2026-06-20
HomeFederazioakIndustriaGipuzkoako metalgintzako hitzarmen berria sinatuko dugu, emakumeona ere izango dena

Gipuzkoako metalgintzako hitzarmen berria sinatuko dugu, emakumeona ere izango dena

Gipuzkoako metalgintzako hitzarmenean mahai gainean zeuden edukiak ez nahikoak zirela esan genuen azken bilera egunean.

Besteak beste, harritzekoa bezain larritzekoa, Berdintasunean ADEGIk urratsik eman nahi ez izatea zen. 2006tik sinatua zegoen, baina eraginkorra ez zela frogatua zegoen klausula defendatzen jarraitzen zuen Patronalak. Nahiz eta, behin eta berriro, negoziazio mahai ezberdinetan, eduki horiek ez nahikoak zirela esan genien; berdintasunean urrats errealak emateko epeak eta helburu zehatzak jarri behar genituen. Beraz, azken proposamenaren arabera sinatu izan balitz, argi eta garbi esan behar dugu, Gipuzkoako herritarren erdia, hau da emakumeak, kanpo utziko lituzkeen hitzarmen bat egongo litzakeela; eta LAB, noski, ez geunden eta ez gaude horretarako prest.

Horregatik, borrokan jarraitu dugu, eta lortu dugu! ADEGIk 3 hilabete baino lehen berdintasun batzordea martxan jarri beharko du, zertarako? Soldata arrakalarekin bukatu edota emakumeen kontratazioa bultzatzeko, besteak besteak. Beraz, pozik eta harro gaude, borrokan jarraitzeak merezi izan du.

Orain arte mahai gainean egon ez den beste proposamen bat ere ekarri du ADEGIk: Errekonozimentu medikuei dagokioenean ere, lan ordutatik kanpo egiten diren kasuetan, horren kostua enpresak asumitzea proposatu du patronalak, orain arteko egoera bidegabe horrekin amaituz.

Horrekin batera, aurretik ere esan izan dugu hitzarmen honek badituela eduki positiboak; soldaten eguneratzea, soldata igoera, subrogazio eskubidea sektore gehiagotara zabaltzea, ABLEen kontratazioa epetan mugatzea, besteak beste.

Badaude, ordea, hitzarmen honi eskatzen genizkion beste aurrerapauso batzuk, aldi baterako desgaitasunen osagarriak, lan jarduna murriztea edota gazte kontratazio duina bezalakoak, batzuk aipatzearren. LABek badakigu, borrokaz eta langileen indarrak batuz, urrats handiago eta garrantzitsuagoak ematerik bagenuela. Horregatik, ez dugu ulertzen, gutxiengoan, ELAk nola egin dion uko borrokari. Ulergaitza da, nola alderatu dituen Gipuzkoako eta Bizkaiko metalgintzako soldatak, jakinik Gipuzkoako taulak beti egon izan direla goitik, erreferente izan dira guztiontzako. Soldata tauletan igoera handiagoa lor genezakeen oraingoan ere, denon borroka eta konpromisoz, eta LAB prest geunden horretarako. Zoritxarrez, ELAk langileak desaktibatzeko hautua egin zuen.

LABeko ordezkaritzak erantzukizun ariketa egin du; urte asko daramatzagu Gipuzkoan metalgintzako hitzarmenik gabe, juridikoki urrats garrantzitsuak lortu dira, subrogazioan edo berdintasunean lortutakoak ere azpimarratzekoak dira; baita soldata eguneratzeak edota lizentzia batzuen hobekuntzak ere.

Erantzukizun horretatik, ordea, badakigu hainbat gai ez direla behar bezala jasoko hitzarmen honetan; lan jardun murrizketa, aldi baterako desgaitasunen osagarriak, ABLE bidezko kontratuetan errotazioak… horregatik ostiralean, urriak 9, Villabonan egindako ordezkarien batzarrean, bi erabaki hartu genituen:

1. Berdintasunean urrats eraginkorrak aurkeztuz gero, hitzarmena sinatzea. Beraz, gaur ADEGIk aurkeztu duen proposamena ikusirik, LABek hitzarmena sinatuko dugu. Gipuzkoako gizon zein emakumeentzako hitzarmen berria!

2. Borrokan jarraitzeko konpromisoa hartu dugu eta hitzarmenean jaso ez diren gaiak, lan zentroz lan zentro irabaziko ditugu; bai lan zentroetako langileen lan baldintzak hobetzeko, zein datorren sektore hitzarmenerako borroka-baldintza hobeak sortzeko.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Gaur, berriro ere Udalhitzeko mahaia blokeatu dute EAJk eta PSEk, aurrerapausorik ez dutelako eman euskararen gaian zein zerbitzu publikoen kudeaketan

EAJk eta PSEek, Enplegu Publikoaren euskal Legearen moldaketaren eztabaida aitzakiatzat erabiliz, lan-hitzarmen batek jaso ditzakeen klausuletan ez dute aurrera egin nahi izan, eta merkantilizazioa...

HHEEetako zerbitzu orokorretako langileak beharra sortzen denean bertan ordezka ditzaten exijitzen dugu

Dagoeneko bi ikasturte oso daramatzagu Nafarroako Gobernuko haur eskoletako zerbitzu orokorretako langileen ordezkapenak egiteko arazo larriekin. Horrelako kontratazioak, egiten badira, oso berandu egiten dira, zoritxarrez. Eta batzuetan enpresa pribatuetara ere jotzen dute kontratazioak egiteko. Horrek tentsio larria eta gainkarga handia eragiten die langileei, horretarako beharrik izan gabe.

Bilboko udal eraikinetako garbitzaileek udalari exijitu diote behingoz ardura har dezala gatazkan

Lan baldintzak hobetzeko bederatzi greba aste egin ostean, atseden hartzeko unea iritsi zaie, baina ohartarazi dute datorren ikasturtean indartsu berrekingo diotela borrokari.