2025-12-22
Blog Page 56

Langileen aldeko politika publikoen beharra partekatu du LABek EH Bildurekin

LABen eta EH Bilduren ordezkaritza banak, LABeko koordinatzaile orokor Igor Arroyo eta EH Bilduko EAEko Legebiltzarreko bozeramaile Pello Otxandiano buru, bilera izan dute gaur Donostian.

Bileraren ondotik egindako adierazpenetan, Igor Arroyok burujabetzaren eta eraldaketa sozialaren aldeko eragile sozial, sindikal eta politikoen arteko elkarlanaren garrantzia nabarmendu du: “Eremu guztiak lehiatu behar dizkiogu Kapitalari eta harekin lerratutako eragile politikoei: lantokiak, kaleak eta instituzioak”.

Ildo honetan, azken urteotako borroka sozial eta sindikalei esker, agenda politikoan euskal langileontzat garrantzitsuak diren gaiak kokatu direla nabarmendu du Arroyok, hala nola, osasun sistema, zaintza, etxebizitza, pentsioak edota gutxieneko soldata.

Halere, eztabaida hauek faltsuan ixteko arriskuaz ohartarazi du: “Pradalesek formak aldatu ditu, baina funtsean ez dugu aldaketa handirik ikusten: EAJ-PSEk egindako zerga erreformak elite ekonomikoaren pribilegioei eusten die eta, osasun mahaian, osasun sistemaren pribatizazioari eusteko asmoa erakusten ari da Jaurlaritza”.

Hau dela eta, borroka sindikal, sozial eta politikoari eustearen garrantzia azpimarratu du Arroyok, agenda politikoan diren eztabaidak neurri sakonak hartu gabe itxi ez daitezen. Ildo honetan, bihar Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan gutxieneko pentsio eta soldataren alde egingo diren manifestazioetan parte hartzeko deia egin du.

Hiru lehentasun aipatu ditu, hain zuzen ere, Arroyok: gutxieneko soldata eta pentsioa, zerbitzu publikoak eta politika industriala. Gutxieneko soldatari dagokionez, EH Bilduk egindako lana eskertu du Arroyok eta aktiboki eragiten jarraitzeko eskatu dio. Eusko Jaurlaritzaren jarrerarekin kritiko azaldu da: “Ez da nahikoa Confebaskek negoziatu dezan eskatzearekin. Jaurlaritzak babes instituzional, politiko eta ekonomiko handia ematen dio Patronalari. Baldintzatu dezala babes hori gutxieneko soldata propioa negoziatzeko konpromisoa lortzeko. Patronalak jendartearengandik onurak jaso eta jaso bai, baina jendartearekiko bere betebeharrei muzin egitea onartezina da”.

Zerbitzu publikoei dagokionez, hamarkadetako politika pribatizatzaileak albo batera uzteko beharra defendatu du Arroyok: “Sindikatuok urteak daramatzagu salatzen osasun sistema publikoaren egoera, eskola publikoaren azpigarapena edota zaintza eremuaren pribatizazioa. Sakoneko aldaketa beharrezkoa da, herritar guztien osasuna, heziketa eta zaintza bermatzeko”.

Azkenik, langileekin adostutako trantsizio industrialaren beharraz mintzatu da Arroyo: “Azken bi hamarkadetan ez da egon politika industrialik, baliabide publikoak enpresa handien esku jartzera mugatu da Jaurlaritza. Orain, energia iturrien aldaketak eta krisi klimatikoak behartutako eraldaketa beharrezkoa den honetan, akats berbera errepikatzeko arriskuan gaude”. Horren ordez, trantsizio ekosozial baterako hiru irizpide defendatzen ditu LABek: planifikazioa, esku hartze publiko zuzena (baita enpresen jabetzan ere) eta langileen parte hartzea.

LABek salatu du Iruñeko alokairuko bizikleten zerbitzua kudeatzen duen enpresak atzerapenekin ordaintzen duela eta dagoeneko bi nomina oso zor dizkiela langileei

LAB sindikatuak salatu nahi du Ride On Pamplona Iruñeko alokairuko bizikleta elektrikoen zerbitzuko langileak egoera larrian daudela, sei hilabete baitaramatzate nominak berandu kobratzen eta egun enpresak bi nomina oso zor baitizkie. Lan baldintza duinak bermatuko dizkien eta zerbitzuaren jarraipena bermatuko duen berehalako irtenbidea eskatzen dute langileek.

Enpresak plantillarekin duen zorraz gain, langileek salatu nahi dute “ez dituztela beharrezko ordezko piezak bizikleta flota behar bezala mantentzeko, eta plantillaren tamaina ez dela nahikoa herritarrei zerbitzu duina eskaintzeko, gaur egun bi mekaniko baitaude 640 bizikletarendako, horiek birbanatzeko kamioi bakar bat eta mantentze-lanetarako bi pertsona 58 geltokirendako”.

Ride On enpresako langileek uste dute beren lana funtsezkoa dela hirian mugikortasun iraunkorra bermatzeko, baina ordainketa eta material faltak ez die uzten beren ardurak behar bezala betetzen. “Bizikletak hondatzen ari dira, zerbitzua ahultzen ari da eta gu, langileok, egoera jasanezinean gaude”, gaineratu dute.

Azkenik, Ride On-eko langileek adierazi nahi dute enpresarekin eta administrazio arduradunekin irtenbideak bilatzen saiatu direla, baina oraingoz ez dutela erantzun edo konponbide zehatzik lortu.

Irakasleen mahai negoziatzailera deitu dute, proposamenik gabe

Irakasleen mobilizazio gaitasunak eta indarrak Hezkuntza Saila mahai negoziatzailera deitzera behartu du.

Greba zikloaren hirugarren txandan negoziazioa etenda izan ondoren, 9 egun pasa direnean Hezkuntza Sailak irakasleen mahai negoziatzailea deitu du biharko. Egun hauetako greba eta mobilizazioetako indar erakustaldiak Hezkuntza Saila mugiarazi duela argi dagoela uste du LABek. Hezkuntza komunitate osoa mobilizatu da irakasleek aldarrikatutakoei babesa erakusteko: familiak, ikasleak, hezkuntza publikoan greban ez dauden kolektiboak… Horregatik, LABek eskerrak eman nahi dizkie.

Nahiz eta akordio arautzailea negoziatzeko idatzizko proposamenena bidaltzeko eskatu izan dion LABek, sailak momentuz ez du inongo proposamenik bidali. Biharko mahaira zer ekarriko duten ikusteke badago ere, LABek ondo baloratzen du mahaira deitu izana. Hortaz, biharko mahaira indartsu eta indar posizio argiarekin doa LAB. Bere helburuak eta egingo ditugun eskariak berretsiko ditu bertan.

LABentzat herri bezala ditugun erronkei erantzuteko berebiziko garrantzia duten eta sindikatuarentzat estrategikoak diren hezkidetza edota euskara koordinatzaileak ezinbestekoak dira, eta baita aniztasunari erantzuteko baliabideak indartzea edota zuzendaritza taldeek duten lan zamari erantzuteko ordu kreditu gehigarriak zehaztasunez txertatzea ere. Aipatutako figura eta baliabide horiek, hezkuntza kalitatean eta zerbitzuan eragiteaz gain, eskola publikoa indartuko lukete, eta egun irakasleek dituzten lan zametan eragingo luke horrek. Estrategikoak izateaz gain, ezinbestekoak dira. Gainera, akordio arautzaile edo lan hitzarmenean zehaztasun eta epeak jasotzeko ekarpenak egiten jarraituko du eta lan zamen jaitsieran zein soldata igoeran lanean jarraituko du.

Gehiengo sindikalak Confebasken egoitza aurrean gutxieneko soldatarekin duen jarrera autoritarioa salatu du

LAB, ELA, ESK, STEILAS, ETXALDE eta HIRU sindikatuek hilean 1.500 eurotako gutxieneko soldata adosteko prest zeudela azaldu ondoren Confebaskek uko egin zion sindikatuekin biltzeari eta horrela bere izaera atzerakoia argiro erakutsi zuen. Gaurko kontzentrazioarekin, larunbatean pentsionistekin batera deitutako manifestazioekin batera, gutxieneko soldata propio baten aldeko mobilizazio ziklo bati hasiera eman diote sindikatuek.

Gehiengo sindikala osatzen duten sindikatu guztiek esfortzu nabarmena egin zuten gutxieneko soldataren aldarrikapen bat adosteko eta patronalarekin adostu zitekeen kopuru bat pragmatismoz jasotzeko. Adostutako aldarrikapenak, hilean 1.500 euroko gutxieneko soldatak, 140.000 langile ingururi eragingo lieke EAEn. Adierazitako gutxieneko soldatak bereziki eragingo lieke zerbitzuen sektorean ari diren emakumeei, migratutako pertsonei, aniztasun funtzionala dutenei eta gazteei, ia guztiak estatuan sinatutako hitzarmen kolektiboa dutenak edo inongo hitzarmen eguneraturik ez dutenak. Patronalak aldarrikapen horri buruz hitz egiteari ere uko egin zion eta argi utzi zuen langileen esplotazioan oinarritutako eredu ekonomiko baten alde egiten duela, eta horretarako Espainiako lan harremanen esparrua oso baliagarria zaiola.

Sindikatuek ez dute ontzat emango patronalak gutxieneko soldata bat ezartzeko betoa izatea. Batetik, mobilizazioen bidez patronalari presio gero eta handiagoa eragingo diote. Norabide horretan, mobilizazio horren erakusgarri izango da hurrengo hilabeteetan gutxieneko soldata propio baten alde jasoko dituzten milaka sinadura, Eusko Legebiltzarrean izapidetutako Herri Ekimen Legegilea onar dadin.

Bestetik, alderdi politiko eta instituzioei dei egiten diete Confebaski aurre egin diezaioten. Patronalak ezin du soldata politika monopolizatu eta, horretarako, ekimen politikoa ezinbestekoa izango da. Mezu hori da, hain zuzen, Pradales Lehendakariari atzo arratsaldean helarazi ziotena, gutxieneko soldata duina hemen erabakitzea defenda dezan exijitu zioten, patronala interpelatzearekin batera, sindikatuek abiatutako Herri Ekimen Legegilea babestuz.

Gaur Confebask aurrean egindako salaketarekin mobilizazio ziklo berri bat hasi dute LAB, ELA, ESK, STEILAS, ETXALDE eta HIRUk. Datorren larunbatean sindikatuek beren militantziari dei egiten diete pentsionistekin batera deitutako manifestazioekin bat egin dezaten eta, ondorioz, gutxieneko pentsio eta soldata propio baten alde Hego Euskal Herriko kaleak bete ditzaten.

Amurrioko Eguneko Arretarako Landa Zentroko langileek, zaintza sistema publiko bat lortzeko bidean, euren lan-baldintzak hobetzea exijitu dute

LAB sindikatuak aspaldi zuzendu du bere ekintza sindikala eta negoziazio kolektiboko estrategia zaintza-sistema publiko bat sortzera, Hego Euskal Herriko administrazioei zaintza-lanak publifikatzeko exijituz eta hauen kudeaketa publikoa aldarrikatuz.

Amurrioko Eguneko Arretarako Landa Zentroko (EALZ), LAB sindikatuko eta Amurrioko zaintza-sareko langileek agerraldia egin zuten gaur, zaintza-sistema publiko baten aldeko konpromisoarekin eta zerbitzuak publifikatzeko helburuarekin bat datozelako.

Amurrioko EALZ pribatizatuta dagoen kudeaketa publikoko zerbitzua da. Horrek esan nahi du Arabako etxez etxeko laguntza zerbitzuko sektoreko hitzarmen erabat prekarioak arautzen dituela bertako langileen lan-baldintzak. 1.680 lanordu urtean, hilean 1.100 euro inguruko soldatarekin. Horrez gain, bi langileri dagokie mendekotasuna duten 15 pertsona ingururi egunero arreta ematen dien zerbitzu baten kudeaketa osoa; zaintzen dituzten pertsonei banakako arreta ematea, sukaldea, administrazio-lana, txostenak egitea, familiekin eta udal-zerbitzuekin koordinazioak egitea, garbiketa… Erabat bideraezina da EALZren kudeaketa baldintza hauetan.

Hau dela eta, Amurrioko EALZko langileek, LAB sindikatuarekin batera, zerbitzuan egiten duten zaintza-lana arautzeko asmoz eta egiten dituzten lanek eskatzen duen aitortza lortzeko asmoz, Zaintzen enpresari, zerbitzua kudeatzen duen enpresari, eskatu diote lantokiko hitzarmen bat negoziatzeko. Enpresaren ezezko irmoa jaso dute edozein elkarrizketa-prozesu abiarazteari.

Amurrioko EALZko langileak langile publikoak dira, eta zaintza-sistema publiko bat dute jomuga. Bitartean, euren lan-baldintzak hobetzeko negoziazio-prozesu bati ekitea exigitzen dute.

Zerbitzua publiko egiteko bidean, Zaintzen enpresari lantokiko hitzarmen baten negoziazioa exijitzen diote, administrazio publikoko langileen ekiparaziora hurbilduko dituena.

Era berean, Udalari borondatea eta inplikazioa exigitzen dizkiote; izan ere, udal kudeaketako zerbitzua izanik, akordioa administrazio honek finantziatu eta sostengatu beharko du.

LABetik, beraz, Zaintzen enpresari exijitzen diogu Amurrioko CRADeko langileen lan-baldintzak duintzeko beharrezkoak diren urratsak eman ditzala, eta herriko Udalari zaintza sektoreekin duen konpromisoan aurrera egin dezala.

Erantzukizun politikoa ezinbestekoa delako eta Amurrioko biztanleek zaintza zerbitzu duina behar dutelako, zaintza pribatizatuko langileek lan publikoa egiten baitute.

Ausardia eta determinazioa eskatu dizkiogu Jaurlaritzari Confebask gutxieneko soldata propioa negoziatzera behartzeko

Garbiñe Aranburu LABeko koordinatzaile orokorra eta Mitxel Lakuntza ELAko idazkari nagusia Imanol Pradales EAEko lehendakariarekin batzartu dira gaur gutxieneko soldata propioak duen garrantzia helarazteko. Herritarren gehiengoak babesten duen eskari honen alde inplikatzeko eta bere alde egiteko eskatu dio Aranburuk Pradalesi, Akordio Intersektorial baten negoziazioa bultzatuz eta gure errealitate sozioekonomikoarekin bat etorriko den gutxieneko soldata hemen ezarri ahal izateko Herri Ekimen Legegilea babestuz.

LABeko koordinatzaile orokorrak gaineratu du Jaurlaritzak ezin duela jarraitu enpresa handien interesak ordezkatzen dituen Confebask bezalako patronal harroa babesten eta hari zilegitasuna ematen, “zeinaren ordezkaritza nola neurtzen den ez baitakigu”. Patronalak ez du bere funtzioa eta negoziatzeko betebeharra betetzen sindikatu guztien eskarien aurrean, nahiz eta azken horiek hauteskunde sindikaletan neurtzen dituzten euren indarrak eta ordezkaritza.

Herrialde honetako aberastasunaren banaketa gero eta injustuagoa da, pobrezia eta soldata oso baxuak dituzten langileen kopurua gora doa; bereziki, emakumeena*, gazteena, migranteena edo aniztasun funtzionala dutenena. Era berean, Confebask da politika fiskalaren norabidea ezartzen duena, politika hori progresiboagoa izatea eta kapitalaren errentak eta enpresen irabaziak gehiago zergapetzea saihestuz.

Aranburuk adierazi du herritarren aldeko politikak bultzatu behar dituen gobernu batek ausardia eta determinazio handiagoa behar dituela langileak esplotatzearen eta kapital eta laneko errenten arteko arrakalen aldeko apustua egiten duen eta generoa, adina edo jatorriaren araberako arrakalak handitzearen aldekoa den patronal baten aurrean.

LABeko ordezkariaren hitzetan, “gutxieneko soldata hemen erabakitzea milaka langileren lan eta bizi-baldintzak hobetzeko urratsa da, eta LABek ez du LGS propioa lortu arte etsiko”.

LABek salatzen du aparteko orduen ondorioz 21 lanpostu baino gehiago galdu direla TCCn

2024an, aurreko urtean baino 5 lanpostu gehiago galdu dira.

Sindikatu honek 2023an jendaurrean nahiz Ikuskaritzan aurkeztu zuen enpresaren aurkako salaketa, langileek egiten zituzten aparteko orduen kopurua gehiegizkoa zela nabarmenduz. Ordutik enpresak hartu duen jarrerak argi uzten du ikusiarena egiten jarraitzen duela langileen egoera prekarizatzen duen arazo honen aurrean.

2024an 29.488,79 aparteko ordu egin ziren, aurreko urtean baino % 41,17 gehiago, eta 144 langilek gainditu zuten legeak ezartzen duen muga (gehienez 80 aparteko ordu lan egitearena). Ordu osagarriei dagokienez, hau da, kasuan kasuko lan kontratuan itundutakoez gaineko orduei dagokienez, 4.442,59 ordu osagarri egin ziren, 2023an baino % 82,70 gehiago. Egoera horrek langileen ezegonkortasuna areagotu egin zuen, eta plantillaren kontziliaziorako eskubidea zaildu.

Aparteko orduak eta ordu osagarriak baturik, 2024. urtean 33.929,38 ordu egin ziren. Izugarrizko kopurua da hori, lanaldi osoko 21 lanpostu kentzeko adina.

Kontuan harturik gure erkidegoan 22.500 langabe zeudela 2024. urtearen bukaeran, lotsagarria iruditzen zaigu TCCk familia askoren egonkortasunarekin eta mantenuarekin jolasean aritzea.

Ez dezagun ahaztu Iruñerriko Mankomunitateak ere erantzukizun handia duela gai honetan, TCCk bezainbeste. Hori dela eta, afera honetan eskua sartu beharko luke eta guztiz galarazi bai halako praktikak, bai langileen baldintzak okerragotzen dituzten beste hainbat ere.

Aparteko orduak egiteko sistemak urritasuna, langabezia eta langileen arteko elkartasun eza dakartza berekin. Oso argi daukagu arazo hau lehenbailehen konpondu beharra dagoela.

LABek beti egin du lana sustatzearen eta aberastasuna banatzearen alde, hizarmenen negoziazio guztietan.

Horregatik, aparteko orduak egiteko filosofiaren eta ondorioen aurrean, ezinbestekoa da enplegu osoa eta lan baldintza duinak defendatzea, baita langabezia-tasak murriztea ere berdintasunean eta lanaren banaketan oinarrituriko mekanismoen bidez.

EAEko hezkuntza publikoko irakasleak bigarren faseko greba dinamiken bukaerara iritsi dira

9. greba egunak jarraipen zabala izan du eta hurrengo fasera pasatzea beste alternatibarik ez die utziko Hezkuntza Sailak, benetako negoziaziorik egon ezean.

Pasa den asteko asteleheneko mahai negoziatzailearen ondoren, Hezkuntza Sailak aukera izan du negoziazioarekin aurrera egiteko, baina ez du inongo aurrerapausurik eman eta grebak bertan behera uztea jarri du negoziaketarako baldintza gisa.

LAB, STEILAS, ELA eta CCOO sindikatuek gaur deitutako grebak jarraipen zabala izan du, aurreko deialdietan bezala; izan ere, grebara deitutakoen %75ak babestu du greba eta mobilizazioetan geroz eta jende gehiagok hartu du parte. Grebaren ziklo honetan “Lan baldintzak hobetu, hemen eta orain erabakita!” lelopean deitutako mobilizazioetan milaka langile elkartu dira eta behin eta berriz salatu dute Hezkuntza Sailaren jarrera.

Greba hauetan azaleratzen ari diren arazoak eta arazo hauei aurre egiteko eskaerak hezkuntza publikoa eta ikasleen beharrei erantzutearekin zerikusirik ez balute bezala mintzo da saila. Halabaina, ikasleen behar desberdinei erantzuteko baliabideak gehitzea, enplegua eta hezkuntza taldeak egonkortzea edota plantilak gazteberritzea hezkuntza publikoa indartzea da.

Irakasleek argi utzi dute zein den beraien asmoa eta helburu horrekin borrokan tinko jarraituko dute benetako negoziazioa gauzatu arte. Grebak dira Jaurlaritza mugiarazten dutenak. Sindikatuek negoziazio erreala burutuzea nahi dute, hitz eta asmo politetatik harago. Edukia, zehaztapena eta konkrezioa behar du balizko akordioak.

Bederatzigarren greba egun honetan ere, irakasleek oso mezu argiak helarazi dizkiote Hezkuntza Sailari:

– 15 urte direla hitzarmena eguneratu gabe; eta aski dela.

– Lan zamak arintzea, plantilak gazteberritzeko plan egokia ezartzea, enplegu publikoa kontsolidatu eta bermatzea, eros ahalmena berreskuratzea, lan osasuna zein euskara eta hezkidetza bermatzeko neurriak proposatzeko garaia dela.

– Ez badago aldarrikapen hauekiko erantzunik grebetan jarraitzeko indarrekin daudela.

Beraz, Hezkuntza Sailari eduki, zehaztapen eta konkrezioak dituzten idatziz jasotako proposamenak eta hauek lantzeko mahaiak deitzeko exijitzen dizkiote inolako baldintzarik gabe. Hezkuntza publikoa indartzeko ezinbestekoa da inbertsioa handitzea eta lan baldintzak hobetzea eta eskola publikoa baliabideez hornitzea.

Hezkuntza Sailaren deiaren zain geratzen dira, eta honek negoziatzeko eta adostasunetara heltzeko borondaterik aurkeztu ezean, greba dinamikaren hirugarren fasea planteatzea beste aukerarik ez die utziko.

Kezkatzekoa da sortzen ari den enpleguaren kalitatea

Hego Euskal Herrian 138.772 langabe zenbatu ziren martxoan, aurreko urtean baino 3.542 langabe gutxiago daudelarik.

Langabeziaren beheranzko bilakaera orokorraren atzean, hainbat kolektibo bilakaera negatiboa izaten ari dela azpimarratu nahi dugu gaurkoan.

• Langabeen erdia baino gehiagok emakumea* izaten jarraitzen du, zehazki %58,59ak.

• Langabezia jaitsi arren, 25 urtetik beherakoen artean joera alderantzizkoa da, pasa den urtetik %2,06 eta azken hilabetean %2,66 igo baita langabezia.

• Migratuen artean, langabeziak ere gora egin du azken hilabete zein urtean. Zehazki, azken urtean, aurreko enplegurik gabekoen artean, 364 gehiago dira jatorri anitzeko langileak. Azken hilabetean, ia sektore guztietan jazo da migratuen langabeziaren igoera txikia, aurreko enplegurik gabekoen artean izan ezik, non migratuen langabeziak %2,70 egin duen gora.

Azken urtean, sektore guztietan egin du behera langabeziak. Proportzioei dagokienean, jaitsiera nabarmenena lehen sektorean (%6,95) zein eraikuntza sektorean (%8,62) jazo da. Era berean, bi sektore hauetan afiliazioak gorakada izan du, lehen sektorean %7,62 eta eraikuntzan %3,39 hazi baita erregimen orokorreko afiliazioa. Zerbitzuen sektorean langabeziaren jaitsiera proportzionala ez da hain nabarmena izan (%2,41), sektore honetan langile kopuru handiak egiten baitu lana.

Aldi Baterako Enplegu Erregulazio Espedienteek (ABEEE) izan duten bilakaeraren hainbat zantzu azaltzen hasi dira industria sektorean

Azken hilabeteko datuei erreparatzen badiegu, industriak ez du gainerako sektoreen joera mantentzen; izan, ere, sektore guztietan jaitsi da langabezia industria sektorean izan ezik. Igo den langabeen kopurua oso lausoa da, ABEEE aplikatzen ari direlako, langileen lan egoerari eutsiz, industriak bizi duen sakoneko egoera datuetan azaleratu gabe. Izan ere, ABEEE horiek epe labur-ertainean izango duten bilakaerak industria sektorearen egoera zeharkatuko du. Zentzu horretan, gaur goizean izan dugu Basauriko Bridgestone enpresak, denbora luzez ABEEEtan ibili ondoren, 335 langile kaleratuko dituen Enplegu Erregulazio Espedientea (EEE) aplikatzeko asmoa duela zioen berria. EEE aplikatuz gero, plantillaren %40a langabezian kokatuko litzateke. Zoritxarrez, ez da kasu bakarra, hor baititugu Guardian edota BSH.

Sortzen den enpleguaren kalitate ezbaian

Aurreko urtean baino 7.073 kontratu gehiago sinatu dira martxoan zehar. Kontratu horietatik %76,67 behin behinekoak dira. Beste behin ere, 2022ko lan erreformak sabaia jo duela argi eta garbi geldituz, sortu den enpleguaren kalitatearen adierazle.

Hego Euskal Herriko afiliazioak gora egin du aurreko hilabetearekin alderatuta, eta 1.073.077 pertsona zeuden afiliatuta erregimen orokorrean martxoko azken egunean. Azken urtean ere afiliazioak gora egin arren, 25 eta 50 urte artekoan afiliazioa jaitsi da eta bereziki emakumeei* eragiten die jaitsierak. Sortzen ari den enplegua, lan baldintza prekarioak nagusitzen diren zerbitzuen sektorekoa izanik, trantsizioa egin duten emakumeei* lan merkatuak baldintza prekarioak eskaintzen dizkie. Azken urtean sortutako afiliazioaren %82,81 zerbitzutan izateak adieraz dezakeen bezala.

Beraz, emakumeek* pairatu behar izaten dituzten lan baldintza prekario eta ezegonkorrak salatu behar ditugu gaurkoan, beste behin ere. Datuek horretarako bide ematen dute, zoritxarrez. Izan ere, aldizkako kontratu finkoak jaitsi arren, emakumeen* artean igo dira, aldizkako kontratu finkoa dutenen artean %65,24a emakumeak* izanik. Jardunaldiari dagokionean ere, emakumeek* dituzte baldintza kaskarrenak, 4 emakumetik* batek (%25,4) jardunaldi partziala duen bitartean, gizonezkoen artean %11,4ra jaisten baita portzentaia. Jardunaldi osoko kontratuen kasuan, kontrakoa gertatzen da, emakumeen* %56,6ak jardunaldi osoa baitu, gizonezkoan artean %78,1ak duen bitartean.

Industria sektoreak epe motz zein luzean izan dezakeen egoerak kezkatzen gaitu, gure ekonomian duen pisu eta balio estrategikoaz gain, hainbat eskualde zein herritan izan dezakeen eragin sozioekonomikoagatik. Bide horretan, LAB sindikatuak industria babestu eta trantsizio ekosozialerako plan estrategikoa garatzea ezinbestekoak direla aldarrikatu nahi du gaurkoan. Era berean, sortzen den enplegua prekaritatean oinarritua den neurrian, Lanbidearteko Gutxieneko Soldata propioa edukitzeak duen garrantzia azpimarratu nahi dugu, Hego Euskal Herriko langile guztiontzat gutxieneko soldata duina bermatuko lukeelako. Amaitzeko, dei egiten diegu langile sektore zabalei datozen egunetan LGS-ren alde egongo diren mobilizazioetan parte hartzera eta instituzioei zein patronalei exijitzen diegu egoerak eskatzen duen arduratik urratsak ematea.