2026-06-17
HomeEkintza SindikalaLABek Hezkuntza publikoan Jaurlaritzaren bete gabekoak salatu ditu

LABek Hezkuntza publikoan Jaurlaritzaren bete gabekoak salatu ditu

Negoziazio, mobilizazio eta grebez jositakoa izan da igarotako ikasturtea EAEko unibertsiteaz kanpoko hezkuntza publikoan. LAB, hezkuntza publikoan lehen indarra den heinean, erabakigarria izan da 30.000 langile baino gehiagoren lan baldintzak hobetzeko. Arduraz jokatu du, intersindikalean elkarlana bultzatuz, mobilizazioak dinamizatuz eta negoziazio mahaietan proposamenak eginez. 

Lan hitzarmenak berritzea lortu du 15 urte baino gehiago berritzeke zeramatzaten kolektiboetan, hala nola, Haurreskolak Partzuergokoa, heziketa bereziko hezitzaileena, sukalde eta garbitzaileena eta irakasleena.

Langile horien guztien lan baldintzak hobetu eta hezkuntza publikoa indartzeko apustu handia egin du LABek. Hezkuntza publikoa hezkuntza sistemaren ardatza izan behar dela sinetsita, akordio oso onak lortu ditu. Lortutako guztia norabide onean badoa ere, gaur gaurkoz baliabide pertsonalen gaia guztiz garatzeko dago.

Sindikatuak Hezkuntza Sailarekin adostutakoa bete egin du eta orain Jaurlaritzari dagokio sinatutakoa betetzea. Alde batetik, sukalde eta garbiketan, plantillak handitzeko mekanismoa zehazten duen akordioan —2023ko azaroan sinatutakoa— jaso bezala, 16 lanpostu berri sortu behar ditu eta Haurreskolak Partzuergoan iazko martxoan sinatutakoagatik 63 lanpostu. Gaur gaurkoz sortu gabe daude eta horrek gainontzeko prozesuak oztopatu eta gelditu ditu, hala nola, lanpostuak esleitzeko lekualdatzeak edota esleipenak.

Bestetik, ikasturte honetan zehar sinatutako hitzarmenetan negoziatuko zirela zehaztu bazen ere, Haurreskolak Partzuergoko eta heziketa bereziko hezitzaileen plantillak esleitzeko irizpideak ez dira adostu, Hezkuntza Sailak arduragabekeriaz jokatu du eta negoziazio hori atzeratu nahi izan du. Gauzak horrela, heziketa berezian, halabeharrez, 300 lanpostu baino gehiago sortu behar izan dituzte: horretarako, LABek proposatutako formularen bitartez kontratu horiei bakanteen izaera aitortuko zaie, nahiz eta ekoizpenagatiko kontratu bezala izapidetuko diren.

Haurreskoletan eta sukalde eta garbiketan antzeko akordioa sinatzea proposatu arren, LABek ez du erantzunik jaso. Bi kolektibo horietan ez da datorren ikasturterako behar izango diren baliabideen aurreikuspenik egin, espero dugu sailak uztaila horretarako baliatzea. 

Irakasleen kolektiboan plantillak esleitzeko irizpideak adostu izanari esker, esaterako, Haur Hezkuntzan eta Lehen Hezkuntzan 54 talde gutxiago izan arren, 193 irakasle gehiago arituko dira 2025-26 ikasturtean. Hala ere, oraindik etapa guztietan irakasle bakoitzari murriztu zaion zuzeneko eskola-orduaren ondorioz ikastetxe bakoitzean sortu beharreko lanpostuak falta dira. Era berean,  Bigarren Hezkuntzan HEDATZE programarako erabiltzen diren orduak ez dira irakasleen gehieneko 17 ordu lektiboen barnean jaso. Ikas-prozesuan zailtasun gehien dituzten ikasleen laguntzetarako zenbait ikastetxek parte hartzen duten programa da hori. Hezkuntza Sailak aldebakarrez erabakitako irizpideak ezarri ditu.

Gauzak horrela, LABek Pradalesen Gobernuari eskatzen dio adostuta dituen lanpostuak eta hitzarmenengatik sortu behar direnak ahalbideratu ditzala. Gobernuan sartu zenean Pradalesek forma berriak eta elkarrizketara irekita egongo zela saldu bazuen ere, aurreko Gobernuaren jokabide berdina erakusten ari da. Jaurlaritzari ahoa betetzen zaio zerbitzua hobetu nahi duela esaten duenean, baina berau hobetzeko grebak egin behar izan ditugu eta oraindik ere adostuta dauden baliabideak ukatzen ditu. LABek exijitzen dio Begoña Pedrosa Hezkuntza Sailburuari negoziatzeke dituen gaiei heldu eta uztailean adostea. Jokoan dago hurrengo ikasturtearen hasiera ordenatua. 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Mobilizazioak egin ditugu elikagaien merkataritzako tokiko hitzarmenak defendatzeko

Patronalak eta banaketa kate handiek bultzatutako ekimenak Hego Euskal Herriko elikagaien merkataritzan adostutako lan baldintzak mehatxatzen dituela salatu dugu. Gaur mobilizazioak egin ditugu Hego Euskal...

Hezkuntza komunitateak Gimeno kontseilariaren kargugabetzeari emandako babes masiboa erregistratu dugu

Hezkuntza komunitatea osatzen duten ia 1.900 lagunen sinadurak aurkeztu ditugu LABetik, eta Chivitek fitxarik mugitzen ez badu, irailean mobilizazioei berriz ekingo diegula iragarri dugu.

Gipuzkoako Foru Aldundiaren baitako Lurralde Oreka Berdeko Departamentua indartzeko eskatzen dugu

Gipuzkoako Foru Aldundiaren baitan nekazaritza, landa garapena, natura ingurunea eta lurralde oreka bultzatzeaz arduratzen den Lurralde Oreka Berdea departamentuko langileak hainbat urte daramatzate beren lan-baldintzetan ezartzen dizkieten atzera-urratsak pairatzen, eta egoera onartezin horren aurrean mobilizatzen ari dira. Oraingoa zazpigarren mobilizazio astea dute, eta gaur manifestazioa egin dute Zarautzen.