2026-07-01
Blog Page 507

Tuterako Reina Sofía ospitaleko aldageletan ez dira gutxieneko baldintzak betetzen

LABek jendaurrean salatu nahi du Ospitaleko aldagelen egoera, ez baitituzte gutxieneko baldintzak betetzen, ez espazioari dagokionez, ez azpiegiturei dagokienez. Hori dela eta, profesionalek, behin baino gehiagotan, komunetara joan behar izaten dute arropaz aldatzeko. Egoera, gutxienez, danteskoa dela esan daiteke.

Tuterako Reina Sofía ospitaleko profesionalek aldageletara sartzen diren bakoitzean bizi duten egoera tamalgarria da: ez dago armairu nahikorik langile guztientzat, eserleku gutxi daude, ez dago espazio nahikorik gutxieneko baldintzetan arropaz aldatzeko… Eta horri guztiari gehitu behar zaio txanda-aldaketak egiten diren orduetan langile asko pilatzen direla. Arazo horren aurrean, Gerentziari okurritu zaion “konponbidea” izan da armairu bikoitzak jartzea. Horrela, lehengo armairuen tamaina erdira murriztu dute, eta, horrekin batera, langileen arteko segurtasun-tartea ere murriztu dute: espazio berean langile kopuru bikoitza sartzea nahi dute.

Bestalde, kartel baten bidez, Gerentziak zenbait gomendio helarazi dizkie langileei korridoreak behar bezala erabiltzeko. Horietako gomendio bat erabat harrigarria da: korridore bakoitzean bost pertsona baino gehiago ez egotea aldi berean. Txanda aldaketak egiten diren orduetan, hori betetzea erabat ezinezkoa da.

Horri guztiari gehitu behar zaio, armairu nahikorik ez dagoenez, langileek batzuetan armairua konpartitu behar izaten dutela. Gaur egungo egoeran, jokabide hori ez da batere gomendagarria, kutsatzeak saihestu nahi baditugu.

Azken batean, egoera normal batean ere gutxieneko baldintzak betetzen ez dituzten aldagelak dira Reina Sofía ospitalekoak. Eta jasaten ari garen salbuespenezko egoera pandemiko batean, zer esanik ez! Arazoa lehenbailehen konpondu beharra dago. Ospitaleko gerentziak konponbide integral bat bilatu beharra du, baina, betiere, langileen osasun baldintzei behar bezalako garrantzia emanez eta baldintza horiek bermatzeko behar diren azpiegiturak jarriz.

Horregatik, idazki honen bidez, LABek jendaurrean salatu nahi ditu Tuterako ospitaleko zuzendaritzak gai hau gainetik kentzeko erabiltzen dituen “adabakiak”. Ezarri dituzten neurriak erdipurdiko konponbideak baino ez dira, osasungarritasuneko eta arriskuen prebentzioko gutxieneko baldintzak ere errespetatzen ez dituztenak. Eta larriagoa dena: profesionalak kutsatze-arrisku egoera handiago batean jartzen dituzte.

Administrazio publikoetako behin-behinekotasunaren iruzurra bideratzeko proposamena aurkeztu dugu Gasteizko Legebiltzarrean

Sindikatuok Gasteizko Legebiltzarreko Erakunde, Gobernantza Publiko eta Segurtasun Batzordean agerraldiak egin ditugu enplegu publikoaren diagnostikoei eta erronkei buruz. LABen Zerbitzu Publikoen Federazioko Gorka Berasategi eta Jon Otegik hartu dute parte agerraldian, eta, enplegu publikoaren eta kontratazioetan ematen diren iruzurren testuingurua azaltzeaz gain, bai Legebiltzarrak zein Eusko Jaurlaritzak dituzten eskumenak baliatuz negoziazio kolektibo zintzo baten bidez arazoa ondo bideratu daitekeela azaldu dugu. Parlamentarien kezkei erantzunez, negoziazio kolektibo ezagatik eta Jaurlaritzaren borondate faltagatik langile guztientzako irtenbide egokia greba eta mobilizazioen bidez borrokatu beharko dela argitu dute ere.

Testuinguruaren laburpen bat egitearren: 50.000 langile baino gehiago behin-behinekotasunean, iruzurra eta abusua eman da; administrazio batzuetan 20 urte baino gehiago lanpostu deialdirik gabe; 20.000 lanpostutik gora Lanpostu Zerrendetatik kanpo, administrazioek lotsagabeki onartuta; lanpostu guztiak ez dira betetzen; lan zamak eta ratioak jasanezinak; inposizioak, negoziazio kolektiboa ukatuta, aurrekontu neoliberalak, lege murriztaileak eta agintarien borondate falta…

LABek proposatzen duena kontsolidazio prozesuak egiteko lege propio bat da, salbuespen egoera bati salbuespeneko neurriekin erantzutearren. Hain zuzen ere, tresna legal ezberdinak barnebilduko dituen lege bat sortzea, gero administrazio bakoitzean bere errealitatea kontuan hartuta negoziazio kolektiboaren bidez erantzuteko. Iruzurrean dauden lanpostuak eta ratioak eta lan zamak behar bezala zainduta, behar direnak azalarazi eta deialdi egokiak egin. Murrizketak atzera bota, aurre-erretiroaren saria berreskuratzea kasu, eta oinarrizko zerbitzu publikoetan egin beharreko inbertsioa handitu eta babestu.

Azken finean, LABen betidanik aldarrikatu izan badugu ere, kalitateko zerbitzu publikoak bermatzeko kalitateko enplegu publikoa ezinbestekoa dela are argiago utzi du pandemiak eta Jaurlaritzaren kudeaketa negargarriak. Estatutik datozen inposizioen aurretik, parlamentuak bere ahalmen legegile osoa erabili eta Jaurlaritzaren norabidea aldarazi ahal eta behar du. Eta hori lortzeko langileok mobilizazioa dugu tresna.

EITB Mediako lan-gatazka kolektiboak Auzitegi Nazionalera bideratuko ditu zuzendaritzak

Zuzendaritzaren eta bere zerbitzu juridikoaren jokabide eta estrategia arduragabearen ondorioz, EITB Mediako lan- gatazka kolektiboak Espainiako Auzitegi Nazionalean epaituko dira aurrerantzean. Eskandalu bat. Erabaki lotsagarria, ulertezina eta arduragabea zentzu guztietan.

Eta, zergatik hartu du erabaki hori? Bada, LABeko ordezkariok gure lan sindikala egin ahal izateko, eta legez hala dagokigulako, bere garaian enpresaren jarduerari buruzko hainbat informazio emateko eskatu genion zuzendaritzari, baina uko egin zioten eta auzitegira jo behar izan genuen.

Prozesu judizial horretan eztabaida ekiditeko, EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak auzi hori aztertzeko eskumenik ez zuela argudiatu zuen Manu Salinero enpresak kontratutako abokatuak, EITB Mediak Madrilen eta Bartzelonan lan- zentroak dituelako eta, beraz, gatazka hori Auzitegi Nazionalean epaitu beharko litzatekeela adieraziz. Epaimahaiak arrazoia eman zion. LAB sindikatuko abokatuak Auzitegi Gorenera jo zuen, baina EITBko abokatuak argudio berari eutsi zion, lan-hitzarmenean jasotako akordioari balioa kenduz, eta Gorenak EAEko Justizia Auzitegi Nagusiaren ebazpena berretsi zuen.

Laburbilduz, gardentasunez jokatu eta ordezkari sindikalen informazio-eskubidea bermatu beharrean, zuzendaritzak eta bere zerbitzu juridikoak nahiago izan dute Euskal Herriko komunikabide publikoaren lan-gatazka kolektiboak Espainiako Auzitegi Nazionalera bideratzea. Zergatik? Zer dute ezkutatzeko? Zeren beldur dira?

Andoni Aldekoak EITB Mediako zuzendari nagusi kargua hartu zuenean esan genuen garai ilunak eta zailak datozkigula, eta erabaki honek gure susmoak berresten ditu.

Edonola ere, azpimarratu nahi dugu EITB Mediako LAB sindikatuak eskura dituen bitarteko guztiak erabiliko dituela enpresak eskatutako informazioa eman diezagun eta langile guztien eskubide guztiak defendatzeko, horretarako aurrerantzean Espainiako Auzitegi Nazionalera jo beharko badugu ere.

KRONOLOGIA:

–  2017ko urtarrilaren 2an: LABek bere ekintza sindikalerako eta EITBren lan eremuaren kudeaketaren ingurukokontrola eraginkortasunez aurrera eramateko, hainbat informazio emateko eskatu zion zuzendaritzari, 37 galdera zehatz eginez.

–  2018ko urtarrilaren 23an: Urtebete geroago enpresak informaziorik emateko asmorik ez duela ikusita, LABek Lan Harremanen Kontseilura jo zuen, ETBko lan-batzordearen izenean. Ez zen akordiorik izan.

–  2017-2018: Bitartean, 2017 urtearen amaieran eta 2018aren hasieran, zuzendaritzak lan-zentro bilakatu zituen Madrileko eta Bartzelonako korrespontsaliak. Aurrez, korrespontsalietako langileak autonomo faltsuak zirela egiaztatuta, Lan Ikuskaritzak langile horiei kontratu mugagabe ez finkoak egiteko agindua eman zion.

–  2018ko apirilaren 10ean: EITBk informazio eskubidea urratzen duela salatu ostean, EAEko Justizia Auzitegi Nagusian epaiketa abiatzen da. Alabaina, enpresaren abokatuak EAEko Auzitegi Nagusiak auzi hori epaitzeko eskumenik ez duela esaten du, EITBk Madrilen eta Bartzelonan lan-zentroak dituela argudiatuta. Epaimahaiak arrazoia ematen dio.

–  2018 urtean zehar: Lan-gatazkak Auzitegi Nazionalera bideratzearen larritasunaz ohartarazi genion enpresari eta irtenbide bat bilatzea proposatu genuen. Auziak Madrilen epaitu behar izatea saihesteko asmoz, Madrileko eta Bartzelonako langileak Bilboko eta Miramongo lan-zentroetara lotuta daudela dioen testu bat lan-hitzarmenean sartzea adostu zuten ETBko langile-batzordeak eta zuzendaritzak.

–  2020an: Bitartean, zuzendaritzak eskatutako informazioa eman gabe jarraitzen zuen eta Auzitegi Gorenera jo genuen. Ezustean, enpresaren abokatuak bere teoriari eusten dio informazio-eskubidearen urraketaren gaiari heldu behar ez izateko: EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak ez duela eskumenik EITBko lan-gatazka kolektiboak epaitzeko. Eta horren harira zuzendaritzak langile-batzordearekin egindako akordioak baliorik ez duela eransten du, auzia lehenagotik zetorrelako.

–  2021ko urtarrilaren 13an: Auzitegi Gorenak LAB sindikatuaren helegitea atzera botatzen du, enpresari arrazoia emanda. Ondorioa: EITB Mediako lan-gatazka kolektiboak Espainiako Auzitegi Nazionalean epaituko dira aurrerantzean.

Beste lan heriotza bat, oraingoan Gasteizen; azken lau egunetan, hiru langile hil dira bihotzekoak jota

Gasteizen, FCC enpresako kale garbiketako langile bat, lanean zegoela, bihotzekoa eman eta bertan hil da. Azken lau egunetan, 3 langile hil dira bihotzekoak jota. Ostiralean, Bilbon, SADER enpresako 57 urteko langilea eta larunbatean, Derion, 52 urteko langilea, Bizkaiko Foru Aldundiko Errekalde zentroan.

Honekin, gutxienez 5 izan dira hildako langileak aurten Euskal Herrian. Eta gainera, Joaquin Beltranek desagertua jarraitzen du, iazko otsailaren 6tik, Zaldibarreko zabortegian.

Lehenik eta behin, LAB sindikatutik, senide eta lankideei gure elkartasuna eta babesa adierazi nahi dizkiegu.

Larritzekoa da istripu hilgarri ez traumatikoen gorakada. Istripu guztien atzean lan eta bizi-baldintza kaxkarrak aurkitzen dira. Istripu ez traumatikoak bilakatu dira laneko istripu hilgarrien lehen arrazoia.

Argi daukagu lan istripuak, traumatiko zein ez traumatikoak, ez direla zoriak edo kasualitateak sortuak. Ematen diren lan harremanen, prekarizazioaren, lan arautegiaren eta azpikontratazioaren emaitza dira.

LAB sindikatutik argi dugu bizi eta lan duinak behar ditugula, lanetik onik eta bizirik bueltatzeko eskubidea dugula; indibiduala, familiarra eta gizarte osoarena den lakra honekin amaitzeko bide bakarra borroka eta antolakuntza direla. Lan harreman eta joko arauen aldaketa batetik etorriko da aldaketa. Eredu berri bat gauzatu behar dugu langileon bizitza eta osasuna lehenetsiko dituena beste guztiaren gainetik.

Nafarroako Gobernuak suhiltzaileak ahaztu ditu

Suhiltzaileon kolektiboa Nafarroan bakarra da Larrialdetako Garraio Sanitarioko lanak (OBE eta BEA) egiten dituena eta txertaketa-protokoloak ezarri ez zaizkiona.

Babes zibileko langileen eta Nafarroako suhiltzaileen batzordearen oharra (LAB, CCOO, ELA eta UGT):

Nafarroako Suhiltzaileak – Nafarroako Babes Zibila Zerbitzuko Langileen Batzordeak gogorarazten die Nafarroako Gobernuari, eta, zehazkiago, Osasun Departamentuari eta Lehendakaritza, Berdintasun, Funtzio Publiko eta Barne Departamentuari suhiltzaileok egunez egun zein eginkizun betetzen dugun: Babes Zibilari eta Larrialdiei Aurre Egiteari buruzko uztailaren 1eko 8/2005 Foru Legean zehazten diren funtzioak, hain zuzen.

Pandemia hau hasi zenetik lehen lerroan aritu gara COVID-19aren aurka, administrazioetako beste langile askorekin batera.

Martxoaren 30eko 54/2020 Foru Aginduak “funtsezko langiletzat” hartzen gaitu, ezin bestela! Baina, antza denez, Nafarroako Gobernuko departamentuen artean ez dago behar adinako komunikaziorik eta, hainbat kontsulta eta kexa egin ondoren, jendaurrean eskatu behar dugu argitu diezaguten noiz jasoko dugun txertoa.

Ikusten ari gara txertatzen ari direla gure lan bera egiten duten beste langile batzuk eta txertatzen ari direla gurekin batera estu-estu suhiltzaile-parkeetan lanean ari diren Osasun Departamentuko langileak. Hortaz, paradoxa bat gertatzen ari da: suhiltzaileon kolektiboa Nafarroan bakarra da Larrialdietako Garraio Sanitarioko (OBE eta BEA) lanak egin eta txertaketa-protokoloak aplikatu ez zaizkiona.

Ez gara inolako pribilegiorik eskatzen ari eta ez gara zalantzan jartzen ari Foru Komunitateko txertaketa-prozesua. Nafarroako Gobernuari gogorarazten ari gatzaizkio ahaztu egin dituela suhiltzaileak eta Gobernuak berak ezarri duena bete behar duela, osasun-garraio urgentea egiten duten langileen txertaketa-estrategiari dagokionez.

Nafarroako Suhiltzaileak zerbitzuko langile gehienok txertoa jarria behar genuen 2. Taldekoekin batera, talde horri atxikitako gainerako langileei bezala; izan ere, gure lanaren zati bat Oinarrizko Bizi Euskarria edo Bizi Euskarri Aurreratua anbulantzietan egiten baitugu. 
Espero dugu hutsegite bat besterik ez izatea eta laster konpontzea.

Langile harresia egin dute Barakaldoko PCB-ITP lantegi aurrean, enpleguaren defentsan

Mobilizazioak deitu dituzte PCB-ITPko langileek, enpresak 87 kaleratze gauzatu baititu gaurko egunarekin. Pikete informatiboak egin dituzte Barakaldoko lantegian goizean goizetik, eta Ertzaintza gogor oldartu zaie, euren enpleguaren defentsa egiteagatik. Herri harresia egin dute PCB-ITPko langileek, kaleratzeen aurrean. Enplegua galtzea gutxi balitz, Ertzaintzaren bortizkeria pairatu behar izan dute.

10:30ak inguruan, goizeko oldarraldiaren ostean, elkarretaratzea egin dute langileek. 11:00etan, berriz, agerraldia iragarrita zegoen, enpresa batzordeak deituta. Kaleratzeen aurrean duten jarrera eta aurreikusitako mobilizazioak iragarri dituzte.

[IRITZIA] “Lan, pentsio eta bizi duinen alde, borrokan jarraitzen dugu”

Urte bat bete da, pentsiodunen mugimenduak proposatu eta Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak deituta, lan, bizitza eta pentsio duinen aldeko Greba Orokorra egin genuenetik. Garbiñe Aranburu idazkari nagusiak eta Igor Arroyo idazkari nagusi ondokoak aliantzen aldeko apustua berretsi dute iritzi artikulu honetan, eraldaketa helburu:

Urte bat bete da, pentsiodunen mugimenduak proposatu eta Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak deituta, lan, bizitza eta pentsio duinaren aldeko Greba Orokorra egin genuenetik. Neurri jakin batekiko erantzuna baino gehiago, aldaketarako agenda baten alde egindako greba izan zen urtarrilaren 30ekoa. Lan eta bizi baldintzen prekarizazio prozesuari muga jarri eta euskal herritar guztioi oinarrizko behar ekonomikoak asetzeko neurriak eskatu genituen.

Greba feministek, pentsiodunen mugimendu nekaezinak nahiz lantokietan areagotzen ari ziren borrokek sortu zuten Greba Orokorrerako testuingurua. Antolakuntza, ahalduntze eta konfluentzia dinamika baten mugarria izan zen; zerbaiten amaiera baino gehiago, zerbaiten jarraipena. Handik gutxira pandemiaren harira ezarritako konfinamenduak Grebaren osteko kudeaketa oztopatu du, zalantzarik gabe. Halere, zailtasunak zailtasun, esan dezakegu Greba Orokorraren ondarea nahiz Greba mugarri zuen aldaketarako prozesu soziala bizi-bizirik dagoela, konfinamenduan zehar sortutako zaintza sareek, osasun sistema publikoaren aldeko mobilizazioek edota lan esparruko borrokek erakusten duten bezala. 

Aldaketa sozialerako prozesu hori are eta beharrezkoagoa dugu. Izan ere, aurretik zetorren krisi sistemikoa azkartu egin du COVID-19aren pandemiak, sindemia gisa izendatzen den lurrikara sozial, ekonomiko eta politikoa eraginez. Gidoi neoliberala errepikatzen ari da: urteetan etekinak pilatu dituzten enpresek langileak kaleratzeari ekin diote; herritar guztiok ordaindu beharko dugun zorpetze publikoaren alde egin dute instituzioek, gehien dutenak gehiago zergapetzeari uko eginez; zerbitzu publikoen pribatizazio eta murrizketa politikari eutsi diote; ez dago inolako asmorik zaintza lanek merezi duten aitortza eta berrantolaketa egiteko; sektore feminizatuen prekaritatea dakarren sexuen araberako lan banaketari eusten zaio. Kapitalaren eta bizitzaren arteko talka areagotzen ari da.

Greba Orokorrak bi norabidetan egin zuen interpelazioa. Alde batetik, Espainiako Gobernu desberdinek egindako murrizketak bertan behera uztea eta Euskal Herrian lan harremanetarako nahiz babes sozialerako esparrua eratzea. Argi genion burujabetzan aurrera egin ezean ez dela egongo euskal langileontzako errotiko hobekuntzarik. Ildo honetan, subiranismoaren erronka honako hau da: aldarrikapen orokorretatik, langile jendearen bizitza hobetuko luketen proposamen zehatzen formulaziora igarotzea, geroz eta sektore gehiago aldaketa sozialerako burujabetza prozesura erakarriz. Ildo honetan ekarpena egiteko asmoz, LABek laster aurkeztuko du Euskal Lan Kodea eta Euskal Gizarte Segurantzaren inguruko proposamen zehatz, sakon eta berritzailea.

Beste alde betetik, egun badituzten eskumenak baliatzea exijitu genien hala gobernuei nola patronalei. Gobernuek entzungor egin dute, aurrekontuen eztabaidan ikusi dugun bezala; Hego Euskal Herriko gobernuak gidatzen dituzten alderdi sistemikoek (EAJ-Geroa Bai, PSE-PSN) ez dute nahi zerga eta aurrekontu politikan sakoneko aldaketarik. Patronalei dagokienez, berriz, Grebaren aldarrikapenetako batzuk gauzatuko lituzkeen Akordio Interprofesionalerako proposamen zehatza eta egingarria luzatu bagenien ere, ezezkoa eman zioten. Aitzitik, sakoneko aldaketarik egin gabe borroka sindikala desaktibatzea izan da Confebasken apustua. Izan ere, aurrera baino atzerapausoak dira patronalek bilatzen dutena, enplegua suntsitu eta lan baldintzak okertuz. Afera da ea sindikatuok gai izango ote garen enplegu duinaren aldeko harresi bat eratzeko, tokian toki nahiz orokorrean. Badugu horretarako aukera. 

Urtarrilaren 30eko grebak mahai gaineratutako aldarrikapenekin batera, eta pandemiak agerian utzitako hutsune larriei erantzunez, zerbitzu publikoen aldeko borrokak hartu du indarra ikasturte honetan, bereziki osasuna ren eta zaintzaren esparruan. Lan, pentsio, bizitza eta zerbitzu publiko duinak. Horiek dira, beraz, epe motzeko agendan ditugun aldarrikapen sozio-sindikalak. Horietan aurrera egiteko, borroka estrategia eraginkorra behar dugu hala lantokietan nola kaleetan. Eta horrekin batera, Euskal Herrian eredu kapitalista, heteropatriarkal eta ekozidarekiko alternatiba estrategikoa eraikitzeko asmoz, trantsiziorako proposamenak egin eta akordio sozialak egituratzen joan beharko dugu, hala nola pentsioen, zaintza sistemaren, enpleguaren edota trantsizio energetikoaren inguruan. 

Bi maila horiek uztartzeko, eredu aldaketaren alde gauden eragile sindikal eta sozialen arteko aliantzak sendotzea eta elkarlan horien artikulazioan sakontzen jarraitzea dagokigu. Greba Orokorreko ondareari jarraipena eman ez ezik, arriskuz eta aukeraz beteriko garai hauetan egin beharko ditugun greba, mobilizazio eta ekimen berriak martxan jartzeko.

Kutxabankeko zuzendaritzaren asmoen kontra mobilizatu gara Bilbon

Kutxabankeko zuzendaritzak langileen lan-baldintzak okertu nahi ditu, bere proposamena onartzen ez badute aurrezkiaren hitzarmen sektoriala ezartzeko mehatxuarekin. Honen aurrean, hau onartu nahi ez duen gehiengo sindikal batekin egin du topo. Hain zuzen ere, Langileak egiten ari diren ahaleginak ez dauka saririk ezta lan-baldintza duinen aitortzerik, eta gainera, Kutxabank-eko zuzendaritzak apirilaren 1etik aurrera Aurrezkiaren Hitzarmen Sektoriala ezartzeko mehatxuari eusten dio. Honen aurrean, sindikatuok elkarretaratzea egin dugu Bilbon, zuzendaritzaren asmoen aurrean.

Sodenako kontrol zorrotza eskatzen dugu, enplegua eta langile klasearen eskubideak bermatuko dituen tresna eraginkor eta gardena izan dadin

Manu Aierdi Olaizolak, Nafarroako Gobernuko Garapen Ekonomikoko kontseilari gisa, dimisioa aurkeztu du, Espainiako Auzitegi Gorenaren autoaren ondorioz; auto horretan, Davalor enpresari aurreko legegintzaldian emandako maileguek ikertutako gisa aipatzen du. Horren guztiaren aitzinean LAB sindikatuak Sodena enpresa publikoaren jardueraz ohartarazi nahi du, postulatu kapitalista neoliberalek gidatzen baitute, Aierdiren eskuetan egon delarik baina baita UPNren garaietan ere. Ildo horretan, LABek Sodena hertsiki kontrolatzea eta bere jarduera birbideratzea eskatzen du, langile klasearen enplegua eta eskubideak bermatuko dituen tresna eraginkor eta gardena izan dadin.

2015 eta 2017 artean Davalorri 2.600.000 euroko diru publikoagatik emandako sei maileguak adibide bat gehiago dira, baina ez bakarra. Konparazio batera, Triman Minerals enpresak 1.600.000 milioi euroko mailegua jaso zuen 2017an, eta gero hartzekodunen konkurtsoan bukatu zuen eta erruduntzat jo zuten. Hau da Sodenaren jarduera orokorra, baita UPNren gobernupean ere, logika neoliberal bati erantzuten diona: diru publikoa lotsarik gabe erabiltzea enpresa-arriskua zero kostuan bere gain hartzeko, gehiengo sozialaren enpleguarekiko eta etorkizunarekiko inolako konpromisorik gabe. Aitzitik, kasu horietako askotan, Sunsundegi bezalako enpresetan etengabe ikusi den bezala, plantillei exijentziak egiten zaizkie eskubide-murrizketa gisa, enpresarientzako ia betebeharrik gabe. Horrela, Sodenako maileguak lortzeko, langileek beti galdu behar izan dute beraien eskubideen parte bat, bai UPNrekin, bai Aierdiren Geroa Bairekin. Hala, enpresariek beti irabazten dute.

Mailegu horien ustezko emakida irregularra baieztatu ala ez, argi dago hori dela gauzen egungo logika; aldatu beharreko errealitate bat bide batez erranda. Sektore publikoak sektore pribatuan esku hartu behar du, enplegua eta etorkizuna bermatzeko. Beraz, ez da onargarria Manu Aierdik (Geroa Bai – EAJ) orain edo UPNk lehen, enpresei dirua ematea eta langileek ordaintzea; eta, aldiz, erreskatatutako enpresek etekinak ematen dituztenean, etekinak ez dira ez langileengana ez gizartearengana itzultzen.

Nafarroan bertze zerbait behar dugu. Alde batetik, gardentasuna, Sodenaren jardueraren kontrol zorrotza eginez. Eta brtzetik, gauzen logika hori aldatzea, aurrera egitea diru publikoaren kudeaketa gure eskubideak bermatzera, lan eta bizitza duinak bermatzera bideratzeko. Enplegua eta aberastasunaren bidezko banaketa bermatzeko tresna eraginkorrak izatea. Bertzela erranda, klientelismoa eta enpresaburuaren aldeko kudeaketa itsua atzean uztea.