Osakidetzako sindikatuok agerraldi bateratua egin dugu, urtarrilaren 28ko grebaren atarian. “Txertoekin gertatutakoak argiro erakusten digu zenbatekoa den osasun-sistema publikoarekiko eta osasun-langileekiko arbuioa. Gertaera hori urtetan salatu izan dugun zerrenda luzearen azkena izan da”, adierazi dugu.

LAB, SATSE, ELA, CCOO, UGT eta ESK sindikatuon ohar bateratua:

Osakidetzan txertoekin gertatu dena, oraingoz Basurtuko eta Santa Marinako kudeatzaileak irtetea eragin duena, onartezina eta zitala da, argi eta garbi. Egunero lehen lerroan lan egiten duten profesionalak txertoa jasotzeko txandaren zain daude, horrek dakarren arriskua eta guzti; baina aldiz kargudun jakin batzuek, beren karguez baliaturik, ez zegokien txertoa jaso dute. Egia esan, zantzu txarra da, protokoloen betetze-maila zaindu behar dutenek eta langileen lan-baldintzen gainean erabakitzeko ahalmena dutenek arauak beren onerako saihesten ibiltzea.

Hori bereziki larria da egungo osasun-krisian, langileek lan egiteko izan dituzten eta dituzten egoera zailak kontuan hartuz: babes-materialik eza, langile bat hiltzea eragin duen kutsatze-indize handia, giza eta gauza baliabiderik eza, atsedenaldiak eta oporrak bezalako lan-eskubideei uko egitea… Hain zuzen ere, lan-eskubideak aitzakia gisa erabili ditu lehendakariordeak, duela egun gutxi, txertaketaren geldotasuna justifikatzeko, eta, horrela, plangintzarik eta baliabiderik gabezian duen erantzukizuna saihesteko.

Guk gertaturikoa zorrotz eta sakon ikertzea eta dagozkion erantzukizunak argitzea eskatzen dugu. Halaber, txertaketa-prozesuaren gardentasuna eta protokoloa nahiz lehentasun-hurrenkera zorrotz betetzen direla bermatu behar da.

Testuinguru horretan, eta behin eta berriz salatu dugun bezala, azpimarratu nahi dugu osasun publikoaren gainbehera askoz lehenagotik datorrela, pandemiaren aurretik ere egiturazko arazoak bazeudela, eta Osasun Sailak ez duela inoiz izan konpontzeko borondaterik, ezta oraingo honetan ere.

Atzo egindako Mahai Sektorialaren bileraren ondoren, adierazi nahi dugu, hitz ederrak eta asmo oneko adierazpenak alde batera utzita, gaur egun ez dagoela inolako neurririk mahai gainean Osakidetzaren egiturazko gabezia larriak konpontzeko. Bileran egindako planteamenduak, azaldutako aldarrikapenei dagokienez, ez dira nahikoak edo ez dago batere planteamendurik.

Gogora ekarri behar da behin eta berriz eskatu dugula gure aldarrikapenak gai-zerrendan sartzea, eta, era berean, Osakidetzak gaiak inposatu dituela salatu dugula. Atzoko bilerarako, azkenean, gai-zerrendan bi puntu sartzeko eskatu ziguten. Hala ere, jorratu beharreko gaietan formalki sartuta egon arren, egindako planteamenduak ez dira nahikoak izan, eta Osakidetzak bizi duen egoera larriari aurre egiteko aldarrikapen nagusiak alde batera utzi dira. Izan ere, Osakidetza aspaldidanik gutxiegi hornitua eta gaizki tratatua izan da:

-Osasun publikoan inbertsio handiagoa behar dugu. Lehentasunezkoa da diru publikoa denontzako zerbitzuetan gastatzea. Hala ere, horri buruzko proposamenik ez egoteaz gain, Osasun Sailaren aurrekontuari buruz galdeturik sailburuak erantzuteari ere uko egin dio, Legebiltzarrean beharrezko azalpenak emanak zituela esanez.

-Egiturazko plantilla handitu behar da, eta behin-behinekotasunarekin amaitu. Langileak gainkargatuta eta gainezka daude, eta nork bere lanpostua finkatu behar du. 15.000 aldi baterako langile baino gehiago edukiz, behin-behinekotasuna %40koa izanik, Osakidetzak egin duen EPEaren proposamena, 3.500 lanpostukoa, ez da inola ere nahikoa.

-Lan-baldintzak Arautzeko Akordio berri bat behar dugu, duela 11 urte iraungi baitzen. Halaber, urte hauetan guztietan ezarri dizkiguten murrizketak lehengoratu behar dira: lanbide-garapena, Itzarri, erretiro aurreratuaren primak, eroste-ahalmena berreskuratzea. Osakidetzako Zuzendaritzak adierazi du akordio arautzaile berrirako gure proposamena aztertzeko borondatea duela, baina ez gainerako gaiak aztertzeko.

-Pribatizazioak amaitutzat jo behar dira. Azken urteotan pribatizatu diren zerbitzuak publiko bihurtu behar dira berriro. Horri heltzeko borondaterik ez dago.

-Langileen lan-osasuna noizko? Segurtasuna eta osasuna ziurtatzeko neurriak behar ditugu. FFP2 maskarak ez dira xuhurtu behar, protokolo bermatzaileak taiutu eta aplikatu behar dira, eta arrisku psikosozialak eta lan-kargak aztertu behar dira.

Hilabeteak daramatzagu mobilizazioetan. Osakidetzak mobilizazioa beste biderik ez digu utzi. Testuinguru horretan, pandemia aitzakia ezin hobea izan da murrizketak aplikatzen jarraitzeko. Horren adibide onak dira Zumarragako eta Deustuko AZP/PACetan aplikatutako murrizketak.

Horregatik, dei egiten diegu osasun-langileei datorren ostegunean, urtarrilak 28, grebarekin bat egitera. Halaber, dei egiten diegu gainerako langileei, erabiltzaileei eta herritar guztiei deitutako mobilizazioetan parte hartzera.

Asko dugu jokoan: osasun publikoa denona eta denontzakoa izatea.