2026-10-30
HomeEkintza SindikalaJaurlaritzak Jose Antonio Jainaga enpresaria zuritu du berriro ere

Jaurlaritzak Jose Antonio Jainaga enpresaria zuritu du berriro ere

LABek ez du ulertzen nola litekeen Sidenorreko buruari Joxe Mari Korta saria ematea, enpresa horrek, genozidio baten erdian, Israelgo Armada indartzeko altzairua saldu duenean.

Azken asteetan hainbat komunikabidetan irakurri ahal izan da Sidenor taldeak Israelgo Armadarentzat tankeak ekoizten dituen enpresa bati altzairua saltzeko hainbat operazio egin dituela. LAB, enpresa batzordearen bidez informazio horren berri izaten ahalegintzen ari den honetan, Eusko Jaurlaritzak Joxe Mari Korta saria emango dio Jose Antonio Jainaga enpresariari, Sidenor taldeko buruari. LABek ez du ulertzen nola litekeen halakorik egitea, aipatutako enpresaria Israelgo Armadak erabili duen altzairua saldu izanaren erantzule denean.

Hori gutxi balitz, LABek otsailean salatu zuen Sidenorreko langileen egoera okertzen ari zela. Sidenorrek langileak panpinak bezala erabiltzen ditu eta haien osasunarekin jokatzen du, ez du erosahalmena bermatzen, ABLEEen gehiegizko erabilera egiten du eta horrek prekarizazioa areagotzen du. Aldi berean, baina, Eusko Jaurlaritzak Talgoren salerosketa egiteko 45 milioi euro oparitu dizkio. Operazio hori oraindik ez da amaitu, eta ikusteke dago azkenean zenbat diru emango dioten instituzioek. Edozein kasutan, Eusko Jaurlaritzako Industria Sailaren industria politikaren erakusle da operazioa.

Horregatik, LABek argi adierazi nahi du, instituzioak eta zenbait komunikabide Sidenor taldea eta haren lehendakaria zurritzen ari diren honetan, ez duela inola ere onartuko Israelekin harreman komertzialak izaterik; bereziki, Palestinaren kontrako genozidioaren konplize diren entitateekin eta nazioarteko legediaren arabera legez kanpo okupatutako lurraldeetan.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Osakidetzako langileek irmoki erantzun diote greba deialdiari, eta kaleak bete dituzte lehenengo greba egunean

Eguerdiko manifestazioek milaka pertsona bildu dituzte, osasun zerbitzuko kategoria guztietako beharginak eta osasungintza publikoa babesteko herri plataformetako kideak eta herritarrak barne.

Osakidetzako grebaren baitan Osasun Sailean eserialdia egin dugu

Bilboko egoitzan ekimena egin dugu goizean, eta Alberto Martinez sailburuari eskutitza helarazi ahal izan diote haren idazkariaren bitartez. Greba eguna oso arrakastatsua izaten ari da....

Nafarroako administrazioko langile guztiek 60 urterekin erretiroa hartu ahal izatea eskatu dugu

Gaur goizean LAB sindikatuak elkarretaratzea egin du Nafarroako Jauregiaren aurrean, urtarriletik aurrera langileok enegarren eskubide-igalera pairatuko dugula salatzeko: erretiro adin arrunta 67 urtera atzeratzea....