2026-01-28
Blog Page 510

Langileen ordezkaritza sindikalarekin adostu gabe beste neurri bat hartu du Osasunbideak

0

Osasunbideak urte bukaera arte luzatuko ditu Covid dela eta egindako errefortzu kontratua. Langileen ordezkaritza sindikalarekin adostu gabe hartutako enegarren neurria da. Eta horrek nahi ez diren egoera ugari dakartza berekin: batzuetan, batere argi ez dauden egoerak sortzen direlako, eta beste batzuetan, berdintasun eza eragiten delako, baita bidegabekeriak ere.

Aste honetan, Profesionalen Zuzendaritzak jakinarazi digu gaur egun indarrean dauden “Covid kontratazio” guztiak abenduaren 31ra arte luzatu behar dituztela. Horrek esan nahi du irailetik abendura bitarteko erreten-taldea (Covid errefortzurako sortu zena) ez dela erdira murriztuko, eta ez dela jenderik kontratatuko kontratazio-zerrendei jarraituz.

Beste behin ere, neurri bat hartu dute Osasunbideko langileen sindikatu-ordezkariekin negoziatu gabe, neurriak plantillari zuzenean eragiten badio ere. Hori dela eta, LABek Osasuneko Mahai Sektoriala berehala deitzea eskatzen du, neurri hori edo hartu nahi duten eta plantillaren lan-baldintzei eragiten dien beste edozein neurri formalki jakinaraz diezaguten.
Adierazi beharra dago adostu gabeko erabaki horiek batere garbi ez dauden egoera eta zalantza asko sortzen dituztela, besteak beste:

• Kontratazio-zerrenden segimendua; kontratazio-zerrendetan posizio hobean dauden eta orain eskainitako kontratuetarako aukerarik izanen ez duten langileen egoera bidegabea.
• Kontratu luzapenak abenduaren 31tik aurrera eraman ahal izatea.
• Kontratatutako langileak antolatzea premia handiena dagoen tokietara esleitzeko, eta, hala, zenbait zerbitzutan dauden lan-gainkargak zuzentzea.
• Errefortzu gisa kontratatutako profesionalen lan-eskubideak errespetatzen direla bermatzeko neurri eraginkorrak.
• Errefortzuko langileen lanaldiak eta egutegiak ezartzea eta horiek ongi betetzea.
• Norbera babesteko ekipamenduak erabiltzeko premiazko prestakuntza errefortzuko langileentzat (horri dagokionez, LABek gai horretan esku hartzeko eskatu dio Laneko Arriskuen Prebentzio Zerbitzuari).
• Kontaktuen jarraipena egiteko taldearen profil profesionala doitzea.

Ikusirik aurrean dugun egoera zaila (udan bertan hainbat berragertze izan ditugu), gure ustez, nahiz eta kontratazioen bolumenari dagokionez jarrera ona erakutsi duten, hainbat disfuntzio gertatu dira errefortzuko langileak antolatzeko eta eraginkortasunez esleitzeko orduan. Beraz, egindako akatsetatik ikastea eta erantzukizunez jokatzea beste aukerarik ez dago.

Gorlizko Etengabeko Arreta Gunea zabalik mantentzeko beste urrats bat eman dugu, barne mugikortasunerako destino bezala agertzea lortu dugulako

Uribe ESIko zuzendaritzak deialdia aldatu egin du, abuztuaren 5ean, 1. eranskinean, eta Gorlizko EAGa aukeran dauden destinoen artean sartuz eta guri arrazoia emanez. Berriro ere, Osakidetza zerbitzuak ixten saiatzen ari da atzeko atetik. Argi dago erne ibili behar dugula, eta herritarrentzat funtsezkoak diren zerbitzuak defendatzen jarraitu behar dugula, langileentzako baldintza duinetan.

Uribe ESIko hainbat forotan Gorlizko EAGaren etorkizunari buruz hainbat interpelazio egin ondoren, eta erantzun argirik jaso ez zenez, LAB, ELA, SATSE, UGT, CCOO eta SAE-UTESE sindikatuek mobilizazioak egiteari ekin genion ekainaren 12an.

Uztailaren 1ean, ESI Uribeko zuzendaritzak barne-mugikortasunerako behin betiko deialdia argitaratu zuen, eta bertan ez zen Gorlizko EAGa aukeratu ahal izateko antolaketa-unitate gisa agertu, Osakidetzak zerbitzu hori irailaren 1etik aurrera ixteko dituen asmoak argi utziz.

LABek gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu zion Uribe ESIko barne-mugikortasunerako deialdiaren ebazpenari, Osakidetzako administrazio-kontseiluaren 2019ko azaroaren 27ko akordioan ezarritakoa ez betetzeagatik. Erabaki horretan, erakunde publikoko erakundeetan lanpostuak behin betiko barne-mugikortasunaren bidez betetzeko irizpide orokorrak onartu ziren, eta 5. puntuan jasotzen da erakundeko unitate guztiak eskaini behar direla halako prozesuetan.

Zergatik ez da kontratatzen mantentze-lanetako laguntzailerik Iruñeko El Vergel helduen egoitzan, kontratazio zerrenda bat izanda?

Iruñeko El Vergel helduen egoitzan urteak daramatzagu mantentze-lanetako laguntzaile gutxi izaten, eta orain, lankide batek erretiroa hartu berri duela-eta, plantilla minimoen azpitik geratu da. Nolanahi ere, Funtzio Publikoari esker jakin berri dugu, hainbat urtez zentroaren beharrei erantzuteko moduko kontratazio-zerrenda bat eskatu ondoren, badagoela halako bat, duela bost hilabete baino gehiago eratua, gainera. Hala bada, zergatik jarraitzen dute langile beharrari erantzun gabe?

El Vergel zentroko langileek denbora asko, gehiegi dagoeneko, daramagu sortzen diren beharrei erantzun ahal izateko mantentze-lanetako laguntzaileen kontratazio-zerrenda bat egin dezatela eskatzen.

Eta, bat-batean, duela gutxi jakin dugu zerrenda hori badagoela. Urte honetan bertan, otsailaren 21ean, argitaratutako zerrenda bat da, eta 542 pertsona daude izena emanda. Ezinezkoa da, beraz, zerrenda hori agortua izatea.

Egoera horren ondorioz, El Vergelen mantentze-lanetako laguntzaileak ez kontratatzearen benetako arrazoia zein den jakin nahi dugu. Jokabide horrekin lortzen ari diren gauza bakarra da eskaintzen den zerbitzuan eragin negatiboa izatea. LABen ez gaude prest denbora gehiago jasateko hain larria den eta langileen eta erabiltzaileen artean hainbesteko ezinegona sortzen duen egoera hau.

Horregatik guztiagatik eskatzen dugu beharra dagoen bakoitzean, mantentze-lanetako laguntzaileak kontratatzea ahalik eta azkarren.

LABetik, arazo hau konpontzeko gure konpromisorik sendoena erakutsi nahi dugu, eta, gainera, exijitzen dugu konponbidea etor dadila kontratazioari buruz indarra duen araudiaren bidetik, hots, aldi baterako kontratazioak kudeatzeko arauak finkatzen dituen 814/2010 Foru Aginduan ezarritako arauak betez.

Euskara oraindik ere ez da kontutan hartzen Correoseko langileak hautatzeko prozesuetan

Berriro ere salatu behar dugu Correosek ez duela sentsibilitaterik estatuko nazionalitate desberdinetako hizkuntzekiko. Hautapen-prozesuetan, dela behin-behineko langileen kasuan (lan-poltsak), dela posta-zerbitzuan ematen diren langile finkoen kasuan, ez da kontuan hartzen estatuko hizkuntza koofizialen ezagutza, gure kasuan, euskara. LABek behin eta berriz salatu du egoera hori, deialdien oinarriei alegazioak eginez.

Hori berez larria bada, egoera larriagotu egiten da azken prozesuetan ingelesa edo arabiera Ceutan eta Melillan bezalako hizkuntzak puntuatzen ari direnean. Horren ondorioz, egoera horren salaketa areagotu egiten dugu, eta Euskal Herriko eta beste nazionalitate batzuetako hainbat sindikatuekin batera (ELA, esk, CIG, STAS eta InterSindical Canariarekin) salaketa hau partekatzen dugu.

Correoseko presidenteari zuzendutako idatzia:

Suhiltzaileen zuzendaritzarekin egiazko negoziazio baten alde egingo dugu Nafarroan

Suhiltzaileen Zerbitzuan ezarri ditugun presio-neurriak fruituak ematen hasi dira. Hala, Barneko kontseilariak datozen urteetan 120 lanpostu berri ateratzeko konpromisoa hartzea lortu dugu. Ildo horretan, ibilgailu berriak erostea eta langileen kudeaketa hobetzea ere langileen presioari esker lortutako lorpentzat hartu behar dira.

Aurrerapen horiek eta horren ondorioz sortu den egoera berriak presio-neurriak birplanteatzera eraman gaituzte. Izan ere, geu gara suhiltzaileen zerbitzuak behar bezala funtzionatu behar duela eskatzen dugun lehenak. Horregatik, idazki honen bidez, erantzukizunez jokatzeko eta zuzendaritzarekin benetako negoziazioari ekiteko deia egiten dugu, aurrerapen horiek eta behar diren beste neurri batzuk zehazteko, betiere helburua izanik bermatzea zerbitzua ematen dela herritarrek merezi dituzten berme guztiekin.

Ziur gaude langileen ordezkarien eta Barneko Departamentuko arduradunen jarrerak ez daudela hain urruti, negoziatzeko tartea dagoela, eta posible dela bi aldeentzat, baina, batez ere, herritarrentzat onuragarria izanen den akordio batera iristea.

Gasteizko kirol jardueretako langileek planto egitea erabaki dute

0

COVID-19ak gaur egun sortu duen egoera dela eta, Gasteizko Udalak osasunaren aldetik askoz haratago doazen murrizketa batzuk egitea proposatzen ari da. Duela bi aste, hauteskunde kanpainan, Udalarekin bildu ziren eta ikusi zuten proposatutako murrizketek nabarmen gaindituko zutela erakundeak berak aurretik langileoi bermatutakoa. Langileek agerraldia egin dute gaur, greba mugagabe partzialak iragartzeko. Abuztuaren 10etik aurrera izango dira, eta egunean lau orduko lanuzteak egingo dituzte (12:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 19:00etara).

Hauxe da agerraldian irakurri duten adierazpena:

Gure kolektiboak honako arazo hauei egin behar die aurre:

Udako soroslei dagokienez:

 Udako Kanpainaren hasiera uztailaren 1ean izan zela kontuan hartuta, hilabete eta erdiko enplegua eta soldata galdu ditugu. Horri guztiari gehitu behar diogu ez zaigula eman ERTE batean sartzeko aukerarik, ezta zuzenean Udaletik kobratzeko aukerarik ere, Alarma Estatuaren Errege Dekretuan jasotzen den bezala.

 Murrizketak egin dira bai langile kopuruaren aldetik eta baita igerilekuak irekitzeko eta ixteko ordutegietan ere. Gainera, instalazio horietako materiala berrikusteko eta desinfektatzeko behar diren tarteak ezabatu dira.

 Ez dugu higiene eta osasun-neurriak ziurtatzeko protokolo eraginkorrik, erabiltzaileen zein langileen osasuna arriskuan jarriz.

 Behin-behinekotasuneko eta lan-prekarietateko egoera jasanezina bizi dugu. Kasu batzuetan, ez dira hitzarmenean ezarritako epeak bete eta egoera kaotikoak gertatu dira; esaterako, langile batek 2 orduko aurreabisuarekin bere lanpostura joan beharra.

 Era berean, langileok ez daukagu norbera babesteko eta gure senideak ez kutsatzeko beharrezkoak diren babesteko ekipamendurik.

Igerileku estalietako sorosleei dagokienez:

 Materiala berrikusteko, instalazioa behar bezala dagoela egiaztatzeko eta desinfekzio eraginkorra egiteko beharrezkoa eta ezinbestekoa den denbora bertan behear geratzera egin behar diogu aurre.

Begiraleei dagokienez:

 Aurreko ikasturteko kirol-jardueren programaziorako aurrekontu-partida aurtengoaren berdina dela jakin ondoren, ikusi dugu eskaini beharreko 24.186 plazen ordez 9.500 plaza baino ez zaizkiela eskaini herritarrei; hau da, 14.686 plaza gutxiago. Beste era batean esanda, % 61eko murrizketa.

 Gure ustez, Gasteizko Udalak modu ikusezin batean asi da ikastaro-kopurua murrizten. Jarduerak hilean behin egitera pasa dira, ordutegi konplexuetan, eta horietako batzuk ezabatu ere egin dira, igerilekuko jarduera batzuk adibidez.

 Bestalde, ikastaroen kopurua izugarri murriztearen ondorioz, gure lanpostuen zati handi bat suntsitu egiten da, eta geratzen diren gutxi horiek prekarioak dira.

Egoera honen aurrean, planto egin behar dugu. Zugatik plantatzen gara. Zure osasunagatik gelditzen gara, zure segurtasunagatik, zure ongizatearen erantzule garelako. Gure adinekoen segurtasuna bermatzeko. Baina guregatik ere gelditzen gara, gure familiengatik, gure seme-alaben mantenua ziurtatzeko. Borroka honetan parte hartzeko eskatzen diegu herritarrei. Gure ustez, azaldutako murriketek langileei ez ezik, ikastaroen eta kirol-instalazioen erabiltzaile guztiei ere eragiten diete. Herritarrok krisiaren ondorioak pairatzeaz nazkatuta gaude, 2008an gertatu zen bezala. Egoera honetan daude Udalen eta Eusko Jaurlaritzaren azpikontratatutako beste sektore batzuk ere. Horregatik, elkartasuna adierazi nahi diegu langile hauei, zerbitzu publiko duinak, seguruak eta kalitatezkoak aldarrikatzeko borrokan.

Errepide bat moztu dute Iruñean, Agoitzeko Siemens Gamesaren itxieraren aurka

0

Karlos III.a eta Nafarroako Gorteak kaleak elkartzen diren tokian egin dute protesta langileek, Nafarroako Gobernuaren egoitzaren parean. Agoitzeko lantegiaren itxierak 239 familia utziko lituzke kalean, errentagarria eta bideragarria izan arren.



Kosteak apaltzea beste helbururik ez duen deslokalizazio bat da, lantegia itxiz eta ekoizpena eskulan merkeagoa duten Portugal eta Tangerreko beste lantegi batzuetara bideratzeko.

LABek tresna guztiak erabiliko ditu bidegabekeria hau gelditzeko, greba, mobilizazioak eta ekimen judizialak. Itzelezko kaltea ekarriko luke Agoitzeko lantegiaren itxierak, ez soilik langileentzat, baita honezkero oso zigortuta dagoen eskualdearentzat.

Bere egunean, enpresaren kontrola galduz Gamesa Siemensi saldu izana txalotu zutenen erantzukizun politikoaren ordua da. Bada, langileak bihar elkartuko dira Nafarroako Gobernuko ordezkariekin; Garapen Ekonomikorako kontseilari Manu Aierdirekin, besteren artean.

Jaurlaritzari eta Nafarroako Gobernuari jangela eta eskola-garraioko langileen enpleguari eta lan-baldintzei eusteko bermea eskatzen diegu

Hezkuntza Sailek, alde bakarrez, ikasturtearen hasiera planifikatu dute, emandako agindu eta protokoloetan ikastetxe guztientzako jarraibide orokor batzuk ezarriz, eta ez du bildu nahi izan LAB eta ELArekin, edo jantoki eta eskola-garraioko zerbitzuak izango duen egoerari edo eraginari buruz informazioa eman, enpleguari eusteko bermerik edo zerbitzu horiek ematen dituzten langileentzako prebentzio-neurri espezifikorik gabe, eta erabaki eta erantzukizun asko ikastetxeetako zuzendaritzen eskuetan utziz.

LAB eta ELA sindikatuok behin eta berriz eskatu dugu Hezkuntza Sailekin bilera bat egiteko, 2020/2021 ikasturtearen hasieran jantokiko eta eskola-garraioko zerbitzuen funtzionamendua zein izango den jakiteko, erantzuna barik.

Bi sindikatuok komunikabideen edo Sailek emandako agindu edo protokoloen bidez jaso dugun informazioa dugu, jantokia hezkuntza-sistemaren zati oso garrantzitsua dela agertzen bada ere, ez baita kontuan hartu, ezta eskola-garraioko zerbitzua ere, eta ez baitira zehaztu haren funtzionamendua, erabiltzaile-kopurua eta edukiera, prebentzio-neurriak eta elkarrekikotasun-planak.

Sailek irizpide orokor batzuk ezartzen dituzte EAE eta Nafarroako ikastetxe guztietarako, eta erabakiak eta erantzukizunak ikastetxeetako zuzendaritzen esku uzten dituzte, bai zerbitzu horiek eskaintzeko, kentzeko edo aldatzeko, zerbitzu horiek ematen dituzten langileak alde batera utzita, eta ez du bermatzen enpleguari eutsiko zaiola lan egiten duten hiru egoeretako batean ere.

LABek eta ELAk ahalik eta lasterren bilera bat egitea eskatzen diegu Hezkuntza Sailei, zerbitzu horietako langileen egoera eta enpleguari eustea aztertu ahal izateko.

Era berean, bilera egiteko eskaera helaraziko diegu hezkuntzako patronalei (Kristau Eskolak, AICE-IZEA, Ikastolen Elkarteak, ANEG gardentasuna…), bi zerbitzu horiei buruz erabakitzeko duten gaitasunaren aurrean, eta bilera egiteko eskaerak idatziz eta modu ofizialean eskatu eta sartuko ditugu.

LABek eta ELAk ez dugu inolako enplegu-suntsiketarik onartuko. Gaur egungo enpleguari eusteko bermea eta haren lan-baldintzak izango dira gure aldarrikapena. Kontrako edozein erabakik, enpleguari eutsiko zaiola bermatzen ez bada, LAB eta ELA aurrean izango ditu.

Hori esanda, LAB eta ELA sindikatuok Eusko Jaurlaritzari eta Nafarroako Gobernuari eskatzen diegu enpleguari eta egungo lan-baldintzei eustea bermatzeko. Ez dugu onartuko inolako murrizketarik edo enplegu-suntsiketarik, eta, hala ez bada, mobilizazioetara deituko ditugu langileak, greba-deialdia barne.

Hezkuntza Sailei eta patronalei gizartearekiko eta sektoreko langileekiko erantzukizuna eskatzen diegu.

Cementos Rezolako ABEEEaren aurka mobilizatzen jarraitzen dugu

Añorgako Cementos Rezolako langileek berriro protesta egin dute gaur enpresaren aurrean, ABEEEaren aplikazioa salatzeko. Enpresa erabat justifikatu gabeko ABEEE bat aplikatzen ari da aldebakartasunez. Lan karga dago guztientzat, eta enpresak azpikontratetako langileengana jo behar du jarduerari dagozkion lanak egin ahal izateko.

Cementos Rezolan, gaur egun, langile gutxi dago lanak behar bezala egin ahal izateko. Beharrezkoa da inbertsioak egitea eta prebentzio eta mantentze lanak behar bezala egitea. Aldiz, inposaketa eta ABEEak soberan daude. Horregatik inpugnatu du LAB sindikatuak ABEEa Auzitegi Nazionalean.

Bitartean, langileok aldi baterako enplegu-erregulazioko espedientearen aurka eta langileen eskubideak errespetatzearen alde mobilizatzen jarraituko dugu. Mobilizazio hauek enpresak lan-erregulazioko espedientea behin betiko erretiratu arte iraungo dute. Cementos Rezolan ABEEErik ez!