LABek pikete feministaren mobilizazioa egin du Bilbon, Basurtuko ospitaleko sarreran. Apirilaren 22ko greba egunaren bezperetan, EAEko administrazioetako langileek bizi duten behin-behinekotasuna salatu dugu, eta gaitz horren barruan emakumeak kaltetuenak direla nabarmendu dugu.
Zerbitzu Publikoen Federazioko ordezkari Eider Casanovak hartu du hitza protestan: “Prekaritateak emakume aurpegia du zerbitzu publikoetan. Zerbitzu publikoetan ematen diren pribatizazio prozesu guztiak kolektibo feminizatuetan ematen dira; orokorrean behin-behinekotasun tasa handia bada, tasa hori are eta altuagoa da kolektibo feminizatuetan; zerbitzu publikoetan soldata arrakala ere badago, emakumeok garapen profesionalerako ditugun arazoak bere horretan mantentzen direlako eta zaintzarako baimenak, lizentziak eta abar emakumeon bizkar gainean erortzen direlako. Horregatik, argi esan nahi dugu konponbide eraginkorrak behar ditugula, eta, hori lortzeko, tresnak behar ditugu; legeak, alegia. Zaintza sistema publiko bat behar dugu, bizitza sostengatzeko emakumeon lanen aitortza egiteko”.
Arabako metalgintzako mahai negoziatzailea bildu da 14 hilabete pasatu ondoren. Bileran, LABek funtsezko aldarrikapenak berretsi ditu. Arabako enpresa askotara ere eraman ditugu aldarrikapenok.
Azkenengo bileratik 14 hilabete pasatu direnean gaur bildu da berriro Arabako metalgintzako mahai negoziatzailea, hain justu LABek azken asteetan aktibazioa bultzatzeko dinamika bat abiatu duen testuinguruan. Bileran LABek negoziatzeko bere prestasuna agertu du eta sektoreko arazoei erantzuteko Arabako metalgintzako hitzarmenak jaso behar dituen aldarrikapenak defendatu ditu:
– Soldata duinak, gutxienez 1.200 euro garbi hilean, eta igoera ziurtatuz sektore osoan. – Lanaldia jaitsi, lana banatzeko. – Prekarietateari aurre egitea, ebentualitatea jaitsiz, kontratetan subrogazioa bermatuz, ABLEak baztertuz eta praktikak eta formazio duala duinduz. – Lan baldintza duinak, malgutasuna jaitsiz eta baimenak hobetuz. – Emakumeen diskriminazioari aurre egiteko neurri eraginkorrak. – Lan osasuna bermatzeko neurri eraginkorrak eta bajan egonda soldata ez galtzea, are gutxiago bajak lanekoak badira. – Lan erreformari eta estatalizazioari aurre egitea.
LABen ustez, oso adierazgarria da SEAk ezer ez eramatea mahai negoziatzailera. 14 hilabete pasatu dira aurreko bileratik eta ez dira batere mugitu negoziazioa hasi zenetik.
Hori ikusita, LABek berretsi nahi du aktibazioa erabat beharrezkoa dela Arabako metalgintzan lan baldintzak duintzeko. Horren kontura, gaur bertan, Arabako metalaren bileraren egunean, sektoreko aldarrikapenak eraman ditugu Arabako enpresa askotara (Mercedes, Sidenor, Ferrovial-Michelin, SNA Europe, Condesa, Laminaciones Arregui, WEC, SDA Factory,…) eta zenbait poligonotara.
Dinamika honekin jarraituko dugu hurrengo asteetan enpresetan, poligonoetan eta kaleetan, soilik langileen aktibazio eta mobilizazioren bitartez lortuko baitugu metalgintzako hitzarmen duin bat.
LABeko sei kide atxilotu ditu gutxienez Espainiako Poliziak Iruñean, goizean, martxoaren 8arekin eta Nafarroako garbiketa sektorearen prekaritatearekin lotutako protesta ekintza batzuk aitzakia hartuta. Atxiloketa gehiago egon daitezke, “mehatxuak, behartzea eta errepide segurtasuna” delituak leporatuta, besteak beste. Atxiloketak gertatu bezain pronto, Iruñeko komisaldegiaren aurrean elkarretaratzea egin dugu, atxilotuak askatzeko exijitzeko. Espainiako Poliziak identifikazioak egin ditu bertan.
11:00etan, Maiatzaren Lehenaren aurkezpena genuen iragarrita Iruñeko LABen egoitzan, baina prentsaurrekoa bertan behera utzi behar izan dugu, besteak beste, atxilotuen artean agerraldian hizlari izan behar zuen Izaskun Juarez, Iruñerria-Pirinioak eskualdeko idazkaria, atxilotuen artean zegoelako. Goizean zehar utzi dute aske.
11:00etan, dena den, agerraldia egin dugu Nafarroako bozeramaile Imanol Karreraren bitartez, atxiloketei buruz hitz egiteko. LABeko kideak adierazi du demokrazia batean ez gaudenaren seinale direla atxiloketak, eta, abokatuek ohartarazi bezala, polizia operazioa oraindik irekita dagoela jakinarazi du. Gogor salatu du sindikalistak ekintza publikoak egiteagatik izan direla atxilotuak, eta hori egin dela emakume langileen eta sindikalismoaren ahalduntzearen aurka joateko. Fokoa egindako ekintza publiko horien arrazoietan jarri behar dela nabarmendu du; hots, funtsezkoak diren emakume langileen eta garbitzaileen aldarrikapenetan. Sindikalista borrokalariak atxilotu bai, baina “bitxia da nola Polizia ez den CEN patronalaren egoitzara joaten lan istripu bat dagoenean”, erantsi du Imanol Karrerak.
Atxilotu batzuk polizia etxetik atera dituzte eta autoetan sartu, pentsatzekoa da auzitegira eramateko; Zerbitzu Pribatuetako federazioko kide Imanol Salinas, tartean.
Atxiloketen harira, erreakzio ugari izan dira. LABeko Idazkaritza Feministak salatu du ez dugula onartuko sindikatuaren kontrako inolako erasorik emakume* langileen defentsan egiten ditugun ekintzengatik. Bilbon, LABeko pikete feministak mobilizazioa egin du zerbitzu publikoetako apirilaren 22ko greba dela eta. Bada, bertan, Zerbitzu Publikoetako Federazioko ordezkari Eider Casanovak Nafarroan izandako atxiloketak salatu ditu, eta berretsi du emakumeen langileen eskubideen defentsan jarraituko dugula lanean.
Euskal Herriko eta Nazioarte mailako hainbat eragile eta sindikatuen artetik ere jaso ditugu salaketa, elkartasun eta babes mezuak.
Mutualitate patronalak desagertuta egon dira pandemiaren momenturik gogorrenetan eta orain, hilabetez eskatzen egon direna lortu dute, enpresetan covid-19aren kontrako txertoa jartzeko aukera. LABen iritziz, osasun sistema publikoak jarri beharko luke txertoa, azken honen aldeko eta mutualitateen negozioaren kontrako jarrera batek eskatuko lukeen moduan.
Gizarte Segurantza lankidetza hitzarmena zehazten ari da CEOE Fundazioa eta mutualitateekin osasun sistema publikoa indartzeko formula bezala. Argudiatzen du hemendik lasterrera askoz txerto gehiago iritsiko dela eta osasun zentro publikoek ez dutela baliabide nahikorik izango txertaketa guztiak egiteko.
Pribatizazioaren aldeko apustua egin dute berriro, hau da, enpresarien elkarte pribatuak diren mutualitate patronalen negoziorako aukerak zabaltzearena, azken hauek langileak covid-aren aurka txertatzea onartuz.
Hitzarmenaren xehetasunak ezagutzen ez ditugun arren, finantzazio bide berri bat zabaldu da horretarako eta material suntsikorra eta prestakuntza emango zaizkie mutualitateetako langileei.
Euren baliabide humano zein materialak erabiltzeagatik mutualitateek egingo dituzte gastuak Gizarte Segurantzak ordainduko ditu eta horretarako partida bat onartuko da, hau da, diru publikoa bideratuko da esku pribatuetara.
Txertaketaren pribatizazio honek beste albo-kalte batzuk izan ditzake, gure intimitaterako eskubidea arriskuan jarri dezaketenak. Izan ere arriskua dago, pandemiaren aitzakian, mutualiteateei aukera emateko norbanako historia klinikoak lortzeko. Urteak daramatzate hori eskatzen eta langileen osasunerako eskubideen kontrako eraso larria ekarriko luke honek.
Beste arrisku bat ere egon daiteke, mutualitateak auzitan jarri ahal duelako langileak duen askatasuna txertoa hartu edo ez hartzeko, aukera egongo litzatekeelako lanean edo kontratua berritzerako orduan, bere erabakia helburu diskriminatorioetarako erabiltzeko.
Txertoa osasun zentro publikoetako lehen mailako arretako zentroetan jartzeak soilik bermatu ahal du txertaketa osasun publikoak zehaztutako irizpideen arabera egitea, arrisku gehien duten kolektiboak edo gaixotasun larrienak dituztenak lehenetsiz.
Lan osasun osasun publikoaren atal bezala ikusi behar da eta ez modu partzializatuan. Horretarako, gaitasun arauemailea eskatzen dugu Euskal Herrian erabaki ahal izateko laneko segurtasun eta osasun politikak. Horrela, babes eta prebentziorako sistema publiko propioa garatu ahal izango dugu, pertsonen osasuna izango duena lehentasun eta mutualitate patronaletatik librea izango dena.
Hermanitas de los Ancianos Desamparados egoitzan kaleratutako langileak berronartzeko eskatu dugu. Hain zuzen ere, lanean bi urte baino gehiago eman dituzten zenbait langile kaleratu dituzte, inolako aurreabisurik gabe, burofax baten bitartez.
Enpresa mehatxuak eta kaleratzeak erabiltzen ari da langileen eskubideak murrizteko, eta saiatzen ari da lantokian ordezkaritza sindikala izateko duten eskubidea gauzatu ez dezaten. Enpresak langileak antolatzen ari zirela jakin zuenetik, oso zaila izan da egoitza horretako lana, langileek etengabe mehatxuak jasan dituztelako. Aste honetan, hiru lankide kaleratu dituzte.
LAB sindikatuak eta langileek gogor salatu nahi dugu egoera. Ezin gara geldirik geratu enpresak langile-klasearen eskubideak urratzeko egiten duen ahaleginaren aurrean, eta borroka honetan bat eginda gaude. Ez dugu dirurik edo apurrik nahi, lan duina eta lan-baldintza duinak nahi ditugu, eta, horregatik, aurrera egingo dugu ordezkaritza sindikala lortzeko eta gure lankideak gurekin batera lan egitera itzultzeko.
2019a baino lehenago pentsioak erregularizatzeko eskatzen duen epaia helarazi berri du EAEko Auzitegi Nagusiak, LABek aurkeztutako erreklamazioak ontzat hartuz. Hortaz, Gizarte Segurantzari eskatu diogu epaia aintzat hartu eta langileen pentsioak ofizioz berrikus ditzala. Aldarri horrekin, mobilizazioa egin dugu Bilbon. Gizarte Segurantzaren egoitzan bertan.
2019an Europako Auzitegiaren eta Espainiako Auzitegi Konstituzionalaren epai banak lanaldi partzialean jardun zuten langileen pentsioari ezarririko partzializate koefizientea legez kanpokoa zela ebatzi zuten. Hain zuzen, epai horiek zioten praktika hori diskriminatzailea zela, nagusiki emakumeak izanda lanaldi partzialean diihardutenak, birritan zigortzen baitzituen, gutxiago kobratzen zutelako bai kopuruan eta bai denboran.
LABek beti aldarrikatu du lan egindako egun bakoitzagatik lan egun hori bera, osoki, kotizatutzat eman behar dela ondorio guztietarako, baita pentsio ororen kalkulurako ere.
Aurretik aipatutako bi epai horiek aurrera begirako pentsioei soilik eragingo zietela ezartzen bazuten ere, LABek erreklamazioak aurkeztu zituen. Bada, orain, 2019a baino lehenago pentsioak ere erregularizatzeko eskatzen duen epaia helarazi berri du EAEko Auzitegi Nagusiak. Horrela, 2019a baino lehenagoko pentsioak berriz kalkulatzeko atea ireki da, LABen ekimenez, auzitegiak erabaki duelako legez kanpo eta erabat injustuki kalkulaturik izan direla.
Gaurko mobilizazioan, LABeko Idazkaritza Feministako kide Zaloa Ibeasek Gizarte Segurantzari eskatu dio EAEko Auzitegi Nagusiaren epaia aintzat hartu eta 2019a baino lehen lanaldi partzialean jardun duten langileen pentsioak ofizioz berrikusteko, ez baita ulergarria administrazio publiko batek diskriminatzailea dela ebatzia izan den praktika mantentzea.
Gasteizen Ertzaintza gogor oldartu da euren enpleguen alde borrokan ari diren Tubacex-eko langileen kontra. Behin baino gehiagotan salatu dugu enplegu suntsiketaren aurrean Eusko Jaurlaritzak langileak albo batera utzi dituela. Enplegua ez babesteaz gain, Ertzaintza bidaltzen da euren enpleguen alde borrokan ari diren langileei eraso egitera. Hori da Jaurlaritzak langileentzako daukan erantzuna.
Honetaz aparte, Eusko Jaurlaritzak, diru-laguntzak ematen dizkie enpresei, euren artean Tubacex-i, langileak kaleratzeko. Guztiz salagarria iruditzen zaigu Jaurlaritzak enpleguaren inguruan egiten duen politika, borrokan ari diren langileak jipoitu eta kaleratzeak egiten dituzten enpresak diruz laguntzea. Onartezina da hau izatea Jaurlaritzaren alternatiba bakarra.
Ostegunean, 75 urteko emakume bat hil zuen tiroz 77 urteko gizonezko bikotekideak, Miarritzen. Urtea hasi zenetik Euskal Herrian gertaturiko hirugarren hilketa matxista da.
Indarkeria matxistak ez du mugarik, bizi garen sistema kapitalista patriarkalaren funtzionamenduaren ezinbesteko tresna delako, eredu honek sortzen dituen pertsonen arteko botere harremanak, menpeko harremanak bizirauteko eta mantentzeko erabiltzen duen baliabidea izanik. Horregatik, indarkeria matxistak lehen mailako arazo politiko, sozial, ekonomiko eta kulturala izaten jarraitzen du; ez direlako modu isolatuan eta bakartuan ematen diren erasoak; bizi garen jendartearen antolaketa sexistak ahalbidetzen eta sustatzen duen indarkeriaren erabileraz ari baikara.
Indarkeri matxistaren aurkako borrokan agente sozial, politiko eta instituzional guztien ardura pertsonal eta kolektiboa ezinbestekoa da, hezkuntzan hasita beste edozein eremutan ere. Garaia da hitzetatik praktikara pasatzeko.
Emakumeen Mundu Martxatik gogor salatu nahi dugu erailketa matxista hau. Emakumeon aurkako indarkeriaren adierazpen bortitz honen aurrean, izango diren mobilizazioetan parte hartzeko deia egiten dugu! Honekin batera autodefentsa feministarako deia egiten dugu, gure bizitzak direlako jokoan daudenak. Feministok erantzuteko prest gaude! Martxan jarraituko dugu, elkarrekin, borrokan denak aske izan arte!
Maiatzaren Lehenean eskualdeka mobilizatuko gara, “Aldaketa da aukera. Por un cambio de rumbo. Zaintza, lana, bizitza, herria!” leloarekin. Halaxe adierazi dugu Bilbon egindako aurkezpenean. LABeko idazkari nagusi Garbiñe Aranburuk eta Komunikazio idazkari Maider Jauregik eman dituzte mobilizazioen berri, eta Maiatzaren Lehena, zabalik dauden borrokak aitortzeko ez ezik, etorriko diren mobilizazio eta greba berriei indarrez ekiteko ere baliatuko dugula jakinarazi dute.
“Egun bat dugu aldarrikapenerako eta klase harrotasuna erakusteko”, adierazi du Garbiñe Aranburuk, eta norabide aldaketa dugula jomuga berretsi du. Idazkari nagusiaren hitzetan, “sistema honi ezin zaio eutsi, ez sozialki, ez ekologikoki. Aldaketak saihestezinak dira; jokoan dagoena, eztabaidagai dagoena, aldaketa horiek zein norabidetan egin behar diren da, eta horretara bideratu behar dira politika publikoak. Kapitala edo bizitza aukeratu behar da”.
LABek norabide aldaketa defendatzen du, trantsizio ekosozialista eta feminista; garapen paradigma berri bat, demokratikoagoa. Aldaketa da aukera, Maiatzaren Leheneko aurtengo leloak dioen bezala. Egungo sistema kapitalista, heteropatriarkala eta ekozidarekin jarraitzea prekarizazioan sakontzen jarraitzea da, arrakala sozialak areagotuz eta sektore publikoa eta zerbitzu publikoak ahulduz. Zaintza-krisia eta klima-krisia konpontzen ez dituen sistema da.
Sindemia egoeran
Bigarren urtez jarraian, pandemia egoera batean etorriko da Maiatzaren Lehena, eta koronabirusaren ondorioak ez dira osasun-krisi batera mugatu, lan-baldintzak eta bizi-baldintzak ere zeharo okertu ditu. “Sindemia bihurtutako pandemian kapital handiaren eta elite ekonomiko baten interesak lehenetsi dira. Pandemiari aurre egiteko ez dago osasun publikoan inbertitzearen aldeko apusturik. Erantzukizun politikoak saihestu dira, eta zama guztia herritarren erantzukizunean jarri da, neurriak gogortu eta malgutzearen arteko oreka arriskutsuari eusten saiatuz, eta orain ikusten dugu dena fidatu nahi zaiola txertaketa-estrategiari”, azaldu du Garbiñe Aranburuk.
Nabarmendu du pandemiak agerian utzi dituela bizitzari eusteko funtsezko lanak zeintzuk diren, kasu gehienetan emakumeek egindako lanak izanik, modu prekarioan gauzatzen direnak. Enplegu hori duintzeko neurririk ez dela hartu salatu du. Lan-erreformen ondorioetako bat enplegua suntsitzea oso erraza dela azpimarratu du, eta, enpleguaren galera horren aurrean, erakundeek langileak bazterrean utzi dituztela gogor kritikatu du.
Pandemiaren efektuari aurre egiteko, Europak dagoeneko markatuta dauka jokalekua, berreskurapenerako Europako funtsekin. Filosofia horretan oinarrituta, Estatuko erakundeek, Gasteizko Gobernuak eta Nafarroako Gobernuak krisiari eman nahi dioten erantzuna erakutsi digute: “2008ko krisiari emandako erantzunarekin, aldeak daude. Izan ere, kapital transnazionalen beharrak desberdinak dira. Aurreko krisian bankuak erreskatatu ziren eta austeritate politikak nagusitu ziren. Oraingoan, diru publikoa ekonomian sartzea erabaki dute, erreforma fiskalik gabe, eta murrizketa berriak etorriko dira. Diru publikoa esku pribatuetara bideratzera mugatuko dira, inolako baldintzarik gabe, trukean inolako konpromiso sozialik eskatu gabe. Diru publikoa multinazionalen beharretara bideratuz geroa, inbertsio publiko horretatik kanpo geratuko dira zerbitzu publikoak, zaintza-sistema publikoa eta lan eta bizi baldintza duinak”.
Ezkerretik, burujabetzan sakonduz
Norabide-aldaketa, trantsizioa, eredu ekonomiko eta sozial berri bat eraikitzea, mundu mailako erronka bat da. Hala ere, argi izan behar dugu alternatiba hori herrialde bakoitzetik bultzatu behar dela. Garbiñe Aranbururen esanetan, “Euskal Herrian norabide aldaketa hori ezkerretik gidatu behar da, langileen parte-hartzearekin eta herri burujabetza prozesuan sakonduz. Horrela behar du izan, edo ez da norabide aldaketarik egongo”.
Ez dago gehiengo instituzionalik norabidea aldatzearen alde, trantsizio baten alde; erakundeetan alderdi sistemikoak dira nagusi. Baina, balio horiek partekatzen dituen gehiengo sozial bat badago, garapen-ereduaren paradigma-aldaketa horren alde dagoena: “Kalean gaude, zerbitzu publikoak eta zaintza-sistema publiko komunitario bat defendatzen. Langileek oso ondo ulertu dute mobilizazioaren garrantzia hezkuntzan, osasunean eta gizarte-zerbitzuetan. Langileen aldarrikapenak agendan kokatu dira, negoziazio-mahaietan sartu dira eta aldarrikapen horiek lortzeko indar-korrelazio sendoagoa sortzen ari gara. LABetik herri-harresi bat osatzen ari gara enplegua defendatzeko. Sindikatuen artean enplegua defendatzeko eta duintzeko estrategia komunik ez badago ere, enpresetan eta kalean erantzun irmoa ematen ari da enplegua defendatzeko”.
Langileek oso mezu argia bidali diote patronalari. Erraz kaleratzeko legezko tresnak dituzten arren, ez dugu onartuko: “Aernnova, PCB edo Tubacexen borrokak kontuan hartu behar dituzte patronalak eta Eusko Jaurlaritzak. Borroka ez da agortzen enplegu-erregulazioko espediente baten negoziazio-aldia amaitzen denean eta bide judiziala irekitzen denean; borrokak aurrera jarraitzen du”.
LABeko idazkari nagusiak ere nabarmendu du aitortza ekonomiko politiko eta sozial egokirik jasotzen ez duten langileen lan-baldintzak duintzeko borrokak ugaritu egiten direla, hala nola, elikagaigintza edo garbiketa sektoreetan. Borroka sindikal horiekin batera, mugimendu feministaren, pentsiodunen eta gazteen borrokaren balioa ere azpimarratu behar dela adierazi du.
Hala, Maiatzaren Lehena borroka horiek guztiak aitortzeko eta mobilizazioan sakontzeko eguna izango dela jakinarazi du , aldaketa helburu.