2026-04-10
Blog Page 861

Presoen alde irten gara kalera Gasteizen

Euskal presoen aldeko elkartasuna lehen lerrora eramaten ari gara egunotan, hainbat jarduera eta mobilizaziorekin. Gasteizen, elkarretaratze bat egin dugu gaur, Andra Maria Zuria plazan.

Algortan izan ginen herenegun, presoei elkartasuna adierazten. Bihar, berriz, Oreretan izango gara. Hain zuzen ere, 12:00etan, Herriko Plazan, Olentzero eta Maridomingiren agerraldia izango da.

Bihar ere, Iruñean kasu honetan, 12:30ean, giza kate bat abiatuko dugu udal plazatik.

LABek antolatutako jarduerez gain, Kalera Kalera dinamikak egunotarako antolatutakoekin ere egin dugu bat.

 

 

 

Mobilizazioekin jarraitzen dute Alfako langileek

0
Elkarretaratzeak egingo dituzte Eibarren, gaur, osteguna, 18:30ean, Ipuruan; eta bihar, ostirala, 19:00etan, Untzaga plazan. Bitartean, Olentzero atzo izan zen lantegian, eta ikatza utzi zion Alfako zuzendari nagusi Jon Ander Buenetxeari.


Abenduaren 4an, Alfa Precision Castingeko langileen batzarrean bozkatu eta onartu zen abenduaren 11tik aurrera greba mugagabeari ekingo zitzaiola.

Alfa taldeko zuzendaritzak, abenduaren 11rako lanari ekin ezean, langileak Donostiako epaitegian likidazioa aurkeztearekin behin baino gehiagotan mehatxatu ostean, taldearen zuzendaritzak fede txarrez jardun zuen, eta likidazioa burutu zuen abenduaren 7an.

Ordudanik bilerak egin ditugu, Eibarko Udalarekin zein Eusko Jaurlaritzarekin. Azken honi, egungo egoerari buruzko analisia helarazi diogu, eta horrez gain, bi alderdiei hainbat eskari egin dizkiegu.

Eibarko Udalarekin egindako bilerari dagokionez, zeinetan alkatea zein ordezkatuak dauden alderdi politiko guztien bozeramaileak egon baitziren, honakoak izan ziren enpresa-batzordeak egindako eskariak:

• Grupo Alfako zuzendaritzaren, konkurtso-administratzaileen eta langileen ordezkaritzaren arteko bitartekaritza lanak egitea.

• Norbait edo lantalde bat esleitzea Eusko Jaurlaritzarekin eta Gipuzkoako Aldundiarekin elkarlanean aritzeko, inbertitzailea berriak bilatzeko.

• Grupo Alfaren orubea ez dadila birkalifikatu, alderdi sozialarekin adostu ezean.

Eibarko Udala prest agertu zen aipatu eskakizunetan laguntzeko eta hurrengo egunetan berriro elkartzeko. Eusko Jaurlaritzari dagokionez, Industria-zuzendaria den Alejandro Lopez Cárcamorekin elkartu ginen. Grupo Alfaren zuzendaritzak egin duen kudeaketarekin bat ez zetorrela adierazi zigun. Ezin dezakegu ahaztu, lehiaketa egoera batean egon arren, 2.289.092 eurotako “arrakastari lotutako sariak” banatu zituela. Industria Zuzendariak adierazi zigun konkurtsoko administratzaileari laguntza eskainiko ziola likidazio lehiaketa osoan. Horrez gain, esan zigun, merkatu osoa arakatzeko lagunduko zutela balizko inbertitzaileak bilatzeko, beti ere, lanpostu guztiei eusteko helburuarekin.

Batzordeak ondo irizten die grebari eta egindako mobilizazioei, hauen jarraipena %70aren gainetik egon delako, lanpostuei eta gure senideen etorkizunari eustearren, borrokatzeko gertu gaudelako.

Gestiotan ari gara ere, ahalik eta lasterren konkurtsoko administratzailearekin bildu ahal izateko. Honen bidez, likidazio prozesuari, lantokiaren geroari, inbertsioei… buruzko informazio argia eta zehatza izan nahi dugu. Konkurtsoko administratzaileari honako eskaerak egin nahi dizkiogu:

• Taldea osatzen duten enpresa guztietan enplegua egonkortzeko eta hari eusteko konpromisoa.

• Jendea igortzekotan, ez dadila modu traumatiko batez egin, kalte-ordainak jaso ditzatela, enpresak
egin duen proposamen bakarra hobetuz.

• Langileek eta hauen senideek, Alfa taldeko enpresetan izan dezaketen etorkizunari buruzko informazio argia, erreala eta zehatza jaso behar dute.

Argi gera bedi eta ez daitezela langileak nahasten saiatu. Langileek ez dira Alfa Precision Casting likidatu nahi izatearen errudunak, ez eta langileek egindako 5 egunetako lanuzteena ere. Likidatu izanaren erabakia Jon Ander Buenetxeak, Iñaki Uzkudunek eta Jorge Agirrebeñak osatutako enpresa zuzendaritzari dagokio soilik.
 

 

 

Xabier Ugartemendia: “EAJ, PP eta PSEren aliantzak uko egin dio berriz langileen aldeko erabakiak hartzeari”

Azken urteotako soldata-jaitsieraren aurrean, EAEko soldatak modu orokorrean igotzeari buruzko mozioa landu dute Gasteizko Legebiltzarrean, ohiko plenoan. Hala, LABek prentsaurrekoa eman du gaur Legebiltzarrean bertan, soldaten gaiaz eta Lan Harremanetarako Euskal Esparruaren beharraz. LABeko ekintza sindikala eta negoziazio kolektiborako idazkari Xabier Ugartemendiak hartu du hitza, zerbitzu pribatuen federazioko arduradun Saul Arangible eta industria arloko federazioko kide Zorion Ortigosarekin batera.

"Gaur EAEko aliantza neoliberalaren beste kapitulo bat ikusi dugu Legebiltzar honetan". Hitz hauekin eman dio hasiera agerraldiari Xabier Ugartemendiak, LABeko ekintza sindikala eta negoziazio kolektiborako arduradunak.

Hain zuzen ere, Ugartemendiaren hitzetan, 2011 – 2013an PP eta PSOEk lan erreformak egin zituzten langileen eskubideak prekarizatzeko, negoziazio kolektiborako eskubidea jipoituz, beti patronalaren mesedetan. "Gurean, Confebask-ek eta bere barruan elkartuta dauden Adegi, Cebek eta Seak, erreformak emandako tresna guztiak erabili nahi dituzte lan baldintzak okertzeko. Horretaz gain, soldaten kontrako erasoa ere martxan ipini dute, soldatak izoztuz, Kontsumorako Prezioen Indizearen (KPI) erreferentzia desagertarazteko neurriekin, eta horrek, erreforma aplikatzeko erabakiarekin batera, Confebask-ek eragindako hitzarmenen negoziazioaren blokeoa ekarri du", azaldu du.

Honela gauzak, Confebask-en jarreraren ondorioz, Barne Produktu Gordinaren (BPG) soldaten pisua 3 puntu jaitzi da 2009 eta 2016 artean, eta erosteko ahalmenaren galera ere %3koa izan da epe berdinean. "Bide horretan, Confebask-ek Eusko Jaurlaritzaren eta EAJren babes osoa izan du langileen lan baldintzak eta soldatak okertzeko. Hitzez erreformen kontra agertu baziren ere, patronalari babesa agertu diote, erreformak aplikatuz, prekarizazio prozesua aurrera eramaterakoan", kritikatu du.

LABeko ordezkariak esan du "nahikoa dela", prekarietean eta pobrezian oinarritzen den herri batek ez baitu etorkizunik: "Egoera hau irauli beharra dago. Suspertze epe batean gaudela saltzen digute, baina susperraldi horrek ez du inongo ondorik langileentzat, prekarizazioak jarraitzen baitu".

LAB EH Bilduk aurkeztu eta defendatu duen mozioarekin ados dagoela esan du. "Confebask eta Jaurlaritza interpelatu nahi ditugu berriro, prekarizazio prozesuarekin amaitzeko, soldaten igoerei ekin diezaioten, langileen aldeko politikak eta erabakiak har ditzaten eta, hain beharrezkoa dugun Lan Harremanetarako Euskal Esparrua (LHEE) martxan jartzeko pausuak ematen has ditzaten".

Ugartemendiaren esanetan, "hasieran aipatu dut Legebiltzar honetan aliantza neoliberala berriz ikusi dugula; langileak, gizartearen gehiengoa, baztertzen dituen eta kapitala babesten duen aliantza, EHBilduk aurkeztutako mozioari ezetza emanez. EAJ, PP eta PSEren aliantzak uko egin dio berriz langileen aldeko erabakiak hartzeari, hau da, patronala interpelatzeari soldatak igotzeko, baita LHEEren aldeko pausoak emateari. Berriro ere patronalarekin lerrokatu dira".

Egoera honen guztiaren aurrean, LABek bere hautua egina du. Prekarizazio prozesua iraultzeko eta LHEEa lortzeko borrokan jarraituko dugu. "Jada hainbat borroka antolatuta ditugu, herenegun Gipuzkoako kale garbiketako langileak lortu zuten akordio modukoak lortu ahal izateko", adierazi du LABeko ekintza sindikala eta negoziaziazio kolektiborako idazkariak.

Borrokatzeko inoiz baino arrazoi gehiago daudela azpimarratu du Ugartemendiak: "Alde batetik, Confebask, Jaurlaritza, EAJ, PP eta PSEk inposatu nahi diguten prekarizazio eta pobretze politikak gelditzeko, eta, bestetik, lan eta bizi baldintza duinak lortzeko. LABek horren aldeko konpromisoa berresten du".

 

 

 

Zubietako errauste planta eraikitzen ari diren langileak bizi arriskuan daude

0

LABek bi salaketa jarri ditu Zubietako errauste plantaren lanak direla eta. Horietako bat obran bertan egokitu dituzten lau dorre-garabiengatik jarri dugu, 50 metroko erradio batean baitaude, zenbait unetan 500 langile lanean egotea espero den eremu batean. Beste salaketa langileen euren lan ordutegiarengatik jarri dugu. Hain zuzen ere, Teco Zamora enpresak ez du lan egutegirik eta egunean hamar orduko lanaldia dute langileek, astelehenetik ostiralera gutxienez. 

Lau dorre-garabiak hain eremu txikian egonik, eta langile kopurua handia izanik, obran lanean ari diren pertsonak bizi arriskuan direla uste dugu, etengabe hainbat karga airean daudelako aldi berean, langileen gainean. Koordinazio arazo batek karga bat erortzea ekarriko luke, horrek ekar ditzazkeen ondorioekin. "Egoera honi gehiegizko lanaldiak batuz gero, koktel arriskutsu baten aurrean gaude, langileen bizia arriskuan jartzen duena", adierazi du LABeko Gipuzkoako Eraikuntzako arduradun Mikel del Vallek. "Obrak lehenbailehen abian jartzeko erabaki politikoak arrisku bizian jarri ditu langileak", erantsi du.

 

 

 

Lanbide arteko Gutxieneko Soldataren igoera apalak jendarte-bazterkeria eta prekarietatea betikotzen ditu

Hileroko 880 eurotako Lanbide arteko Gutxieneko Soldatak (LGS), PPko gobernuak proposatua eta CCOO eta UGTk onartuak, ez ditu ezta urrundik ere Europako Karta Sozialaren irizpideak betetzen. Honen arabera, soldataren batazbestekoa %60koa izan beharko luke gutxieneko soldatak.

Aipatu Kartaren arabera, euskal langileei 1.300 eurotako LGS egokituko litzaieke 2017an. Eznahikoa den akordioa da, gizarte-bazterkeria eta prekarietatea betikotzen dituena.

Gainera, inposatutako akordioa da, eta euskal gehiengo sozial, sindikal eta politikoaren gainetik inposatutakoa.
 

 

 

Aldundien aurrean mobilizatu gara

Pasa den astean iragarri bezala, gaur EAEko hiru Aldundien aurrean mobilizatu gara LAB eta ELA sindikatuak, sektorean dugun egoera salatzeko. Esan genuen bezala, %36 gainditzen duen behin-behinekotasuna daukagu, azken urteotan milaka lanpostu galdu dira eta gure eskubideak eta soldatak eten gabe murrizten joan dira.

Bestalde, Negoziazio Kolektiboa bahiturik daukate. Elkarrizketa aldarrikatzen dute eten gabe, baina mahaietan esertzen direnean ez dute ezer negoziatzeko inongo borondaterik agertzen eta aldebakarrez ixten dituzte mahaiak ezer negoziatu gabe. Halaber, sektorean erreferentea den Udalhitz hitzarmenak, 2008. urtean sinatu zenetik bete gabe egon da.

Egun mahaietan jartzen dituzten aukera guztiak mugatzen dira, kasurik onenean, Madrilek agintzen duenera. Beraz, praktikan, badirudi Madrilek gobernatzen dituela gure instituzioak.

Pasa den astean iragarri genuen bezala, hau da hasiera, eta entzungorrarena eginez gero, segituko dugu mobilizatzen eta mobilizazioen maila igotzen. Harik eta gure aldarrikapenak entzun arte, harik eta arazoei konponbide jartzen hasi arte.
 

 

 

Palestina ez dago bakarrik

0

Palestinarekiko Elkartasun Astea dela eta, LABeko Nazio Biltzarrak babesa eskaini dio Palestinako herriari. Palestina ez dagoela bakarrik argi utzi dugu, eta eraso eta egitasmo inperialisten aurkako aldarria zabaldu dugu. Aipatutako Elkartasun Astea Munduko Sindikatuen Federazioak deitu du.
 

 

 

Presoen aldeko Gabonetako mobilizazioekin egin dugu bat

Kalera Kalera dinamikak Gabonetan presoen alde egingo dituen jardueren berri eman du. Abenduaren 23an, Zaballara abiatuko dira, eta, abenduaren 31n, elkarretaratzea egingo dute Basauriko espetxean eta martxa Martutenera. Era berean, Iruñean, manifestazioa egin dute abenduaren 30ean.
 

 

 

Eusko Jaurlaritzak iruzur egin die berriro EHUko irakasle eta ikertzaileei

0
Gaur, abenduak 20, iruzur berri bat burutu du Eusko Jaurlaritzak Unibertsitate publikoko irakasle eta ikertzaileen kontra. Urtebete beranduago eta atzera eraginik errekonozitu gabe hasiko baitu C mailako osagarri berrien ordainketa, Unibasq agentziaren konplizitatearekin. Izan ere, Unibasqek ez dizkio igorri UPV/EHUko Gizarte Kontseiluri gaur egin duen bilerarako behar zituen 279 irakasleri dagozkien C tarteen gaineko ebazpenak. Ondorioz, Unibertsitateak ezin izango ditu haiek 2018ko urtarriletik aurrera ordaindu, aurreikusita zegoen moduan, eta ordainketa 2019 arte atzeratu beharko du, soldata baxuen duten irakasle-ikertzaileen kolektiboa kaltetuz.

LAB eta STEILAS sindikatuok gogorarazi behar dugu osagarri hauek ez direla inondik inora pribilejio bat, EHUko irakasle eta ikertzaileen soldata duintzeko bidea baizik. Ez baita ahaztu behar Unibertsitatea dela, Euskal Hezkuntza sistema publikoaren baitan, irakasle berriei soldata maila baxuena eskaintzen diena. Horregatik da, zoritxarrez, osagarri sistema hau horren garrantzitsua Unibertsitateko irakasle eta ikertzaileontzat.

Iruzurra egiteko Unibertsitateko instituzio eta erabaki legitimoen gainetik jarri da Eusko Jaurlaritza. Ez dute ezertarako balio izan ez EHUren Gobernu Kontseiluaren ezta Gizarte Kontseiluaren erabakiek ere. Ez dio inporta izan Unibasqen independentzia zapuztea. Eta Unibasqi ere ez zaio asko kostatu Eusko Jaurlaritzaren aurrean makurtzea. Itsusi, nagusikeriaz jokatu du Eusko Jaurlaritzak eta aitzaki modura jarri du instituzioen arteko adostasun eza, bera izan denean ados ez zegoen bakarra.

Nagusikeria ez da kudeaketa tresna demokratikoena eta modu horretan jokatzen duenaren kontra bihur daiteke azkenean. STEILAS eta LAB sindikatuak ez gaude prest inoren nagusikeria onartzeko. Salatu egiten dugu horregatik Eusko Jaurlaritzaren jokabidea eta eskura ditugun baliabide guztiak, judizialak barne, aztertu eta erabiliko ditugu haren kontra egin eta gure eskubideak defendatzeko.