2026-04-12
Blog Page 497

Gipuzkoako hainbat herritan mobilizatu gara, helduen egoitzetako langileen eta egoiliarren eskubideen defentsan

Donostian, Irunen, Ordizian, Tolosan, Arrasaten, Oreretan, Bergaran, Zumarragan, Zarautzen, Lasarten… hainbat herritako udaletxe aurrean egin ditugu elkarretaratzeak, Gipuzkoako helduen egoitzetan egindako gaurko greba egunaren harira. Bihar berririo mobilizatu gara, deitutako bigarren greba eguna dela-eta. Kasu honetan, hitzordu nagusia Donostian, 11:00etan, egingo dugun manifestazioa izango da. Gipuzkoa plazatk irtengo da protesta.

LAB sindikatutik askotan aldarrikatu dugu, bizi dugun muturreko momentu honi aurre egiteko, bi lehentasun daudela sektorean: herrialdeko hitzarmena eta langileen kopurua zehazten duten katalogoa egungo egoerara egokitzea. Lehentasun horietaz aparte, porrot egin duen sistema goitik behera aldatu beharra dagoela argi dugu. Aski da enpresek diru publikorekin negozio egitea. Pribatizazioan oinarritutako sistema honek langileek bizi dugun prekarietatean areagotzen du eta modu zuzenean eragiten du egoiliarrek jasotzen duten arretan. Bitartean, Gipuzkoako Foru Aldundia non dago? Zer egiten ari da helduen egoitzetan egoera bortitz hau aldatzeko? Galdera hauek berriro luzatuko ditugu bihar, Donostiako manifestazioan.

Osakidetzan negoziazioa nahitaezkoa dela aldarrikatu dugu

LAB sindikatuko ordezkariak Gasteizko Parlamentuan egon dira gaur. Agerraldia egin dute Osasun Batzordean sindikatuak egiten duen Osakidetzaren gaurko egunaren egoeraren diagnostikoa egin eta mahai gainean ipintzeko zeintzuk diren Osakidetzako zuzendaritzak lehentasunez konpondu behar dituen arazoak. 

LAB sindikatuko ordezkariek argi utzi dute azken urteotan negoziazio kolektiboaren oinarrizko eskubidea urratu egiten duela enteko zuzendaritzak, eta gaur bizi dugun egoera kezkagarriari irtenbideak ematea negoziaziotik pasa behar dela. Inoiz baino beharrezkoaga da benetako mahai negoziatzaile baten inguruan aritzea, eta inposaketa, informazio eta gardentasun falta eta gezurretan oinarritutako propandaren aroari amaiera eman behar zaio.

Adierazi dugu pandemiak azaleratu egin duela EAJk urteetan eta hamakadetan aplikatu duten politika neoliberalaren eragina: sistemaren ahuldadea, behin behinekotasunean oinarritutakoa; Lehen Arretan eman den inbertsioen murrizketak eta etengabeko ahultze politika… Osakidetzak gainezka egin arte: interbetzio kirurgikoak etenda, anbulategietan aurrez-aurreko arreta bertan behera, EAGen itxierak eta abar luze bat.

Osakidetzako langileek oso baldintza txarretan egin diote aurre pandemiari eta Osakidetzako Zuzendaritzak orain arte ez du inongo autokritikarik egin, ez inongo ardurarik bere gain hartu, ezta ere langileekiko gutxienezko enpatia adierazi ere.

Osakidetzan heldu beharreko gaien artean, honakoak ipini ditugu mahai gainean: kontratazioa, berdintasuna, euskararen egoera, lan-baldintzen akordio berri baten beharra, pribatizazioarekin amaitzeko konpromisoa eta preso politiko gaixoen egoera eta Osakidetzaren ardura gai honetan.

Garbiketa zerbitzuan kaleratutako 25 langileak berronartzeko mobilizazioa egin dugu Bizkaiko Foru Aldundiaren aurrean

Bostek lanpostua berreskuratu dute honezkero, eta falta direnengatik mobilizatzen jarraituko du LABek. Kaleratutako langile gehienak Covid-agatiko errefortzu lanak egiten ari ziren, eta kontratuak egun batetik bestera amaitu zaizkie.

Azaroaren 16an, gutxienez 25 langile kaleratu izan ziren Bizkaiko Foru Aldundiaren menpeko garbiketa zerbitzuan. Aurrekaririk gabeko kaleratze kolektiboa administrazio honen menpeko garbiketa-kontratan. Gauetik goizera, eta inolako arrazoirik gabe, Gizarte Segurantzan baja eman zitzaien, zerbitzua Garbialditik Optima enpresak esleitzera pasa zeneko unea aprobetxatuz.

Hori dela eta, azaroaren erdialdetik haien lanpostuen defentsan astero mobilizatzen ari gara. Ez da alferrik izan. Badakigu 5 langile Garbialdikoak diren zentroetan kokatu dituztela; baina oraindik dozena bat langile baino gehiago daude irtenbide baten zain.

Langile horietako gehienek Covid-19agatiko errefortzu-kontratuak zituzten, eta desinfekzio-lanak egin behar zituzten langileen joan-etorri handieneko eremuetan edo jendearentzat zabalik dauden espazioetan. Aldundiak baieztatu zuen desinfekzio-beharrak berdinak direla oraindik ere, beraz, zergatik ez ziren subrogatuak izan?

Enpresa esleipendun berriak, Optimak, langile horien kontratazioan irregulartasunak egin izanaren erantzukizuna Garbialdiri egotzi dio, baina haien kontratuak erregularizatu eta egindako akatsak konpondu beharrean, kaleratzeko bide erraza aukeratu dute. Garbialdik, berriz, beste alde batera begiratu du.

Bizkaiko Foru Aldundiak, bien bitartean, egoeraren ardura bere gain hartu gabe jarraitzen du: enpresa esleipendunarekin aztertu beharreko gaiak direla argudiatuz.

LABek enpresa pribatuak erantzule egiten ditu, bai, baina baita Aldundia bera ere, kanporatze-politikagatik egiten baitira horrelako ekintza odoltsuak. Garbiketa-zerbitzua azpikontratatzeak eta eskaintzailerik onenaren esku uzteak, zerbitzu horren prestazioaren gaineko inolako zaintzarik eta kontrolik gabe, tamaina honetako bidegabekeriak dakartza ondorio gisa. Aldundiak kaleratze bakoitzaren erantzukizuna beren gain hartu behar luke. Ez dugu zurituko kaleratzearen kalte-ordainak diru publikoarekin finantzatzea.

LABek kaltetutako langile guztiak berriro hartzea eskatzen du, eta beren enpleguei bide juridikotik eusteko borroka egingo dugula iragartzen dugu, baina baita kaleetan ere. Mobilizatzen jarraituko dugu, orain eta astero, azken langilea berriro onartua izan arte.

Ez dugu onartzen Cofely enpresak aurkeztu duen Enplegua Erregulatzeko Espedientea, Nafarroan 13 langile utziko baititu kalean

Cofely enpresak Nafarroan dituen langileak mobilizatzen hasi dira gaur -lantokiaren ondoan eginiko elkarretaratze batekin– EEE enplegua erregulatzeko espedienteagatik protesta egiteko. Espediente horrek langabezian utziko ditu Nafarroan 16 langiletik 13. Azken hiru urteotan 660,42 milioi eurotik gorako diru-sarrerak izan dituen talde bateko kidea da Cofely. Eta, hala ere, EEE bati ekin dio, 583 langileren kontratuak iraungiko dituena, horietatik 13 Nafarroan.

Cofelyk EEE bat iragarri zuen joan den azaroaren 24an, denetara 583 langile kaleratzeko. Horietatik 13 Nafarroako Departamentuan eginen ditu, hemengo ia langile guztiak, 16 langile baititu. Cofelyk EEE iragarri du azken hiru urteotan taldeko enpresek 660,42 milioi eurotik gorako diru-sarrerak izan dituzten arren, eta erran du irabaziak ez direla haiek espero zituztenak, nahiz eta joerak kontrakoa dioen. Hau da, berriz ere argi gelditzen da kapitalak are gehiago irabazi nahi duela langileak sakrifikatzearen truke.

LAB sindikatuak uste du Cofely diru publikoaz eta I+G+Brako jasotzen dituen laguntzez baliatzen den multinazionala dela, bezeroekiko kontratuak aldebakartasunez deuseztatzea erabaki duela eta aukera bakarra langileak kaleratzea dela sinetsarazi nahi duela. Baina Nafarroan soberako marjina duen enpresa da, Zangozako paperontzia, Sneider, Volswagen… bezalako enpresetarako lan egiten baitu. Eta Nafarroan mozkinak dituen enpresa honek 13 familia kinka larrian uztea erabaki du.

LABek, langileekin batera, egoera hori guztia salatu nahi du eta mobilizazio batzuk eginen ditu enpresari exijitzeko EEE bertan behera utz dezan eta bidea ireki dezan langileekin batera konponbide bat bilatzeko, enplegu guztiei euste aldera.

Donostian, Bilbon eta Gasteizen mobilizatuko gara abenduaren 13an, aurrekontu sozial, parte hartzaile eta burujabeak eskatzeko

Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartako eragileok deituta, manifestazioak egingo ditugu EAEko hiriburuetan. Hain zuzen ere, Gasteizko Gobernuak abenduaren 17an Parlamentura bidaliko du aurrekontu proiektua, eta, orain arte entzun ditugun adierazpenen arabera, ez da inongo borondaterik antzematen neurri sozialak bermatzeko aurrekontuetan dotazioak handitzeko.

Hauxe da Kartaren prentsa oharra, gaurko agerraldiaren harira:

Osasun krisiak lehendik zetorren sistemak ez duela funtzionatzen argi eta argi utzi du, estrukturala eta askotarikoa zen krisiak azeleratuz/bizkortuz: zaintza krisia, lan harremanen krisia, garapen ereduaren krisia, babes sozialaren krisia… Horregatik, normalitate berria aldarrikatzen dugu, herritar guztion eskubideak bermatuko dituen eredu berri bat.

Gobernuek osasun krisiari erantzuteko hartzen ari diren neurrien oinarrian, funtzionatzen ez duen sistemaren esentzia dago. Beraz, aurretik genituen gabeziak konpondu ez eta errepikatuko dira, larrialdi testuinguru honetan herritarrak babes gabe utziz.

Bihar, abenduaren 10a, Giza eskubideen nazioarteko eguna izango da eta ESKUBIDE GUZTIAK GUZTIONTZAT aldarrikatu nahi ditugu Euskal Herriko eskubide sozialen Kartatik. Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsala eskuetan, EAE eta Nafarroako gobernuei hala nola Espainia zein Frantziakoari bi galdera zehatz egingo dizkiogu:

• bat, uste duzue Giza Eskubideen Nazioarteko Aldarrikapenean jasotakoa betetzen ari zaretela sustatzen dituzuen politika publikoen bidez?

• Bi, zer egingo duzue Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsalean jasotakoa betetzeko?

Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartaren konpromisoa da Giza Eskubieen Aldarrikapen Unibertsalean zein Kartan bertan jasotako eskubide zein askatasunak modu eraginkorrean garatzeko lan egitea, proposamenak eginez eta mobilizatuz, guztiontzat eskubide guztiak bermatuko dituen eredu berria eraiki arte.

Herritarron bizitza eta beharrak erdigunean jartzen dituen lehentasunezko 7 aldarrikapen mahai gaineratu ditugu (eranskina). Gure ustez, urgentea da EAE zein Nafarroako aurrekontuek lehentasuna hauek bermatzeko diru partida zehatzak, prozesuak edota errekurtsoak aurreikustea.

Nafarroan mobilizatu gara, onartuko den aurrekontuak ez dituelako jasotzen Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak aldaketa sozialaren norabidean egindako aldarrikapenak. Egoeraren larritasunari erantzuteko urrats sozialik ez, eta ezta urrats horiek ematea ahalbideratuko lukeen erreforma fiskalik ere ez.

EAE-ko Gobernuak abenduaren 17an Parlamentura bidaliko du aurrekontu proiektua eta izango dugu balorazio zehatzak egiteko tartea. Orain arte entzun ditugun adierazpenen arabera, ordea, ez dugu inongo borondaterik atzematen neurri sozialak bermatzeko aurrekontuetan dotazioak handitzeko. Aldiz, iragartzen dutena da, oraindik zehaztuta ez badago ere, 2021eko aurrekontuak 2020koaren oso antzekoak izango direla. Hau da aurrekontu kontinuistak izango direla, ezer gertatu ez balitz bezala. Gure ustez, eta zoritxarrez, aurrekontu hauek ez diote erantzungo herritarrontzat lehentasunezkoak diren beharrei: ez dituzte zerbitzu publikoak garatuko, ez dute babes soziala indartuko, ez dute kalitatezko enplegua bermatuko eta ez dute zaintza sistema publiko baterako urratsik emango.

Bidegurutze baten aurrean gaude. Elite politiko eta patronalaren artean erabakitzen ari dira datozen urteetako aurrekontu eta zerga politiken norabidea. Eta garbi dago egin duten hautua. Etekinak dituzten enpresek zerga gehiago ordaintzeko tarte handia dago, aberastasun hori jendartearen zerbitzura jarriz; borondate politikoa da falta dena.

Beraz, mobilizatzea eta aldaketa sozialaren alde dagoen herritarrei eskaintza zabalak egitea dagokigula uste dugu. Gaurkoan, mobilizatzeko zita hirukoitza egin nahi diogu euskal jendarteari: abenduaren 13an Donostia, Bilbo eta Gasteizen manifestazioak antolatu ditugu aurrekontu sozial, parte hartzaile eta burujabeak eskatzeko.

Abenduak 13an, eguerdiko 12:00tan, manifestazioak antolatu ditugu Donostia, Bilbo eta Gasteizen

• Donostia: Alderdi Ederretik
• Bilbo: Eusko Jaurlaritzatik
• Gasteiz: Andre Mari Zuriaren plazatik

  

ITP Aero Casting-eko enpresa batzordeak mobilizaziora deitu du enpleguaren defensan

Bi martxa antolatuko ditu abenduaren 12 eta 19an; Barakaldotik Sestaora eta Sestaotik Barakaldora, hurrenez hurren. “Ezin dugu onartu Ezkerraldean enplegua suntsitzen jarraitzea. Ezin dugu onartu eskualde honetako gazteek beren lan-bizitza eskualde honetan garatu ezin izatea. Ezin dugu onartu 75 emakumeren lanpostua arrisku larrian egotea, sektore hau baita langabeziak eta pobreziak gehien zigortzen dutena. Ezin dugu onartu gure adinekoek seme-alabak eta bilobak zaintzen jarraitu behar izatea soldata txikiak dituztelako edo langabezian eta miserian daudelako”, salatu dute hedabideen aurrean.

Hauxe da agerraldian irakurri duten ohar osoa:

Iraganean birmoldaketa eta itxierengatik zigortua, Ezkerraldeak gatazka berri bat bizi du bere industrian. Aurreko hamarkadetan ere, babesgabetasun handiko enplegu birmoldaketak arautu ziren, eta horrek gogor jo zuen gure eskualdea. ACBk edo La Navalek plantillak murriztu edo itxi egin zituzten 2008ko krisiaren ondorioz, eta gaur egun oraindik ere,orbainak ikusten ditugu gure gizartean eta gure geografian. Gainera, enpresa handi horiei ez ezik, enpresa eta lantegi laguntzaile ugariri ere eragin diete. Euskal herriko eragile ekonomiko izan zen eskualde honetan,industria,pixkanaka pixkanaka nola desegiten joan den ikusi dugu,zerbitzuen azpiegituren truke. Eta honek,lan prekarietatea eta pobrezia baiño ez dizkigu ekarri.

Laurogeiko hamarkadako amaieratik,gaur egunera, sektore bat saiatu da euskal kultura siderometalurgikoaren lekukoa hartzen, eta indartsu hasi da lekuko hori berreskuratzen Ezkerraldean eta Bizkaian oro har, aberastasuna eta lanpostuak sortu nahi dituen sektore hau sektore aeronautikoa da.

Aeronautikaren sektorean inbertsio publiko eta pribatu oso garrantzitsuak egin direla gogoratu behar dugu.Sektore honetako langileak espezializazio eta prestakuntza-ekarpen handiko langileak gara, eta honen emaitza enpresa eraginkor eta lehiakorrak direla ezin dugu ahaztu.

Gaur egun sektore guztietan pairatzen ari garen pandemia dela eta, ezin gara adoregabekerian erori.Badakigu,mundo osoko osasun langile eta zientzialariak ahalegin handiak egiten ari direla eta honek denbora laburrean beste egoera bat planteatzeko aukera ematen digula. Aeronautika sektorearen aurreikuspenen arabera, 2022rako susperraldi argia aurreikusten da, hegaldi-orduak eta airelineek egingo dituzten bidaiak handituz. Beraz, ez dugu ulertzen enpresak egiturazko erabakiak hartzea, bere aurreikuspenek epe laburrean berreskuratzeari buruz hitz egiten dutenean. Sektorea bera egoera koiuntural bati buruz hitz egiten ari bada,argi dugu,negoziazioaren bidez egoeraren araberako neurriekin egin behar zaiola aurre eta ez neurri estrukturalen bidez.

Urtero etekin handiak izaten dituen taldea da ITP. 2019. urteari dagokionez, 983 milioi euroko diru- sarrerak izan zituen, eta 105 milioi eurokoak, berriz, Ebitekoak.Taldeko langileon izerdiari esker lortu da onura guzti hori. Hala ere, COVID-19ren krisiaz baliatuz, langileok ondorioak ordaintzea nahi dute. Hau da, aurreko urteetan sortutako aberastasun guztia langileon zerbitzura jarri beharrean eta enplegua bermatuko duten irtenbide koiunturalak bilatu beharrean, 136 familia langabeziara kondenatzearen aldeko apustua egiten dute.

Sestaoko eta Barakaldoko ITP plantak dira une honetan Ezkerraldeko industria-enpresarik garrantzitsuenak, balio erantsi handiko enpresak gainera. Lantegi eredugarri eta estrategikoak dira, ITP Aero taldearen barruan funtzezko har daitezkeenak; beraz, ez du inolako zentzurik konpaniako zuzendaritzak planteatzen dituen doikuntzak eta kaleratze kolektiboak.

Ondorioz,dagoeneko kaltetuta dagoen ezkerraldeko industria ehuna gehiago ez suntsitzeko,Barakaldo eta sestaoko udalei,Bizkaiko foru aldundiari eta eusko jaurlaritzari,beharrezkoak diren neurriak hartzeko eskatzen diegu.Egoera larri honen aurrean,erakundeek jarrera argia eta konpromisua izan behar dutela uste dugu .Argi daukagu hitzetatik ekintzetara pasatzeko unea dela, eta ITP taldeari langileekin adoztutako irtenbide bat exigitu behar diétela. Ezin da onartu kaleratze bakar bat ere Sestaoko eta Barakaldoko lantegietan.

Ezin dugu onartu Ezkerraldean enplegua suntsitzen jarraitzea. Ezin dugu onartu eskualde honetako gazteek beren lan-bizitza eskualde honetan garatu ezin izatea. Ezin dugu onartu 75 emakumeren lanpostua arrisku larrian egotea, sektore hau baita langabeziak eta pobreziak gehien zigortzen dutena. Ezin dugu onartu gure adinekoek seme-alabak eta bilobak zaintzen jarraitu behar izatea soldata txikiak dituztelako edo langabezian eta miserian daudelako.

Horregatik, Ezkerraldeko gizarte-mugimendu, gazte-mugimendu eta herritar guztiei ITP Aero casting enpresako lanpostuen defentsan abian jarriko ditugun mobilizazioetan parte hartzeko deialdia egin nahi dizuegu. Guztion babesa behar dugu, Ezkerraldean duintasunez bizitzeko eta lan egiteko eskubidearen aurkako harrapaketa berri hau geldiarazteko.

Bukatzeko, mobilizazioen egutegiaren barruan, bereziki azpimarratu nahi ditugun bi martxan berri eman nahi dizuegu:

MOBILIZAZIOAK

ABENDUAK 12 (LARUNBATA): MARTXA BARAKALDOKO HERRIKO

PLAZATIK 11:30etan, SESTAOKO KASKO PLAZARA 12:45etan inguru.

ABENDUAK 19 (LARUNBATA): MARTXA SESTAOKO KASKO PLAZATIK 11:30etan, BARAKALDOKO HERRIKO PLAZARA 12:45etan inguru.

Odolusteak ez du etenik

Indusaleko langile bat hil da abenduaren 7an, Muskizgo Petronor findegian. Lanera sartzera zihoala bihotzekoak eman, eta bertan zendu da. Honekin, gutxienez 65 langile hil dira Euskal Herrian urtea hasi denetik eta Joaquin Beltranek desagertua jarraitzen du Zaldibarreko Zabortegian duela 10 hilabetetik.

Lehenik eta behin, LAB sindikatutik, hildakoaren senide eta lankideei gure elkartasuna eta babesa helarazi nahi dizkiegu. Istripu ez traumatikoak ere lan istripuak dira. Ez dira kasualitatez izaten lan orduetan, eta ez dira zorte txarraren ondorio, enpresariek esaten duten bezala. Jakina da lan baldintza txarrak, presioak eta estresa direla bihotzeko istripuak sortzen dituzten faktore nagusienetakoak.

Gainera, dagoeneko istripu ez traumatikoak, bihotzeko eta iktusak, bilakatu dira heriotz eragin duten lan istripuen lehenbiziko gauzatzaileak. 2020 urtean hildakoen langileen %25a istripu ez traumatikoetan hil da.

Lan istripu guztien atzetik lan baldintza eta lanaren ezaugarriak daude, azpikontratazioa, erritmo azkarrak, presioa, autoritarismoa… Gaixotasunak sortu eta batzutan langileak heriotzara eramaten dituztenak.

Argi daukagu lan istripuak, traumatiko, ez traumatiko eta joan etorrikoak, ez direla zoriak edo kasualitateak sortuta, ematen diren lan harremanen, prekarietatea, lan arautegia eta azpikontratazioaren emaitza baizik.

LABen argi dugu, bizi eta enplegu duinak behar ditugu, lanetik onik eta bizirik bueltatzeko eskubidea dugu. Hau edo beste edozein lan-istripu ez dira gertakari isolatuak, langile-klasearen osasun eta bizitzaren aurretik ekonomia jartzen duen eredu produktiboaren isla dira.

Laneko heriotzekin bukatzeko bide bakarra borrokan eta antolakuntza dira. Lan harremanen eta joku arauen aldaketa batetik etorriko da aldaketa. Norabide-aldaketa behar dugu. Eredu berri bat, langileon bizitza eta osasuna lehenetsiko dituena. Horregatik, LABetik dei egiten diegu langileei lan-baldintza duinen aldeko borrokara.

Arabako Aisialdi Hezitzaileko eta Animazio Soziokulturaleko bigarren hitzarmena sinatu dugu, hainbat hobekuntzekin

2018an amaitu egin zen lehengo hitzarmenaren iraunaldia eta 2019an hasi zen Arabako Aisialdiko Bigarren Hitzarmenaren negoziaketa. Eta 2020ko abenduaren 4an sinatu egin da hitzarmen berria.

Urtebeteko negoziaketa luze baten ostean, 2020ko martxoan hitzarmena sinatzear zegoela, COVID-19aren pandemia iritsi eta negoziaketa guztia gelditu egin zen. Pandemian zehar sektore honetako enpresetan egoera desberdinak bizi izan dira (Telelana, beste batzuk lanean jarraitu dute, zerbitzuen suspentsioa etab…), beti ere ziurgabetasun giro batean murgilduta; Kurtso honetan mantentzen den giroa, non ziurgabetasuna prekarietatean sakontzeko erabiltzen ari den.

Uztailean, hitzarmenaren negoziaketa berrasteko deia egin genuen LAB, ELA, CCOO eta UGT sindikatuok, adostutako guztia ixteko helburuarekin. Baina, bilera horretara patronalak ekarri zuen proposamen bakarra 2020rako adostutako soldata eta osagarrien igoerak, jardunaldi murrizketak eta kategoria aldaketetan izozketa egitea zen, eta urte horretarako adostutako hobekuntzak guztiak 2021ra pasatzea. Egoera horretan beste proposamen bat helarazi zitzaion patronalari, baina uztailean patronalak negoziaketak bertan behera uztea erabaki zuen.

Irailean, negoziaketak hasi ziren berriro, eta, negoziaketa gorabeheratsu baten ostean, hitzarmena azaroaren 23an sektoreko sindikatuak diren LAB, ELA, CCOO eta UGTek Arabako Aisialdi Hezitzaileko eta Animazio Soziokulturaleko bigarren hitzarmena sinatu dugu.

Hitzarmen honen iraunaldia 2022ko abendura arte izango da. Helburu nagusienetako bat zen aurreko hitzarmenean hutsune izandako kategorien egitura osatzea, eta lortu da, nahiz eta bere aplikazioa graduala izango den. Horrekin batera, soldata eta osagarrien igoera egongo da hurrengo urteetan, opor egunak ere luzatu dira, jardunaldi jaitsiera egongo da gaur egungo 1670 orduetatik 1650orduetara, eta ez ordaindutako baimena 20 egunetatik 24 egunetara handitu egin da, beste hobekuntza sozio-laboral batzuen artean.

Sindikatuoi eta langileoi Haurreskolak Partzuergoan greba dinamikarekin hastea baino ez zaigu geratzen

LAB, STEILAS eta ELA sindikatuon ohar bateratua:

Haurreskolak Partzuergoko gerenteak grebaren atarian, mahai negoziatzailearen bilera deialdia egin zigun atzorako, berriro ere berari interesatzen zitzaion gai ordenarekin, alde sozialaren eskaerei muzin eginez eta langileak sindikatuen kontra jartzeko jokoan sartuz.

Deiari kasu eginez, sindikatuok bertaratu egin ginen eta urtarriletik ikusi duguna topatu genuen, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza saileko ordezkaririk ez zen agertu, eta Haurreskolak partzuergoko gerentea den Zorione Etxezarragak honako hauek mahaigaineratu zituen:

–  Araututa dagoen mahai negoziatzailearen dinamika ezarri nahi du.

–  2020/2021 ikasturterako ordezkapenen inguruko proposamena ekarri zuen, lehenengo egunetik ezbetetzeko eta ordezkoen araudia ez errespetatzeko, hau da, akordioak ez betetzeko proposamena.

–  Kudeaketa arloko langileen egoera azaldu zigun.

LAB, STEILAS eta ELA sindikatuok Haurreskolak Partzuergoan indarrean dugun Lan Hitzarmena eta akordioak ez direla betetzen ari gogorarazi genion, Legebiltzarrean berak onartu zuen bezala, duen aurrekontua ez omen zaiolako heltzen. Ondorioz, hezitzaile eta kudeaketako langileen lan baldintzak okertu eta zerbitzuaren kalitatea kolokan jartzen ari dira, baita Hezkuntza saila ere.

– Akordioetatik abiatuko den lan-hitzarmen berriaren negoziazioa abiatzea eskatu genion, irakaskuntzako kolektibo guztietan hezkuntza saila egiten ari den bezala.

– Halaber, Irakaskuntza publikoan Osakidetzak egiten duen Covid 19arengatik norbera babesteko ekipamenduen horniketan ere Haurreskolak Partzuergoa sartzea.

LAB, STEILAS eta ELA sindikatuok Haurreskolak Partzuergoaren aurrekontua handitzea ezinbestekoa dela azpimarratu dugu. Baina berak horretan ez zuela eskumenik errepikatu zigun; beraz, Bildarratzek du giltza gatazka honetan. Ondorioz, Hezkuntza Sailburua eta Haurreskolak Partzuergoko lehendakaria den heinean dagokion erantzukizuna bete dezala exijitzen dugu.

0-3 hezkuntza-zikloaren garrantziaren aitortza aldarrikatzeaz gain, jaiotzatik hezkuntza-eskubidea aldarrikatzen dugu, eta, horregatik, Haurreskolak Partzuergoaren erabateko doakotasuna eta sarbide unibertsala bermatzea eskatzen dugu, baita Haurreskolak Partzuergoa Hezkuntza Sailean integratzea ere.

Egoeraren larritasuna eta Hezkuntza sailaren utzikeria kontuan hartuta, abenduaren 10 eta 16rako deitu ditugun greba deialdiekin bat egitea besterik ez zaigu geratzen Haurreskolak Partzuergoko langileoi, eta familia eta udalei zerbitzu publiko honen garapenerako aldarrikapenekin bat egitera animatzen ditugu.

Abenduaren 10ean hainbat herritan, Bilbo eta Donostiako Eusko Jaurlaritzako delegaritzen aurrean eta Gasteizko plaza berrian, goizeko 11:00etan burutuko diren kontzentrazioetan parte hartzera animatzen ditugu.