2026-10-02
HomeFederazioakZerbitzu PribatuakRiders por Derechos plataformarekin elkarlanean, baliabide guztiak jarriko ditugu sektoreko langileen lan...

Riders por Derechos plataformarekin elkarlanean, baliabide guztiak jarriko ditugu sektoreko langileen lan eta bizi baldintzak hobetzeko

Autonomo faltsuak, ziurgabetasuna, epaiketak, sententziak, Riderren legea…  Sektorean mugimendu garrantzitsuak ematen ari diren eta emango diren garai hauetan, langileon antolakuntzaren beharra aldarrikatu nahi dugu. Aurreikusten dugu abuztuan kontratuak erregularizatuko direla eta ostean, kaleratzeak zein jardunaldien murrizketak eman ahal direla. Bakarrik antolakuntza eta borrokaz hobetuko ditugu gure lan baldintzak. Bada garaia gure egoera erregulatzeko, gure lan baldintza espezifikoak lan araudian barnebiltzeko. Urgentziazkoa da. Izan ere, bitartean egoera oso prekarioan jarraitzen dugu.

Borroka kolektiboaren ondorioz jada garaipen txikiak lortu ditugu gure soldatapeko langileen izaera frogatzen duten sententziekin. Sententzia hauek hainbat ondorio dituzte jadanik: autonomoen kuoten itzulpenak, lan izaeraren aitortza, berronartzeak… Sententzien erabakiak aplikatzeko beharrezkoa da hainbat mugimendu egitea eta horri erantzuten diote LAB sindikatutik sortutako eman beharreko pausuen azalpen bideoa edo Bizilan plataforman irekitako sarrera. Riders por Derechos Plataformatik eta LAB sindikatutik dei egiten dizuegu pausu hauek ematera. Adibidez, sail sindikaleko bi kidek 3.000 eta 7.000€ko autonomo kuoten itzulera jaso dute.

Hala ere, hau borrokaren hasiera baino ez da. Laster ireki beharko diren hegoaldeko lau herrialdeetako ostalaritzako hitzarmenetan, eta azken boladan egin dugun bezala, hurrengo puntu nagusiak defendatuko ditugu:

  • Riderrak hirugarren kategoria edo taldean txertatzea. Honek suposatuko luke, herrialdearen arabera, 18.700€ eta 21.500€ arteko urteko soldata, jornada osoan lan eginez gero, eta 1.723 eta 1.750 ordu arteko urteko lanaldia.
  • Subrogazioa txertatzea
  • Riderren lan espezifikoari erantzuten dion erregulazioa txertatzea langileon babesa handitzeko

LAB sindikatutik eta Riders por Derechos plataformatik baliabide guztiak jarriko ditugu langileon bizi baldintzak hobetzeko bidean. Azken hilabeteetan Euskal Herrian Riderren egoera erregularizatzeko bideari ekin diogu, eta horretan jarraituko dugu Euskal Herriko errealitateari egokituko diren hitzarmenak garatuz. Aipatu dugun bezala, urgentziazkoa da egoera lehen bai lehen erregularizatzea, bitartean egoera prekarioan lanean jarraitzen baitugu. Bide beretik, antolatzera eta sail sindikalak sortzera animatzen zaituztegu, historiak erakutsi baitigu borrokaren bitartez lortzen direla garaipen sozialak.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Funts putreen esku dauden etxeak desjabetu ditzan eskatzen diogu LABetik Nafar Gobernuari

Testa funts Putrearen esku dauden etxebizitzei irtenbide iraunkorra emateko beharra azalarazi du sindikatuak, etxebizitzaren negozioari aurre egiteko egiturazko neurriekin batera. Larunbat honetan eta urriaren 17an borrokan diren maizterrekin batera mobilizatzera deitu dugu LABetik.

Jaurlaritzak aurre-erretiro txanda murriztuta eta akordiorik gabe inposatu du aurten ere administrazioetan

LABek errelebistak finko egiteko proposamenak eramango ditu administrazioetara eta enpresa publikoetara. LABek salatzen du gutxiengoarekin adostua, murritza eta Madrilen menpekoa dela Eusko Jaurlaritzako Gobernu Kontseiluak onartu duen Euskadiko Administrazio Publikoko lan-kontratuko langile finkoen erretiro partzialerako Plana. Jaurlaritzari eta sindikatu sinatzaileei eskatzen diegu Euskal Herriko zerbitzu publikoen eta bere langileen baldintzak hemen negoziatzeko eta adosteko nahia benetan defendatzeko, argazki hutsak saihestuz. • Administrazio publikoetako langile guztiei zabalik zegoen akordioa urratuta gelditu da aurten ere. Jaurlaritzak murrizketa inposatu zuenetik, LABek urtero eskatu izan du planak langile funtzionarioei, estatutarioei eta behin-behinekoei ere eragitea. • Sinatuta dagoen akordio bat ez da zertan urtero berretsi. Testuak, paradoxikoki, hala jasotzen du, eta propaganda hutsaren kutsua du. • Uztaileko Mahai Orokorreko bileran, Jaurlaritzak ez zuen proposamenak eztabaidatzeko aukerarik eman. Soilik presioaren ondoren onartu zuen sindikatuen ekarpenak jasotzeko astebeteko epe bat zabaltzea. Eztabaidarik ez da izan, eta ez da LABen eskakizunik jaso. Sindikatuak medioen bidez jakin du Jaurlaritzaren erabakia. • Jaurlaritzak erabakia dagoeneko otsaileko bileran hartu zuen, eta bere plana onartu egin zuten CCOOk eta UGTk. Sindikatu bat beraren sinadurarik gabe ere har zezakeen, inposatu zezakeen, erabakia Jaurlaritzak. Badirudi leialtasunak saritu nahi izan dituela, eta jokabide sindikala baldintzatu. • Lakuako gobernuak Madrilen menpe jarraitzen du. Plana otsailean onartu zuenetik gaurdaino, Madrilekin kontu teknikoak zuzentzen baino ez da aritu. Are, bere oharraren arabera, ez du plana langile funtzionario eta behin-behineko guztiei irekitzeko eskaerarik egin. Mahai Orokorrean eta gainerako negoziazio mahaietan bere aldarrikapenak eramaten jarraituko du LABek, eta legeak eta prozedurak aztertu ondoren aukera hauek ikusten ditu: 1. Lehen aukera LABek exijitzen du Hego Euskal Herriko administrazioek legeak baimentzen dituen EPE espezifikoak egin ditzaten, horretarako dagoen birjartze tasa espezifikoa erabiliz. Horrela, errelebista langile finkoa izango litzateke. Prozesu hauek luzatu daitezkeenez, beste bi modalitate egiteko aukera dago: 2. Bigarren aukera Errelebistari ordezkapen kontratu bat egitea. Kontratu hau bukatuko da errelebo kontratua egiteko egin den EPEa bukatzen denean. Kasu honetan, LABek defendatuko du errelebistaren kontratu hori ordezkapen zerrendetatik egitea, eta zerrendarik ez balego, administrazioak lan poltsa sortzearen alde borrokatuko du. 3. Azken bidea 2024ko apirilaren 1etik aurrera egindako kontratu laboral finko batekin binkula daiteke errelebo kontratua. Gerta daiteke errelebistaren kontratu hori erretiro partziala hartuko duen langile kategoria berekoa ez izatea. LABek eskatzen die Hego Euskal Herriko administrazio guztiei aurrerapauso bat emateko eta, legeak ahalbidetzen duen bezala, langileak errelebista finko egingo dituen EPEak martxan jartzeko. Eta, bitartean, erabili ditzatela dituzten lan-poltsa eta ordezkapen zerrendak erretiro partziala lortu dezaketen langileei eskaintzeko. LABek arazoa gure administrazioetan behingoz konpontzeko borondatea eskatzen die Jaurlaritzari eta sindikatu sinatzaileei, eta aukera langile guztiei berriz zabaltzeko borrokan jarraituko du.

LABek eta ESK-k Arabako Esku-Hartze Sozialeko IV. Hitzarmena baztertu dugu eta Aldundiari ekiparazioaren bidean benetako aurrerapausoak exijitu dizkiogu

Gaur, urriaren 1ean, LAB eta ESK sindikatuok Arabako Foru Aldundiaren aurrean elkarretaratzea egin dugu, sektorearen finantzatzaile nagusia baita, esku-hartze sozialeko langileek IV. Hitzarmen Kolektiboaren sinaduraren aurrean duten jarrera argi adierazteko. Sinadura gaur goizeko 12:30ean egitekoa da, ELA, CCOO eta AISA patronalaren artean. LAB ez da negoziazio-mahaira joango eta ez du hitzarmen hau sinatuko; bi sindikatuok erabat baztertzen dugu akordioa.