2026-07-11
Blog Page 677

“Emakumeen* gaixotasunak bistara” jardunaldia dela eta, elkarrekin hausnartzen aritu gara egungo errealitatean elkarrekin eragiteko

0

Mintegia antolatu dugu Donostian, Emakumeen Osasunaren Nazioarteko Egunaren harira. Hala, emakumeak eta lan gaixotasunak hizpide ditugu, eta sexuaren araberako lan banaketa, soldata arrakala, lurzoru itsaskorrak, lanaldi murriztuak eta zaintza lanaren banaketa eza gisako ezaugarriek emakumeon* osasunean eragin handia dutela berretsi dugu.

Apirilaren 28an, langileon osasunaren nazioarteko egunaren harira, eredu kapitalistak ezarritako inposaketa eta eraso basatien ondorioz gure osasuna okerrera egiten ari dela salatu genuen eta arreta berezia jarri genuen emakumeok* eta gorputz ez-binariook pairatzen dugun egoera larrian.

Emakumeak* lan merkatuan baldintza eta kokapen sozial, laboral eta ekonomiko ezberdinetan gaude eta honek esan nahi du arrisku ezberdinak pairatzen ditugula; hortaz osasun arazo ezberdinak garatuko ditugula.

Honen guztiaren inguruan sakonki gogoetatzeko beharra dago. Helburu honekin, "Genero ezberdintasunak lan osasunean" izenburupean formakuntza saioa antolatu dugu, gaur, Donostian. Hain zuzen ere, Maiatzaren 28a da gaur, Emakumeon Osasunaren Nazioarteko Eguna, eta data hori baliatuta egin dugu mintegia.

Formakuntza saio hau emakume* liberatu eta delegatuei zabaldua egon da.

 

 

 

Langileak Barakaldoko Bide Onera plazako obretan bizi arriskuan lan egiten ari direla salatu dugu

0

Barakaldoko Bide Onera plazan egiten ari diren lan batzuetan langileak oso egoera arriskutsuan lanean ari direla salatu dugu Osalan eta Lan Ikuskaritzan. Gaur agerraldi bat egin dugu gure salaketaren berri emateko, eta, ondoren, elkarretaratze bat egin dugu.

Gaur, komunikabideak deitu ditugu, Bide Inera plaza ondoko eraikuntza lanetan gertatzen ari dena publikoki salatzeko.

Asteburu honetan, bideo baten bidez zer baldintzatzan ari dira lanean jakin izan dugu.

Bideoan ikus daiteke zulakaria, eraispen lanak egiten ari denean, (zorua erdi suntsituta delarik) beste langile bat, justu azpian dagoen bitartean. Benetan, egoera ikaragarria!

Esku artean dugu lan segurtasunaren ezaren ageriko froga. Eta zentzu honetan, bideoa Lan ikuskaritzaren eta Osalanen eskuetan jarri dugu.

Ikusitakoa erokeria da, ezin dira horrelako lan baldintzak onartu, baina benetan aberrantea dena da hau gertatzea, egunez, Barakaldo erdian, epaitegien aurrean, denen bistara, eta ezer ez da gertatzen. Gure bizitzek ez dute inongo baliorik.

Egoera honen lekukoak izanda, berriz ere galdetzen diogu gure buruari ea lan istripuak kasualitate diren; edo, gaur salatzen ditugun lan baldintzek pairatzen ari garen sarraskia eragiten duten.

Gaur, obra honen arduradunak diren enpresak horrela aritzen dira, oso ondo dakitelako ez dutela ondorio larririk izango. Gure osasuna eta segurtasuna bermatu beharrean, gero eta mozkin handiagoak bilatzen dituzte. Ez dute euro bat ere ez inbertitzen gure lan postuetatik bizirik bueltatuko garela bermatzeko.

LAB sindikatutik galdegiten dugu:

-Agintariei, horrelako enpresekin zorrotz jardutea, gure osasuna eskubide bat izan dadin. Gaur egun, zoritxarrez,  ez da horrela.

-Administrazio publikoei, horrelako jokabide kriminalekin bukatzea.

Lan egitea eta bizirik etxera bueltatzea gure eskubidea da.

 

 

Agerraldia egin dugu Gasteizko Legebiltzarreko Osasun Batzordean, Osakidetzan EPE gardenak eta kontratazio eredu berria eskatzeko

0

LAB sindikatuaren ordezkariek agerraldia egin dute gaur Eusko Legebiltzarreko Osasun Batzordearen aurrean, Osakidetzako pertsonal-politikaren eredua eta hautaketa-prozedurak aztertzeko egin duen bilkuran.

Gure iritziz, Osakidetzako pertsonal-politikaren hobekuntza hiru osagai nagusitan oinarritu behar da:

1-EPE eredu gardena
LABen iritzian, Osakidetzako Zuzendari Nagusiak aurkeztu dituen neurrietako batzuk EPE prozesuetan gardentasuna hobetzeko balio dezakete, baina eurak bakarrik ez dira nahikoak izango kategori batzuetan errotuta dauden praktika ustelak desagerrarazteko, ezta EPE prozesua garbia %100ean bermatzeko ere. Izan ere, edozein neurri soilik izango da eraginkorra Osakidetzaren zuzendaritzaren aldetik jarrera irmo eta konbentzituarekin batera badoa, orain arte gertatu ez dena, alegia. Bestaldetik, proposatutako beste neurri batzuekin ez gatoz bat. Adibidez:

• Epaimahaien osaketan kide gehiegi proposatzen dira, filtrazioak kontrolatzea zailtzen duena.

• EAEtik kanpoko adituen beharra aldarrikatzea suposatzen du, praktikan, EAEn ez garela EPE gardena egiteko gai, eta ez du ezer bermatzen.

• Edozein eredu berri gertatu denaren onarpenetik abiatu behar da, filtrazioen sistema ustela argituz eta erantzukizun guztiak asumituz.

2-Kontratazio politika
Mahai gainean jarri dugu LABek publiko egin duen Osakidetzako ESIetako kontratazioari buruzko ikerketa, eta bertan agertzen diren zifretatik sortzen diren ondorio kezkagarriez ohartarazi dugu. Izan ere, argi gelditu da Osakidetzako langileen estruktura azpi dimentsionatuta dagoela, hau da, ez dagoela jende nahikorik lanean. Joera hau urtez urte handituz doa, modu kezkagarrian, erretiroa hartzen duen langile kopuru handiarekin. Honako pertsonal finkorik eza eskandalagarria den behin- behinekotasun tasak (plantilaren %40 ingurukoa) estaltzen du, estrukturakoak diren lanpostuak “zerbitzuko beharrak” kontratuen iruzurrezko erabilerarekin mozorrotuz. Zifretan azalduta, esan dezakegu gaur egun beharrezko diren 3.000 plazak kontratu mota hauekin kubritzen ari direla; urteko 1.000 langile erretiratuko direla, eta, momentu honetan, gutxienez, 7.000 plazatako EPEa beharko genukeela Osakidetzaren estrukturak eman beharreko arretari eutsi ahal izateko, kontuan hartuta urte bakoitzean 1.000 plaza gehiago izango direla erretiroen ondorioz.

Osakidetzak kontratazio prekario hau gelditu behar du, eta urgentziaz moldatu behar du bere langile kopurua. Gaur pairatzen dugun egoerak ahultzen du sistema publikoa, prekarietatea bultzatzen du eta filtrazioak bezalako praktika ustelak elikatzen ditu.

3- Asistentzia-Taldeen Ratioen antolamendurako Legea
Aurreko puntuei lotuta, LOREA (Asistentzia-taldeen Ratioen Antolamendurako Legea) egitasmoari buruzko eztabaida bat irekitzeko beharra azpimarratu dugu, kalitate eta lan baldintzen kaltetan politikariek Osakidetzan murrizketak ezartzeko aukerak ekiditeko eta kalitatezko zerbitzua bermatzeko bete beharrezkoa izango den LABek egindako lege proposamena.

Ratioen Lege hau Osakidetzako langileen kontratazio, antolakuntza eta lana antolatzeko eredu berria eraikitzeko oinarri egokia izango litzateke.
 

 

 

Epaileak arrazoia eman dio Iñaki Igerategiri eta suhiltzaile lanpostura bueltatu ahal izango da

Tristea da epaile batek argitu behar izatea EAJk bere garaian argi eta garbi izan zezakeena, baina LABen pozez hartu dugu berria. Epaia argia da eta helegite batek ez zuen irabazteko aukerarik izanen. Hortaz, Aldundiari eskatzen diogu epaitegien bideari amaiera ematea, bere jarrera politikoa aldatzea eta Igerategi bere lanpostuan jartzea ahalik eta azkarren.

2018.eko otsailean, espetxe zigorra beteta eta kalean, Iñaki Igerategik bere suhiltzaile lanpostura bueltatzea eskatu zuen. Aldundia gobernatzen duen EAJk, ukatu egin zion eskubide hori eta kalera bidali zuen.

Denbora guzti honetan behin eta berriz esan dugu aurrekari juridiko guztiek Igerategiri arrazoia ematen ziotela eta lanean egon behar zuela, EAJren erabakia politikoa zela, ez juridikoa.

Maiatzaren 15ean, Administrazio Auzitegian izan zen epaiketa eta argi gelditu zen Aldundiak ez zuela argudio juridikorik. Urte luze honetako susmoak egiaztatu genituen epaiketan eta, aurrekariak Igerategiren alde, espero genuen epaileak itzultzea langileari bere eskubidea dena, Aldundiak ukatu diona.

Pasa den ostiralean epaileak eman zuen bere ebazpena: Igerategiri bere suhiltzaile lanpostura itzuli behar du. Epaileak kontuan hartzen ditu Langile Publikoaren Oinarrizko Estatutua, Funtzio Publikoaren Euskal Legea, Kode Penala eta Auzitegi Nazionalak eman zuen epaia, eta argi ondorioztatzen du inhabilitazio hori ez dela aplikagarria eta ez dagokiola Aldundiari hura zehaztea, hortaz Igerategi bere lanpostura itzuli behar dela.
 

 

 

Osasun arloko Mahai Sektoriala deitzeko exijitzen dugu Nafarroan

Negoziazio orok prozesu garden eta kontrolatua jarraitu behar du, eta Administrazio Publikoan Mahai Sektoriala da hori bermatzen duena. Gai ekonomikoak, gainera, Mahai Orokorrean eztabaidatu behar dira.

Osasunbideko langileen lan baldintzak hobetzeko asmoz Departamentuak hasi duen hausnarketaren berri entzun ondoren, LABek honakoa exijitu nahi du: dei dezala legeak aurreikusten duen negoziazio foroa; hau da, Osasun arloko Mahai Sektoriala.

Negoziazioa modu garden eta legezko batean garatu behar dela ulertzen dugu LABen, Osasunbideko langileen ordezkaritza guztia kontuan hartuz. Eta negoziazio orok, horretarako, dagokion arloko indar sindikal guztiak biltzen dituen organotik pasa behar du, Mahai Sektorialetik alegia. Are gehiago, diru kontuekin loturiko gaiak Mahai Orokorrera eraman behar dira.

Aparteko orduak ordaintzeko produktibitate kontzeptuaren berrikuspena planteatzen baldin bada, prozedura horretan ordainketaren gardentasuna eta kontrola bermatzeko neurriak ere sartu beharko dira. Eta neurri horietako lehenbizikoa da negoziazioa legezko foro batera eramatea, eztabaidatuko den guztia idatzita gera dadin.
 

 

 

50 urte dira Bilboko El Corte Ingles-ek milaka langile esplotatzen dituela

0

El Corte Inglesetik ospakizunetan gaudela esaten digute, “50 urte etorkizunera begira” deitu dute, baina, gure ustez, 50 urte dira Bilboko “Triangulu berdeak” milaka langile esplotatzen dituela, urtero falta gabe beraien Administrazio Kontseiluan banatzen dituzten mozkinak sortuz.

Urte asko dira ere, zapaldutako duintasunagatik egindako borroka sindikalak hasiera izan zuela, urteak dira behin eta berriz diskriminatuak izan garela, urteak Madrildik jasandako inposizioei aurre egiten diegula, guztion eskubideak lortzeko proposamenak egiten ditugula, igande eta jai-egunetako itxieren defentsa egiten dugula… urteak LABek langileekiko bere konpromisoa mantentzen duela.

1969 hark ez du gaur egunekoarekin zer ikusirik, eskerrak. Baina lan-harremanen errealitateak urte guzti hauetako alarmak saltatzen jarraitzen du. Formak makilatu dituzte denak berdin, edo okerrago, jarrai dezan, gai batzuetan bereziki. Oin eta eskuak lotu dizkigute gutxika lan-taldea amortizatzen joateko, eros ahalmena galduz gero eta lan eta erantzukizun gehiago pilatuz. Merkataritza estrategia txarrak eta kudeaketa are txarragoa. Urte gehiegi beraien zilborretara begiratzen, ez dakite nora begiratu.

Orain, zuzendaritzarik ospakizun garaia dela esaten digute, 50 urte, eta gidoia idatzita dute: "El Correon" atera duten erreportajea zabala enpresa goraipatuz, Bilboko hiriari egindako balizko “ekarpenak” eta aitortza eskertzen dieten beraien kolaboratzaileak, eta, nola ez, guri eskainitako aitortza faltsua. Jasaten dugun dekadentzia estaltzeko errezelak.

Ospakizunaren ginda bere langileak erabiltzen dituen kanpaina berri horrek jarriko du. Era susmagarrian langileak erabiltzen ditu. Noski, doako publizitatea da eta itxura oso ona ematen dute… “zein ongi eramaten diren Corte Inglesean beraien langileekin”, “zein pozik ageri diren argazkietan”… gainera, azken kanpaina matxisten aurrean aurpegia zurituz. Nor engainatu nahi dute? Gainera, 50 urteak “ospatzeko”, langileok gure irudia eskaintzea espero dute euro miserable batzuk “oparituko” dizkiguten zozketan sartuko garela hitz emanez, ezin hobea gure soldata miserableak disimulatzeko.

Kanpaina berrian, “emakumeon beharrak asteko 7 egunetan asetu nahi” dituztela esaten dute; beraien langileen lan-baldintzak hobetzetik hasi ahalko ziren, Estatuko hitzarmenen bidez prekarietatera kondenatuak gauden horienak, hilabete bukaerara heltzeko arazoak ditugunenak, lanean sortzen dizkiguten osasun-arazoak ditugunonak, zeharkako diskriminazioak jasaten ditugunonak eta abar luze bat.

El Corte Ingles-ek erabili egin nahi gaitu eta bere ekintzetako borondatezko laguntzaile bezala azaldu, benetan, beraien tresna bat baino ez garenean, dituzten helburuak lortzeko eta behin eta berriz mozkinak lortzeko objektu bezala erabiltzen gaituztenean.

Ez da egia, beraien koloreak ez dira langileonak. Negozioa hobe zihoanean bizkarra ematen ziguten eta orain haizea kontran datorkiela, gure beharra dute. Gezurra baino ez dute, ardura gabeko esplotatzaileak, gaur kontuan gaituztela simulatzen dutenak, inoiz ez gaituztenean izan. LABetik gure deia langileei “antzarra perratzera” bidali ditzazuen, ez oparitu zuen irudia beraien onurarako.

 

 

 

Osakidetza auziko epaileak onartu egin du LAB herri akusazio bezala aritzea

0

Osakidetzako EPEan gertaturiko filtrazioen auzia daraman epaileak onartu berri du LAB sindikatuak epaiketan parte hartzea herri akusazio gisa. LABen iritziz, oso berri ona da hau.

Epaileak harturiko erabakiak berretsi egiten du hilabete hauetan guztietan LABek egin duen lan txukuna, eta zilegitasuna ematen digu EPE horretako parte hartzaileen eskubideen defentsa egiteko eta baita, orokorrean, euskal jendartearen eskubideak babesteko ere.

Zentzu honetan, egiten ari garen bide luzean, orain dela urtebete hasi zena publiko egin genuenean kategoria mediku batzuetako azterketen emaitza eskandalagarriak adierazi zituen txostena estatistikoa, urrats berria da hau. Hasieratik LAB izan da ikerketaren motorra eta fiskaltzarekin elkarlanena aritu gara uneoro, datuak, frogak eta informazioak helaraziz.

Prozesuaren fase berri honetan, LABek orain arte egin duen lan serio eta kementsua jarraituko du egiten. Herri akusazio bezala, gertatu den guztia argitzeko, erantzukizun guztiak eskatzeko eta EPEan parte hartu zutenen zein euskal jendartearen eskubideak errespetatuak izateko borrokatuko dugu. Gure helburua zera da: administrazio publikoan sartzeko eskubideak urratzen dituen sistema mafioso eta ustelarekin amaitzea.

EPE eredu berriak ez du ezertarako balio inpunitatearekin amaitzen ez badugu. Karguak berrizteak ez du ezertarako balio praktika ustelak zigortzeko konpromiso sendorik ez badu hartzen Osakidetzak. Osakidetzak gertatu denaren erantzukizuna onartu behar du behingoz.

Euskal Herria ez da, inondik ere, ustelkeriarik gabeko paradisua. Osakidetzan gertatzen dena adibide bat baino ez da. Horregatik, epaiketa honek inflexio puntu izan behar du, euskal jendarteari argi uzteko hain garrantzitsuak diren eskubideak urratzea ez dela dohainik ateratzen.
 

 

 

Murrizketa izugarriak planteatzen ditu Gipuzkoako Aldundiak autobus zerbitzuetan

0
Egun Buruntzaldean dauden 1.069 zerbitzuetatik 735 zerbitzu izatera pasako dira.

Denbora gehiegi daramagu PNV eta PSOEk osatzen duten Diputazioak Buruntzaldea-Tolosa-Donostian autobus zerbitzu publikoko emakida berria martxan jartzeko zain.

2017ko abuztuan Diputazioak aurreproiektua publikatu zuen, izugarrizko murrizketak aurreikusten zituena, eta autobusetako langile zein herritarren inplikazioari esker, honen aurkako 7.000 sinadura eta 4.000 alegazio bildu ziren Hernani eta inguruetako herrietan.

Indar metaketa honi esker, aurreikusten ziren murrizketak gutxitzea lortu bazen ere, oraindik ez da horiek guztiz bertan behera uztea lortu, azken Pleguetan ikus daitekeen moduan, G4 gaueko linearen desagerpena eta gainontzeko linea guztietan zerbitzuak nabarmen murriztearen ideiarekin jarraitzen baitute.

PNV eta PSOEk 2019 hasierarako martxan egotea espero zen emakida hau atzeratzea erabaki dutela dirudi, baliteke hauteskunde garaian horrelako murrizketa neurriak hartzea ez delako estrategia elektoral egokia, baina murrizketen aplikazioa uste baina gehiago luzatzen ari badira ere, gogora ekarri behar dugu oraindik ere hauen aplikazioa aurreikusten jarraitzen dutela.

Badirudi Aldundiari bost axola diotela paralizazio eta ezjakintasun egoera honek berarekin dakartzan ondorio larriak; Enpresa hitzarmenak guztiz blokeatuak egotea (emakida martxan egon arte ezin baitira langileen lan baldintzak hobetzen dituzten paktuak adostu), enpresek beren autobusetan inbertsiorik ez egitea (autobusetan hondamendi nabarmenak eta segurtasun arazo larriak eraginez), langileek beren lanpostuekin zer gertatuko den ez jakitea eta abar.

Guzti honen ondorioz, orain arte Aldundiari zuzenduriko eskaerak ziren hauek, dagoeneko exijentzia bilakatu dira:

– Erakunde publiko bat den heinean, irizpide ekonomiko soilen gainetik, interes soziala eta kalitatezko zerbitzu publiko baten bermatzea lehenestea beti.

– Gutxienez gaur egun dauden autobus zerbitzuak bermatzea, murrizketak bertan behera utziz.

– Prozesua denbora luzez geldi egoteak ekarri dituen ondorio larrien erantzukizuna bere gain hartzea eta honi irtenbide efektiko eta azkar bat ematea.

 

 

 

Gipuzkoako helduen egoitzetako langileek Kontxako hondartzara eraman dituzte euren aldarrikapenak

Argia ikusi nahi dute Gipuzkoako helduen egoitzetako langileek, hitzarmen duin bat nahi dute euren lan baldintzak eta erabiltzaileen zaintza hobetzeko. Gaur ere ikusgarri egin dute euren lan gatazka, Kontxako hondartzara eraman baitituzte euren aldarrikapenak. Greban daude astearteaz geroztik. Hain justu, grebaren lehen egunean ekintza ikusgarri bat egin zuten: lau ordu eta erdiz, Gipuzkoako Foru Aldundiaren Donostiako egoitza okupatu zuten.