Kutxabankeko zuzendaritzak langileen lan-baldintzak okertu nahi ditu, bere proposamena onartzen ez badute aurrezkiaren hitzarmen sektoriala ezartzeko mehatxuarekin. Honen aurrean, hau onartu nahi ez duen gehiengo sindikal batekin egin du topo. Hain zuzen ere, Langileak egiten ari diren ahaleginak ez dauka saririk ezta lan-baldintza duinen aitortzerik, eta gainera, Kutxabank-eko zuzendaritzak apirilaren 1etik aurrera Aurrezkiaren Hitzarmen Sektoriala ezartzeko mehatxuari eusten dio. Honen aurrean, sindikatuok elkarretaratzea egin dugu Bilbon, zuzendaritzaren asmoen aurrean.
Bilboko Sader enpresako langile bat hil egin da, bihotzekoak jota; urteko hirugarren lan heriotza da
Gaur jakin dugu Bilboko Sader S.A. enpresako langile bati bihotzeko eman diola. Oso larri eraman dute ospitalera eta bertan zendu da. Honekin, gutxienez, Euskal Herrian, urteko lehen hilabetean hiru izan dira hildako langileak, eta Joaquin Beltranek desagertua jarraitzen du, otsailaren 6az geroztik, Zaldibarreko zabortegian.
Lehenik eta behin, LAB sindikatutik helarazi nahi diogu hildakoaren senide, familia eta lankideei gure elkartasuna eta babesa. Bihotzekoa, zirkulazio gaitz baskular bat ematen denean lanean, ez da kasualitatez gertatzen, nahiz eta patronalak esan lanarekin zerikusirik ez duten gertakariak direla.
Horrelako gertaerak baldintza zehatz batzuen pean gertatzen dira; lanean jasotzen den presioa eta estresa, tarteko. Hain zuzen ere, presioa eta estresa bihotzekoak eta zirkulazio gaitzen ezinbesteko faktore dira, bizi eta lan baldintzeki lotura zuzena dutenak. Istripu ez traumatikoak, hots, bihotzekoak eta iktusen gisakoak, lan istripu hilgarrien eragile nagusienen artean daude.
Argi daukagu lan istripuak, ez traumatikoak zein traumatikoak, ez direla zoriak edo kasualitateak sortuak; ematen diren lan harreman, prekarizazioaren, lan arautegiaren eta azpikontratazioaren emaitza dira.
LAB sindikatutik argi dugu bizi eta lan duinak behar ditugula, lanetik onik eta bizirik bueltatzeko eskubidea dugula. Hala, jendarte osoarena den gaitza honekin amaitzeko bide bakarra borroka eta antolakuntza direla nabarmendu nahi dugu, soilik lan harreman eta joko arauen aldaketa batetik irauli daitekeelako egoera. Beste eredu bat gauzatu behar dugu, langileon bizitza eta osasuna lehenetsiko duena.
Lanbide Heziketako Goi-mailako euskarazko ziklo gehiago sartzeko eskatu diogu Nafarroako Hezkuntza Departamentuari
2019-2020 ikasturtean Lanbide Heziketari eta euskarari buruzko azterketa bat egin ostean, LAB Irakaskuntzak honako ondorio hau atera zuen: Iruñerrian, “D” ereduan ikasten duten ikasle gehien dituen eremua izan arren, Goi Mailako lau ziklo baino ez dituzte euskaraz ematen, eta horrek ez ditu hizkuntza horretan ikasten duten pertsonen beharrak asetzen, inondik inora ere. Horregatik eskatu genion joan den asteazkenean, urtarrilak 27, Nafarroako Hezkuntza Departamentuari Lanbide Heziketan Goi Mailako Ziklo gehiago jar ditzala.
Eremu mistoa deiturikoan Iruñeak du euskaldunen ehuneko handiena, eta LABen ustez, Goi Mailako zikloen eskaintza bertan guztiz urria da; ez ditu ikasle euskaldunen beharrak betetzen. Eremu honetan Goi Mailako bost ziklo daude, lau Iruñean eta beste bat Irunberrin. Iazko martxoan egin ziren aurretiazko izen-emateek nabarmen gainditu zuten euskaraz eskainitako plaza kopurua. Ondorioz, bertze askotan bezala, ikasle euskaldunak behartuta egon ziren zikloak euskaraz ematen ez zituzten ikastetxeetan matrikulatzera.
LABek, ikastetxe integratuetan kontsultak egin ostean, aukera ikusten du Goi Mailako ziklo hauek euskaraz eskaintzeko:
- Sare-sistema informatikoen administrazioa Mariana Sanz Ikastetxe Integratuan.
- Abeltzaintza eta Animalien Osasuneko Laguntza Nekazaritza eta Basozaintza Ikastetxe Integratuan.
Halaber, adierazi behar da zenbait ziklo bikoiztuta daudela Iruñeko hainbat ikastetxetan. LABen iritziz, horiek bikoiztu eta gaztelaniaz eskaini baino lehen, komenigarria litzateke azterketa bat egitea bertara iristen diren ikasleak zein hizkuntza-eredutatik datozen jakiteko; izan ere, egiaztatu baitugu baten bat euskaraz bikoiztu zitekeela, gaztelaniaz beharrean. Bertze behin ere, euskarazko hizkuntza-eredutik datozen ikasleak dira kaltetuta ateratzen direnak.
CIP LH Sakana LH IIP ikastetxean, nahiz eta eremu euskalduna deiturikoan egon, euskarazko ziklo bakarra dago. Industriaren arloan, goi-mailako bi ziklo eta erdi-mailako beste bi daude. Horiez gain mendiko eta eskaladako hiru ziklo gehiago ere badaude; guztiak gaztelaniaz. Sakanan DBHko ikasketak amaitzen dituzten ikasle gehienak “D” eredukoak direnez, LAB Irakaskuntzaren ustez, euskarazko eta gaztelaniazko zikloen arteko desoreka hau astakeria hutsa da. Sindikatuak uste du, gainera, etorkizunean ezinbertzekoa izan behar dela CIP LH Sakana LH IIP ikastetxeko irakasle berriei euskara eskatzea, gaztelaniazko zikloetatik euskarazko zikloetarako aldaketa -beti ere eskariari erreparatuz- mailakatua izan dadin.
Inoiz baino beharrezkoagoa da Euskal Herrirako Banka Hitzarmen bat, langileen eskubideak errespetatuko dituena eta soldatak izoztea onartuko ez duena
LABen iritziz lotsagarria da CCOO, UGT eta FINEk bankuen patronalari (AEB) langileen soldata bi urtez izoztea onartu izana. Zoritxarrez, atzo bankako milaka langileri lapurreta egin zieten, aurreikusi genituen iragarpen txarrak bete dira eta patronalari laguntzeko zalantzarik ez duten sindikatuen “konplizitateari esker”, bankuko milaka langilek soldatak izoztuta izango dituzte 2019-2020 urteetan, eta igoera txikia izango dute hurrengo hiru urteetarako (2021, 2022 eta 2023).
AEB patronalaren eta CCOO, UGT eta FINE sindikatuen arteko aurre-akordioan soldatak izoztea aplikatuko da bankan. 2020an, hitzarmenetan itundutako batez besteko soldata-igoera %1,89koa izan zen, eta 2019an, berriz, %2,33koa. Bankak bere asmoak lortu zituen, soldatak izoztu zituen bi urterako, eta igoera oso txikia lortu zuen 2021erako (%0,25), 2022rako (%1,00) eta 2023rako (%1,25), hurrenez hurren, eta, gure ustez, beste lapurreta bat egin zien langileei.
Ezin dugu ahaztu bankuek milaka milioi etekin lortzen jarraitzen dutela, nahiz eta “finantza-arkitektura” erabili itxura gutxiago egiteko, eta beren goi-zuzendariek soldata eta eskandalu-pentsioak kobratu. Baina egunero lanean eta bezeroei arreta ematen dauden langileei ordainarazten dizkiete ondorioak, pandemia aitzakiatzat hartuta eta soldata izozten diete CCOO, UGT eta FINEren konplizitatearekin.
Onartezintzat jotzen dugu erabaki hori, batzuk borroka eta langileriaren aldeko lorpenen sindikalismo baten ordez uko egiteetan oinarritutakoa nola ulertzen duten erakusten duelako.
Gaur egun, inoiz baino gehiago, argi dago Euskal Herriko bankako langile guztientzako banku-hitzarmen baten beharra. Herri gisa duten eskubideagatik, baina baita langileak abandonatuta uzten ez dituen sindikalismo baten erakusgarri ere, ez baitu amore ematen patronal prepotenteenaren eta zikoitzenaren presioen aurrean, milaka lanpostu suntsitzeko zalantzarik ez duena, eta, sindikatu batzuen konplizitatearekin, langileen gerrikoa are gehiago estutzeko eta soldata izozte lotsagarri bat onartzeko, patronalak dioen bezala, sektorea salbatzeko aitzakiarekin.
Dei bat egiten dugu LAB eta ELA euskal sindikatuek, CIG galiziarrak (hirurak Hitzarmen honen Negoziazio Mahaian) eta CSC eta SEC katalan intersindikalek hasitako sinadura bilketarekin jarraitzeko. Bankako langileok ez dugu merezi soldatak izoztea, baina ezta patronal zeken bat eta gu traizionatzeko zalantzarik ez duten sindikatu otzanak ere.
Lautada, Kanpetzu eta Errioxako etxez-etxeko laguntzako langileen egoera salatzen dugu
LABetik harremanetan jarri gara Lautada, Kanpezu eta Errioxako udalekin, inguru horretako etxez etxeko laguntza zerbitzuko langileak egoera larrian daudelako.
2020ko maiatzean, pandemia betean, CLECE enpresak enpresa batzordea bilera batera deitu zuen. Bertan, langileek hilero pasatzen dituzten kilometroen azken urteko auditoria bat egin zutela jakinerazi zien eta txostenaren arabera, benetan egin behar zituzten kilometroak baino gehiago pasatzen zituztela langileek.
Harrituta geratu ginen, pandemia betean, COVID 19ko lehen olatuan sartuta, jende mordoa ari baitzen hiltzen, ospitaleak gainezka zeudenean, ez baitzegoen ez eskularrurik, ez maskararik, ez NBErik babestuta lan egitera joateko, enpresak hori esan zigunean.
Mundua bere leiho eta balkoietara ateratzen zen osasun-langileei txalotzera, CLECE, Florentino Perez aberatsaren enpresa ugarietako bat, langileen kilometrajea ikuskatzen ari zen, horretarako Google Maps erabiliz, tresna hori erabat zehatza ez denean. CLECE enpresaren arabera, langileek tresna horretan bidaien jatorria eta helmuga jarri behar dituzte, eta ibilbiderik laburrena hautatu, nahiz eta horrek landa-bidetzat diren errepideetan ibiltzea ekarri. Enpresari jakinarazi zitzaion eremu horietako errepideak landa-errepideak direla, eta arriskuak egoten direla euretan, ia galtzada osoa hartzen duten traktoreak edo uzta biltzeko makinak, ardi-, behi- edo zaldi-taldeak. Langileek beti hartu izan dute ibilbide seguruena, enpresak esaten duena baino kilometro batzuk luzeagoa izanez.
Gehiegizko kilometro horiek eskatzen ari da enpresa. Kasu batzuetan, erreklamazio horiek 2.000 eurora iristen dira, eta, enpresak esan zien ordaintzen ez bazituzten, epaiketara eramango zituela. Enpresak esan zien langileei ez ziela utziko kilometrajearen kontura aberasten.
Enpresak ahantzi egiten du emakume horiek beren autoa enpresaren eskura jartzen dutela zerbitzua egiteko eta kilometroko 0,29 euro kobratzen dutela. Istripu bat izan dutenean, autoa suntsitu edo ibilgailuaren mantentze-lanak egin behardituztenean,haiekordaindubehar duteberaienpoltsikotikgastuhori.
Baina dena ez da CLECE eta Florentinoren errua, ezin dugu ahaztu zerbitzu hau Foru Aldundiak azpikontratatutako zerbitzua dela, zerbitzuaren kalitatearen aurrean irabaziak beti hobetsi izan dituzten enpresei. Horregatik, LABen publikoki salatu nahi dugu sektoreko langile hauek pairatzen ari diren egoera larria, halako enpresak langileen kontura eta diru publikoarekin aberasten diren bitartean. LABen lan baldintza duinen alde eta kalitatezko zerbitzu publiko baten alde borrokatzen jarraituko dugu.



