2026-10-01
HomeEkintza SozialaPentsio sistema publikoa ahulduko duen erreformaren parte dira iragarritako neurriak, eta langile...

Pentsio sistema publikoa ahulduko duen erreformaren parte dira iragarritako neurriak, eta langile eta pentsiodunen aldarriei uko egiten diete

LABen ustez, delako Elkarrizketa Sozialaren bidez Madrilen adostutakoak ez dira euskal langileok eta pentsionisten mugimenduak urteotan aldarrikatzen ditugun neurriak eta kalean tamainako erantzuna emateko beharrizana geroz eta handiagoa da.

Astelehen honetan, berriro ere milaka pentsiodun kalean dauden egun berean, Madriletik pentsio sistemari begirako neurri berrien albistea jaso dugu. Lege proiektu bidez jaso eta Espainiako Parlamentuan landuko badira ere, hainbat neurri zehatz ezagutarazi dituzte, bai patronal, Gobernu eta CCOO- UGT sindikatuek positiboki baloratu dutenak. Akordioaren zehaztasunen faltan, honakoa da LABen uneko balorazioa:

2011ko pentsio erreformak ezarri zituen murrizketak bere horretan mantentzen dira, Euskal Herriko gehiengo sindikal eta sozialak deituriko Greba Orokorrarekin oso argi adierazi genuen erreforma horren aurkako jarrera. 2019Ko Greban ere, beste neurri batzuekin batera, pentsio sistema publiko duinaren aldarrikapena jaso genuen.

Adostasun berri honek ez ditu ez pentsio sistema publikoa, ez pentsio duinak bermatzen.

Pentsioak KPI-ra lotzea bidezkoa den neurria da zalantzarik gabe, baina kezkagarria da jasangarritasun faktorea bertan behera utziko dela esan eta jarraian belaunaldien arteko elkartasunaren izenean bestelako adierazle baten beharraz hitz egitea. Alegia, izena aldatuta, norabide berean sakontzeko borondatea agerikoa dela uste du LABek. Pentsio duinak bermatzeko, soldata prekarioekin amaitu, kotizazio topeak altxatu, pentsio sistema osagarrien aldeko apustua albo batera utzi eta finantziazio nahikoa izango dela bermatu behar da.

Bestalde, erretiro adina zaildu eta luzatzeko pizgarriak iragarri dituzte. Argi eta garbi langileon kontrako erabakia da honakoa. Erretiro adina aurreratu eta sustatzea da behar duguna eta gazteriaren enpleguratzea erraztu. Lana banatu eta bizitza duina bermatzea izan behar da lehentasuna, eta norabide hori da hartutako neurriek jaso beharko luketena. Horregatik, LABek erretiroa 60 urteetan gauzatzea aldarrikatzen du.

Ezin gara Madriletik datorrenari begira geratu. Euskal langileok ez dugu Madriletik soluziobiderik espero. Behar beharrezkoa dugu hemen eta orain gizarte segurantza propiorako egitasmoa edukiz bete eta borroka egitea. Pentsio sistema propioa da behar duguna, pentsio publiko, unibertsal eta duinak bermatzeko aukera bakarra da LABen iritziz, eta horregatik jaso dugu gure Programa Sozioekonomikoaren baitan Gizarte Segurantzarako lege proposamena. Akordioak eraiki eta bidea egiten jarraitzeko unea da.

Maiatzaren 29an, Hego Euskal Herriko pentsiodunekin eta Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartarekin batera pentsio sistema publiko eta duina aldarrikatu genuen. Pentsio eta lan erreformak bertan behera gelditzea, 1.080 euroko gutxieneko pentsioa eta sexu arrakala gainditzeko neurriak aldarrikatu genituen, besteak beste.

Norabide honetan eta Maiatzaren Lehenean esan genuen bezala, LAB sindikatuaren ustez, besteren artean lan erreformaren derogaziorik ez eta tantaka iragarritako murrizketaz beteriko pentsio erreformak nahikoa pizgarri badira erantzun kolektibo, orokor eta indartsua emateko.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Langileen aldarrikapenei erantzungo dieten proposamen zehatzak eskatu dizkiogu Osakidetzari

Osakidetzako Zuzendaritzak aurkeztu egin du Mahai Sektorialeko sindikatuei bidalitako proposamena. Lan Baldintzak Arautzen dituen Akordioaren lehen zirriborro bat da eta dokumentuak ez du barneratzen sakoneko gaiei buruzko proposamenik, hala nola ordainsariak, lanaldi murrizketa edo lan kargak.Gai horiek sindikatuon aldarrikapenen artean daude.

Ez dugu onartzen patronalek akordioak ez betetzeagatik langileak kaleratuak izatea

2024ko otsailean Greba Amaierako Akordioa (GAA) sinatu genuen. Hurrengo egunean langileok gure lanpostuetara bueltatu ginen. Baina patronalek ez zuten akordioa bete, fede txarrez negoziatu eta sinatu baitzuten, hau da, sinatutako akordioa beteko ez zutela jakinda. Lehenik eta behin, ez zituzten soldatak eguneratu nahi, gero ez zituzten sortutako atzerapenak ordaindu nahi, eta, ondoren, uko egin zioten ordu bateko eskola ordua murrizteari eta lan pertsonalerako ordu bateko igoera aplikatzeari. Horrenbestez, epaitegietara jotzera behartu gintuzten, sinatutakoa bete zezaten. Hiru aldiz jo behar izan dugu Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusira (EAEAN), eta hiruretan epaileek arrazoia eman digute, argi eta garbi utziz KEk (Kristau Eskolak), AICE-IZEAk eta ikastetxeek bete behar zuten akordioa urratzen zutela. Epaiek patronalek erabili dituzten argudioak desmuntatzen dituzte, honako baieztapen hauek jasotzen baitituzte: 1. Akordioak hitzarmen maila duela, sinatzaileek nahitaez bete behar dutela eta 2024ko otsailaren 5etik, hau da, sinatu zen egunetik aurrera, indarrean zegoela. 2. Itundutako soldata eta lan-baldintzak ez daude finantzaketa publikoari lotuta eta ez daude finantzaketa publikoaren menpe. Zehazki, eskola-orduak ordubetez murrizteko neurriak, adostua eta sinatua dagoenak, bi helburu zituen: 1. Langileen lan-karga izugarria murriztea. 2. Matrikulazioen jaitsieragatik ikasgelak galtzearen ondorioz hurrengo ikasturteetarako aurreikusitako inpaktua eta langileen kaleratzeak murriztea. Izan ere, horrela ahalbidetuko litzateke ikasgelaren bat ixten den ikastetxeetan kaleratzeak saihestea. Nola? Bada, eskola-ordu murrizketa aplikatzearen ondorioz egin beharko liratekeen kontratazio berriekin konpentsatuz. Gainera, ikasgelarik ixten ez den ikastetxeetan kontratazio berriak egongo lirateke, eta Birkokapen Akordioaren bidez, beste ikastetxe batzuetatik kaleratutako langileek lehentasuna izango lukete. Horrela egin behar zen, baina KEk eta AICE-IZEAk uko egin diote. Publikoki esaten dute kezkatuta daudela ikasgelak ixteagatik, baina ez da horrela, beren ez-betetzeekin eta fede txarrarekin 160 kaleratze baino gehiago eragin baitituzte. Joan den ikasturtean 100 langile inguru kaleratu zituzten, eta ikasturte honetan 160 baino gehiago. Ikasgela galtzearen ondoriozko kaleratze “objektiboak” salatuko ditugu, bidegabeko kaleratzeak direla argudiatuz; izan ere, kaleratzea ez da ikasgela galtzeagatik gertatu, baizik eta ikasgela galtzeagatik eta sinatutako irakastordu murrizketa ez aplikatzeagatik. Hau da, patronalek Greba Amaierako Akordioa bete ez izanaren ondorio zuzena da 160 langile baino gehiago kaleratzea, baita horiek birkokatzea oso zaila izatea ere. Gaur, irailak 30, arratsaldez, ikasturte berria ospatuko du KEk Gasteizko San Viator Ikastetxean. STEILASek, CCOOk, LABek eta UGTk garbi dugu ez-betetzeekin eta kaleratzeekin ez dugula ezer ospatzeko, eta bai asko aldarrikatzeko. Hori dela eta, arratsaldean ospakizunaren atarian esango diegu, argi eta ozen, sinatutako akordioa bete behar dutela eta negoziazio mahaira hitzarmen proposamen bat eraman behar dutela, atzerapausorik gabekoa eta GAAn sinatutako eskubide guzti-guztiak jasoko dituena. Eskola-orduen murrizketa eta lan pertsonalerako bost orduak jaso beharko ditu. Horrek, neurri handi batean, gelak ixteagatiko kaleratzeak murriztuko lituzke. 2026ko maiatzean, berriro ere, patronalek seriotasun faltaz eta fede txarrez jokatu zuten. Negoziazio mahaian hitzarmen-proposamen bat aurkeztu zuten, arreta zuzeneko orduak murriztea eta lan pertsonalerako bosgarren ordua ezartzea jasotzen zituena. Bost egun geroago erretiratu egin zuten, baina zer gertatuko litzateke sindikatuek proposamena sinatu izan balute? Jarrera hori errespetu falta ikaragarria da sektoreko 9000 langileekiko. Patronal serioak behar ditugu, sinatzen dutena betetzen dutenak. Horrenbestez, beste behin ere honakoa exigitzen diegu KEri, AICE-IZEAri eta ikastetxe guztiei, aplikazioaren azken arduradunak baitira: 1. Sinatutako GAA osorik betetzea, eskola-orduen murrizketa barne, dagokion konpentsazioarekin. 2. Atzerapausorik gabeko hitzarmen-proposamena aurkeztea eta GAAn adostutako guztia jasotzea. Bide batez, sektoreko ikastetxeen %20 inguru ari dira aplikatzen eskola-orduen murrizketa, Elizbarrutiko ikastetxe guztiak barne. Egin daiteke, baina ez dago horretarako borondaterik. STEILAS, CCOO, LAB eta UGT sindikatuok patronalen ez-betetzeak salatzen jarraituko dugu, GAAn jasotako eta sinatutako eskubide guztiak bete arte.

Enpresaren kudeaketa negargarriak hartzekodunen konkurtsora kondenatu du Olazabal y Huarte

Gasteizko enpresa historikoak itxierari eta 30 lanpostu suntsitzeari egin behar die aurre. Olazabal y Huarte enpresa txarto kudeatua izan da hainbat urtez. Duela urte batzuk,...