2026-07-31
HomeZerbitzu PublikoakGarraioaMurrizketa izugarriak planteatzen ditu Gipuzkoako Aldundiak autobus zerbitzuetan

Murrizketa izugarriak planteatzen ditu Gipuzkoako Aldundiak autobus zerbitzuetan

Egun Buruntzaldean dauden 1.069 zerbitzuetatik 735 zerbitzu izatera pasako dira.

Denbora gehiegi daramagu PNV eta PSOEk osatzen duten Diputazioak Buruntzaldea-Tolosa-Donostian autobus zerbitzu publikoko emakida berria martxan jartzeko zain.

2017ko abuztuan Diputazioak aurreproiektua publikatu zuen, izugarrizko murrizketak aurreikusten zituena, eta autobusetako langile zein herritarren inplikazioari esker, honen aurkako 7.000 sinadura eta 4.000 alegazio bildu ziren Hernani eta inguruetako herrietan.

Indar metaketa honi esker, aurreikusten ziren murrizketak gutxitzea lortu bazen ere, oraindik ez da horiek guztiz bertan behera uztea lortu, azken Pleguetan ikus daitekeen moduan, G4 gaueko linearen desagerpena eta gainontzeko linea guztietan zerbitzuak nabarmen murriztearen ideiarekin jarraitzen baitute.

PNV eta PSOEk 2019 hasierarako martxan egotea espero zen emakida hau atzeratzea erabaki dutela dirudi, baliteke hauteskunde garaian horrelako murrizketa neurriak hartzea ez delako estrategia elektoral egokia, baina murrizketen aplikazioa uste baina gehiago luzatzen ari badira ere, gogora ekarri behar dugu oraindik ere hauen aplikazioa aurreikusten jarraitzen dutela.

Badirudi Aldundiari bost axola diotela paralizazio eta ezjakintasun egoera honek berarekin dakartzan ondorio larriak; Enpresa hitzarmenak guztiz blokeatuak egotea (emakida martxan egon arte ezin baitira langileen lan baldintzak hobetzen dituzten paktuak adostu), enpresek beren autobusetan inbertsiorik ez egitea (autobusetan hondamendi nabarmenak eta segurtasun arazo larriak eraginez), langileek beren lanpostuekin zer gertatuko den ez jakitea eta abar.

Guzti honen ondorioz, orain arte Aldundiari zuzenduriko eskaerak ziren hauek, dagoeneko exijentzia bilakatu dira:

– Erakunde publiko bat den heinean, irizpide ekonomiko soilen gainetik, interes soziala eta kalitatezko zerbitzu publiko baten bermatzea lehenestea beti.

– Gutxienez gaur egun dauden autobus zerbitzuak bermatzea, murrizketak bertan behera utziz.

– Prozesua denbora luzez geldi egoteak ekarri dituen ondorio larrien erantzukizuna bere gain hartzea eta honi irtenbide efektiko eta azkar bat ematea.

 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ĂšLTIMAS NOTICIAS

Helegiteak aurkeztu dizkiegu 1.200 milioitik gorako kostu estimatua duten anbulantzien makro-esleipenei, eta pribatizazioaren aldeko apustua salatzen dugu

Sindikatuak errekurtso berezi bat jarri du Osasun Sailaren pleguen aurka, Oinarrizko Bizi Euskarriko eta Garraio Programatu eta Hitzartuko zerbitzuei dagokienez. Bestalde, salatu du Alberto MartĂ­nez sailburuak Osasun Planaren ildoak alde batera uzten dituela, gizartearen eskaerari entzungor egiten diola eta beste autonomia-erkidego batzuetan osasun-zerbitzuen kudeaketa publikoa berreskuratzeko izandako esperientzia arrakastatsuak ere baztertzen dituela, lan-arloko ez-betetzeengatik ezagunak diren enpresa piratak saritzen jarraitzeko.

Patronalak Bizkaiko Arrain Kontserben eta Gazituen hitzarmenerako proposamen bat aurkeztu du, eta LABek langileen erabakipean jarriko du

Proposamenean jasotzen diren aurrerapenak urte eta erdi baino gehiagoko negoziazioaren emaitza dira, eta, batez ere, langileen egindako borrokaren eta greben ondorio dira.

Hezkuntza Sailak udal haur eskolei finantzaketa kentzeko aldebakarrez hartutako erabakiaren aurrean, bertako langileak babesten dituen akordioa lortu du LABek

Andoaingo, Usurbilgo, Oiartzungo, Ordiziako, Aretxabaletako eta Gaubeako langileek bertako haur hezitzaile izaten jarraitzeko akordioa sinatu du LABek; ez da kaleratzerik egingo, eta karrerako funtzionarioek tokiko administrazioan haien izaerari eutsiko diote jubilatu bitarte.