2026-10-30
HomeUncategorizedLAB sindikatuak irabazi egin du Bost Machine Tools Company S.L. enpresaren aurka...

LAB sindikatuak irabazi egin du Bost Machine Tools Company S.L. enpresaren aurka jarritako helegitea

Enpresa horretan 2023ko uztailean istripu larri bat gertatu zen eta, ondorioz, langile gazte bat zendu zen. Enpresa batzordearen lehentasuna langilea hil zenetik etorkizunean egon zitezkeen arrisku egoerak prebenitzea izan zen, ezin baitzuen onartu beste langile batek bere bizitza galtzea lanpostuan.

Enpresak jazarpen sistematikoa abiatu zuen, gezurrak, akusazio faltsuak, errespetu faltak eta batzordeko kideei egindako irainen bitartez. Enpresak, bere jabeetako baten eta gerentearen bidez, gure delegatuari penalki zigortuta dauden hainbat ekintzetan parte hartzea leporatu zion, eta hainbat mespretxuzko aipamen egin zituzten. Zehazki, gerentea sindikatura gerturatu zen, eta delegatuari enpresako hainbat auto erre eta instalazioetan pintada batzuk egitea leporatu zion, eta sindikatuari honen inguruan zerbait egitea eskatu zion. Bestalde, enpresako jabeak bilera batean hainbat irain bota zizkion delegatuari.

Gure delegatua epaitegira joan zen, enpresa eta horien agintarien jarrera delegatuaren oinarrizko eskubideen urraketa suposatzen zuela salatuz, besteak beste askatasun sindikala.

Epaileak delegatuari arrazoia eman dio, eta salatuen jarrera langilearen ohorea, intimitatea eta irudia urratu duela berresten du, difamazio baten aurrean gaudela argudiatuz. Horrez gain, akusazio hauen aurrean epaileak azpimarratzen du enpresak ez duela bestelako akziorik abiarazi ez langilearekiko ezta Ertzaintzaren aurrean salaketarik jarri ere. Bestalde, prebentzio delegatuaren figuran oinarrituta, askatasun sindikalaren eskubidearen urraketa ere berretsi du. 

Langileak eskatutako indemnizazioa ere onartzen du epaileak, eta horren guztiaren erantzule enpresa ez ezik, jabea eta gerentea ere badira. 

Enpresak erantzukizuna ez dagoen lekuan jartzen saiatu da eta hori guztiz onartezina da, are gehiago lankide bat lan istripu batean hiltzen denean. Tamalez, hortan ari da enpresa langilea hil zenetik. 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Nafarroako administrazioko langile guztiek 60 urterekin erretiroa hartu ahal izatea eskatu dugu

Gaur goizean LAB sindikatuak elkarretaratzea egin du Nafarroako Jauregiaren aurrean, urtarriletik aurrera langileok enegarren eskubide-igalera pairatuko dugula salatzeko: erretiro adin arrunta 67 urtera atzeratzea....

Gipuzkoako esku-hartze sozialean negoziazioari bide eman behar zaiola aldarrikatzeko atera gara kalera

Gipuzkoako Esku Hartze Sozialeko langileek beren aldarrikapenak barnebilduko dituen hitzarmena aldarrikatzeko manifestazioa egin dute Donostian. 10 hilabete pasa dira negoziatzen hasi zirenetik, eta Hedatzen patronalak negoziazioa blokeaturik dauka.

Bizkaiko metalgintzako mahaian FVEMek atea itxi dio plataforma bateratuari, eta eskubide murrizketei eusten die

Patronalak sindikatuek planteatutako hobekuntza guztiak baztertu ditu, eta otsaileko proposamenean jasotako atzerapausoek bere horretan segitzen dute. LABen ustez, plataforma bateratua aurkezteko eskakizuna negoziazioa blokeatzen jarraitzeko aitzakia izan da.