2026-04-13
Blog Page 62

Arabako Herri Akordioa–Zaintzen Aldarrikapen Taula aurkeztu dugu, prozesu kolektibo baten emaitza

Duela astebete Gasteizen aurkeztu genuen Arabako Herri Akordioa–Zaintzen Aldarrikapen Taula. Egungo zaintza sistema iraultzera bidean Araban egin beharreko hainbat aldaketa eta exijentzia biltzen dituen aldarrikapen taula da. Denon Bizitzak Erdigunera dinamikaren baitan garatu dugun ikasturte ondoko prozesu baten ostean, Arabako eragile, norbanako, zaintzen sektoreko langile eta zenbait sindikaturen artean eztabaidatutakoaren eta adostutakoaren emaitza da. Mugimendu Feministarekin elkarlanean egon gara AEZLE (Arabako Etxeko eta Zainketako Langileen Elkartea), Pentsionistak, Enara Kooperatiba, Ernai, Harramazka gazte talde feminista, Zaintza Araba, LAB, ESK eta Steilas sindikatuak, eskualde ezberdinetako talde feministak, Lumagorri…

Tresna hau eragile ezberdinen arteko aliantzak sortzeko, instituzioak seinalatzeko eta presionatzeko eta zaintza sisteman aldaketa errealak lortzeko baliatu nahi dugu.

LABetik norbide horretan lanean jarraitzeko konpromisoa adierazten dugu: Arabako Herri Akordioa ahalik eta gehien zabaldu, irakurri, partekatu, sozializatu eta hurrengo urratsetara adi egoteko deia egiten dugu.

Hemen duzue aldarrikapen taula:

LABek EAEko gizarte ekimeneko ikastxeetako Kristau Eskola eta AICE-IZEA patronalei greba bukaerako akordioa betetzea exijitzen die

Patronalek erabaki dute adostuta zegoen ordu lektiboen jaitsiera ere ez aplikatzea. Aldarrikapen honekin, elkarretaratzeak egin ditu LABek Zarauzko La Salle eta Bilboko Berri Otxoak ikastetxeetan.

Aurreko astean, 34. mahai negoziatzailea egin ostean, Kristau Eskolak eta AICE-IZEA EAEko gizarte ekimeneko ikastetxeetako patronalek adierazi zuten 2025-2026 ikasturterako eskola ordurik ez dutela jaitsiko. Honela, sektoreko langileek 14 greba egun egin ondoren, 2024ko otsailaren 5ean greba bukaerarako akordioan adostu eta lortutakoa bertan behera utzi dute.

16 hilabete pasatu dira eta 15 mahai negoziatzaile egin dira greben amaiera ekarri zuen akordioa sinatu zenetik eta patronalak blokeoan gotortu dira, eta ez dira ari sinatutako betetzen. Horren erakusgarri, ez dutela gauzatuko datorren ikasturterako adostuta zegoen ordu lektiboen murrizketa.

Eskola orduen murrizketak bere biziko garrantzia du, hala nola lan kargak jaisteko, ikasleek kalitatezko hezkuntza jasotzeko, enplegua sortzeko, lanpostuak ez suntsitzeko, etab.

Ikasturtea amaitzen ari da eta lanpostuak ez galtzeko birkokapen prozeduraren aktak itxi berri edota ixten ari diren honetan, LABek ez du onartzen neurri hori ez dela martxan jarriko hurrengo ikasturterako.

Hori dela eta, LABek, ez betetzeen aurrean, bide juridikoa zein ekintza sindikala aktibatuko ditu.

Osasungintza publikoa indartzea eskatu dugu Bilbo, Donostia eta Gasteizen

LAB, ELA eta ESK sindikatuok elkarretaratzeak egin dituzte Gasteizen (Txagorritxuko ospitalean), Bilbon (Basurtukoa) eta Donostia ospitalean Osakidetzan benetako konponbideak exijitzeko. Era berean, bat egin dute gaur arratsaldean OPA Osasun Publikoaren Aldeko herri plataformek deitutako mobilizazioekin.

OPA Herri Plataformek salatu dutenez, “zortzi hilabeteko lanaren ostean, osasun publikoaren defentsan funtsezkoak diren eragile sozial eta profesionalak baztertzea izan da Osasun Itunaren jomuga, unibertsitate pribatuei eta Confebask patronalari ahotsa eman zaien bitartean, hauen interesak osasunaren negozioari lotuta baitaude”. Plataformetatik kexu dira: “Prozesu hau opakoa eta antidemokratikoa izan da, arazo nagusiari heltzea saihestuz: pribatizazioa eta lankidetza publiko-pribatuko politikak”. Argitaratu duten oharraren arabera, Osakidetzaren krisian eta hondamenean gobernuak duen erantzukizuna ezkutatzeko aurpegia garbitze bat besterik ez da EAEko Osasun Ituna.

Salaketaz gain, osasun publikoaren aldeko plataformek osasungintza publikoa indartu eta pertsona guztien osasun eskubidea bermatzen duen osasun ereduaren proposamena egin dute, pertsona zaurgarrienei arreta berezia eskainiz. Neurrien artean: osasun %100 publikoaren aldeko konpromiso irmoa, elkarlan publiko-pribatua eta aparteko orduak arbuiatzea, osasun inbertsioa berehala handitzea Europako batez bestekoa lortzeko, Lehen Arreta lehenestea, arreta presentzial osoa berreskuratzea, gutxienez 15 minutuko kontsultarako denborekin eta gehienez bi eguneko atzerapenekin, plantilla nahikoa eta egonkorra bermatzea profesionalen ihesa saihesteko, itxaron-zerrendak nabarmen murriztea baliabide propioekin eta kontrol publikoarekin, osasun-sistemaren kudeaketa demokratikoa, parte-hartzailea eta gardena, eta Tolosaldean eskualdeko ospitale publiko bat sortzea.

Euren ustez, “neurri zuzentzaileen gabeziaren eta politika pribatizatzaileen jarraipenaren aurrean, beharrezkoa da presio soziala mantentzea, Eusko Jaurlaritzari exijitzeko herritarren gaitzespena entzun dezala eta osasun publikoak pairatzen dituen egiturazko arazoei benetako irtenbideak bila diezazkiela”.

LABek ez du sinatu Gipuzkoako ostatuetako hitzarmena langileen beharrei erantzun eraginkorra ematen ez dielako

Gaur sinatu dute ELA, CCOO eta UGTk eta ADEGI patronalak. Maiatzaren 15ean iragarri zuten aurrekordioa ELAk eta ADEGIk.

Nabaria da bere garai onena bizitzen ari den sektorea dela Gipuzkoako ostatuena, eta herrialdeko ekonomiari modu esanguratsuan eragiten dioten zifra historikoak lortzen ari da. Aldiz, enpresak etengabeko hazkundean dauden eta inoiz baino irabazi handiagoak jasotzen ari diren testuinguru honetan, gaur sinatutako hitzarmenak babesgabe uzten ditu langileak. Ikuspegi orokor batetik, bestelako onuraren bat tarteko, aurreakordioa KPI + %2,5-eko soldata igoerak bermatzera mugatzen bada ere, bertan jasotako bestelako edukiak ez dira nahikoak LAB sindikatuarentzat.

Dena ez da soldatara mugatzen. Egunez egun, sektoreko langileek jasaten dituzten lan-karga eta erritmoak ez dira gutxituko igoera ekonomiko esanguratsuekin. LABen ustez, honakoa da sektoreko langileek behar dutena:

> Lanaldi jaitsiera nabarmena, eta ez adostako 14 orduko jaitsiera datozen lau urteetan zehar.

> Arrisku psikosozialen ebaluazioak egiteko enpresen betebeharraz gain, eguneroko jardunak langileen eragiten dien desgastea identifikatu eta honi aurre egiteko neurriak adostu ahal izatea.

> Pisu garbitzaileen ratio planak badaudela eta hauek eraginkorrak direla bermatzea.

> Mota guztietako absentziak estaltzeko konpromisoa eta aldi baterako ezintasunak %100ean osagarritzea.

> Gutxienez hilean behin, asteko atsedena asteburuan gozatzeko aukera.

> Aldi Baterako Lan Enpresen eta azpikontraten mugapena.

> Onura sozialak, hala nola, errelebo kontratuen eskaerak onartzea, langileen eguneroko beharrak asetzeko baimen ordainduak, enpresak lan-eremu seguruak izatera bideratutako neurriak, doako mantenua, garraio-plusaren erregulazio aproposa, etab.

Guzti horiek LAB sindikatuak proposatutako edukiak dira, baina hitzarmenaren sinatzaileek alde batera utzi dituzte. Lan-ordutegiak hiru hilabeteko epearekin bermatzen saiatzeko ahalegin urria egin badu ere, enpresa guztiek ez dituzte gaur gaurkoz urteko egutegiak bermatzen eta, horren jakitun, ez dira beharrezko mekanismoak aurreikusten lan-ordutegiekin berdina gertatu ez dadin. Hortaz, LABek zalantzak ditu egutegiek eraginkortasunez beteko duten bizitza laboral eta pertsonala uztartzeko aukera.

LAB sindikatuak saiakera erreala egin du eduki guzti hauek negoziazio mahaian jorratu daitezen: aldarrikapen eta neurrien multzo propioa aurkeztu du, kolektiboaren eguneroko lan-baldintzak hobetu eta duintzera bideratuta dagoena. Aldiz, ADEGI eta ELA, UGT eta CCOOek sinatutakoarekin, LABen proposamenak albo batera uztea erabaki dute.

Gainera, hitzarmen hau lortzeko sektorean egindako dinamika zalantzagarria iruditzen zaio LABi, batez ere ELA sindikatuaren aldetik. Historikoki, greba deialdi errealekin sinatu izan dira hitzarmen kolektiboak Gipuzkoako ostatuetan eta horretarako, ekintza sindikala da giltza, langileek sortutako aberastasunaren banaketa bidezkoagoa borrokatu eta modu duinean lan egitera bideratutako neurriak eskura ditzaten. LAB sindikatuak benetan sinesten du sektoreko langileen batasuna eta ekintza sindikala zirela gakoa marko arautzaile on bat lortu ahal izateko. Benetan jakitun gara sektoreko langileen aldarrikapenak kalean babestuko lituzkeen sektore konprometitu gisa jardun izan bagenu lortu genezakeenaz? Borroka beti da bidea.

Gehiengoa duen ELA sindikatuaren konformismoak ordea, hurrengo urteetarako sektoreko enpresen lasaitasuna bermatu du, negoziazio prozesuan patronalak egindako bigarren proposamena onetsiz. ADEGI pozarren dagoen bitartean, langileak apurrekin gelditu daitezen onartu du ELAk.

Hitzarmena sinatu ez arren, sektorea eta kolektiboarekiko berezkoa duen konpromisoari eutsiko dio LABek eta enpresa eta lan-zentroetan langileak lagundu eta babestuko ditugu. Bide luzea dute aurretik sektoreko langileek, eta LAB sindikatua beraien bidelagun izango da.

Zaintza sistema publikoa helburu, lan baldintzak hobetzea eta ekiparazioa eskatu dituzte Arabako esku hartze sozialeko langileek

Kontzentrazioa egin dute gaur Gasteizen, Arabako Foru Aldundiaren egoitzaren aurrean.

Duela urte erdi baino gehiagotik, LAB, ELA, CCOO eta ESK sindikatuak askotan elkartu gara, eta indarrak batzea lortu dute, Arabako esku-hartze sozialaren sektorerako hitzarmen berri bat lortzeko helburuarekin. Beren helburua argia da: langile guztien lan baldintzak hobetzea, sektore publikoarekin ekiparatzeko helburuarekin. Zaintza lanek publikoak izan behar dutela argi dute.

Bide horretan, langileen aldarrikapenak jaso zituzten eta plataforma bat osatu zuten, duela hilabete batzuk patronalari eman ziotena. Gaur-gaurkoz, ez dute aldarrikapenei erantzunik.

Baina AISA patronala ez dirudi negoziazioaren alde dagoenik. Hilabeteak daramatza negoziazioa blokeatzen, bilerak atzeratzen eta langileen aldarrikapenak erantzun gabe.

Azken bileran aholkulari baten izendapenaren aitzakia erabili zuen mahaiak aurrera egin ez zezan. Proposamen bat duela dio, baina hilabeteak pasatzen dira eta ez dute ezer entregatzen.

Gaurko mobilizazioarekin, langileek salatu nahi izan dute AISAren jarrera eta negoziatzeko borondaterik ez duela. Sektoreak ez du onartuko negoziazioa luzatzea. Langileek esperientzia dute aurreko mahaiarekin, eta hortik ez dira pasako.

Benetako negoziazioa nahi dugu, gure lan baldintzak sektore publikoko langileei ekiparatuko dituena. Hala ez bada, eta gaur dinamika mobilizatzaileari hasiera ematen diotelarik, ez dituzte ekintza gehiago eta greba baztertzen etorkizunean.

Lehen lanuzte eguna Ramondin Capsulas-en, zuzendaritzak langile guztien soldatak izozteko eta hitzarmenean jasotako igoerak ez aplikatzeko asmoen aurrean

Gaur, erabateko lanuzteen lehen eguna izan da Ramondin Capsulas enpresan, lan-gatazka esanguratsu bati hasiera emanez. Lanuzteak erabateko jarraipena izan du ekoizpen-lerroetan, langileen batasuna eta determinazioa agerian utziz, eta eragina bulegoetan ere nabaritu da. Ramondín Cápsulas Arabar Errioxako enpresarik handienetakoa da, 400 langile inguru ditu eta Metalgrafien Estatuko Hitzarmena aplikatzen da bertan.

Langileen haserrearen jatorria zuzendaritzak soldata guztiak izozteko eta hitzarmenean jasotako igoerak ez aplikatzeko egindako proposamenean datza. Enpresak “egoera ekonomikoa txarra” dela argudiatuta justifikatu du neurria, eta, bere esanetan, langileen erosteko ahalmenari eustea eragozten dio. Hala ere, langileen artean haserrearen txinparta piztu duena izan da zuzendaritzak uko egin diola kontuak aurkezteari. Gardentasun falta horrek mesfidantza handia sortu du, eta langileek zalantzan jarri dute zein den konpainiaren benetako finantza-egoera.

Enpresaren jarrera horren aurrean, eta erosteko ahalmena ez galtzeko determinazio sendoa dutenez, langileek ekintzak areagotzea erabaki dute. Horrela, datorren astean, greba mugagabeari ekingo diote. Presio-neurri hori astearte eta ostegun guztietan gauzatuko da, eta dinamika horri enpresako zuzendaritzak jarrera aldatu arte eutsiko diote langileek. Izan ere, beren helburua da soldata bidezkoak eta egungo bizitzaren kostuari erantzungo diotenak bermatzea.

LAB, EH BILDU, SUMAR-IU, SATSE, CCOO, UGT eta Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Gizarte Langileen Elkargo Ofizialen komunikatu bateratua, Osasun Itunari buruzko azken gertakariei buruz

Atzo bildu zen EAEko Osasun Itunaren “Lankidetza Publiko-Pribatua” lantaldea, bertako kideek hala eskatuta, Osasun Sailak aurretik adostutako helburu bat aldebakarrez aldatzeko saiakera egin ostean.

Zoritxarrez, bilera horretan berriro ere agerian geratu zen adostasunik ez dagoela oinarrizkotzat jotzen dugun eta talde honek gehiengoz onartu zuen zerbaitetan: euskal osasun sistema publikoa indartzea zerbitzua baliabide publiko eta propioen bidez ematea lehenetsiz, sektore pribatuarekiko menpekotasuna gutxituz pixkanaka, eta herritarra erdigunean jarriz.

Erabat gaitzesten dugu taldeak adostutako proposamenak alde batera uztea edo ordezkatzea, soilik Jaurlaritzaren edo Confebasken interesekoak ez direlako. Adibidez, lantaldearen atzoko bileran, talde horretan landu gabeko proposamen bat onartzea behartu zuten, Osasun Sailaren aldebakarreko proposamena zena.

Uste dugu Osasun Itunaren prozesua oso une delikatura iritsi dela, eta orain, inoiz baino gehiago, pribatizazioa murrizteko eta osasun-sistema publikoaren autosufizientzia berreskuratzeko konpromisoa Itunak argi jasotzea dagokigula.

Horregatik, orain arte egindako lan eskergarekin koherenteak eta arduratsuak izanik, prest jarraitzen dugu Osakidetza publikoa eta kalitatezkoa indartzeko ekimenak bultzatzeko.

Beraz, orain hasten den zuzenketa-fasean, pribatizazioaren eraginak geldiaraziko dituzten neurriak biltzeko ahalegin guztia egingo dugu, sistemaren benetako publifikaziorantz aurrera egiteko eta erabaki zehatzak jaso daitezen, analisi iragankorretatik, topikoetatik eta benetako konpromisoen falta duten diskurtso hutsetatik harago.

Hego Euskal Herriko gutxieneko soldata propio baten aldeko mozioa aurkeztu dute 56 enpresatako langileen ordezkariek

Mozioa jaso dute gutxieneko soldata propio batek zuzenean eragingo lieketen sektoreetako ordezkariek; hala nola, Arabako adinekoen egoitzetakoek, osasun klinika txikietakoek, hoteletako langileek, Bizkaiko elikagaien merkataritzakoek, lorezainek, Enplegu Zentro Berezietakoek, bulegoetako langileek, telemarketingeko langileek eta Amazoneko langileek.

LAB, ELA, ESK, STEILAS, HIRU eta ETXALDE sindikatuok Hego Euskal Herriko langile guztientzat gutxieneko soldata duin eta erreal bat ezartzeko ekimena abiatu dugu. Gutxieneko soldata aberastasunaren banaketarako tresna nagusietako bat da, eta prekaritatearen eta pobreziaren aurkako borrokan ezinbesteko neurria.

Gaur egungo Espainiako gutxieneko soldatak ez du bermatzen bertako langileek euren bizitza modu duinean garatu ahal izatea. Gainera, prezioak gorantz doaz eta enpresen irabaziak marka historikoetara iristen ari dira. Horregatik, behar-beharrezkoa da gutxieneko soldata hemen erabakitzea eta Hego Euskal Herriko errealitate sozioekonomikoari egokitzea. Langileon lan- eta bizi-baldintzak hobetuko dituen burujabetza ariketa da egiten ari garena.

Horretarako bi bide abiatu ditugu: bata, bertako eskumenen baitan Lanbidearteko Akordio bidez patronalarekin negoziazioa hastea, Confebask eta CEN patronalek ezezko borobilarekin erantzun dioten bidea. Bestea, Herri Ekimen Legegilearen bidez autonomia erkidegoek gutxieneko soldata propioa ezartzeko eskumena eskuratzea, eta horretarako milaka sinadura biltzen ari gara.

Gutxieneko soldata propio batek bereziki eragingo lieke gizartean lan baldintza okerrenak dituzten sektoreei, horietako asko feminizatuak, migratutako pertsonez osatuak, aniztasun funtzionala duten langileak dauden esparruak eta langile gazteak lanean ari diren enpresak.

Esandakoarengatik, aipatutako sektore horietan ari diren langileen ordezkariek dei egiten dute gutxieneko soldata propio baten aldeko ekimen guztietara, lanbidearteko akordio baten aldekora eta Herri Ekimen Legegile baten aldeko sinadurak biltzera.

Era berean, enpresa hauetan ari diren langileen ordezkariek dei egiten diete Hego Euskal Herriko langile guztiei beren sinadurarekin sostengua eman diezaioten gutxieneko soldata propio baten aldeko Herri Ekimen Legegileari. Sinadura bakoitzak legez gutxieneko soldata ezartzeko aukera errazten du eta, era berean, patronalari presio egiten dio negoziazio mahaira bueltatu dadin.

Ondoren atxikituta azaltzen dira gutxieneko soldata propio baten alde atxikimendua eman duten eta gutxieneko soldata propio baten onuradunak izango liratekeen langileen ordezkarien lantokiak:

Araba:

  • Caser adinekoen egoitza
  • Sanitas adinekoen egoitza
  • Ariñez-Villodas adinekoen egoitza
  • Mercedarias adinekoen egoitza
  • Colisee adinekoen egoitza
  • Gazalbide adinekoen egoitza
  • Garbident klinika pribatua
  • Enviser lorezainak
  • Biocompost. Birziklapen enpresa

Bizkaia

  • Lantegi Batuak EZB.
  • Fabripapel SLU Cherry EZB.
  • Sifu EZB.
  • CAE EZB.
  • Ilunion operarios EZB.
  • Avifes Aniztasun funtzionaleko pertsonen artapena.
  • Sindrome de Down. Aniztasun funtzionaleko pertsonen artapena.
  • Salica arrain kontserbak.
  • Lanalden telemarketing.
  • Energuia Web Bulegoak.
  • Entelgy Ibai Bulegoak.
  • Xupera Telemarketing.
  • Inetum Bulegoak.
  • Garbialdi Garbiketa.
  • Abando Garbiketa.
  • Optima Garbiketa.
  • UPV Garbikuntza
  • Bilboko kiroldegiak.
  • UTE Bilboko Udala garbiketa
  • Epaitegietako garbiketa
  • Impacto garbiketa
  • UTE Bizkamb
  • Bilboko lorezainak
  • Ercilla Hotela
  • Mercure Hotela
  • Emtesport kiroldegia
  • Ercoreca Elikagaien merkataritza
  • Zara Ehunen merkataritza
  • Tendam Ehunen merkataritza
  • Stradivarious Ehunen merkataritza
  • Radisson Hotela
  • Occident Aseguru enpresa
  • Catalana Occidente Aseguru enpresa
  • Ares capital UBER
  • Moove cars UBER
  • Envac Iberia Ingenieria
  • Ugaoko lorazainak
  • Costco. Saltoki handiak
  • Equipafasa Elikagaien Merkataritza
  • Vitaly Health Services Aseguru enpresa

Gipuzkoa

  • Gureak EZB.
  • Katea-Legaia EZB.
  • Gipuzkoako anbulantziak.
  • Delcom AMAZON.
  • Geslagun garbiketa.
  • Hoteles y Termas (La Perla)
  • Abaltzisketa Logistika Telemarketing.

LAB, ESK eta ELAk zerbitzu publiko eta kalitatezkoa eskatzen dute Correos-en

Bihar asteazkena, ekainaren 18an, 18:00etan, mobilizazioak egingo dituzte Bilbon (Urkixo Zumarkalea, 19), Donostian (Alderdi Eder-Udaletxea) eta Gasteizen (Posta, 9) akordio markoaren aurka eta hitzarmen duina eskatzeko.

Akordio berria eta III. Hitzarmen Kolektiboari eranskin bat inposatzeak ondorio larriak izan ditzake Correos-eko langileen lan-baldintzetan eta, hedaduraz, ematen duten posta-zerbitzu publikoan. Correos-en eta bere langile guztien etorkizuna defendatzeko. Horregatik erabaki dute LAB, ESK eta ELA sindikatuek biharko mobilizazioak deitzea.

Correos-eko langileen lan-baldintzak are gehiago okertzen jarrai dezakete. Enpresak eta CCOO, UGT, CSIF eta SL sindikatuek milaka lanpostu suntsitzea ekar dezakeen akordio bat sinatu dute. Izan ere, langileen gastuak % 85etik %70era igaro daitezke 2 urtetan, ordainsari-erregimena jardueraren neurketa indibidualekin lotu daiteke, lanaldiko orduen %10 aurreikusitako kargaren arabera aldatuko den lan-egutegia ezarri daiteke, eta langileen mugikortasun funtzionalean, geografikoan eta zentroen artekoen sakondu. Horrek guztiak eragin zuzena izango du enpleguaren kantitatean eta kalitatean, baita enpresa publikoak eman beharko lukeen komunitatearen aldeko kalitatezko zerbitzu publikoan ere.

Akordio horren aurka dauden LAB, ESK eta ELA sindikatuek etorkizuneko IV. Hitzarmen Kolektiborako eta Akordiori begira, langileen eskubideei lotutako arauketa eskatzen dute, bertan jasotako gai garrantzitsuenak hobetzeko, hala nola soldata, lanaldia, kontziliazioa eta lan-osasuna, Correos-en kalitatezko zerbitzu publikoaren aldeko apustua eginez. Besteak beste, soldatak KPIrekin lotzeko klausula, asteko 35 orduak ezartzea, egiturazko lanpostu guztiak benetan betetzea eta galdutako milaka lanpostu berreskuratzea eskatzen dute, Madrildik inposatu nahi dietenaren guztiz kontrakoa.