2025-12-22
Blog Page 64

[IRITZIA]: Lehen eta orain, gerrari ez

Jarraian irakur dezakezue Koldo Saenz Nazioarteko Harremanetarako idazkariaren artikulua, NATOren erreferendumaren urteurrenean argitaratzen duguna.

Historia iragana ulertzen eta interpretatzen laguntzen digun zientzia da, eta, aldi berean, etorkizunerako estrategiak pentsatzeko baliagarria zaigu. Hainbatetan entzun dugu historia errepikatu egiten dela eta bizi dugun nazioarteko testuinguruak erakusten du iraganeko akatsak errepikatzeko arriskua dugula.

1986ko martxoaren 12an espainiar Estatuan NATOn jarraitzeko erreferenduma egin zen. Estatuan baiezkoak irabazi bazuen ere, Hego Euskal Herrian, Katalunian eta Kanarietan ezezkoa gailendu zen. Estaturik gabeko bi nazioetan nahiz Afrikan Espainiar Estatuak duen azken kolonian ezezkoak irabazi izana ez zen kasualitatea izan; erreferendumak gure izaera berezitua argi utzi zuen bertze behin.

Aspalditik diogu mundua aldatzen ari dela. Mundu multipolarra errealitate bat da; alde batetik, hor dugu Txina, geroz eta indartsuago; bertze aldetik, hor ditugu Ameriketako Estatu Batuak, munduko potentzia militarra izaten jarraitzen dute, baina ez potentzia politiko bakarra; eta, azkenik, Europa, NATOren nahiz Ameriketako Estatu Batuen erabat menpeko bilakatua, polikrisi nabarian murgilduta. Argi dago, krisi ekologikoak gatazka politiko, sindikal eta sozial guztiak zeharkatzen dituela.

Potentzia nagusien arteko talkak gerra Europako mugetara eraman du. NATOren eta Errusiaren arteko gatazkak Ukrainako inbasio onartezina eragin eta hiru urtera, gerraren ondorioak nabariak dira. Bakezko bizikidetza lekarkeen akordioaren alde egin beharrean, potentzien interes geo-estrategikoen nahiz armagintza sektorearen interesen aldeko gerra piztu zuten, eta ondorioak dramatikoak dira.

Badirudi Washingtonek Ukrainako gerrarekin bukatu nahi duela, Txinaren aurkako gerra ekonomikoa lehenetsiz. Errusiarekin akordio azkarra nahi du, Europa baztertuz eta Ukrainiaren errekurtso naturalak eskuratzeko aukera emango dion akordio bat inposatuz. Kremlin eta Etxe Zuria negoziatzen ari diren bitartean, Europa balizko segurtasunaren nahiz defentsaren izenean, armagintza industriaren mesedetan eta langile klasearen kaltetan —zer esanik ez emakume* edo langile migratu eta arrazializatuei dagokienean— izango den berrarmatzea defendatzen ari da. Argi hitz egin dezagun: aberastasuna birbanatzeko politika fiskalik bultzatu ez, eta, gainera, armagintzara diru gehiago bideratzeak gastu sozialaren murrizketa, zerbitzu publikoen ahultzea eta langile jendearen prekarizazioa eragingo ditu.

Alemanian gobernu berria osatzeko CDUk eta SPDk ixtear duten akordioak Europar Batasunaren norabidea marrazten du: akordio zabalak gerraren, murrizketen eta politika sozial atzerakoien alde. Hori da Europako, eta noski, Euskal Herriko elite politiko eta ekonomikoen apustua; joko zelai horretan aritzea egokituko zaigu.

Laster Munduko Federazio Sindikala (MFS) Parisen jaio zela 80 urte beteko dira. Haren kide da LAB. Gerraosteko nazioarteko testuinguruan jaio zen MFS, langile mugimenduaren adierazpen unitario gisa, bakearen, justizia sozialaren, herrion eskubideen alde eta gizon nahiz emakumeen* arteko parekidetasunaren defentsan. Zortzi hamarkaden ondoren, eta eskuinaren nahiz eskuin muturraren arteko aliantzak oinarrizko eskubideak zapaltzen ari direnean, 1945eko urriaren 3 hartan Munduko Federazio Sindikalak adierazitakoak gaurkotasun osoa izaten jarraitzen du.

Ez dira gutxi sindikalismoak dituen erronkak. Guk trantsizio ekosozial eta feminista justua aldarrikatzen dugu, inor atzean utzi gabe planetaren biziraupenaren bermatuko duena, giza eskubideak errespetatu eta justizia soziala oinarri izanen duena. Klase sindikalismo feminista eta antirrazista da eskuin muturraren aurkako gure antidotoa.

Ikuspegi belizista indartzen ari den honetan, bizitza jarri nahi dugu erdigunean. Etorkizun ziurgabearen aurrean, geure buruak gobernatu nahi ditugu, nazioartean estatu propio gisa jardun, Euskal Estatua eraiki. Eredu propio bat garatu, zaintza, enplegua nahiz aberastasunaren banaketa bermatuz. Askatasuna edo bakea bezalako hitzak kamutsak dira eskuin muturraren ahotan, ongi baitakigu justiziarik gabeko bakea ez dela benetako bakea izanen, eskubiderik gabeko askatasuna ere askatasuna ez den moduan.

Beti astindu ditugu gerraren kontrako nahiz bakezko justiziaren aldeko banderak, eta orain ere horiek astintzeko momentua da. Gerra eta gatazka armatuak soilik negoziazioaren bidez konpontzen dira, eta Ukrainako gerra ez da salbuespen bat. Hori bai, bake egonkorra lortu nahi bada, gatazkan dauden guztiek konponbidearen parte izan behar dute.

Horregatik, testuinguru zail honetan, gure ekarpena egin nahi dugu, gatazken konponbiderako bakearen kulturaren aldeko pedagogia eginez, eta potentzien interesen gainetik, pertsonen nahiz zapaldutako herrien eskubideen aldeko nazioarteko harreman berriak eraikiz.

Beraz, berreskuratu dezagun 1986eko martxoaren 12ko izpiritua. Ezberdinen arteko elkarlanetik, Euskal Herria sakoneko aldaketak eragiteko gai dela askotan erakutsi dugu; hortaz, herri nahiz klase bezala ditugun erronkei aurre egiteko unea da, Euskal Herrian aldaketak eraginez, mundua bera eraldatzen laguntzeko.

LAB, ELA, CCOO eta ESKk neurri zehatzak exijitzen dituzte esku hartze sozialeko arrisku egoeren aurrean

“Gizarte hezitzaile bat erail dute” albiste honekin altxatu gara gaur, eta honek asaldatu egin gaitu, bai gertakarien gogortasunak eta baita ere behin eta berriz bakarrik lan egiteak dakartzan zailtasunak aipatzen dituzten esku hartze sozialeko langileei arreta ematen diegulako, zerbitzu horietan, duten konplexutasunagatik, beti gutxienez bi pertsonek lan egin beharko luketenean.

Lehenik eta behin, biktimaren familiari eta María Belén Cortés Floren lankideei elkartasuna helarazi nahi diegu. Era berean, azpimarratu nahi dugu emakumeenganako indarkeria bizitzako eremu guztietan dagoela eta, kasu honetan, lan-ingurunean ere agertzen dela. Genero- desberdintasuna da, oraindik ere, egoera horiek betikotzen dituen oinarria, eta emakume askok gure gizartean duten mendekotasun posizioa indartzen du. Nolanahi ere, ez dago lankide horren galeraren dimentsioa ulertzen lagunduko duen hitzik.

Bigarrenik, LAB, ELA, CCOO eta ESKk adierazi nahi dugu oso garrantzitsua dela Bizkaiko esku hartze sozialeko hitzarmenak lanpostuen ebaluazio espezifikoa bermatzea eta prebentzio-neurri espezifikoak hartzea, ez soilik egungo hitzarmenak jasotzen dituen babes bereziko zentro edo zerbitzuei dagokienez, baizik eta guzti hauetan: pertsonei gizarteratzen laguntzen dieten eguneko arreta zerbitzuak, ingurune ireki/itxiko neurri judizialen adingabeentzako egoitza-zentroak, gizarte-bazterketa larrian edo neurrizkoan dauden edo adikzioak edo/eta gaixotasun mentalak dituzten pertsonak artatzen dituzten egoitza-zerbitzuak, eta hiriguneetatik urrun dauden zentroak, berehalako erantzunik ez dutenak, langileek dituzten arriskuak saihesteko eta minimizatzeko.

Gogorarazi behar da ongizate kolektiboaren aldeko lanak eta gizarte bazterkeriaren aurkako borrokak ez luketela ekarri behar beharrezkoak ez diren arriskuak hartzea. Arrisku horiek esku hartze sozialeko langileen laneko segurtasuna eta osasuna bermatu behar dutenen erantzukizunik ezaren ondorio dira, bereziki hauek lan egiten duten zerbitzuez arduratzen diren enpresa eta administrazioena, hala nola udalena eta Bizkaiko Foru Aldundiarena.

Esku hartze sozialeko lanak dakartzan arriskuei buruz eztabaidatzeak eskatzen du elkarteak eta administrazio publikoak, azken hauek baitira zentro eta zerbitzu horien titularrak, eztabaidaren muinetik ez aldentzea, izan ere, arriskua dagoela onartu besterik ez dute egin behar, eta, horretarako, neurriak hartu behar dituzte horrelako erasoak saihesteko. Ezin da neurrien inplementazioa atzeratu, batetik, beti bi pertsonak lan egiten dutela ziurtatu behar da, heziketa bikotea deitzen dioguna, beren ezaugarriengatik edo arrisku handiagatik hala eskatzen duten esku-hartze, zentro edo zerbitzu guztietan, eta, bestetik, prebentzio-neurriak edo lantaldeak zaindu behar dira, ratioak, ebaluazioak eta balorazioak kontuan hartuta, horrelakorik berriro gerta ez dadin.

LAB, ELA eta UGTk sektoreko enpresa guztiei exijitu diegu behingoz eser daitezela EAEko kolektibitateetako hitzarmena negoziatzeko

Gaur, 2025eko martxoaren 11n, LAB, ELA eta UGT sindikatuok mobilizazio prozesu bati ekin diogu kolektibitateetako enpresa garrantzitsuenetako baten aurrean Arrasaten, Ausolan taldearen aurrean, sektoreko enpresei exijitzeko behingoz eser daitezela kolektibitateen hitzarmen propio bat negoziatzera EAEko langileentzat.

Duela gutxi arte, argudio juridikoak erabiltzen zituzten mahaia ez eratzeko. Jada ezin dituzte argudio horiek erabili, borondatea besterik ez da.

Sindikatu deitzaileok argi dugu ez dugula etsiko EAEko langileentzat hitzarmen bat lortu arte eta ez dugu onartuko patronalek eta beren bazkideek, hala nola, Ausolanek, Gascak, Baskak, Tamarrek, Sodexok, Eurestek, Mediterraneak, Serunionek edo Aramarkek kolektibitateen sektoreko langileen baldintzak prekarizatzen jarraitzea.

LABek, ELAk eta UGTk oso argi dugu EAEko sektoreko langileen lan-baldintzak hobetu nahi ditugula eta horretarako hitzarmen propioa behar dela. Eta guk gure lan-baldintzak hemen erabaki nahi ditugulako: Hemen lan egin eta hemen erabaki nahi dugu.

LABek, ELAk eta UGTk uste dugu orain dela unea sektoreko langile guztiok bat egin eta mobilizazio prozesu bati ekiteko, behingoz negoziazio mahai baten irekiera lortzeko helburuarekin, EAEko kolektibitateetako langileentzako hitzarmen propioa izateko sektorean.

Hori esanda, LAB, ELA eta UGTk sektoreko enpresa guztiei exijitzen diegu behingoz eser daitezela EAEko emakumeentzako kolektibitateen hitzarmenaren negoziazio mahaia eratzera.

Grebara joko dugu berriro ere EAEko hezkuntza publikoko irakasleen eta sukalde eta garbiketako langileen kolektiboetan

Iragan berri den greba zikloak Hezkuntza Saila hitzarmen berrietarako proposamenak mahai gainean jartzera behartu badu ere, hitzarmen horiek aldarrrikatutako edukietatik urrun daude. Horregatik beste 5 greba egun izango dira: martxoaren 25ean, 26an eta 27an; eta apirilaren 1ean eta 2an.

Hemen duzue LAB, STEILAS, ELA eta CCOO sindikatuek gaur Bilbon irakurritako adierazpena:

Joan den abenduaren 16an LAB, STEILAS, ELA eta CCOO sindikatuek iragarritako greba-zikloak Hezkuntza Saila hitzarmen berrietarako proposamenak mahai gainean jartzera behartu du. Hala ere, hitzarmen horiek aldarrikatutako edukietatik urrun daudela ziurtatu dute sindikatuek, bai sukalde eta garbiketako kolektiboarenak, bai irakasleenak ere. Beraz, kalitatezko hezkuntzaren bidean Hezkuntza Sailak lan baldintzak hobetu, sare publikoa erdigunean jarri, indartu eta inbertsio publikoa handitu dezan eskatzeko, urtarrila eta otsailean zehar egindako 4 greba egunek eta mobilizazio arrakastatsuek segida izango dute beste 5 greba egunekin, martxoaren 25, 26 eta 27an eta apirilaren 1 eta 2an.

Indarrean dagoen sukalde eta garbitzaileen lan hitzarmena 2009koa eta irakasleena 2010ekoa izanik, urtarrileko eta otsaileko mobilizazioetan langileek argi eta garbi adierazi zioten Hezkuntza Sailari hitzarmen horiek orain eta hemen negoziatzeko beharra, benetako
edukiak mahai gainean jarriz. Sailak komunikabideen aurrean negoziatzeko atea irekita duela esan du, hitzarmen berria negoziatzeko mahaietan jarrera itxia duen bitartean, negoziazioa etengabe luzatzen duenean edo gatazka desitxuratzen saiatzen denean.

Badira sukalde eta garbitzaile eta irakasleen aldarrikapenetan bat egiten duten puntuak: geroz eta handiagoak diren lan-zamak arintzeko neurri zehatzak adostea, erretiroa hartzeko baldintzak hobetzea eta plantillen gazteberritze plana garatzea, galdutako erosahalmena berreskuratzea eta jaiotza tasaren jaitsierak aprobetxatuz aldebakarrez erabakitzen ari diren ikastetxe publikoen fusio eta itxieren aurrean enplegu publikoa bermatu eta lanpostuak egonkortzea.

Era berean, Hezkuntza publikoko sistema osoa euskaldunduko duen hezkuntza politikak abiaraztea, langileon lan-osasuna zaindu eta kalitatezko berdintasun eta hezkidetza plan egonkorrak garatu ahal izateko baliabideak jartzea eta baita azken urteetan inposatutako
atzerapausoak kentzea ere.

Esan moduan, adierazitako aldarrikapenak lortzeko egiazko negoziazioa gauzatzea dute helburu eta argi dute langileon mobilizazioekin
batera Hezkuntza publikoa erdigunean jartzea eta lan baldintzak hobetzea lortuko dutela. Beraz, martxoaren 25, 26 eta 27an eta
apirilaren 1 eta 2an grebara deitu dituzte Hezkuntza publikoko irakasle zein sukalde eta garbiketako kolektiboak.

Denok grebara! Denok kalera!

LABek Tafallako eta Erriberriko larrialdiko arreta berrantolatzea exijitzen du

Iazko irailaren 26an, Erriberriko larrialdiko arreta zerbitzua itxi zuten, eta Tafallako eskualdeko larrialdi zerbitzua egoera kezkagarrian dago. Hori ikusita, ezinbestekoa da Tafallaldeko larrialdiko arretari berehalako konponbide orokor bat ematea. Langileek eta herritarrek egoera salatu dute, eta adierazi dute ezen, Erriberriko larrialdi zerbitzua itxi ondoren, lehenengo arreta ematea langile ez-sanitarioen esku utzi dela, zehazki, administrarien esku. LABek horren berri eman zion duela hilabete batzuk bai Oinarrizko Osasun Laguntzako Zuzendaritzari, bai Ospitalez kanpoko Larrialdien Zuzendariordetzari. Hala ere, konponbideak jarri beharrean, funtzionamendu berarekin jarraitzen dute, herritarrei ematen zaien zerbitzuaren gabeziak konpondu gabe.

Erriberriko larrialdi zerbitzuan arreta jaso ohi zuten 1.700 pazientek Tafallako larrialdi zerbitzura joan behar izan zuten 2024. urtean; horietako 900ek 20:00etatik aurrera. Osasun Departamentuaren iritziz, egoera horretara iritsi gara “larrialdi kasu gutxi daudelako” eta arreta emateko “profesionalen faltagatik”.

Geroztik, larrialdiko arreta Tafallako Eskualdeko Larrialdi Zerbitzuan ematen da, hara eraman baitute Erriberriko lantaldea, gehi erizain bat eta beste mediku bat. Hala ere, arazoek bere horretan segitzen dute, baita herritarren eta langileen kexek ere. Lehenengo arreta ematea, ia egun osoan, administrarien esku gelditu da, haiei baitagokie larritasuna sailkatzea eta profesional egokienari abisatzea larrialdiei kasu egiteko eskualdeko erreferentzia zentro batean.

LAB sindikatuan, ez dugu ulertzen halako antolamendu eta arreta arazoak izatea, are gutxiago ikusita nolako aurrekontu altua dagoen Oinarrizko Osasun Laguntzan eta, gainera, 2 milioi euro inguruko produktibitateak ordaintzen direla Larrialdien Zuzendariordetzan.

Tafallako Osasun Etxean, 122 profesionalek kobratu dituzte produktibitateak (baten batek 200.000 euro baino gehiago kobratu ditu urte batean). Halako zenbatekoak ikusita, tamalgarria iruditzen zaigu eskualdean arreta hobea ez ematea.

Oinarrizko Osasun Laguntzako Kudeatzailetzak arretaren “iraunkortasunaz” hitz egiten du (familiako mediku eta erizain bera mantentzea), eta Oinarrizko Osasun Laguntzan gertatu den eredu aldaketaz, baina onartzen da Tafallan ohiz kanpoko jarduera egiten duten profesional askoren errotazioa.

Tafallan gertatzen dena ez da kasu puntual bat, Nafarroako osasun etxe askotan errepikatzen baita sistematikoki. Halakoetan, arreta emateko modu bakarra da ohiz kanpoko jarduera; gehienetan kalitate gutxirekin.

Horregatik guztiagatik, LAB sindikatuak kalitatezko arreta exijitzen du Tafallalderako eta Nafarroa osorako, bai oinarrizko osasun laguntzan, bai larrialdietan, produktibitateen sistema bazterrean utzita.

LABek eskubide murrizketa salatu du Bilboko El Corte Ingles-en

LAB Bilboko El Corte Ingles-en aurrean mobilizatu da langileen lan-baldintzen errealitatea enpresak saltzen duen bikaintasun-iruditik oso urrun dagoela salatzeko.

Horrela, langileen lan-baldintza prekarioak salatu ditu. Alde batetik, langile-falta eta lan-gainkarga, plantilla ez baita nahikoa eta zereginak biderkatu egiten baitira. Gainera, beheranzko soldatak dituzte, eta langileen arteko soldata-aldea handitu egiten da; lanbide arteko gutxieneko soldata, berriz, langile askok kobratzen dutenera hurbiltzen da. Gainera, ordutegi luzeegia eta norberaren bizitzarekin bateraezina dute, 1.770 ordukoa urtean, sektoreko batez bestekoaren gainetik, eta familia eta norberaren bizitza bateragarri egitea zailtzen duena. Osasun mentala ere babesik gabe dago; izan ere, El Corte Inglesek 50.000 langile baino gehiago ditu eta ez du arrisku psikosozialen ebaluaziorik egin, indarrean dagoen legedia bete gabe. Hori gutxi balitz, zuzendaritzak enpresaren zerbitzura ditu sindikatu batzuk. Fetico, CCOO, Valorian eta UGT sindikatuek sinatu dute hitzarmena, eta beraiek jasan beharko ez dituzten baldintzak babestu dituzte.

On-line merkataritzaren etorrerak lan-karga handitzea eragin du. Hala, eskaera digitalei erantzutea eskatzen diete langileei, dendan arreta ematen jarraitzen duten bitartean, baliabide gutxiagorekin eta exijentzia berdinarekin.

Egoera horrek bezeroei ere eragiten die, langile gutxiago daudenez, itxaronaldiak luzatu egiten baitira. Gainera, on-line bezeroei lehentasun osoa ematen zaie. Azkenik, konpondu gabeko arazoak ere badaude; izan ere, on-line erosketak gorabeheraren bat badu, bezeroak laguntzaile birtual batekin egin beharko dio aurre.

GUREAKek laneko bajak ez izatera kondenatzen ditu aniztasun funtzionala duten langileak

Mutualia erabiltzen du horretarako, ez baitu onartzen laneko istripuen jatorri laborala. Langileen minusbaliotasunak koartada gisa erabilitzen ditu, eta, hala, lanak eragindako kalteak aitortzea saihesten du.

GUREAKeko enpresa batzordeak salatu du Mutualiak gogortu egin duela praxi maltzur hori, GUREAKekin daukan aliantzan. Azken urteetan hainbat kasu ezagutu dira, baina gaur egun orokortzen ari da.

Azken hilabeteetan dozenaka kasu izan dira zeinetan lan orduetan gertatutako istripu traumatikoak, GUREAKeko prebentzio-zerbitzuak berak Mutualiari jakinarazitakoak, ukatu egin diren kontingentzia profesional gisa, kontingentzia arruntera bideratu diren, eta Osakidetzako langileek artatu behar izan dituzten.

Kaltegabekotzat jo daiteke praxi hau, baina GUREAKeko langileak, kontingentzia arruntagatik bajan daudenean, batzuetan 600 euro baino gutxiagoko soldata jasotzera kondenatzen ditu mutualitateak (lanbidearteko gutxieneko soldataren oso azpitik), eta, honela, muturreko prekaritatearen ondorioz, askotan borondatezko altak eskatu behar izaten dituzte eta lanera itzuli behar izaten dute lesionatuta edo gaixo egonik. Iruzur hori jasaten duten langileek aniztasun funtzionala dute, eta horietako askok buruko gaixotasunak ere izaten dituzte.

Horrela, GUREAKek Mutualia erabiltzen du bere helburuetarako: bajak kontrolatzeko. Batzordetik kontingentzia aldatzeko prozesuei ekiten diegu, baina prozesu horiek lanketa sindikal eta juridiko konplexuak eskatzen dituzte, eta prozesu horiek jasaten dituzten langile askok ez dute horretarako aukerarik. Enpresaren iruzurrean oinarritutako egiteko modu horren emaitza langileek baja eskubideari muzin egitea da, eta gaixorik edo lesionatuta itzultzen dira lanera.

GUREAKeko enpresa batzordeak egoera hau publiko egin du, eta erronda instituzional bat abiatuko du gizarteko sektore zaurgarrienekin egiten den enpresa-bidegabekeriari irtenbideak emateko.

Irtenbideak jarri nahi ditugu horrelako egoerak saihesteko. Gipuzkoako Aldundia da enplegu zentro berezien sustatzaile ekonomiko nagusia herrialdean. Aldundiak abusu horiek mugatzeko ahalmena du, kontratazio baldintzak mugatuz sustapen publikoko kontratazio agirietan. Horretarako, diru publikoa erabiltzen duen abusuzko enpresa praktika hau eragotzi behar da. Kontratazio publikoak baldintza agiriak behar ditu aniztasun funtzionaleko langileak erabiltzen dituzten sektoreetan mutualitateak kontratatzea eragozteko, hau zuzenean gizarte segurantzarekin eginez.

Atzo FEACEM, BEREZILAN, CONNACE eta EHLABE patronalek ezezkoa eman zioten EAEko Enplegu Zentro Berezien hitzarmenaren lehen mahai negoziatzailea eratzeari

Atzo Bilbon, EAEko Enplegu Zentro Berezietako lehen hitzarmen kolektiboa izango litzatekeenaren lehen negoziazio-mahaia osatzeko bigarren deialdia egin zen. Beste behin ere, patronalek, negoziazioan alderdi legitimatua izan arren, uko egin diote mahaia eratzeari.

LABek salatu nahi du borondate falta ez ezik, aniztasun funtzionala duten langileen prekaritatea betikotzen jarraitzea dela haien helburu nagusia. Patronal horiek negozio handia aurkitu dute sektore honetan, gehienak administrazio publikoek finantzatzen dituzte eta langileen baldintzak miseriazkoak dira.

Sindikatuak negoziazio mahai berria deitu du eta ofizialki deitu du Confebask bertara. Gainera, martxoaren 14an batzar nazionala egingo du bere ordezkariekin. Batzar honetan, sindikatuaren ekintza-plana eta hurrengo negoziazio-mahaiaren aurretik eta ondoren eman beharreko urratsak landuko ditu.

LABetik batasun sindikalari dei egiten diogu, blokeo une honetan hain beharrezkoa dena. Bestalde, erakundeak interpelatzen ditugu, kasu honetan, Eusko Jaurlaritza, aldundiak eta udalak, kasu askotan langileen prekarizazioaren erantzule direlako.

Zaintzen antolamendu soziala eraldatzeko borroka sindikal eta sozialak hauspotzen jarraituko dugu, Mugimendu Feministarekin eskuz esku

30 orduko lan-astea, orain arteko pribatizatutako zerbitzuen publifikazioa, zaintza langileen baldintzak duintzea, zaintza lanak banatzea eta hezkuntza eremu estrategiko bezala hartzea aldarrikatu dugu.

Denon Bizitzak Erdigunean dinamikak eta haren parte garen LAB, STEILAS, ESK, EHNE, Etxalde eta HIRU sindikatuok mobilizazioak egin ditugu gaur Bilbo eta Iruñean. Instituzioek eta patronalek pribatizazioaren eta negozioaren ereduan sakontzeko egindako hautua salatu dugu, administrazioak baitira pribatizazioak irauteko bermeak jartzen dituztenak, eta enpresa pribatuak, zaintza langileen prekarizazioaren erantzuleak. Gaur berriro ere interpelatu ditugu instituzioak eta patronalak, nazkatuta gaudelako ikusteaz nola zaintza lanetan, gutxi batzuen negozioarekin, emakume* zaintzaileen miseria sistematikoki erreproduzitzen den.

Horren aurrean, borroka sindikal eta sozialaren bidez, zaintza sistema publiko eta komunitarioaren bidean urratsak egiteko konpromisoa berretsi dugu, eta, halaber, ekintza sindikalean eta negoziazio kolektiboan neurri zehatzak aldarrikatzekoa: 30 orduko lan astea, orain arteko pribatizatutako zerbitzuen publifikazioa, zaintza langileen baldintzak duintzea, zaintza lanak banatzea eta hezkuntza eremu estrategiko bezala hartzea aldarrikatu dugu.

Bilboko mobilizazioan parte hartu du Garbiñe Aranburu koordinatzaile orokorrak, eta, martxoaren 8aren atarian, balioan jarri du Mugimendu Feminista eta gaur mobilizatu garen sindikatuon arteko aliantza.

Ziurgabetasun handiko garaiak bizi ditugun honetan, adierazi du eredu zisheteropatriarkal eta kolonial baten sakontzen ari garela. “Kapitalismoaren birkonfigurazio hau antidemokratikoa eta autoritarioa da, eta faxismoa sustatzen du. Guzti honek eragin negatiboak izango ditu langileriarentzat, eta are gehiago emakume*, trans eta bollerentzat eta langile migratu eta arrazializatuentzat”, gaineratu du.

Gatazka elikatzen dela ere aipatu du, munduaren eta ekonomiaren ikuspegi gerrazalea gailenduz. “Historikoa izan zen Greba Feminista Orokor batetik gatoz”, zehaztu du: “Patronalak zaintza lanetan ari diren langileen soldatak eta lan-baldintzak hobetzeari uko egiten dio. Instituzio nagusien lehentasunen artean ez dago Zaintza Sistema Publiko Komunitario baten sorrera”.

“Politika feministak behar ditugu” gaineratu du: “Argi utzi nahi dugu martxoaren 8 guztietan botatzen diren mezu erretorikoekin emakumeen* egoera ez dela hobetzen”, eta, hori zaintzarekin lotuz, honakoa nabarmendu du: “zaintzen eraldaketa gabe ezin da hitz egin emakumeentzako* berdintasunaz. Errotiko zapalkuntza honi erantzun egokia ez emateak indarkeria matxista areagotzea eta berau normalizatzea dakar”.

Larunbatean izango den martxoaren 8an kaleak hartzeko deia egin du Aranburuk, “faxismoaren aurrean ausardia eta aliantza feministen ordua delako”.

Guztiontzako zaintza duina lortzeko, negozioarekin amaitzeko, sistema garatzeko eta pribatizatutako zaintza langileon lan eta bizi baldintzak hobetzeko borrokan berretsi gara gaurko mobilizazioetan.