2026-07-01
Blog Page 508

Bilboko Sader enpresako langile bat hil egin da, bihotzekoak jota; urteko hirugarren lan heriotza da

Gaur jakin dugu Bilboko Sader S.A. enpresako langile bati bihotzeko eman diola. Oso larri eraman dute ospitalera eta bertan zendu da. Honekin, gutxienez, Euskal Herrian, urteko lehen hilabetean hiru izan dira hildako langileak, eta Joaquin Beltranek desagertua jarraitzen du, otsailaren 6az geroztik, Zaldibarreko zabortegian.

Lehenik eta behin, LAB sindikatutik helarazi nahi diogu hildakoaren senide, familia eta lankideei gure elkartasuna eta babesa. Bihotzekoa, zirkulazio gaitz baskular bat ematen denean lanean, ez da kasualitatez gertatzen, nahiz eta patronalak esan lanarekin zerikusirik ez duten gertakariak direla.

Horrelako gertaerak baldintza zehatz batzuen pean gertatzen dira; lanean jasotzen den presioa eta estresa, tarteko. Hain zuzen ere, presioa eta estresa bihotzekoak eta zirkulazio gaitzen ezinbesteko faktore dira, bizi eta lan baldintzeki lotura zuzena dutenak. Istripu ez traumatikoak, hots, bihotzekoak eta iktusen gisakoak, lan istripu hilgarrien eragile nagusienen artean daude.

Argi daukagu lan istripuak, ez traumatikoak zein traumatikoak, ez direla zoriak edo kasualitateak sortuak; ematen diren lan harreman, prekarizazioaren, lan arautegiaren eta azpikontratazioaren emaitza dira.

LAB sindikatutik argi dugu bizi eta lan duinak behar ditugula, lanetik onik eta bizirik bueltatzeko eskubidea dugula. Hala, jendarte osoarena den gaitza honekin amaitzeko bide bakarra borroka eta antolakuntza direla nabarmendu nahi dugu, soilik lan harreman eta joko arauen aldaketa batetik irauli daitekeelako egoera. Beste eredu bat gauzatu behar dugu, langileon bizitza eta osasuna lehenetsiko duena.

Garbiñe Aranburu: “Osakidetzak demokratizatu behar du; eredu arazo larria du”

LABeko idazkari nagusi Garbiñe Aranburu Radio Vitoria irratian izan da, egunerokotasuneko gaiei buruz aritzeko. Osakidetzaren barruan txertaketarekin piztutako liskarrak izan ditu hizpide, eta sindikatutik gaia epaitegira eraman dugula ekarri du gogora. Era berean, Gasteizko Gobernuko Osasun kontseilari Gotzone Sagarduiren dimisioa eskatu du, gezurra esan duelako.

Lanbide Heziketako Goi-mailako euskarazko ziklo gehiago sartzeko eskatu diogu Nafarroako Hezkuntza Departamentuari

2019-2020 ikasturtean Lanbide Heziketari eta euskarari buruzko azterketa bat egin ostean, LAB Irakaskuntzak honako ondorio hau atera zuen: Iruñerrian, “D” ereduan ikasten duten ikasle gehien dituen eremua izan arren, Goi Mailako lau ziklo baino ez dituzte euskaraz ematen, eta horrek ez ditu hizkuntza horretan ikasten duten pertsonen beharrak asetzen, inondik inora ere. Horregatik eskatu genion joan den asteazkenean, urtarrilak 27, Nafarroako Hezkuntza Departamentuari Lanbide Heziketan Goi Mailako Ziklo gehiago jar ditzala.

Eremu mistoa deiturikoan Iruñeak du euskaldunen ehuneko handiena, eta LABen ustez, Goi Mailako zikloen eskaintza bertan guztiz urria da; ez ditu ikasle euskaldunen beharrak betetzen. Eremu honetan Goi Mailako bost ziklo daude, lau Iruñean eta beste bat Irunberrin. Iazko martxoan egin ziren aurretiazko izen-emateek nabarmen gainditu zuten euskaraz eskainitako plaza kopurua. Ondorioz, bertze askotan bezala, ikasle euskaldunak behartuta egon ziren zikloak euskaraz ematen ez zituzten ikastetxeetan matrikulatzera.

LABek, ikastetxe integratuetan kontsultak egin ostean, aukera ikusten du Goi Mailako ziklo hauek euskaraz eskaintzeko:

  • Sare-sistema informatikoen administrazioa Mariana Sanz Ikastetxe Integratuan.
  • Abeltzaintza eta Animalien Osasuneko Laguntza Nekazaritza eta Basozaintza Ikastetxe Integratuan.

Halaber, adierazi behar da zenbait ziklo bikoiztuta daudela Iruñeko hainbat ikastetxetan. LABen iritziz, horiek bikoiztu eta gaztelaniaz eskaini baino lehen, komenigarria litzateke azterketa bat egitea bertara iristen diren ikasleak zein hizkuntza-eredutatik datozen jakiteko; izan ere, egiaztatu baitugu baten bat euskaraz bikoiztu zitekeela, gaztelaniaz beharrean. Bertze behin ere, euskarazko hizkuntza-eredutik datozen ikasleak dira kaltetuta ateratzen direnak.

CIP LH Sakana LH IIP ikastetxean, nahiz eta eremu euskalduna deiturikoan egon, euskarazko ziklo bakarra dago. Industriaren arloan, goi-mailako bi ziklo eta erdi-mailako beste bi daude. Horiez gain mendiko eta eskaladako hiru ziklo gehiago ere badaude; guztiak gaztelaniaz. Sakanan DBHko ikasketak amaitzen dituzten ikasle gehienak “D” eredukoak direnez, LAB Irakaskuntzaren ustez, euskarazko eta gaztelaniazko zikloen arteko desoreka hau astakeria hutsa da. Sindikatuak uste du, gainera, etorkizunean ezinbertzekoa izan behar dela CIP LH Sakana LH IIP ikastetxeko irakasle berriei euskara eskatzea, gaztelaniazko zikloetatik euskarazko zikloetarako aldaketa -beti ere eskariari erreparatuz- mailakatua izan dadin.

Pandemiaren urtean 22.500 lanpostu suntsitu dira Hego Euskal Herrian

Iaz 22.500 lanpostu galdu ziren Hego Euskal Herrian, INEk gaur argitaratu duen Biztanleria Aktiboaren Inkestaren arabera. Horrek esan nahi du okupazioa %1,8 jaitsi dela aurreko urteko itxierarekin alderatuta. Hala ere, krisiaren lan-eragina ez da berdina izan biztanle guztientzat.

Suntsitutako enpleguari soilik dagokionez, emakumeak gizonak baino kaltetuagoak atera dira. Zehazki, emakumeen okupazioa %2 murriztu da, eta gizonen artean beherakada erlatiboa %1,7koa izan da.

Krisiak indar handiz jo du aldi baterako enplegua, eta horrek eragin bereziki negatiboa izan du gazteen enpleguan. Izan ere, 25 urtetik beherako gazteen artean lan-okupazioa %10,7 jaitsi da, eta gazteen langabezia-tasa %31,7ra iritsi da.

Emaitza horiek Europar Batasunaren buruan jartzen gaituzte gazteen langabezian, soilik Espainiako Estatuaren eta Greziaren atzetik. Baina, horrez gain, Espainiako Estatuarekin batera, behin-behinekotasunaren Europako rankingaren buru gara. Hain zuzen ere, gazteen langabezia eta behin-behinekotasuna dira gure lan-merkatuak pairatzen dituen arazorik larrienak.

Arazo horiek konpontzeko bidean jartzeak azken erreformak indargabetzetik harago joatea eskatzen du. Botere publikoek konpromiso serioa hartu behar dute belaunaldi gazteenak laneratzeko, eta aldi baterako kontratazioaren erabilera mugatu behar dute aldi baterako jarduerak edo aldi baterako zereginak betetzeko soilik.

Aitzitik, patronalak behin eta berriz esaten du lan-baldintzak okertu eta soldatak murriztu behar direla. Egia esan, betiko enpresa-estrategia bera da. Errezeta horiek konpetentzia zaharkitu eta antisozialaren aldeko apustua egiten dute, eta horrek ez du zerikusirik ekoizpen-sarearen modernizazioarekin.

Azkenik, zaila da errekuperazio prozesu sendo bat imajinatzea pandemia gainditu gabe. Hala ere, komeni da Europako laguntzekin finantza daitezkeen inbertsio-aukerak aprobetxatzea, betiere kalitatezko enplegua sortzeko eta langabeziak gehien zigortutako eremu edo udalerriak suspertzeko badira.

Oraingoz, Gasteizko eta Iruñeko gobernu autonomikoek inbertsio programa bana prestatu dute, parte-hartze demokratikorako gutxieneko irizpide onargarriak errespetatu gabe. Baina funtsen kudeaketa ahalik eta gardenena izatea eskatuko dugu, balizko bezero- eta ustelkeria-sareak mozteko.

Osasun publikoa denona eta denontzako izatea aldarrikatu dugu Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan

Hilabeteak daramatzagu mobilizazioetan. Osakidetzak mobilizazioa beste biderik ez digu utzi. Testuinguru horretan, pandemia aitzakia ezin hobea izan da murrizketak aplikatzen jarraitzeko. Hala, nahi beste arrazoi ditugu Osakidetzan greba egiteko, eta halaxe egin dugu urtarrilaren 28aren etorrerarekin, LAB, SATSE, ELA, CCOO, UGT eta ESK sindikatuok deituta. Greba eta mobilizazio eguna izan da Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta manifestazioak egin ditugu hiriburuetan, Osakidetzak dituen egiturazko arazoei konponbidea jar diezaieten exijitzeko.

Hauek dira sindikatuon aldarri nagusiak:

-Osasun publikoan inbertsio handiagoa behar dugu. Lehentasunezkoa da diru publikoa denontzako zerbitzuetan gastatzea. Hala ere, horri buruzko proposamenik ez egoteaz gain, Osasun Sailaren aurrekontuari buruz galdeturik sailburuak erantzuteari ere uko egin dio, Legebiltzarrean beharrezko azalpenak emanak zituela esanez.

-Egiturazko plantilla handitu behar da, eta behin-behinekotasunarekin amaitu. Langileak gainkargatuta eta gainezka daude, eta nork bere lanpostua finkatu behar du. 15.000 aldi baterako langile baino gehiago edukiz, behin-behinekotasuna %40koa izanik, Osakidetzak egin duen EPEaren proposamena, 3.500 lanpostukoa, ez da inola ere nahikoa.

-Lan-baldintzak Arautzeko Akordio berri bat behar dugu, duela 11 urte iraungi baitzen. Halaber, urte hauetan guztietan ezarri dizkiguten murrizketak lehengoratu behar dira: lanbide-garapena, Itzarri, erretiro aurreratuaren primak, eroste-ahalmena berreskuratzea. Osakidetzako Zuzendaritzak adierazi du akordio arautzaile berrirako gure proposamena aztertzeko borondatea duela, baina ez gainerako gaiak aztertzeko.

-Pribatizazioak amaitutzat jo behar dira. Azken urteotan pribatizatu diren zerbitzuak publiko bihurtu behar dira berriro. Horri heltzeko borondaterik ez dago.

-Langileen lan-osasuna noizko? Segurtasuna eta osasuna ziurtatzeko neurriak behar ditugu. FFP2 maskarak ez dira xuhurtu behar, protokolo bermatzaileak taiutu eta aplikatu behar dira, eta arrisku psikosozialak eta lan-kargak aztertu behar dira.

Inoiz baino beharrezkoagoa da Euskal Herrirako Banka Hitzarmen bat, langileen eskubideak errespetatuko dituena eta soldatak izoztea onartuko ez duena

LABen iritziz lotsagarria da CCOO, UGT eta FINEk bankuen patronalari (AEB) langileen soldata bi urtez izoztea onartu izana. Zoritxarrez, atzo bankako milaka langileri lapurreta egin zieten, aurreikusi genituen iragarpen txarrak bete dira eta patronalari laguntzeko zalantzarik ez duten sindikatuen “konplizitateari esker”, bankuko milaka langilek soldatak izoztuta izango dituzte 2019-2020 urteetan, eta igoera txikia izango dute hurrengo hiru urteetarako (2021, 2022 eta 2023).

AEB patronalaren eta CCOO, UGT eta FINE sindikatuen arteko aurre-akordioan soldatak izoztea aplikatuko da bankan. 2020an, hitzarmenetan itundutako batez besteko soldata-igoera %1,89koa izan zen, eta 2019an, berriz, %2,33koa. Bankak bere asmoak lortu zituen, soldatak izoztu zituen bi urterako, eta igoera oso txikia lortu zuen 2021erako (%0,25), 2022rako (%1,00) eta 2023rako (%1,25), hurrenez hurren, eta, gure ustez, beste lapurreta bat egin zien langileei.

Ezin dugu ahaztu bankuek milaka milioi etekin lortzen jarraitzen dutela, nahiz eta “finantza-arkitektura” erabili itxura gutxiago egiteko, eta beren goi-zuzendariek soldata eta eskandalu-pentsioak kobratu. Baina egunero lanean eta bezeroei arreta ematen dauden langileei ordainarazten dizkiete ondorioak, pandemia aitzakiatzat hartuta eta soldata izozten diete CCOO, UGT eta FINEren konplizitatearekin.

Onartezintzat jotzen dugu erabaki hori, batzuk borroka eta langileriaren aldeko lorpenen sindikalismo baten ordez uko egiteetan oinarritutakoa nola ulertzen duten erakusten duelako.

Gaur egun, inoiz baino gehiago, argi dago Euskal Herriko bankako langile guztientzako banku-hitzarmen baten beharra. Herri gisa duten eskubideagatik, baina baita langileak abandonatuta uzten ez dituen sindikalismo baten erakusgarri ere, ez baitu amore ematen patronal prepotenteenaren eta zikoitzenaren presioen aurrean, milaka lanpostu suntsitzeko zalantzarik ez duena, eta, sindikatu batzuen konplizitatearekin, langileen gerrikoa are gehiago estutzeko eta soldata izozte lotsagarri bat onartzeko, patronalak dioen bezala, sektorea salbatzeko aitzakiarekin.

Dei bat egiten dugu LAB eta ELA euskal sindikatuek, CIG galiziarrak (hirurak Hitzarmen honen Negoziazio Mahaian) eta CSC eta SEC katalan intersindikalek hasitako sinadura bilketarekin jarraitzeko. Bankako langileok ez dugu merezi soldatak izoztea, baina ezta patronal zeken bat eta gu traizionatzeko zalantzarik ez duten sindikatu otzanak ere.

Lautada, Kanpetzu eta Errioxako etxez-etxeko laguntzako langileen egoera salatzen dugu

LABetik harremanetan jarri gara Lautada, Kanpezu eta Errioxako udalekin, inguru horretako etxez etxeko laguntza zerbitzuko langileak egoera larrian daudelako.

2020ko maiatzean, pandemia betean, CLECE enpresak enpresa batzordea bilera batera deitu zuen. Bertan, langileek hilero pasatzen dituzten kilometroen azken urteko auditoria bat egin zutela jakinerazi zien eta txostenaren arabera, benetan egin behar zituzten kilometroak baino gehiago pasatzen zituztela langileek.

Harrituta geratu ginen, pandemia betean, COVID 19ko lehen olatuan sartuta, jende mordoa ari baitzen hiltzen, ospitaleak gainezka zeudenean, ez baitzegoen ez eskularrurik, ez maskararik, ez NBErik babestuta lan egitera joateko, enpresak hori esan zigunean.

Mundua bere leiho eta balkoietara ateratzen zen osasun-langileei txalotzera, CLECE, Florentino Perez aberatsaren enpresa ugarietako bat, langileen kilometrajea ikuskatzen ari zen, horretarako Google Maps erabiliz, tresna hori erabat zehatza ez denean. CLECE enpresaren arabera, langileek tresna horretan bidaien jatorria eta helmuga jarri behar dituzte, eta ibilbiderik laburrena hautatu, nahiz eta horrek landa-bidetzat diren errepideetan ibiltzea ekarri. Enpresari jakinarazi zitzaion eremu horietako errepideak landa-errepideak direla, eta arriskuak egoten direla euretan, ia galtzada osoa hartzen duten traktoreak edo uzta biltzeko makinak, ardi-, behi- edo zaldi-taldeak. Langileek beti hartu izan dute ibilbide seguruena, enpresak esaten duena baino kilometro batzuk luzeagoa izanez.

Gehiegizko kilometro horiek eskatzen ari da enpresa. Kasu batzuetan, erreklamazio horiek 2.000 eurora iristen dira, eta, enpresak esan zien ordaintzen ez bazituzten, epaiketara eramango zituela. Enpresak esan zien langileei ez ziela utziko kilometrajearen kontura aberasten.

Enpresak ahantzi egiten du emakume horiek beren autoa enpresaren eskura jartzen dutela zerbitzua egiteko eta kilometroko 0,29 euro kobratzen dutela. Istripu bat izan dutenean, autoa suntsitu edo ibilgailuaren mantentze-lanak egin behardituztenean,haiekordaindubehar duteberaienpoltsikotikgastuhori.

Baina dena ez da CLECE eta Florentinoren errua, ezin dugu ahaztu zerbitzu hau Foru Aldundiak azpikontratatutako zerbitzua dela, zerbitzuaren kalitatearen aurrean irabaziak beti hobetsi izan dituzten enpresei. Horregatik, LABen publikoki salatu nahi dugu sektoreko langile hauek pairatzen ari diren egoera larria, halako enpresak langileen kontura eta diru publikoarekin aberasten diren bitartean. LABen lan baldintza duinen alde eta kalitatezko zerbitzu publiko baten alde borrokatzen jarraituko dugu.

Ongi bizitzeko, langileak trantsizio ekosozialistarantz

Datorren urtarrilaren 30ean, Aldaketaldiaren leloaren baitan larrialdi ekologikoaren aurrean mobilizatzeko egindako deialdiarekin bat egiten dugu eta Euskal Herrian urgentziaz eman beharreko trantsizio ekosozialista eta feministarako indarrak batzera dei egiten dugu. Beraz, langileei antolatutako ekimenetan parte hartzera dei egin nahi diegu.

Duela urtebete Euskal Herriko gehiengo sozial eta sindikalak lan, pentsio eta bizitza duinaren alde ofentsibara jo genuenean bezala zein Zaldibarreko zabortegiaren gertakariarekin argi geratu zen bezala, larrialdi ekologikoaren aurkako borroka gero eta gehiago da eta izango da langileon eskubideen aldeko borrokaren eremu.

Joan den urte berezi honek irakaspen handiak utzi dizkigu. Bizitza ororen gainetik kapital metaketa helburu duen eredu ekonomiko eta sozial jasangaitz eta ekozida honek etorkizun bidegabea ez ezik, bideraezina iragartzen digu munduko langileon gehiengoari.

Azken hilabeteotan gainera, Euskal Herrian bertan ikusi ahal izan dugu Urkullu eta Chiviteren aldaketa klimatikoaren agenda politikoa Europar funtsetan oinarritu eta Petronor, Iberdrola, AHT eta erraustegiak nola markatzen duen. Klima babesteko aitzakiarekin, ekoizpenaren desmaterializazioa eta deslokalizazioa zein gutxi batzuen neurrira egindako trantsizio energetikoan oinarritutako hazkunde berdearen logika dago, euskal langileria pobretu eta zorpetuko duena.

Kapitalismo berde gisa saldu nahi diguten hori faltsukeria baino ez da. Ez dago hazkunde infiniturik finitua den oinarri fisikoan; ezin da ustiaketa eta produkzio eredua eta eragiten duten ondorio ekologikoak bata bestearengandik banandu. Eredua errotik aldatu behar da. Trantsiziorako baldintzak sortzeko, gako izango dira herritar eta langileen aktibazioa eta mobilizazioa, eta bide honetan beste mugarri bat izango da urtarrilaren 30eko egunerako mugimendu ekologistak egindako deia.

LABen langileok borroka honetan jokatzen dugun paper garrantzitsuaz kontziente gara, geure posizioa estrategikoa baita bizitza erdigunean jarriko duen eredu ekonomiko eta sozial baten aldeko borroka eta beraz, beharrezkoa dugu gure konpromisoetan berresteaz gain, urrats argiak proposatu eta garatzen jarraitzea. Bide honetan, datozen hileetan urrats berriak emango ditu LAB sindikatuak, besteren artean egungo suntsiketa eredua gelditu eta bizitza erdigunean jarriko duen eredu ekosozialista eta feministara igarotzeko premiazko neurriak, nola, Euskal Herriaren aztarna ekologikoa murriztu eta bizitza erdigunean jartzeko eraldaketa ekonomiko eta sozialerako gakoak bilduko ditugu.

Langileok urtarrilaren 30eko Aldaketaldian ekosozialismorantz!