2024-12-13
HomeEkintza Politikoa "Lan, pentsio eta bizi duinen alde, borrokan jarraitzen dugu"

[IRITZIA] “Lan, pentsio eta bizi duinen alde, borrokan jarraitzen dugu”

Urte bat bete da, pentsiodunen mugimenduak proposatu eta Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak deituta, lan, bizitza eta pentsio duinen aldeko Greba Orokorra egin genuenetik. Garbiñe Aranburu idazkari nagusiak eta Igor Arroyo idazkari nagusi ondokoak aliantzen aldeko apustua berretsi dute iritzi artikulu honetan, eraldaketa helburu:

Urte bat bete da, pentsiodunen mugimenduak proposatu eta Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak deituta, lan, bizitza eta pentsio duinaren aldeko Greba Orokorra egin genuenetik. Neurri jakin batekiko erantzuna baino gehiago, aldaketarako agenda baten alde egindako greba izan zen urtarrilaren 30ekoa. Lan eta bizi baldintzen prekarizazio prozesuari muga jarri eta euskal herritar guztioi oinarrizko behar ekonomikoak asetzeko neurriak eskatu genituen.

Greba feministek, pentsiodunen mugimendu nekaezinak nahiz lantokietan areagotzen ari ziren borrokek sortu zuten Greba Orokorrerako testuingurua. Antolakuntza, ahalduntze eta konfluentzia dinamika baten mugarria izan zen; zerbaiten amaiera baino gehiago, zerbaiten jarraipena. Handik gutxira pandemiaren harira ezarritako konfinamenduak Grebaren osteko kudeaketa oztopatu du, zalantzarik gabe. Halere, zailtasunak zailtasun, esan dezakegu Greba Orokorraren ondarea nahiz Greba mugarri zuen aldaketarako prozesu soziala bizi-bizirik dagoela, konfinamenduan zehar sortutako zaintza sareek, osasun sistema publikoaren aldeko mobilizazioek edota lan esparruko borrokek erakusten duten bezala. 

Aldaketa sozialerako prozesu hori are eta beharrezkoagoa dugu. Izan ere, aurretik zetorren krisi sistemikoa azkartu egin du COVID-19aren pandemiak, sindemia gisa izendatzen den lurrikara sozial, ekonomiko eta politikoa eraginez. Gidoi neoliberala errepikatzen ari da: urteetan etekinak pilatu dituzten enpresek langileak kaleratzeari ekin diote; herritar guztiok ordaindu beharko dugun zorpetze publikoaren alde egin dute instituzioek, gehien dutenak gehiago zergapetzeari uko eginez; zerbitzu publikoen pribatizazio eta murrizketa politikari eutsi diote; ez dago inolako asmorik zaintza lanek merezi duten aitortza eta berrantolaketa egiteko; sektore feminizatuen prekaritatea dakarren sexuen araberako lan banaketari eusten zaio. Kapitalaren eta bizitzaren arteko talka areagotzen ari da.

Greba Orokorrak bi norabidetan egin zuen interpelazioa. Alde batetik, Espainiako Gobernu desberdinek egindako murrizketak bertan behera uztea eta Euskal Herrian lan harremanetarako nahiz babes sozialerako esparrua eratzea. Argi genion burujabetzan aurrera egin ezean ez dela egongo euskal langileontzako errotiko hobekuntzarik. Ildo honetan, subiranismoaren erronka honako hau da: aldarrikapen orokorretatik, langile jendearen bizitza hobetuko luketen proposamen zehatzen formulaziora igarotzea, geroz eta sektore gehiago aldaketa sozialerako burujabetza prozesura erakarriz. Ildo honetan ekarpena egiteko asmoz, LABek laster aurkeztuko du Euskal Lan Kodea eta Euskal Gizarte Segurantzaren inguruko proposamen zehatz, sakon eta berritzailea.

Beste alde betetik, egun badituzten eskumenak baliatzea exijitu genien hala gobernuei nola patronalei. Gobernuek entzungor egin dute, aurrekontuen eztabaidan ikusi dugun bezala; Hego Euskal Herriko gobernuak gidatzen dituzten alderdi sistemikoek (EAJ-Geroa Bai, PSE-PSN) ez dute nahi zerga eta aurrekontu politikan sakoneko aldaketarik. Patronalei dagokienez, berriz, Grebaren aldarrikapenetako batzuk gauzatuko lituzkeen Akordio Interprofesionalerako proposamen zehatza eta egingarria luzatu bagenien ere, ezezkoa eman zioten. Aitzitik, sakoneko aldaketarik egin gabe borroka sindikala desaktibatzea izan da Confebasken apustua. Izan ere, aurrera baino atzerapausoak dira patronalek bilatzen dutena, enplegua suntsitu eta lan baldintzak okertuz. Afera da ea sindikatuok gai izango ote garen enplegu duinaren aldeko harresi bat eratzeko, tokian toki nahiz orokorrean. Badugu horretarako aukera. 

Urtarrilaren 30eko grebak mahai gaineratutako aldarrikapenekin batera, eta pandemiak agerian utzitako hutsune larriei erantzunez, zerbitzu publikoen aldeko borrokak hartu du indarra ikasturte honetan, bereziki osasuna ren eta zaintzaren esparruan. Lan, pentsio, bizitza eta zerbitzu publiko duinak. Horiek dira, beraz, epe motzeko agendan ditugun aldarrikapen sozio-sindikalak. Horietan aurrera egiteko, borroka estrategia eraginkorra behar dugu hala lantokietan nola kaleetan. Eta horrekin batera, Euskal Herrian eredu kapitalista, heteropatriarkal eta ekozidarekiko alternatiba estrategikoa eraikitzeko asmoz, trantsiziorako proposamenak egin eta akordio sozialak egituratzen joan beharko dugu, hala nola pentsioen, zaintza sistemaren, enpleguaren edota trantsizio energetikoaren inguruan. 

Bi maila horiek uztartzeko, eredu aldaketaren alde gauden eragile sindikal eta sozialen arteko aliantzak sendotzea eta elkarlan horien artikulazioan sakontzen jarraitzea dagokigu. Greba Orokorreko ondareari jarraipena eman ez ezik, arriskuz eta aukeraz beteriko garai hauetan egin beharko ditugun greba, mobilizazio eta ekimen berriak martxan jartzeko.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

1.500 ordezkari inguru mobilizatu ditugu Bilbon, zaintza, enplegua eta aberastasuna banatzeko neurriak exijitzeko

Gutxieneko soldata "hemen eta orain" ezartzeko deia egin du Garbiñe Aranburu koordinatzaile orokorrak, horretarako "baldintza berriak" sortu direla nabarmenduz.

Aurrerapenak badituzte ere, Arabakoak ez dira zaintzako langileek behar dituzten aurrekontuak

Zaintzako sektore pribatizatuetako langileok langile publikoak gara. Guztiz beharrezkoa den zerbitzu publiko bat bermatzen dugu. EAJk duela hamarkadak erabaki zuen lan hauei erantzungo zion eredua hiru zutabe izango zituela: merkantilizazioa, pribatizazioa eta prekaritatea.

Zornotzako Salvesen Logisticako langileak zoriondu nahi ditugu euren lan-baldintzak hobetzen dituen enpresa-ituna lortzeagatik

Langileek kontzentrazioak eta grebak egin dituzte, eta saltoki handien hitzarmen estataleko hainbat atal nabarmen hobetzen dituen enpresa-ituna lortu dute.