2026-02-03
Blog Page 575

Zaintza lanei buruz gogoeta egin dugu Oreretan, “Sindikalismoa [Bir]Pentsatzen” prozesuaren baitan

0

"Sindikalismoa [Bir]Pentsatzen" prozesuaren bigarren urratsari ekin diogu. Gure programa sozioekonomikoa osatuko duten adar ezberdinen bueltan hasi gara gogoetatzen. Hala, Oreretan saioa egin dugu gaur, zaintzaren gaia lantzeko.

Testuinguru ekonomiko, sozial eta politikoa etengabeko aldaketan dago. Beraz, langileen eskubideen eta bizi baldintzen defentsa oinarri izanik, eta iparra Euskal Herria askearen xedean ezarrita, gure burua eraberritzen ari gara. Gogoeta hori “Sindikalismoa [Bir]Pentsatzen” prozesuaren barnean egiten hasi ginen duela urte batzuk. Hainbat aldaketa egin ditugu gure ekintza sozio-sindikalean eta antolatzeko moduan, 2017ko Biltzar Nagusian finkatu zirenak.

Orain, prozesu horrek bigarren urrats bat egingo du. Sindikalismoak gure herrian eredu sozio-ekonomiko berriaren alde jokatu behar duen papera eta egin behar dituen proposamenak eztabaidatzeko xedearekin prozesu oso bati hasiera eman genion maiatzaren 16an Ordizian egin genuen mintegian. Bigarren urrats batean, gure programa sozioekonomikoa osatuko duten adar ezberdinen bueltan arituko gara gogoetatzen. Horretarako saio ezberdinak antolatu ditugu, eta horietako lehena gaur egiun dugu Oreretan, zaintza lanen inguruan. Azaroak 26an, berriz, lurra izango dugu hizpide; azaroaren 28an, ezagutza; abenduaren 10ean, industria; eta amaitzeko, abenduaren 12an, zerbitzuen atalari helduko zaio txanda. 

 

 

 

Oso kezkatuta gaude, Bizkaiko Metalgintzako patronalak ez duelako hitz egin nahi behin behineko kontratazioa eta subrogazio eskubideari buruz

0

Ia astebete falta da Bizkaiko Metalgintzako greba berrietarako. Guztira, hamaikagarrena izango da azaroak 28koa. Bizkaiko Metalgintzako patronalaren jarrera, berriro ere, guztiz arduragabea izan da Mahai Negoziatzailean; ez dute proposamen berririk egin eta ez diete sindikatuok egindako azken proposamenei erantzun. Gogoratu behar dugu urriko azken astetik dituztela mahaiaren gainean.

Lan Osasunean eta malgutasunean atzera urratsak mahaiaren gainean mantentzen dituzte, sektoreko langile guztion lan baldintzak are eta gehiago okertu asmoz. Urte eta erdi baino gehiagoz negoziatzen egon eta gero, atzera urratsak ere mahai gainetik kendu ez izana benetan larria da. Gainera, hori da behin eta berriro sindikatu guztiok eskatzen duguna.

Bestalde, prekaritatearen larritasunak ez du soluziorik. Patronalak ez du behin behineko kontratazioak, ETTen erabileraz edota subrogazio eskubideaz hitz egiteko borondaterik. Patronalak ez du gai horietan mugimendurik egin eta horrek asko arduratzen gaitu.

Horregatik guztiagatik, patronalari argi eta garbi esan nahi diogu jarrera alda dezala, dagokion erantzukizunez negoziatzen has dadila, batez ere, sektoreko langileek behar duten aldaketaren araberako negoziazioak has ditzala. Ostegunean berriro ere bilduko da mahaia eta beste aukera bat izango du bertan.

Hala ere, eta egoera ikusirik, sektoreko langile guztiei esan nahi diegu sektoreko hitzarmen duinaren alde lanean eta borrokan jarrai dezatela beraien lan zentroetan; greba berrietarako prestatzen hasteko, Patronal honen jarrerarekin, borrokak besterik ez baitu hitzarmen berria ekarriko.

Bukatzeko, azken hilabeteotako borrokaren balioa azpimarratu nahi dugu. Enpresa handiak urduri daude, eta, ondorioz, FVEM ere bai. Urrats egokiak egon dira berdintasunean patronalaren aldetik eta, argi izan behar dugu, borrokari esker, bide egokian goazela. Gainera, grebetarako astebete gelditzen denean, jakin dugu Bizkaiko hainbat enpresa garrantzitsu itxiera patronalak egin nahi dituztela egun horietan edota produkzioa aldebakartasunez gelditu nahi dutela.

 

 

 

Salaketa jarri dugu Fiskaltza Nagusian, Gasteizko Santiago ospitalean egondako irregulartasunak direla eta

0

Beste salaketa bat jarri dugu gaur EAEko Fiskaltza Nagusian; kasu honetan, Arabako ESIko kudeaketa ekonomikoan irregulartasunak egoteagatik. Jakin izan dugunez, Gasteizko Santiago ospitalean diru publikoaren kargura hornitzen ari dira kontratatutako enpresa pribatu batek hornitu beharko lituzkeen produktuak. Hala, LABeko ordezkariek xehetasunak emateko agerraldia egingo dute bihar, Gasteizen.
 

 

 

Bizkaiko helduen egoitzak pertsonen beharretatik etekin atera nahi duten enpresen esku daude; 186 helduen egoitzetatik 33 baizik ez dira publikoak

Bizkaiko egoitzen mapak zerbitzuaren titulardun Aldundiaren benetako asmoa agerian uzten du eta ez da erresidenteen autonomia eta bizitza kalitatea hobetzea, ez horixe! Aldundiak pertsonen beharretatik etekin atera nahi duten enpresa pribatuen eskuetan utzi nahi du, uzten du, zerbitzua.

Bizkaiko Aldundia egoitza zerbitzuen titularduna da. Zerbitzuen titulartasuna publiko izan arren, Aldundiak egoitza publikoen kopurua gutxitu du kudeaketa pribatua duten egoitzen aldeko hautua eginez. Gaur egun, Bizkaian dauden 186 egoitzetatik 33 baizik ez dira publikoak, eta gehienak udal egoitzak dira.

Delako datuak gure arreta bereganatu beharko luke. Nola uler daiteke titulartasun publikoa duen zerbitzua izan arren, egoitza gehienek kudeaketa pribatua edukitzea? Eta zertan eragiten die egoitzei hala izateak? Aldundiak diru publikoa inbertitzen du kudeaketa pribatuaren esku utziz. Lur publikoa, inmueble publikoa, negozio pribatuen eskuetan utziz.

Guztiaren gainetik etekin ekonomikoa lehenesten duten enpresa pribatuak dira, erresidenteen bizitza kalitatearen gainetik ere. Pertsonal faltatik etekin ateratzen duten enpresak, menpekotasun duten pertsona askoren zaintzaren erantzukizuna bere gain hartzen duen pertsonala beretik ere etekina ateratzen duten enpresak.

Sarritan salatu dugu legez,langileek jasangaitza diren lan erritmoak, kudeaezinak diren lan zamak pairatu behar eta beren lan osasuna urratzen duten egoerak ere jasan behar dituztela. 2016an, LAB sindikatuak Gizarte Zerbitzuen pertsonal ratioa berriztu dezaten sinadura bilketari ekin zion. Aspaldidanik galdegin dugu Gizarte Zerbitzuen erregulazioa bere osotasunean eman dadin, arreta ratioa kopuru egokian, era presentziala eta kategorietan kontutan har dadin, erabiltzaileen beharrak asetzen dituen zerbitzua berma dadin; hots, beharrezkoa den kalitatea eta pertsona langileen lan nahiz osasun eskubideak berma daitezen.

Legebiltzarrean egon ginen kalitatezko zerbitzuak emateko beharrezkoa den langile kopurua bermatu behar dela galdegiteko. Joan den uztailaren 31n, Eusko Jaurlaritzak egoitzetan pertsonala ratioa erregulatzen duen dekretua aprobatu zuen.

Dekretu berriak egiturazko izaera daukan prekarietatean sakontzen duela salatu egin dugu, nahiz eta zerbitzuaren titularrek behinolakoa dela emateko itxura egin. Egoitzetan arreta bermatu behar duen pertsonala eznahikoa denean, ez zerbitzu ona, ez, asistentzia kalitatea, ezta beren esfortzuagatik beti kaltetu ateratzen diren langileen osasuna ere ez dira bermatzen. Soilik enpresaburuen etekina haunditzen da.

Titulardun publikoak jotzen ditugu egoeraren erantzuleetzat. Urte asko daramagu esanez arazoaren irtenbide zuzena zerbitzu publiko, doakoa, nahikoa, unibertsala, erresidenteen zaintza eta ezinbestekoa den lana burutzen duten langileak erdigunean jarriko lukeen zerbitzua eskaintzean datzala. Era berean, zerbitzua menpekotasun duten pertsonen beharretatik etekin atera nahi duen ideiatik urrundu beharko litzateke.

 

 

 

Bilbao Kirolak kiroldegietako garbitzaileak bihar mobilizatuko dira berriro, kontziliaziorako eta 48 orduko atsedenaldirako eskubidea aldarrikatzeko

0

LAB, CCOO, ELA eta ESK sindikatuok antolatutako mobilizazioetatik hirugarrena bihar asteartean, azaroaren 19an, izango da, 12:15ean, Bilbao Kirolak-en bulegoen aurrean.

Hauxe da sindikatuok igorritako oharra:

Bilbao Kiroletako kiroldegietako Zaintzen garbiketako langileek mobilizazio egutegiarekin jarraitzen dute, asteko atsedena aldarrikatzeko. Beste astebetez, Bilbao Kirolaken aurrean elkarretaratzen jarraituko dute, kontziliaziorako eta 48 orduko atsedenaldirako eskubidea aldarrikatzeko. Epaiketa abenduaren 3rako dago iragarrita, baina ez garbiketa kontrata den Zaintzen-ek, ez Bilbao Kirolakeko zuzendaritzak berak ere, ez dute gatazkari amaiera emango dion akordioa lortzeko borondaterik erakutsi.

Garbitzaileek, beraz, mobilizazioekin jarraituko dute, ohartarazi zutenez, hauek akordioa lortzearekin bakarrik amaituko baitira. Hori dela eta, datorren asteartean, azaroak 19, 12: 15ean, Bilbao Kirolaken bulegoen aurrean bilduko gara berriro, Bilboko Nafarroa kalean.

Ez dugu ezezko erantzunik onartuko. Gure bizitzek, gure atsedenak zuen gainkostuak baino gehiago balio dute.

ASTEKO ATSEDENALDIA ESKUBIDE BAT DA, BILBAO KIROLAK/ZAINTZEN EXPLOTAZIORIK EZ!
 

 

 

Garbiñe Aranburu: “Langileria osoari dagokigun borroka da pentsioen aldekoa”

Hego Euskal Herriko hiriburuetako kaleak hartu ditugu, pentsiodunen mugimenduak deitutako mobilizazioak direla eta. Euskal Herriko Eskubide Sozialen Karta osatzen dugun gehiengo sindikal eta eragileok bat egin dugu manifestazioekin, urtarrileko Greba Orokorra mugarri izango duen dinamika mobilizatzailearen baitan. LABeko idazkari nagusi Garbiñe Aranburuk eta idazkari nagusi ondoko Igor Arroyok hitza hartu dute Bilbon eta Iruñean, hurrenez hurren. Hain justu, Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak osatutako zutabea Bilboko Moyua plazara iritsi denean egin ditu adierazpenak Garbiñe Aranburuk. "Iritsi da ordua pentsioen aldeko borroka langile klase osora zabaltzeko", adierazi du, eta gaur egungo lan baldintza duinak etorkizuneko pentsio duinen bermea direla nabarmendu du.

Garbiñe Aranburu

LABeko idazkari nagusi Garbiñe Aranburuk manifestazioan bertan azaldutakoaren arabera, "pentsio publiko duin batzuen alde mobilizatzen ari gara. Eskatzen duguna da 2011 eta 2013ko pentsio erreformak atzera botatzea, baita 1.080 euroko gutxieneko pentsio bat ere. Pentsioaren aurreikuspena KPIari lotuta izatea da egiten dugun beste aldarrikapenetako bat, baita pentsio sistema propio bat ere. Gaurko protesta dinamika mobilizatzaile orokorrago baten baitan kokatzen dugu, eta dinamika mobilizatzaile horretako inflexio puntu garrantzitsuena urtarrilean egingo dugun Greba Orokorra izango da, enplegu, pentsio eta bizitza duinaren alde".

Bilbo

Sindikatuko idazkari nagusiaren hitzetan, "iritsi da ordua pentsioen aldeko borroka langile klase osora zabaltzeko. Langileria osoari dagokigun borroka da pentsioen aldekoa. Guk egin dezakegun ekarpena bada, baita ere, lan prekarietatearen aurka borrokatzea; batez ere, soldata prekarioen kontra. Horregatik, 1.200 euroko gutxieneko soldata eskatzeaz gain, pentsio eta soldata arrakalekin amaitzea eskatzen dugu, gaur egungo lan baldintza duinak direlako etorkizuneko pentsio duinen bermerik egokienak".

Greba Orokorrari begira
Hego Euskal Herriko pentsiodunen mugimenduak bi urte daramatza pentsio duinen alde astero mobilizatzen eta, hasieratik, LABek bat egin du mobilizazioekin eta aldarrikapenekin. Argi eta garbi dugu, pentsioen kontrako etengabeko erasoaldiaren atzean, kapital finantzieroa dagoela, eta gure pentsioen kontura negozio berri bat egin nahi duela. Gainera, erasoaldia ez da soilik pentsioetan ematen, gure bizitzaren esparru guztietan kokatzen da, hala nola, enpleguan, eskubide sozialetan, zaintzan, edo eta sektore publikoan.

Iruñea

Pentsiodunek irekitako bide horretan, LAB sindikatuak dagokion lekua hartu eta mobilizazioetan presente dago, bide hori babestu duten gainerako eragileekin batera. Krisiaren aitzakian azken hamarkadetan azkartu den lan eta bizi baldintzen prekarizazio prozesuari muga jarri eta lan baldintza, pentsio eta bizitza duinak bermatuko dituzten neurrien aldeko mobilizazio dinamikan parte hartzen ari gara. Hala, gaurko mobilizazioan ez ezik, abenduan aurrekontuen eztabaida tarteko egingo direnetan ere izango gara, urtarrilerako deitutako Greba Orokorra mugarri izango duen dinamika mobilizatzailearen baitan. Era berean, joan den urrian, Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta murrizteko proiektua atzera botatzeko exijitu genuen Gasteizko Legebiltzarraren aurrean, Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartaren eta aipatutako dinamika mobilizatzaile horren baitan ere.

Gasteiz

Bestelako eredu bat eraiki nahi dugu, bizitza erdigunean jarri eta zaintza eta lurraren jasangarritasunari lehentasuna emango diona. Eta erabaki nahi dugu, lan, pentsio eta bizi duina bermatzeko. Gaur, pentsiodunen mobilizazioetan, pentsio sistema publiko bateb alde egin dugu, baita 1.080 euroko gutxieneko soldata aldarrikatu ere.
 

 

 

Laneko indarkeriarekin amaitzeko lan eta bizitza duina bermatu behar direla berretsi dugu, Sercrisa enpresan izandako lan heriotzaren aurrean

Gaur, azaroak 15, langile bat bizitza galdu du laneko istripu batean. Hildako langilea, 37 urtekoa, Abanto Zierbanako Sercrisa enpresan lanean zegoen, eta garabi bat manipulatzen zegoela biga metaliko batzuek gainera erori zaizkio. Bertan zendu da.

Lehenik eta behin, LAB sindikatutik gure elkartasuna eta babesa adierazi nahi diegu hildako langilearen familia eta gertukoei. Azken heriotz honekin , 41 dira, gutxienez, Hego Euskal Herrian hildako langileak. LABentzat onartezina da behin eta berriz istripu mota hau errepikatzea, non enpresek lan segurtasunean agertzen duten utzikeriak langileen osasuna kaskartzen eta bizitza eteten dituen, ez dituztelako neurririk hartzen istripuak saihestearren, gutxiengo segurtasun baldintzak berma daitezen.

Lan istripuak erantzule zuzenak ditu; alde batetik, patronala, irabazi ekonomikoak lehenesten dituelako langileen segurtasun eta bizitzaren aurretik; bestetik, Administrazio Publikoen jarrera dago, sarraski honen aurrean beste aldera begiratzen dutelako, egoera honen konplize bilakatuz. Lan osasunari buruz hitz egiten dute, baina bultzatzen dituzten politikak prekarietatea sustatzen dute. Pausuo bat aurrera emateko ordua da, arduradunak seinalatzeko eta ordain dezatela exigitzeko unea.

LABen argi dugu laneko indarkeriarekin amaitzeko lan eta bizitza duina bermatu behar direla, lanetik onik eta bizirik bueltatzeko eskubidea dugulako. Eredu berri bat gauzatu behar dugu, langileon bizitza eta osasuna lehenetsiko dituena.

Lan sindikatutik lanean eta borrokan jarraituko dugu langileon eskubide, segurtasun eta osasunaren alde. Dei egiten dugu hurrengo orduetan antolatu daitezkeen salatze mobilizazioetan parte hartzera.

 

 

 

Autobus zerbitzu duin eta seguru bat aldarrikatu dugu Gipuzkoako Aldundiaren aurrean

0

Gipuzkoako autobus gidariek elkarretaratze bat egin dute, Gipuzkoako Foru Aldundiaren egoitzaren aurrean, garraio publiko duin eta seguru bat aldarrikatzeko. Hain zuzen ere, Aldundiari gaia jorratzeko bilera bat exijitu diote.


 

 

 

New Collagenako langileek Enpresa Itun onuragarria lortu dute

Azaroak 8, 9, 10 eta 11 zituela greba egin ondoren, enpresa akordioa adosteko negoziazioari ekin zitzaion, langileen egungo lan baldintzak hobetuko lituzkeen esparruan. LAB sindikatuak atzeratu zuen hilaren 13rako, asteazkena, eta negoziatzeko zentzuzko aldia ezar dadin, deitu zuen greba mugagabea, ortziralerako egina zegoelako 14 ordutako bertze deialdia. Astebetez negoziatzen eman ondoren, atzo arratsaldez, azkenean itxitzat eman zen aurreakordioa.

bertan behera geratzen da gaurko egunerako aurreabisatu genuen deialdia, negoziazioa, ondoren adierazi hitzetan lotu zelako:

Akordioaren indarraldia urte batekoa da (2020); %2,5eko soldata-igoera, Kimiketako Industria hitzarmenak honezkero, 2020. urterako ezartzen duen %1,5aren gainetik; urteko lanaldia 8 orduz urritu da (langileen nahieran paratuz, norberaren gauzetarako egun batean islatzen dena, eta bertze bat gehituz, langileak erabaki dezake noiz berreskura dezakeen); larunbatetan, igandetan eta jaiegunetan lan egindako gau bakoitzeko 15 €/gordinez ordainduko da gaueko lanaren plusa; bermatuko da aparteko ordainsari erdia ordainduko dela (850 €takoa, kalitateari lotu helburuen baitan handitzeko aukera izanen dela); Eguberrietako egunen erregularizazioan hobekuntza, lan eginen ez diren kontziliazioa egunak ezarriko direla, adibidez abenduaren 24a eta 31, arratsaldeko eta gaueko txandetan, eta abenduaren 25a eta urtarrilaren 1a, goizeko eta arratsaldeko txandetan (abenduaren 24a eta 31, goizeko eta gaueko txandal eta abenduaren 25ko eta urtarrilaren 1eko gauak askoz ere gehiago ordainduko dira); gainera, ituna blindatuko da, inaplikazioari eta aurreraeraginari dagokienez.

Batzar osoak aunitz onuragarria deritza erdietsi den akordioari, eta berriro frogatzen da borrokatu gabe ez dagoela saririk.

LAB harro dago langile hauek agertu duten ausardiaz; badakigu hitzarmen kolektiboen estatalizazioari aurre egiteko, neurriz gaineko lan prekaritatearen aurka borrokatzeko eta patronalei aitzin egiteko bide bakarra sindikalki borrokatzea dela, antolatuz, irmotasunez, aurre egiteko gaitasunez. Borroka horrek egiazki piztuko du eta gaitasuna emanen dio Euskal Herriko langileriari.

Eutsiko diogu lan baldintza duinen aldeko lanari, geronen gizartearen errealitatearekin bat datorrena; beti izanen gara langileriaren bidaideak.

Borroka da bide bakarra!!!