2025-12-21
Blog Page 64

LABek Tafallako eta Erriberriko larrialdiko arreta berrantolatzea exijitzen du

Iazko irailaren 26an, Erriberriko larrialdiko arreta zerbitzua itxi zuten, eta Tafallako eskualdeko larrialdi zerbitzua egoera kezkagarrian dago. Hori ikusita, ezinbestekoa da Tafallaldeko larrialdiko arretari berehalako konponbide orokor bat ematea. Langileek eta herritarrek egoera salatu dute, eta adierazi dute ezen, Erriberriko larrialdi zerbitzua itxi ondoren, lehenengo arreta ematea langile ez-sanitarioen esku utzi dela, zehazki, administrarien esku. LABek horren berri eman zion duela hilabete batzuk bai Oinarrizko Osasun Laguntzako Zuzendaritzari, bai Ospitalez kanpoko Larrialdien Zuzendariordetzari. Hala ere, konponbideak jarri beharrean, funtzionamendu berarekin jarraitzen dute, herritarrei ematen zaien zerbitzuaren gabeziak konpondu gabe.

Erriberriko larrialdi zerbitzuan arreta jaso ohi zuten 1.700 pazientek Tafallako larrialdi zerbitzura joan behar izan zuten 2024. urtean; horietako 900ek 20:00etatik aurrera. Osasun Departamentuaren iritziz, egoera horretara iritsi gara “larrialdi kasu gutxi daudelako” eta arreta emateko “profesionalen faltagatik”.

Geroztik, larrialdiko arreta Tafallako Eskualdeko Larrialdi Zerbitzuan ematen da, hara eraman baitute Erriberriko lantaldea, gehi erizain bat eta beste mediku bat. Hala ere, arazoek bere horretan segitzen dute, baita herritarren eta langileen kexek ere. Lehenengo arreta ematea, ia egun osoan, administrarien esku gelditu da, haiei baitagokie larritasuna sailkatzea eta profesional egokienari abisatzea larrialdiei kasu egiteko eskualdeko erreferentzia zentro batean.

LAB sindikatuan, ez dugu ulertzen halako antolamendu eta arreta arazoak izatea, are gutxiago ikusita nolako aurrekontu altua dagoen Oinarrizko Osasun Laguntzan eta, gainera, 2 milioi euro inguruko produktibitateak ordaintzen direla Larrialdien Zuzendariordetzan.

Tafallako Osasun Etxean, 122 profesionalek kobratu dituzte produktibitateak (baten batek 200.000 euro baino gehiago kobratu ditu urte batean). Halako zenbatekoak ikusita, tamalgarria iruditzen zaigu eskualdean arreta hobea ez ematea.

Oinarrizko Osasun Laguntzako Kudeatzailetzak arretaren “iraunkortasunaz” hitz egiten du (familiako mediku eta erizain bera mantentzea), eta Oinarrizko Osasun Laguntzan gertatu den eredu aldaketaz, baina onartzen da Tafallan ohiz kanpoko jarduera egiten duten profesional askoren errotazioa.

Tafallan gertatzen dena ez da kasu puntual bat, Nafarroako osasun etxe askotan errepikatzen baita sistematikoki. Halakoetan, arreta emateko modu bakarra da ohiz kanpoko jarduera; gehienetan kalitate gutxirekin.

Horregatik guztiagatik, LAB sindikatuak kalitatezko arreta exijitzen du Tafallalderako eta Nafarroa osorako, bai oinarrizko osasun laguntzan, bai larrialdietan, produktibitateen sistema bazterrean utzita.

LABek eskubide murrizketa salatu du Bilboko El Corte Ingles-en

LAB Bilboko El Corte Ingles-en aurrean mobilizatu da langileen lan-baldintzen errealitatea enpresak saltzen duen bikaintasun-iruditik oso urrun dagoela salatzeko.

Horrela, langileen lan-baldintza prekarioak salatu ditu. Alde batetik, langile-falta eta lan-gainkarga, plantilla ez baita nahikoa eta zereginak biderkatu egiten baitira. Gainera, beheranzko soldatak dituzte, eta langileen arteko soldata-aldea handitu egiten da; lanbide arteko gutxieneko soldata, berriz, langile askok kobratzen dutenera hurbiltzen da. Gainera, ordutegi luzeegia eta norberaren bizitzarekin bateraezina dute, 1.770 ordukoa urtean, sektoreko batez bestekoaren gainetik, eta familia eta norberaren bizitza bateragarri egitea zailtzen duena. Osasun mentala ere babesik gabe dago; izan ere, El Corte Inglesek 50.000 langile baino gehiago ditu eta ez du arrisku psikosozialen ebaluaziorik egin, indarrean dagoen legedia bete gabe. Hori gutxi balitz, zuzendaritzak enpresaren zerbitzura ditu sindikatu batzuk. Fetico, CCOO, Valorian eta UGT sindikatuek sinatu dute hitzarmena, eta beraiek jasan beharko ez dituzten baldintzak babestu dituzte.

On-line merkataritzaren etorrerak lan-karga handitzea eragin du. Hala, eskaera digitalei erantzutea eskatzen diete langileei, dendan arreta ematen jarraitzen duten bitartean, baliabide gutxiagorekin eta exijentzia berdinarekin.

Egoera horrek bezeroei ere eragiten die, langile gutxiago daudenez, itxaronaldiak luzatu egiten baitira. Gainera, on-line bezeroei lehentasun osoa ematen zaie. Azkenik, konpondu gabeko arazoak ere badaude; izan ere, on-line erosketak gorabeheraren bat badu, bezeroak laguntzaile birtual batekin egin beharko dio aurre.

GUREAKek laneko bajak ez izatera kondenatzen ditu aniztasun funtzionala duten langileak

Mutualia erabiltzen du horretarako, ez baitu onartzen laneko istripuen jatorri laborala. Langileen minusbaliotasunak koartada gisa erabilitzen ditu, eta, hala, lanak eragindako kalteak aitortzea saihesten du.

GUREAKeko enpresa batzordeak salatu du Mutualiak gogortu egin duela praxi maltzur hori, GUREAKekin daukan aliantzan. Azken urteetan hainbat kasu ezagutu dira, baina gaur egun orokortzen ari da.

Azken hilabeteetan dozenaka kasu izan dira zeinetan lan orduetan gertatutako istripu traumatikoak, GUREAKeko prebentzio-zerbitzuak berak Mutualiari jakinarazitakoak, ukatu egin diren kontingentzia profesional gisa, kontingentzia arruntera bideratu diren, eta Osakidetzako langileek artatu behar izan dituzten.

Kaltegabekotzat jo daiteke praxi hau, baina GUREAKeko langileak, kontingentzia arruntagatik bajan daudenean, batzuetan 600 euro baino gutxiagoko soldata jasotzera kondenatzen ditu mutualitateak (lanbidearteko gutxieneko soldataren oso azpitik), eta, honela, muturreko prekaritatearen ondorioz, askotan borondatezko altak eskatu behar izaten dituzte eta lanera itzuli behar izaten dute lesionatuta edo gaixo egonik. Iruzur hori jasaten duten langileek aniztasun funtzionala dute, eta horietako askok buruko gaixotasunak ere izaten dituzte.

Horrela, GUREAKek Mutualia erabiltzen du bere helburuetarako: bajak kontrolatzeko. Batzordetik kontingentzia aldatzeko prozesuei ekiten diegu, baina prozesu horiek lanketa sindikal eta juridiko konplexuak eskatzen dituzte, eta prozesu horiek jasaten dituzten langile askok ez dute horretarako aukerarik. Enpresaren iruzurrean oinarritutako egiteko modu horren emaitza langileek baja eskubideari muzin egitea da, eta gaixorik edo lesionatuta itzultzen dira lanera.

GUREAKeko enpresa batzordeak egoera hau publiko egin du, eta erronda instituzional bat abiatuko du gizarteko sektore zaurgarrienekin egiten den enpresa-bidegabekeriari irtenbideak emateko.

Irtenbideak jarri nahi ditugu horrelako egoerak saihesteko. Gipuzkoako Aldundia da enplegu zentro berezien sustatzaile ekonomiko nagusia herrialdean. Aldundiak abusu horiek mugatzeko ahalmena du, kontratazio baldintzak mugatuz sustapen publikoko kontratazio agirietan. Horretarako, diru publikoa erabiltzen duen abusuzko enpresa praktika hau eragotzi behar da. Kontratazio publikoak baldintza agiriak behar ditu aniztasun funtzionaleko langileak erabiltzen dituzten sektoreetan mutualitateak kontratatzea eragozteko, hau zuzenean gizarte segurantzarekin eginez.

Atzo FEACEM, BEREZILAN, CONNACE eta EHLABE patronalek ezezkoa eman zioten EAEko Enplegu Zentro Berezien hitzarmenaren lehen mahai negoziatzailea eratzeari

Atzo Bilbon, EAEko Enplegu Zentro Berezietako lehen hitzarmen kolektiboa izango litzatekeenaren lehen negoziazio-mahaia osatzeko bigarren deialdia egin zen. Beste behin ere, patronalek, negoziazioan alderdi legitimatua izan arren, uko egin diote mahaia eratzeari.

LABek salatu nahi du borondate falta ez ezik, aniztasun funtzionala duten langileen prekaritatea betikotzen jarraitzea dela haien helburu nagusia. Patronal horiek negozio handia aurkitu dute sektore honetan, gehienak administrazio publikoek finantzatzen dituzte eta langileen baldintzak miseriazkoak dira.

Sindikatuak negoziazio mahai berria deitu du eta ofizialki deitu du Confebask bertara. Gainera, martxoaren 14an batzar nazionala egingo du bere ordezkariekin. Batzar honetan, sindikatuaren ekintza-plana eta hurrengo negoziazio-mahaiaren aurretik eta ondoren eman beharreko urratsak landuko ditu.

LABetik batasun sindikalari dei egiten diogu, blokeo une honetan hain beharrezkoa dena. Bestalde, erakundeak interpelatzen ditugu, kasu honetan, Eusko Jaurlaritza, aldundiak eta udalak, kasu askotan langileen prekarizazioaren erantzule direlako.

Zaintzen antolamendu soziala eraldatzeko borroka sindikal eta sozialak hauspotzen jarraituko dugu, Mugimendu Feministarekin eskuz esku

30 orduko lan-astea, orain arteko pribatizatutako zerbitzuen publifikazioa, zaintza langileen baldintzak duintzea, zaintza lanak banatzea eta hezkuntza eremu estrategiko bezala hartzea aldarrikatu dugu.

Denon Bizitzak Erdigunean dinamikak eta haren parte garen LAB, STEILAS, ESK, EHNE, Etxalde eta HIRU sindikatuok mobilizazioak egin ditugu gaur Bilbo eta Iruñean. Instituzioek eta patronalek pribatizazioaren eta negozioaren ereduan sakontzeko egindako hautua salatu dugu, administrazioak baitira pribatizazioak irauteko bermeak jartzen dituztenak, eta enpresa pribatuak, zaintza langileen prekarizazioaren erantzuleak. Gaur berriro ere interpelatu ditugu instituzioak eta patronalak, nazkatuta gaudelako ikusteaz nola zaintza lanetan, gutxi batzuen negozioarekin, emakume* zaintzaileen miseria sistematikoki erreproduzitzen den.

Horren aurrean, borroka sindikal eta sozialaren bidez, zaintza sistema publiko eta komunitarioaren bidean urratsak egiteko konpromisoa berretsi dugu, eta, halaber, ekintza sindikalean eta negoziazio kolektiboan neurri zehatzak aldarrikatzekoa: 30 orduko lan astea, orain arteko pribatizatutako zerbitzuen publifikazioa, zaintza langileen baldintzak duintzea, zaintza lanak banatzea eta hezkuntza eremu estrategiko bezala hartzea aldarrikatu dugu.

Bilboko mobilizazioan parte hartu du Garbiñe Aranburu koordinatzaile orokorrak, eta, martxoaren 8aren atarian, balioan jarri du Mugimendu Feminista eta gaur mobilizatu garen sindikatuon arteko aliantza.

Ziurgabetasun handiko garaiak bizi ditugun honetan, adierazi du eredu zisheteropatriarkal eta kolonial baten sakontzen ari garela. “Kapitalismoaren birkonfigurazio hau antidemokratikoa eta autoritarioa da, eta faxismoa sustatzen du. Guzti honek eragin negatiboak izango ditu langileriarentzat, eta are gehiago emakume*, trans eta bollerentzat eta langile migratu eta arrazializatuentzat”, gaineratu du.

Gatazka elikatzen dela ere aipatu du, munduaren eta ekonomiaren ikuspegi gerrazalea gailenduz. “Historikoa izan zen Greba Feminista Orokor batetik gatoz”, zehaztu du: “Patronalak zaintza lanetan ari diren langileen soldatak eta lan-baldintzak hobetzeari uko egiten dio. Instituzio nagusien lehentasunen artean ez dago Zaintza Sistema Publiko Komunitario baten sorrera”.

“Politika feministak behar ditugu” gaineratu du: “Argi utzi nahi dugu martxoaren 8 guztietan botatzen diren mezu erretorikoekin emakumeen* egoera ez dela hobetzen”, eta, hori zaintzarekin lotuz, honakoa nabarmendu du: “zaintzen eraldaketa gabe ezin da hitz egin emakumeentzako* berdintasunaz. Errotiko zapalkuntza honi erantzun egokia ez emateak indarkeria matxista areagotzea eta berau normalizatzea dakar”.

Larunbatean izango den martxoaren 8an kaleak hartzeko deia egin du Aranburuk, “faxismoaren aurrean ausardia eta aliantza feministen ordua delako”.

Guztiontzako zaintza duina lortzeko, negozioarekin amaitzeko, sistema garatzeko eta pribatizatutako zaintza langileon lan eta bizi baldintzak hobetzeko borrokan berretsi gara gaurko mobilizazioetan.

Hamarkadetako lan istripu larrienak 4 hildako utzi ditu Nafarroan

Gaur goizaldean Nafarroako Fitero inguruan 4 garraiolari hil dira istripu batean euren kamioiek aurrez aurre talka egitean.

LABek jakin ahal izan duenez, Europa ekialdeko langileak dira hildakoak. Ibilbide luzeak egiten dituzten garraiolari hauek binaka joatera behartzen dituzte kamioietan, honela ahal den kilometro gehien egin ahal izateko kostuak gutxituz. Gero eta ohikoagoa da gainera bikote edo senar emazteak lan hauetan ikustea baldintza oso prekarioak pairatuz. Modu honetan, garraiolaria bere atseden erreglamentarioa kamioian bertan pasatzera behartuta egoten da eserlekuan eserita kamioia gelditzen ez delako. Honela, etengabe lanean diraute benetazko atsedenik hartu gabe eta nekea arrisku faktore nagusi bilakatzen da. XXI. mendeko esklabutza gure errepideetan.

Bart, kapitalismo bortitzenak, langileon osasun arauak urratzen dituen enpresa ereduak, 4 langile erail ditu Euskal lurretan.

Ezin dugu onartu muturreko prekaritatea bermatzen duen administrazioak beste aldera begiratzea. Bai Nafarroako Gobernuak bai Jaurlaritzak bitartekoak jarri behar dituzte gure errepideetan XXI. Mendeko esklabutza egoera hauek deusezteko.

Datozen orduetan lan osasunerako intersindikaletik mobilizazioak deituko ditugu azken hamarkadetan Euskal Herriak pairatu duen lan istripu larriena salatzeko.

Munduko Federazio Sindikalaren Kontseilu Presidentzialean parte hartu du LABek, Vietnamen

Urtero legez, Munduko Federazio Sindikalaren Kontseilu Presidentziala bildu egin da, pasa den urteko dinamika sindikalaren balantzea egin, testuingurua aztertu eta 2025 urteko ekimen nagusiak adosteko. Kontseilu Presidentziala mundu osoko 60 ordezkari sindikalek osatzen dute, eta horien artean dago Igor Arroyo LABeko koordinatzaile orokorra.

Bidegabea izateaz gain, gero eta bideraezinagoa den sistema kapitalistari aurre egin eta klase borroka indartzearen alde egin du Kontseilu Presidentzialak. Era berean, inperialismoak mundu osoan eragindako kalteak salatu ditu; besteak beste, Palestinako herriaren aurkako genozidioa. Bestalde, Munduko Federazio Sindikala sortu zenetik 80 urte betetzen diren honetan, urteurrena ospatzeko ekitaldia antolatzea erabaki du; Parisen, datorren urrian.

Igor Arroyok hitza hartu du Kontseiluan, azken urtean hazi den olatu erreakzionarioari aurre egiteko antidotorik onena klase sindikalismoa dela azpimarratuz. Ildo honetan, langile klase osoa antolatzeko, hiru zeregin aipatu ditu: emakume langileen antolaketan urratsak ematea; sindikalismoa gazte eta prekarioengana gerturatzea; eta beste herrialde batzuetatik heldutako langileak sindikalizatzea.

Vietnamgo Lanaren Konfederazio Orokorra izan da aurtengo Kontseilu Presidentzialaren antolatzailea. Euskal Herria eta Vietnam oso herri desberdinak badira ere, Vietnamgo herriak inperialismoaren aurka egindako borroka euskal askapen mugimenduarentzat inspirazio iturri izan zen. Laguntasuna adieraztearren, Igor Arroyok opari bat eman zion Nguyen Dinh Khang Vietnamgo Lanaren Konfederazio Orokorreko lehendakariari.

Langileentzat gutxieneko soldata Nafarroan negoziatzeko eta ezartzeko eskuduntzak izateko mobilizazioak eta sinadura bilketa martxan jarriko dituzte LAB, ELA, ESK, Steilas, Etxalde eta Hiru sindikatuek

LAB, ELA, ESK, Steilas, Etxalde eta Hiru sindikatuek CEN, UGT eta CCOO eragileen jarrera salatzearekin batera, Nafarroako Parlamentuak gutxieneko soldata arautu ahal izateko eskumen gaikuntza eskatzen duen Herri Ekimen Legegilea ez dela tramitera onartu ere publiko egin dute. Oztopo guzti horien aurrean ez dutela etsiko berretsi dute, eta mobilizazioak zein sinadura bilketa bat martxan jarriko dituzte CEN, UGT, CCOO eragileak eta Nafarroako Gobernuak onar dezaten gutxieneko soldata propio baten beharra, eratu dezaten negoziazio mahaia eta negozia dezaten fede onez. Aldiz, Nafarroako Parlamentuan ordezkaritza duten alderdiei dei egin diete gutxieneko soldata propio baten Herri Ekimen Legegilearen defentsa bere egin dezaten.

CEN, UGT eta CCOO: Nafarroako gizarte osoa kaltetzen duen aliantza

Pasa den ostiralean (hilak 28) CENeko enpresariek, UGTk eta CCOOek lagunduta, jarrera antisindikal argi batean, Nafarroan estatukoa gaindituko lukeen gutxieneko soldata bat negoziatzeko prest ez daudela helarazi zioten nafar gizarteari. Beraz, jarrera hori mantenduz gero ateak itxiko dizkiote negoziazioaren bidez bizitza duina bermatzeko soldatak hobetzea nahi dituzten langileen itxaropenak betetzeari.

Eta horretara ausartu dira Nafarroako Gobernuren konplizitatea beraien alde daukatelako. Nafarroako enplegu planaren ospakizunetan murgilduta, CEN patronala pozik dago bere agenda ezartzea eta lehenestea lortu duelako. UGT eta CCOO, aldiz, lasai, Gobernuaren sostengua daukatelako, Txibite Lehendakariaren jarrera partidista argi batean. Guztiz salagarria da Txibitek uko egin diola sindikatuen proposamena azaltzeko bilera eskaerari, eta Gobernuari Lanbidearteko akordioaren bilera egiteko aretoa eskaerari baita ere ezetz esan diola. Ikuspegi demokratiko batetik jarrera eta jokatzeko modu horiek onartezinak dira. Nafarroako Gobernuari jarrera argia izatea dagokio elkarrizketaren eta negoziazioaren bideari ateak ixten dizkion CEN, UGT eta CCOO eragileen aurrean.

Duela 10 urteko jarrera horiek Nafarroako gizarte osoa kaltetzen dute. Horregatik, LAB, ELA, ESK, Steilas, Etxalde eta Hiru sindikatuek ez dute berau ontzat emanen. UGT, CCOO, CEN eta Nafarroako Gobernuak ahotsik gabe utzi nahi dute langileen ordezkaritzaren %40a baino gehiago.

Gutxieneko soldata propioaren aldeko sinadura bilketa

Ekimen garrantzitsuen eta erabakigarrien bideak aldapatsuak dira maiz. Langileek modu eraginkorrean jasoko dituzten akordioak lortzea batzuetan gehiago kostatzen da. Gutxieneko soldatarena Nafarroan hala izaten ari da. Izan ere, Nafarroako Parlamentuak ez du onartu tramitera gutxieneko soldata arautu ahal izateko eskumen gaikuntza eskatzen duen Herri Ekimen Legegilea.

LAB, ELA, ESK, Steilas, Etxalde eta Hiru sindikatuek ez dituzte argudio juridiko horiek partekatzen. Ondorioz, Nafarroako Parlamentuko Mahaiak hartutako erabakiaren aurrean Auzitegi Konstituzionalean helegite bat aurkeztuko dute. Alde batetik, ikuspegi demokratikotik Nafarroako Foru Hobekuntzak Euskal Autonomi Erkidegoarekin alderatuta duen gabezia zuzentzeko. Beste alde batetik, Mahaiak egin duen interpretazio mugatua gainditzeko. Hala, aurkeztutako Herri Ekimen Legegilearen proposamenak ez du gutxieneko soldata arautzen. Aitzitik, arautu ahal izateko eskumen gaikuntza eskatzen du, eta eskaera hori bai da eskumen autonomikoa.

Hau guztia esanda, argi geratzen da Nafarroak gutxieneko soldata ezartzeko orduan, zalantza juridikorik gabeko, eskumen propioak behar dituela, eta hori oso garrantzitsua da langile klasearen egoera, lan eta bizi baldintzak hobetzeko.

Ezinbestekoa da beraz eskumen osoak eskuratzea lan harremanak arautzeko. Horregatik, oztopo guztien gainetik datozen hilabeteetan gutxieneko soldata propioaren aldeko sinadura bilketa martxan jarriko dute LAB, ELA, ESK, Steilas, Etxalde eta Hiru sindikatuek, Nafarroako Parlamentuan ordezkaritza duten alderdiei gutxieneko soldata propio baten Herri Ekimen Legegilearen defentsa berea egin dezaten.

Datozen hilabeteetan kaleko mobilizazioekin eta sinadura bilketarekin, ozen eta argi adieraziko dugu Nafarroan langileek gutxieneko soldata propioa nahi dutela eta bidezkoa den aldarrikapen honi ezin zaiola bizkarra eman. Helburu horrekin, apirilaren 14an mobilizazio sindikal baten deia egin dute.

LABek, ELAk eta UGTk Confebask auzitara eraman dute, kimika-sektoreko negoziazio kolektiboan fede txarra izan duelako

Patronalak sektoreko 17.000 pertsonen baldintzak hobetuko lituzkeen negoziazio mahaia osatzeari uko egiten diola salatu dute.

Hiru sindikatuek Confebasken jarrera salatu nahi dute, behin eta berriz uko egin baitio sindikatuek sektoreko prekaritatea deuseztatuko duen negoziazioari hasiera emateko egindako eskariari.

2023. urteaz geroztik, sindikatuak mahai bat irekitzea eskatzen ari dira, EAEko sektoreko 17.000 langileen baldintzak hemen ezarriko dituen hitzarmen bat negoziatzeko.

2023ko abenduan euskal hitzarmen baterako negoziazio mahaia osatzen saiatu ziren, baina bai Confebaskek, bai Adegik, SEAk, Cebekek eta kimiken estatuko patronalak deialdira ez joatea erabaki zuten. Idazki baten bidez, sindikatuen ekimenaren aurka zeudela adierazi zuten, legedian eta kimikei buruzko Estatuko hitzarmenaren artikuluetan oinarrituta, erabakia justifikatzeko. Sindikatuek beren gaitzespena agertu zuten mobilizazio ezberdinak eginez eta patronal ezberdinen egoitzen aurrean elkarretaratzeak eginez.

Hala ere, joan den ekainaren 20an, Kongresuan baliozkotu egin zen 2/2024 Lege Dekretua; horren bidez, autonomia-erkidegoetako nahiz probintzietako hitzarmenek aplikazio-lehentasuna izango dute, Estatukoen aldean. Lege-aldaketa hori euskal legebiltzarkideen gehiengo zabalak babestu zuen, eta EAEko sindikatuen aho bateko babesa jaso zuen. Gainera, EAEko patronal ezberdinek ez zuten inolako eragozpenik jarri lege aldaketaren aurrean.

Errealitate legal berriaren aurrean, joan den uztailean berriro deitu zituzten patronalak euskal hitzarmen bat negoziatzen hasteko. Zoritxarrez, patronalek ez zuten Lan Harremanen Kontseiluan (LHK) deitutako bilerara joan nahi izan. LABek, ELAk eta UGTk patronalaren ezezkoa gaitzetsi dute, sektorean lan egiten dutenen baldintzak hobetzeko edozein aukera oztopatzea baino ez baitu bilatzen.

Confebaskek, bere aldetik, jarrera horrekin erakusten du estatu mailako negoziazioa defendatzen duela, eta Euskal Herriko hitzarmenei aplikaziorako lehentasuna ematen dien Langileen Estatutuaren aldaketak aplikazio praktikorik ez izatea bilatzen du.

LAB, ELA eta UGT sindikatuek Confebask auzitara eraman zuten joan den otsailaren 28an, negoziazio kolektiboaren fede onaren aurka agertu zelako eta ekainaren 20an baliozkotutako lege- dekretuaren helburua bete ez zuelako. Patronalari jarrera aldaketa exijitzen diote eta lehenik eta behin hitzarmen berri baterako mahaia eratzea eta fede onez negoziatzea onar dezala akordio bat lortu arte.

LABek, ELAk eta UGTk hainbat mobilizazio eta kanpaina abiatuko dituzte lantokietan, sektorea aktibatzeko asmoz.