2026-01-27
Blog Page 494

Lan, pentsio eta bizitza duinak aldarrikatzea ez dela delitu nabarmendu dugu

Gasteizko epaitegien aurrean mobilizatu gara Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartako eragileon ordezkariak, urtarrilaren 30eko Greba Orokorrean lan, pentsio eta bizitza duinak aldarrikatzeagatik auzipetutako herritarrak babesteko. Hain zuzen ere, langile asko identifikatuak, mehatxatuak, erasotuak eta ekonomikoki zigortuak izan ziren egun horretan antolatutako plantoagatik: 1.500 euroko hiru isun, 751 euroko bi isun eta bi lagunentzako akusazio penala. Azken bi hauek deitu dituzte deklaratzera, eta horren aurrean mobilizatu gara.

Hauxe da Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartaren izenean igorritako oharra, gaurko mobilizazioa dela eta:

Urtarrilaren 30ean lan, pentsio eta bizitza duinen alde greba orokorra egin genuen. Milaka langile eta herritar mobilizatu ginen Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak egindako deialdiarekin bat eginez. Konfluentzian zein elkarlanean egindako mobilizazio orokorra izan zen, eta kalean eredu berri baten aldeko indarra/gehiengoa batu ginen.

Orduan esaten genuen bezala, gaur lan, pentsio eta bizitza duinak aldarrikatzen ditugu. Horretarako, politika publikoen lehentasunak aldatzea, indarrean dagoen eredu sozio-produktiboa eraldatzea, aberastasuna banatzea, zerbitzu publikoak garatzea… aldarrikatzen ditugu.

Egun indarrean dagoen eredua ez da merezi dugun onena, ezta egoera honetan izan dezakegun eredurik onena ere. Kapitalismo patriarkal-ekozida politika neoliberalak edota murrizketak sustatzen dituzten alderdien errezeta da.

Azken hilabeteotan grebalarien aurka jaso ditugun isunak salatzeko elkartu gara. Ez da onargarria aldaketa soziala kriminalizatzeko saiakera berri hau. Gure lan eta bizi baldintzak pobretu eta prekarizatzen dituztenek etxean, isilik eta sumiso nahi gaituzte. Ez da onargarria eskubide sozialen alde dauden herritarrak zigortzea, kapitala pertsonen bizitzaren gainetik jartzen dituztenekin akordioak egiten diren bitartean.

Azkenik, lan, pentsio eta bizitza duinen alde mobilizatzen jarraituko dugula ohartarazi nahi dugu. Grebalari guztiei gure babesik eta eskerrik beroenak. Hurrengoan elkartuko gara!

Pobreziarekin amaitzeko ezinbestekoa da politika publikoak iraultzea

Urriaren 17a Pobrezia Desagerrarazteko Nazioarteko Eguna da. Urtez urte, pobrezia desagerrarazteko nazioarteko egunean, helburu hori betetzeko proposamen eta asmo desberdinak jasotzen ditugu herritarrok, administrazioak kudeatzen dituztenen borondate politikoaren esku dagoela jakitun. Urteek aurrera egin ahala ordea, administrazio publikoetatik egiten diren gogoeta eta proposamenek gustu txarreko txiste baten zapore garratza uzten digute. Izan ere, pobrezia murriztu eta egoera hobetu beharrean, pobrezian sakontzen eta berau hedatzen jarraitzen dugula erakusten digu errealitateak Hego Euskal Herrian.

2008ko krisi ekonomikoaren ondoren gobernuetatik ezarri ziren lan eta pentsio erreformek, jendartearen prekarietate eta pobrezia egoeraren hedatzea ekarri zuten. Azken hamar urteetako balantzea eginez, honako ondorioak jasan ditu euskal jendarteak besteak beste:

• Zabor-kontratuak hedatu dira. Merkatuaren beharrak erdigunean kokatu eta horren araberako enplegua sortu da, prekarioa eta behin-behinekoa. Horren adierazle garbia dugu osasun-krisia hasi eta lehen hilabeteetan galdu zen enpleguaren %90 behin- behinekoa zela, eta gazteen eta migranteen (are gehiago emakume migranteena) langabeziak izan zuela igoerarik handiena.

• Soldata arrakalak areagotu dira. Hamar urtetan pertzentil baxueneko soldaten eta batezbestekoaren arteko arrakala %17 igo da. Dena den, igoerarik nabarmenena gazteen soldataren eta batezbestekoaren aldekoak izan du, %102 hain zuzen ere. Gainera, behin-behineko kontratua dutenek mugagabea dutenek baino %30 soldata apalagoa dute eta emakumeek gizonezkoek baino %23 baxuagoak.

• Negoziazio kolektiboa kaltetu da. Hitzarmenen estaldura tasa %80tik %66ra pasa da hamarkada batean, hitzarmen estatalek zuten pisua igoz. Horrek, prekarizazio eta pobretze prozesuan sakontzea ekarri du.

• Aberastasunaren banaketa modu orekatuagoak eman beharrean, adierazle guztiek okerrera egin dugula adierazten digute. Beraz, gehien dutenak aberatsago izaten jarraitzen dute eta gutxien dutenak pobreago.

• Etxebizitza Euskal Herrian eskubide subjektibo gisa onartua egon arren, etxebizitza baterako sarbidea luxuzko artikulu gisa ordaindu beharrean jarraitzen dute Euskal Herritarrek, kasu askotan soldataren erdia baino gehiago bideratuz etxebizitzaren alokairura.

• Eta nola ez, aurretik zerrendaturiko eta bestelako elementuen ondorio gisa, pobrezia eta bazterketa soziala hedatu da. Izan ere, ditugun azken datuen arabera Nafarroa Garaiko biztanleen %23 eta EAEkoen %18 pobrezia arriskuan bizi da. Gainera, pobrezia eta bazterketa soziala jasaten duten biztanleriaren kopurua nabarmen hazi da hamar urtetan, EAEn metatuz igoera handiena, %16koa hain zuzen ere.

2020ko martxotik aurrera, osasun-krisi bati eta berari erantzunez harturiko erabakien ondoriozko krisi berri batekin topo egin dugu. Krisi honi, dagoeneko prekarietatea eta pobrezia hedaturik zegoen agertoki batekin aurre egin beharko diogu, egoera zaurgarrienean dauden kolektiboen hedapen zabal batekin aipatu dugun bezala. Gainera, pandemiari erantzunez harturiko erabakiek egoera nabarmenki okertu dute: egoera kalteberenean daudenen enplegua galdu da, komunitate birtualaren parte ez izateak aukera berdintasuna gutxitu du, bazterketa larrian dauden bizi-unitateetako kide askok enplegu bati uko egin behar izan diote zaintza betebeharrak bete ahal izateko, konfinamenduak (edota gaur egun egin behar izan diren isolamendu edo berrogeialdiak) osasun fisiko zein psikoemozionalean eragin negatiboa izan du, are gehiago bazterketa soziala jasaten duten bizi-unitateen artean, etxebizitzako gastuei aurre ezin egin dien bizi-unitateen ehunekoa igo egin da etab. Honela, pobrezia eta bazterketa soziala are eta gehiago hedatu da eta dagoeneko egoera horretan zeuden pertsonen egoerak okerrera egin du.

Agertoki horri, 2008ko krisiari emaniko irtenbide neoliberalean jarraituriko filosofia eta arauak betikotu direnarekin topo egin dugula gaineratu behar diogu, eta hurrengo hilabete eta urteetako egoera horren arabera marraztuko da tamalez.

Urriaren 17 honen atarian, pobrezia eta bazterketa sozialarekin amaitzeko dugun premia azpimarratu nahi dugu. Argi dugu orain arteko errezetek pobrezian sakontzea eta hedatzea ekarri digutela, eta ondorio hauek politika publiko neoliberalen ondorioz jasan ditugula. Pobreziarekin amaitzea posible da, baina horretarako politika publiko asistentzial hutsetik harago joan beharra dago. Aipatu politikak enplegu duina sortu eta mantentzera bideratu beharra daude, izan ere, aberastasun nahikoa badago Euskal Herrian bertako herritar guztiak duin bizi gaitezen. Beraz, politika publikoak bi norabidetan egin daitezke: elite ekonomikoen edo herritarren mesedera. Bada garaia orain arte bazterrean kokatu dituzten herritar guztien beharrizanak erdigunean kokatzeko, modu horretan soilik desagerrarazi ahal izango baitugu pobrezia. Aldaketa estrukturalak behar ditugu probreziarekin amaitzeko eta horretarako, politika publikoen lehentasunak eraldatu behar ditugu.

Laneko garraiolarien istripuak salatzen ditugu

Atzo garraiolari bat hil zen Donostian, AP-8an Bilboko noranzkoan izan zuen lan-istripuan. LABetik gure babes eta elkartasunik zintzoena erakutsi nahi diegu hildakoaren senitarteko, auzokide eta gertukoei, eta langile-klaseari orokorrean. Honekin gutxienez 53 langile hil dira lanean Euskal Herrian urte hasieratik, horietatik 8 garraiolariak eta Joaquin Beltranek oraindik desagerturik jarraitzen du Zaldibarreko zabortegian.

Beste sektore askotan gertatzen den moduan, garraioan ere lan baldintzak gero eta prekarioagoak dira. Garraiolariek, askotan, ez dute lan-istripu nahiz lan gaixotasunen aurrean babes egokirik. Izan ere, nagusiki langile autonomoak edo ustezko autonomoak baitira, eta gainera, euren lan istripuak ez dira estatistika ofizialetan kontutan edukitzen. Horrela, Administrazioek beste alde batera begiratzen dute, sektoreak bizi duen prekarietate egoeraren ezagun izan arren.

Azpimarragarria da garraiolariek jasaten dituzten lan istripuen gehiengoak errepideetako merkantzien garraioak urte luzez pairatzen daraman prekarietatea eta desarautze basatia agerian uzten dituela. Gainera, garraiolarien eskubide eza ere nabaria da, izan ere, lana mantendu ahal izateko, askotan kargatzaileen presak, ezinezko ordutegiak, gehiegizko pisudun kargak, prezio baxuak, lan egun luzeak eta atseden eza jasan behar baitituzte. Beste askotan, gainera, zamaren deskarga egitera behartuak direlarik. Guzti hauei gehitu behar zaie, tenperatura, errepideen egoera negargarria, eguraldia… Hauek eta honelako beste hainbat arrazoi dira lana modu seguru eta duinean egitea oztopatzen dutenak, garraiolarien bizitza arriskuan jartzeaz gain. Arazo hauek dira Administrazioak behin eta berriz ezkutatzen saiatzen direnak, beste alde batera begiratuz gehienetan, beraien nahia garraio merkea lortzea baita, edozein preziotan.

Mobilizazioa eta borroka funtsezkoak dira istripuen aurrean. Horregatik, LABen laneko heriotza bakoitza salatzen jarraituzko dugu eta enpresa eta administrazio publikoei esparru honetan hobekuntzak eskatzen.

Matriceria Deusto eta GTSko enpresa-batzordeek Tapiari eskatu diote Gestamp-i EEEa erretira dezala exijitzeko

Matriceria Deusto eta GTSko langileak Gasteizko Parlamentuan egon dira gaur Gestamp-ek enpresa biak ixteko hartutako erabakiaren aurrean protesta egin eta Eusko Jaurlaritzaren inplikazioa exijitzeko euren enpleguen eta herri honetako industriaren etorkizunaren defentsan.

Plenoa zegoen gaur eta Arantxa Tapia sailburuak galdera parlamentarioa erantzun behar izan du Gestamp taldearen inguruan. Bi enpresetako langileek kontzentrazioa egin dute Parlamentuaren kanpokaldean goizeko lehen ordutik eta ondoren, agerraldia egin dute komunikabideen aurrean.

Legebiltzarraren kanpoaldean mobilizatu dira.

Izaskun Olano GTSko enpresa-batzordeko presidenteak eta Moises Muñoz, Matricerías Deustokoak, salatu dute Gestamp taldeak bi enpresak itxi eta 230 langile kaleratzeko asmoa eta Arantxa Tapia sailburuari exijitu diote Gestamp-i exiji diezaiola EEEa erretiratzea.

Gainera, konpromiso handiagoa eskatu diote Eusko Jaurlaritzari industria eta sektore honetako enpleguen defentsan eta Gestamp-ek diru publikotik jasotako miloika euroak zertara bideratu duten salatu dute, hasieran aurreikusitako helburuetara bideratu ez direlako. Laguntza hauen inguruan dagoen kontrol falta ere salatu dute.

Azkenik, urriaren 24an Bilbon manifestazioa egingo dutela adierazi dute, Eusko Jaurlaritzari euren enpleguen eta lan-zentruen eta orohar euskal industriaren defentsan aritzea eskatzeko. Mobilizazioa 11:30ean abiatuko da Eusko Jaurlaritzaren egoitzatik, Gran Via kaleko 85etik.

EAEko Justizia Auzitegi Nagusiaren arabera, IKEAk diskriminatu egiten ditu langileen ordezkariak

EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak erabaki du IKEAk LABen ordezkariari inposatutako mugirkortasun funtzionalak urratu egin zuela ordezkaritza sindikalerako eskubidea, eta ondorioz, zigortu egin du multinazionala langilea bere lanpostuan berronartzera, aldaketak sortutako soldaten aldeak ordaintzera eta sortutakoagatik kalteordaina ordaintzera.

2020ko urtarrilaren 21ean enpresak Olaia Carrillo delegatuari lanpostu eta funtzio aldaketa jakinarazi zion, hilean 53 euro gutxiago kobratuko zituelarik. Erabaki hau LABek enpresan hainbat ekimen egin ondoren hartu zen, batez ere azaroan kaleratzeen aurka egindako kanpainaren ondoren. Argia zen helburua, gure kidearen jarduera sindikalari eraso egitea. Otsailean ere esan genuen eta gaur errepikatu egiten dugu, ez dugu borroka sindikalaren kontrako erasorik onartuko eta edozein erasoren aurrean argia izango da gure erantzuna, antolaketa eta borroka.

Oraingoan epaitegiek arrazoia eman digute, baina hau ez da bidearen amaiera, aurrera jarraitzen duelako IKEAko lan-baldintze duinen aldeko borrokak. Eta argi dugu, edozein bidegabekeriren aurrean planto egiten jarraituko dugula. Eta beti esan dugun moduan, borroka dela bide bakarra.

Lasarteko Ferrovialeko langileek lanuztea egingo dute enpresa itun duina lortzeko

LABek lan uztea deitu du biharko, urriaren 16an, Michelingo azpikontrata den Lasarteko Ferrovial Servicios SAU enpresan 13:00tatik 15:00tara. 32 langilek lan egiten dute bertan eta bertako ordezkaritza LABena da. Lan eskua merkatu eta lan baldintzak okertzeko helburuarekin ezartzen den azpikontratazio sistemaren adibide garbia da Ferrovial. Izan ere, bere lanaren %100a Michelinentzat egiten dute, Michelingo langileek baino baldintza okerragoan.

Enpresa ituna negoziatzen ari dira, eta enpresaren itxikeriaren aurrean 2 orduko lan uztea egin zuten asteazkenean, urriaren 14an. Ostiral honetako lan uztean Lasarteko Michelinen kontzentrazioa egingo dute langileek 13:00etatik aurrera.

Ostiral honetako lan uztearekin enpresak bere jarrera aldatuko ez balu, datorren astetik aurrera mobilizazioak areagotu eta gogortuko dituzte.

Azpikontratazioa prekarietatea da! Hitzarmen duina lortuko dugu!

Euskal Herriko Emakumeon Mundu Martxak Irun eta Hendaia artean antolatutako ekimenean parte hartzeko deia luzatu dugu

Urriaren 17an Irunen, Euskal Herriko Mundu Martxaren Nazioarteko V. Ekintzari hasiera emateko antolatutako ekimenean parte hartzeko deia luzatu nahi dugu sindikatutik. Hain zuzen ere, ekimenaren helburua bertara gerturatzen garen emakumeon artean egungo sistema kolonialista, inposatutako mugak  eta transnazionalak salatzea izango da, performance baten bitartez, Euskal Herriko Emakumeon Mundu Martxak antolatuta.

Ekimen-performance honen bitartez, zapiekin sare bat irudikatuko dugu, Kate Rushiren “La Puente” poema hizkuntza ezberdinetan entzuten dugun bitartean. Zubiaren bi aldeetan kokatuko gara eta gero zubi erdian elkartuko gara sare handi bat eginez.

Hau guztia posible egiteko, urriaren 17an, 11:00etan, Irun eta Hendaia arteko mugan (oinezkoen zubian) egotea eskertuko genuke ekintza jendetsua egiten laguntzeko! Posible duzuenak zapi bat eraman gero zubian zintzilik utziko duguna.

Sistema aldatu barik oso zaila izango da generoagatiko soldata- arrakalarekin amaitzea, sistema kapitalistaren parte baita berau eta honi funtzionala zaiolako

Emakume eta gizonen arteko soldata-berdintasunaren inguruko urriaren 13ko 2020/902 Errege Dekretuaren balorazioa:

Lanaren banaketa sexualarekin batera, soldata-arrakalak sistema kapitalista mantentzea eta betierekotzea lortzen du. Izan ere, sistema honek beharrezkoa du zaintza lanak emakumeok egitea doan edo gaizki ordainduta. Emakume eta gizonok lan-baldintza berdinak izango bagenitu, erori egingo litzateke sistema kapitalista, esplotazioa eta lan horien doakotasunean oinarritzen baita. Hau da, ez da posible izango egiturazkoa den zerbait partxeekin aldatzea.

Neurriek enpresen diagnostiko beharra garatzen dute, soldata-erregistro eta auditoriari dagozkien zehaztapenen bidez. Hala ere, ez dira hartzen soldata arrakalaren amaitu edo berau murrizteko neurriak. Honen inguruan, Langileen Estatutuko 28.3 artikulua aipatu behar dugu, enpresari lan-zentroan ematen den soldaten aldea justifikatzeko aukera ematen diona. Hortaz, ez da soldata-arrakala ez eragotzi ez galarazten.

Gai interesgarriak aipatzen ditu dekretuak, hala nola soldatetan sexuagatiko zeharkako diskriminazioa ekiditeko lan-postuen balorazioen garrantzia aitortzea, balio berdineko lanaren kontzeptua nabarmentzea edota soldaten auditoritzak egitea proposatzea egiturazkoak diren soldaten alde hauek argitara ateratzeko.

Hala ere, ulertzen dugu lanpostuen balorazioak ez direla neutroak. Faktore berriak agertu ahal dira lanak baloratzerakoan eragina izan ahal dutenak lanik feminizatuen balorazio positiboago baten (garbiketa, zaintza…) eta hori modu positiboan baloratzen dugu; baina generoaren eraikuntza soziala eta lanaren banaketa sexuala honen aurretikoak dira.

Esan nahi duguna da zerbait garrantzitsuagoa, ezinbestekoa, baloragarria, zaila, espezializatua eta teknikoa… dela jotzeko darabilgun kontzenptuan badagoela isuri bat gizonek egiten dituzten lanen eta emakumeek egiten dituztenen artean. Hortaz, ez badago alde hauek zuzenean zuzenduko dituen faktorerik, ez da erraza izango hauek desagertzea

Dekretuak dioenaren arabera “lan-postuen balorazio okerrak” zuzentzen ahalegintzeko susmagarria den borondate ona dago. Eta susmagarria dela diogu balorazioak ez zirelako akastunak, emakumeentzako diskriminatzaileak baizik.

Horregatik, funtzio zein zereginen izaeran fijatzea, hezkuntza baldintzetan, baldintza profesional eta prestakuntzan… oso interesgarria eta argigarria izan daiteke, baina testuinguruak egiten digu huts. Sistema kapitalista heteropatriarkal, arrazista, kolonialista eta ekozida da testuingurua, eta honek beharrezkoa du diskriminazioek esistitzen jarraitzea berau desager ez dadin.

Honekin lotuta, diskriminazioen aurka hartuko dugun neurri oro beti izango da ongi- etorria, baina arrakasta izango du soilik, era berean, berauek sortzen dituen sistema erauzteko borrokatzen bada. Bestela, partxe bat gehiago besterik ez da izango.

Gipuzkoako metalgintzako hitzarmen berria sinatuko dugu, emakumeona ere izango dena

Gipuzkoako metalgintzako hitzarmenean mahai gainean zeuden edukiak ez nahikoak zirela esan genuen azken bilera egunean.

Besteak beste, harritzekoa bezain larritzekoa, Berdintasunean ADEGIk urratsik eman nahi ez izatea zen. 2006tik sinatua zegoen, baina eraginkorra ez zela frogatua zegoen klausula defendatzen jarraitzen zuen Patronalak. Nahiz eta, behin eta berriro, negoziazio mahai ezberdinetan, eduki horiek ez nahikoak zirela esan genien; berdintasunean urrats errealak emateko epeak eta helburu zehatzak jarri behar genituen. Beraz, azken proposamenaren arabera sinatu izan balitz, argi eta garbi esan behar dugu, Gipuzkoako herritarren erdia, hau da emakumeak, kanpo utziko lituzkeen hitzarmen bat egongo litzakeela; eta LAB, noski, ez geunden eta ez gaude horretarako prest.

Horregatik, borrokan jarraitu dugu, eta lortu dugu! ADEGIk 3 hilabete baino lehen berdintasun batzordea martxan jarri beharko du, zertarako? Soldata arrakalarekin bukatu edota emakumeen kontratazioa bultzatzeko, besteak besteak. Beraz, pozik eta harro gaude, borrokan jarraitzeak merezi izan du.

Orain arte mahai gainean egon ez den beste proposamen bat ere ekarri du ADEGIk: Errekonozimentu medikuei dagokioenean ere, lan ordutatik kanpo egiten diren kasuetan, horren kostua enpresak asumitzea proposatu du patronalak, orain arteko egoera bidegabe horrekin amaituz.

Horrekin batera, aurretik ere esan izan dugu hitzarmen honek badituela eduki positiboak; soldaten eguneratzea, soldata igoera, subrogazio eskubidea sektore gehiagotara zabaltzea, ABLEen kontratazioa epetan mugatzea, besteak beste.

Badaude, ordea, hitzarmen honi eskatzen genizkion beste aurrerapauso batzuk, aldi baterako desgaitasunen osagarriak, lan jarduna murriztea edota gazte kontratazio duina bezalakoak, batzuk aipatzearren. LABek badakigu, borrokaz eta langileen indarrak batuz, urrats handiago eta garrantzitsuagoak ematerik bagenuela. Horregatik, ez dugu ulertzen, gutxiengoan, ELAk nola egin dion uko borrokari. Ulergaitza da, nola alderatu dituen Gipuzkoako eta Bizkaiko metalgintzako soldatak, jakinik Gipuzkoako taulak beti egon izan direla goitik, erreferente izan dira guztiontzako. Soldata tauletan igoera handiagoa lor genezakeen oraingoan ere, denon borroka eta konpromisoz, eta LAB prest geunden horretarako. Zoritxarrez, ELAk langileak desaktibatzeko hautua egin zuen.

LABeko ordezkaritzak erantzukizun ariketa egin du; urte asko daramatzagu Gipuzkoan metalgintzako hitzarmenik gabe, juridikoki urrats garrantzitsuak lortu dira, subrogazioan edo berdintasunean lortutakoak ere azpimarratzekoak dira; baita soldata eguneratzeak edota lizentzia batzuen hobekuntzak ere.

Erantzukizun horretatik, ordea, badakigu hainbat gai ez direla behar bezala jasoko hitzarmen honetan; lan jardun murrizketa, aldi baterako desgaitasunen osagarriak, ABLE bidezko kontratuetan errotazioak… horregatik ostiralean, urriak 9, Villabonan egindako ordezkarien batzarrean, bi erabaki hartu genituen:

1. Berdintasunean urrats eraginkorrak aurkeztuz gero, hitzarmena sinatzea. Beraz, gaur ADEGIk aurkeztu duen proposamena ikusirik, LABek hitzarmena sinatuko dugu. Gipuzkoako gizon zein emakumeentzako hitzarmen berria!

2. Borrokan jarraitzeko konpromisoa hartu dugu eta hitzarmenean jaso ez diren gaiak, lan zentroz lan zentro irabaziko ditugu; bai lan zentroetako langileen lan baldintzak hobetzeko, zein datorren sektore hitzarmenerako borroka-baldintza hobeak sortzeko.