2026-01-13
HomeEkintza SindikalaLAB eta ELA sindikatuek Asuncion Klinikako 350 langileren subrogazioa bermatzea eskatu dute

LAB eta ELA sindikatuek Asuncion Klinikako 350 langileren subrogazioa bermatzea eskatu dute

Donostiako Onkologikoko langileen kasuan bezala, LAB eta ELA sindikatuek Osasun Sailburuari eta Tolosaldeko alkateei eskatzen diete Asuncion Klinikako langileek subrogaziorako eskubidea izan dezatela, eta beraien lanpostuak bermatuta gera daitezela ospitale berrian.

Langileok urteak daramatzate herritarrekin batera Tolosaldean ospitale publiko eta duin baten alde borrokan. Aste honetan, eraikiko den ospitalearen inguruko xehetasun batzuk zabaldu dira prentsan, eta LAB eta ELAk kezka handiz jaso ditugu zabaldu diren adierazpenak. Izan ere, sindikatuek mahai gainean jarritako hiru aldarrikapen nagusietatik bat bera ere ez da gaur-gaurkoz bermatzen:

• Ospitalea %100 publikoa izatea

• Zerbitzu guztiak barne hartzea

• Langile guztien subrogazioa

Gaur egun, Asuncion Klinikan 350 langile inguru ari dira lanean. Horietako asko urte luzez aritu dira Tolosaldeko herritarrei osasun arreta publikoa eskaintzen, ospitale komarkal funtzioa betetzen duen eraikin batean, baina baldintza prekarioetan eta enplegu pribatizatuaren menpe.

Aipatzekoa da, gainera, duela aste gutxi Donostiako Onkologikoko langileak Donostialdeako ESIan subrogatuak izan direla, Osakidetzak eta sindikatuek horrela adostuta. Langile horiek lanpostua mantendu ahal izango dute ospitale publikoan.

Horren harira, LAB eta ELA sindikatuek eskatu dute Osasun Sailak Asuncion Klinika publifikatzea, edo, gutxienez, ospitale berrian langileen subrogazioa bermatzea. Era berean, Tolosaldeko alkateei eskatzen diete proiektua langileen subrogazioa bermatzen ez bada ez onartzeko.

Bestalde, ez dago argi ospitale berria %100 publikoa izango den, ezta zerbitzu guztiak barne hartuko dituen ospitale komarkala izango den ere. Ez zaigu plan funtzional eguneraturik helarazi, eta prentsan agertu diren datuek ez dute eskaera sozialekin bat egiten.

Adibide gisa, Debagoieneko ospitaleak (biztanle kopuru oso antzekoa duen eskualdean) 6 kirofano eta 3 erditze gela ditu (urtean 4.417 ebakuntza eta 417 jaiotza). Tolosaldean, berriz, ospitale berriak ez du erditze gela bakar bat ere aurreikusten, eta interbentzio kirurgiko kopurua ere murritzagoa izango da.

Horregatik guztiagatik, LAB eta ELAk mobilizazioak deituko dituzte langileekin eta herriko eragileekin batera, aldarrikapen nagusi horiek bermatu arte:

• Langileen subrogazioa

• %100 publikoa den ospitale berria

• Zerbitzu guztiak jasoko dituen ospitale komarkal integrala

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Arabako Foru Aldundiak haurtzaroko eta emakumeentzako baliabideak narriatu ditu

LAB sindikatuak Gizarte Ongizaterako Foru Institutuaren (GOFE) erabakiek eragindako ziurgabetasuna, prekarizazioa eta aurreikuspen falta salatu ditu. Erabaki horiek Hazten eta Sortuleku baliabideei eragiten diete,...

Korrikarekin bat egitera eta lantokietan berau sustatzera dei egiten die LABek langileei

Erabateko inplikazioa izango du LABek Korrikan; besteak beste, herriz herri martxan jarritako Korrika batzordeetan, sail sindikalen kilometroen bidez eta hiriburuetako kilometro sindikaletan parte hartuz. Ttipi-ttapa,...

LABek Venezuelako kontsulatuarekin bilera egin du Donostian

LAB sindikatuak Venezuelaren aurkako eraso militarra, AEBen esku hartze inperialista eta Nicolas Maduroren bahiketa salatu ditu, eta Venezuelako herriarekiko elkartasuna berretsi du. LAB sindikatuak bilera...