen borroken alde egindako lanarengatik eta mundu osoan zehar Euskal Herriko askapen borrokaren ahotsa eramateagatik. Bide guzti honetan Askapena bidelagun izan dugula harro erran dezakegu, mundu justu bat eraikitzeko bide honetan.

 

 

 

Guggenheim Museoaren aurrean mobilizatu gara

0

Hogei urte daramatza Guggenheim museoak, prekarietatean oinarritutako lan baldintzak eskaintzen, azpikontrata eskasak edo ABLEekin funtzionatzen eta langileok dugun grebarako eskubidea urratzen. Orain dela urtebete hezitzaileak kaleratuak izan ginen gure eskubideak defendatzeagatik. Greba egin genuen gure soldata eta lan-baldintza erridikuluak hobetzeko. Egindako mobilizazioei Guggenheim-ek langileak kaleratuz erantzun zuen. Gaur, hilak 7, langileak berriz mobilizatu dira egoera hau salatu eta benetako museo eredugarri baten alde egiteko. Ez dugu onartuko Artea Fast Food bilakatzea Kalitatezko museo baten alde egingo dugu, entxufismorik gabekoa, itxurakeriaz haratagoko langileen duintasuna babesten duena.

 

 

 

Indarkeria matxistaren aurka elkarretaratzeak egin dituzte Mecedeseko langileek


Hildako emakumearen familiari eta lagunei elkartasuna adierazi diete gaur, enpresa batzordeak Gasteizen deitutako protestetan. Mercedeseko LABeko atal sindikalak, bere aldetik, gaitzezpena adierazi du enpresa honetako langile batek Ana Belén Jiménez hiltzeagatik.


 
LABetik, indarkeria matxista erabiltzen duten pertsonek zein jarrerak ez ditugu onartzen, edozein motatakoak izanda.

Enpresa honetan ez ditugu erasotzaileak ezta hiltzaileak nahi.

Aldi berean, indarkeria matxistaren aurkako gure konpromisoa adierazten dugu eta enpresari eskatzen diogu indarkeria matxistaren mota guztiak identifikatzeko formazioa eta indarkeria hori gaitzesten duen baloreetan sentsibilizazioa.

Anaren senide eta lagunei gure elkartasuna adierazi nahi dugu momentu latz honetan.

 

 

Sindikatuok Iruñean atxilotutako gazteen aldeko mobilizaziora deitu dugu urriaren 11rako

0

7 hilabete betetzear daude herriko 4 gazteren etorkizuna eten zenetik, 200 egun gazteen eta ingurukoen bizitzak hankaz gora jarri zirenetik. Zergatik? Mobilizazio liskartsu batean parte hartzeagatik. Guztiz bidegabea eta desproportzionala den egoera honen aurrean, Oarso-Bidasoako ELA, LAB, CCOO, ESK, CGT eta STEILAS sindikatuko kideok elkarrekin basakeria hau salatzeko deia luzatzeko batu gara, eta gaur agerraldai egin dugu urriaren 11ko mobilizaziorako deia egiteko. Oreretako Herriko Plazan izango da hitzordua, 19:00etan.

Gazte hauek, martxoan izan ziren atxilotuak eta errugabetasun presuntziorik gabe espetxeratuak. Hori gutxi ez, eta Auzitegi Gorenak, terrorismo kalifikazioa eman die gertakarioi. Horrek dakarren guztiarekin, Audientzia Nazionalak epaitzea, dispertsioaren aplikazio arriskua, euren etorkizuna moztea…

Argi dugu, gertakari hauek, espainiar estatuko beste edozein lurraldeetan ez zirela terrorismo bezala kalifikatuko. Berdintasun printzipio hori aldarrikatzen dugu. Gazte hauek ez dira terroristak.

Ezinbestean, Sindikatuok, gure erantzukizunari heldu behar genion, ezberdintasun sindikalen gainetik, koherentzia politikoari helduz eta ondorengoa adierazi:

1.- Gazte hauei eta euren hurbilekoei gure babes osoa.

2.- Eskualdeko herritarrak, eta bereziki langileak, urriaren 11ean, 7 hilabete espetxean beteko dituzten egunean hain zuzen ere, mobilizatzeko deia luzatzea, ondorengo aldarrikapenen bueltan: atxilotuen berehalako askatzea, terrorismo kalifikazioa ezabatzea eta gertaerak auzitegi arruntean, hau da, Nafarroan epai daitezela.

3.- Gure konpromiso publikoa eskualdeko ahalik eta enpresa gehienen atxikimendua jasotzeko.
 

 

 

AHTren aurkako manifestazioarekin bat egin du euskal gehiengo sindikalak

0
LAB, ELA, STEILAS, ESK, CGT, EHNE Nafarroa eta HIRU sindikatuok gure atxikimendua adierazi nahi diogu larunbatean, hilak 7, 18:30ean, Tafallan eginen den manifestazioari, ondorengo lelopean: “AHT/TAP korridoreak isolatzen gaitu. AHT-ri ez!”. Honez gain, Nafarroako langileria osoa deitzen dugu “Erdialdea trenaren alde” plataformak antolatu duen manifestazioan parte har dezan.

Lehenengo eta behin, ELA – LAB – STEILAS – ESK- CGT – EHNE Nafarroa eta HIRU sindikatuok berriro berresten gara gure kontrakotasun irmoan, Abiadura Handiko Trenaren (AHT) edota Prestazio Handiko Trenaren aurka.

AHT eztabaidagai eta mobilizazioen iturburu izan da hainbat urtez. Iraganean baloratu genuen aurreko Nafarroako Gobernuek eta Madrileko Gobernuak egin nahi zuten azpiegiturari, “inondik inora ez doan trena” izenez ezagutzen genuenari, burugabekeria izateaz gain, xahubidea zela irizten geniola. Horrengatik, proiektua gerarazteko konpromisoa ere adierazi genuen. Ez da beharrezkoa eta ez dugu nahi!

Nafarroako Erdialdeko jendea, eta batez ere Tafallako herria, aldarrikatzen ari da Espainiako gobernuak eta Geroa Bairen gobernuak, Ayerdi jaunaren eskutik, Nafarroako gizarteari ezarri nahi dioten proiektua ekologiaren aurkakoa, baliabideen xahutzailea eta hiritarron premia sozialei ekiteko ezegokia dela. Horren adierazgarri garbia, AHTren eraginez, Tafallako tren-geltokia itxiko litzateke, eta Tafallarrok kotxez joan beharko genuke Etxabakoitzen eraikiko den tren-geltokiraino (20 minututako bidaia), gero, berriro igarotzeko Tafallatik trenean.

Proiektu honen ezarpena saihesteko, funtsezkoa suertatuko da gardentasun ezarekin amaitzea, parte-hartzea sustatzen ez duen eztabaidari ez ekitearekin eta erabakitzerakoan, hiritarrak aintzat ez hartzearekin amaitzea. Arbuiatzen dugu edozein parte-hartzeari eta alternatibak aurkeztu ahal izateari ateak itxi izana Nafarroako Erdialdea osatzen duten herrietan, Tafalla eta Tutera, batez ere, baztertuz.

Aldaketa geure geroaren jabe izatean datza. Aldaketa egiteko, mugigarritasun jasangarriaz eta garraio publikoaz ari garenean, batez ere, “sen onez” aritu behar da, gizarte-errentagarritasunari lehentasuna eman behar zaio, ekonomikoki arrazoizkoak diren eta gizarte politikei murrizketarik eragingo ez dien proiektuak sustatu behar dira, eta ekologiarengan izan dezakeen eragina ahalik eta gehien txikiagotu behar da ere. Alegia, AHTri falta zaion guztiaz ari gara.

Honengatik guztiarengatik, ELA – LAB – STEILAS – ESK- CGT – EHNE Nafarroa eta HIRU sindikatuok:

-Nafarroako langileria deitzen dugu larunbata honetan, urriak 7, 18:30ean, Tafallako Nafarroa enparantzatik abiatuko den manifestazioan parte har dezan.

-Nafarroako gobernuari eskatzen diogu AHTren proiektuari berrekiteko asmoa bazter dezala eta Nafarroak behar duen trenbide-sareari buruzko eztabaida sozial eta politikoa zabal dezala.

-Honen bidez agintzen dugu proiektu honen aurkako iritzia sustatzeko, bide partekatua eratu dadin eta Nafarroako hiritarren borondatea beteko duen alternatiba eraiki dadin lan egingo dugula.
 

 

 

Edesako langileek manifestazioa egin dute Basaurin

0


Basauriko kaleetan mobilizatu ziren atzo, Edesa Industrialeko langileek bizi duten egoera larria salatzeko. Izango dugun etorkizun iluna ere salatzen dugu eta Basaurik jasango duen enplegu galera, egoera hau konpontzen ez bada. Berriro diogu enpresaren kudeaketa txarra izan dela egoera honetara eraman gaituena eta proiektua bideragarria dela", adierazi dute langileen ordezkariek.

Basauriko Edesa Industrialeko langileen hitzetan, "duela bi hilabetetik hona gure kontratuak eteteko EEEa jasaten ari gara. Hau konpontzen ez bada plantillaren kaleratze kolektiboarekin amaituko da. Gainera, soldatak zor dizkigute".

CNA-Cataren aldetik informazio argiaren falta jasaten ari direla salatu dute. "Proiektu serio bat ez dagoenez, egunero aldatuz doazen hipotesiak baino ez dira, Zuzendaritzaren aldetik gardentasun falta osoa dagoelarik", adierazi dute.

 

 

 

Agirrelandako Suhiltzaileen Parkean egindako elkarretaratzeagatik isunak jartzeko eskatu du PPk

0

Gehiengo sindikalak, urriaren 3an lan zentroen barruan, atseden tartean, kontzentrazioak egiteko deia luzatu zuen. Egun horretan Agirrelandako Suhiltzaileen Parkean egindako kontzentrazioa ikertu eta isunak jartzeko eskatu du PPk. Deialdiak legalki babestuta zeuden, baita laneko arroparekin egiteko ere.

PPk, jokaera horrekin, borrokak eta odolari esker lorturiko adierazpen askatasunarekin eta askatasun sindikalarekin bukatu nahi du. Horrek, izen bat du, ideien jazarpena.

Kontzentrazio horiek ilegalizatu nahiko balitu PPk, lehenago manifestatzeko eta sindikatzeko eskubideak bermatzen dituzten legeak derogatu beharko lituzke.

Horregatik argi dago PPren arazoa ez dela “lege santua”. PPk ez ditu legedien derogazioak parlamentu ezberdinetan tramitatu behar. PP bera, ezarritako legedien gainetik pasatzen da nahi duenean edo aldebakarrez edo “de facto” derogatzen ditu gustatzen ez zaizkionean. Eta eskarmentu bat emateko, epaileak eta poliziak bidaltzen dituzte.

Berriro ere, beraien benetako aurpegia erakutsi digute, ustelkeria eta errepresioari esker lorturiko 78ko erregimen postfrankistarengandik heredatutako statusa kolokan ikusten dutenean, jazarpen poliziala eta judiziala soilik dakite erabiltzen.
Gure babes osoa adierazten diegu kontzentrazio ezberdinetan parte hartu zuten langile guztiei.

PPren jarrera errepresiboa salatzen dugu eta beste alderdi guztiei adierazpen askatasuna kendu nahi duen PPri publikoki salatzea eskatzen diegu.