2026-01-27
Blog Page 486

Euskal Herrirako Lan Kode bat eta Gizarte Segurantza propio baterako Lege bat osatzeko beharra aldarrikatu dugu

Ipar Hegoa ikasketa sindikalen fundazioak eta LAB sindikatuak Ikusmira seriearen urriko txostena aurkeztu dugu, “Euskal Herriko langileriaren lan eta bizi baldintzak” izenburupean. Azken hamarkadan langileen lan eta bizi baldintzek izan duten bilakaera aztertu dugu argitalpenean, eta horixe aurkeztu dugu gaur hedabideen aurrean, gure proposamenen berri emateaz gain prekarizazio prozesuari mugak jartzeko. LABeko idazkari nagusi ondoko Igor Arroyok eta Ipar Hegoako analisien arduradun Oihana Lopetegik hartu dute hitza.

Krisi ekonomiko sakona bizi dugu, baina bere ondorioak, berriz ere, nagusiki langileok pairatzen ditugu Espainiako Estatuko gobernuek 2010 eta 2013 urteen artean ezarritako erreformen bidez horretarako baldintza estrukturalak eta arauak ezarri zituztelako. Hau da, erreforma haiek kaleratzeen erraztea, enpresei malgutasuna ematea, prekarietatean sakontzea edota lan hitzarmenen babesa kaltetzea ezartzeaz gain, eta 2008ko krisiari irtenbide neoliberala ematetik harago, filosofia eta arau horiek betikotu zituzten.

Datuak eskuetan, Igor Arroyok nabarmendu du greba kopuruak gora egin duen neurrian, lan hitzarmenen estaldurak ere gora egin duela; eta alderantziz. Hortaz, borroka sindikalaren balioa aldarrikatu du, eta, aldi berean, Elkarrizketa Sozialeko Mahaia ez dela aldagai esangurantsua berretsi du: “Ez du inolako eraginik”. Zentzu honetan, egun dauden borroken eta azken hilabeteetan izan direnen garrantzia azpimarratu du.

Hala ere, borroka eta grebak antolatzea ez dela nahikoa adierazi du, eta lan eta bizitzaren prekarizazio prozesuari buelta emateko egiturazko neurriak hartzea ezinbestekoa dela nabarmendu du. Hala, Euskal Herrirako Lan Kode bat eta Gizarte Segurantza propio baterako lege bat aldarrikatu ditu, eta horiek zein ezaugarri izan behar dituzten eztabaidatzen hasteko garaia dela esan du. Ildo honetan, urtarriletik aurrera eragileekin bilduko garela aurreratu du, eztabaida horri heltzeko eta gure proposamenak osatzeko. Dena den, gaurdanik, egungo markoan ere, egungo eskumenak baliatuta, prekarizazioari mugak jartzeko urratsak eman daitezkeela adierazi du LABeko idazkari nagusi ondokoak; Akordio Interprofesionalaren bitartez edo bestelako politika publikoak egiten, kasu.

MFS Sintering enpresak ez du ABEEErik aurkeztuko, langileen asanbladak greba egunak deitu ondoren

Automobilgintzarako osagaiak egiten dituen Trapagarango MFS Sintering-eko langileek enpresak EEE bat aurkezteko zituen asmoetan atzera egitea lortu dute, langileen asanbladak egindako hainbat egunetako greba deialdiaren ondoren.

Pasa den urrian MFS Sintering-eko zuzendaritzak langileen ordezkariei jakinarazi zien arrazoi produktiboengatiko ABEEE bat ezarri nahi ziela langileen %98ari (zehazki, 106 langileri). Goi mailako zuzendaritzako kideak ABEEEtik kanpo utzi zituzten, euren lana “funtsezkoa” zela argudiatuta.

Enpresaren zuzendaritzak hutsunez eta falta ziren datuz betetako txosten teknikoa eta azalpen-memoria aurkeztu zituen. Honetan, ez dira ABEEEak osagarritzen eta enpresak sinetsiarazi nahi digu ABEEEak enpresen esku daudela “badaezpada”.

Enpresa bere gaitasunaren %110ean ekoizten ari dela kontutan izanda, LABek iritzi zion ez zegoela ABEEE honetarako benetako arrazoiak eta asanbladetara deitu zituen langileak.

Batzar jendetsu hauetan, langileek ia ahobatez errefusatu zituzten ABEEEak eta erabaki zuten, lan epaitegietako errekurtsoez gain, lan-eskubideen aurkako gehiegikeria hau gelditzeko modu bakarra antolaketa eta borrokaren bidez izango zela.

Erabakitakoaren arabera, datorren ostegunean, azaroaren 12an izan behar ziren lehen mobilizazioak, 24 ordutako grebarekin. Greba egingo zenaren jakinarezpen ofizialaren berri izan zuenean, enpresak bilerara deitu zituen langileen ordezkariak. Gaur, azaroaren 10ean, egin da bilera eta 10 minutu baino ez du iraun. Enpresak, aldebakarrez, ABEEEa erretiratzea erabaki duela jakinarazi du.

Hilabeteak daramatzagu ikusten nola gero eta gehiago diren Ezkerraldea eta Bizkaiko enpresak, ABEEEak modu indiskriminatuan erabiltzen saiatzen direnak. Horrela, langileon langabeziaren kontura hornitutako izkutuko orduen poltsak bihurtuz. Patronalak modu kolektiboan pentsatutako plana dirudi honek, ezin da kasualitatea izan sektore ezberdinetako horrenbeste enpresa ibiltzea arrazoi produktiboengatiko ABEEEen neurrietara jotzen.

Horrelako gehiegikerien aurrean jarraitu beharreko bidea zein den erakusten digute MFS Sintering-eko langileek, antolaketa eta borroka. Zoriondu egin nahi ditugu langileak lortu dutenarengatik.

Azaroaren 28an manifestazioa egingo dugu Iruñean, Eskubide Sozialen Kartako eragileok deituta, aurrekontu sozialen defentsan

Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartako eragileok agerraldia egin dugu Iruñean, Gaztelu plazan, bizitza erdigunean jarriko duen eredu-aldaketa aldarrikatzeko, eredu pribatizatzailetik arlo publikoa indartzera pasatuko dena.

Hauxe da Kartaren oharra, gaur egindako agerraldiaren harira:

Urtarrilaren 30ean, Eskubide Sozialen Kartak greba orokorrerako deialdia egin zuen hiru ardatz nagusirekin: pentsio-sistema publiko eta duin baten defentsa, prekarietateari aurre egitea eta eskubide sozialetan aurrera egitea, geroz eta  handiagoa den desberdintasun soziala murrizteko. Ordutik ez da ezer aurreratu. Ez da lan-erreforma ezabatu, Nafarroako Gobernuak ez ditu pentsioak osatu pentsiodunen elkarteek eskatutako 1080 eurora arte, eta eredu pribatizatzaile baten alde egiten da; errenta bermatua ez da behar duten pertsona guztiengana iristen.

Covid-19 pandemia bere garaian exijitutako eskaeren garrantzia erakustera eta beste behar batzuk azaleratzera etorri da.

Ondorioak suntsigarriak izan dira:

  • -Osasun Sistema Publikoan, bertako langileen lana baztertu gabe, lehen mailako arreta bahitua izan da Covid 19aren izenean.
  • -Adinekoen egoitzak, beren enplegatuen lan-baldintza prekarioetan oinarritutako negoziotzat hartuta, birusaren kabi tetrikoa bihurtu dira.
  • -Bizi-baldintza eta lan-baldintza eskasenak dituzten langileen kolektiboeen esparruetan (egoitzak, sasoikako langileak, haragi-industriako etorkinak) infekzio-agerraldi ugari egin zaizkie.
  • -Ikusi dugu oinarrizkoak diren beharrak ez direla bermatzen ari, eta horrek biderkatu egiten ditu Covidek eragindako arazoak. Adibide argia da etxebizitza egokirik ez dagoela, gela bakar batean pilatuta dauden familia osoen irudiekin.
  • -Langabezia inoiz ikusi ditugun zifra altuenetara iristear dago, batez ere gazteen artean.
  • -Soldatak ERTEengatik ordezkatzeak berekin ekarri du dozenaka mila langile pobretzea, batzuetan koiunturala, batzuetan betiko. Horri gehitu behar zaizkio ERTEak baliatu ezin dituzten milaka langile kontratu gabe jardun behar izan dutelako edo kontratu fraudulentoak eduki dituztelako.
  • -AHTa bezalako markoegiturek baliabide publikoak irensten dituzte aurrekontuak gizartearen kontra bideratuz.

Nafarroako Gobernuak eta bere ikuspegi neoliberalak Nafarroa suspertzeko plana proposatu zuen, eta plan horren helburu nagusia betikoei diru kopuru izugarriak sartzen jarraitzea da. Errealitate horren aurrean, gizarteak gero eta ahots gehiago altxatu ditu, ezberdintasun sozialak eta asetu gabeko beharrak atenditzeko aldaketak exijituz. Osasun arloko langileek egin dute, esku-hartze sozial eta soziosanitarioko langileek, egoiliarren senitartekoek eta, ziur aski, laster egiten jarraituko duten beste batzuek.

Eskubide Sozialen Kartatik sistema aldaketa bat aldarrikatzen dugu, bizitza eta zaintzak erdigunean benetan jarriko dituena, pribatizazioen aldeko apustua egitetik zerbitzu publikoak indartzearen aldeko beharrezko apustua egitera pasatuko dena. Aurrekontuak une egokia dira gobernu honek zentzu horretan duen borondatea erakusteko. Beharrezkoa da No-kovid partidak indartzea egitura-aldaketetara bideratutako sail guztietan, eta ez koiunturalak. Hori dela eta, egun hauetan Nafarroako Gobernuarekin eta Parlamentuan dauden alderdi politikoekin egiten ari garen bileretan, 2021erako aurrekontu-proiektu honetan bermatu behar diren premiazko beharrak jakinaraziko dizkiegu, laster zehatzago azalduko ditugunak:

  • -Zaintzarako zerbitzuan berriro publifikatzea lehen bait lehen. Barne produktu gordinaren % 6a hezkuntzara bidera dadila, eta% 7koa osasun publikorako.
  • -Etxebizitza publikoen parkea bermatzea, Nafarroan bizi diren biztanle guztiei eskaintzeko, salbuespenik gabe.
  • -Gutxieneko Lanarteko Soldata ren pareko errenta bermatua.
  • -Pentsioen osagarria, gutxienez 1080 eurora arte.
  • -200€ko gutxieneko soldatak eta 35 orduko gehienezko lanaldiak sektore publiko osoan.
  • -Modu irregularrean bizi edota lan egiten duten pertsona guztiak erregularizatzeko premiazko neurriak
  • -Zuzenean edo zeharka diru publikoa pertsonen beharrak ez diren helburuetara bideratzea dakarten makroazpiegiturak berehala geldiaraztea.

Eskubide Sozialen Kartan, bizitza erdigunean jarriko duen eredu-aldaketa eskatzen dugu, eredu pribatizatzailetik arlo publikoa indartzera pasatuko dena.

Horrekin batera, beharrezkoa da erreforma fiskal bat egitea, enpresak eta kapital-errentak gehiago biltzeko. Gehiago dutenek gehiago ordain dezatela. Erreforma fiskala egiten ez bada, murrizketa sozialak itzuliko dira.

Horregatik erabaki dugu berriro kalera ateratzea, mobilizatzea. Oraingoz, agendan 2 data daude: azaroaren 19an ekitaldi bat egingo dugu, eta azaroaren 28an manifestazio handi bat egingo dugu.

Arcelor Mittaleko enpleguaren alde borrokatuko gara Madrilgo epaiketan eta Euskal Herriko lantegietan

Ostegunean, azaroak 12, Auzitegi Nazionalean Arcelor Mittalek ezarritako Enplegu Erregulazio Espedientearen aurkako epaiketa dela eta, langileek elkarretaratzeak egingo dituzte Arcelor Mittalek Euskal Herrian dituen lantegietan.

LABek, ostegunean, Euskal Herriko lantegietan enplegu-erregulazioko espediente berri hau ez dela beharrezkoa defendatuko du epaiketan. Arcelor Mittalek aldi baterako EEE bat aplikatzen du etengabe 2009tik. Epe horretan, enpresak Euskal Herriko lantegietako enplegu guztiaren erdia baino gehiago suntsitu du, etaZumarragakolantegiakedo,oraintsuago,Aguraingoaitxiditu.

Gogoan izan behar dugu Administrazioak berak uko egin ziola enplegu-erregulazioko espedienteari, Zuzendaritzak hasieran proposatutako ezinbesteko arrazoi batengatik.

LABen ustez, azaroaren 12ko epaiketa Arcelor Mittalek Euskal Herrian duen enplegua eta altzairutegietarako etorkizun industriala defendatzeko borrokaren barruan kokatzen da. Horretarako, funtsezkoa da, halaber, langileak aktibatzea; izan ere, ostegunean egingo diren elkarretaratzeetan parte hartzera animatzen ditugu langileak, eta Eusko Jaurlaritzari eta Nafarroako Gobernuari exijitzen diegu etorkizun industriala babesteko eta multinazionalaren desindustrializatzeko estrategia ez bermatzeko.

Gaurko borroka, biharko enplegua!

Gauzen logika aldatuko duten aurrekontuak behar ditugu Nafarroan, gauza publikoa, gure enpleguak eta gure bizitzak erdigunean jarriko dituztenak

Nafarroako Gobernuak (PSN, Geroa Bai eta Podemos) 2021erako aurrekontuen aurreproiektua aurkeztu du gaur Kontseilu Ekonomiko eta Sozialean. Covid-19ak eragindako pandemiak sistema kapitalistaren krisi berri baten ondorio ekonomiko eta sozialak bizkortu ditu, eta horrek garrantzi berezia ematen dio aurtengo aurrekontuen eztabaidari. Baina, zoritxarrez, LABek Gobernuaren proposamenean ikusten du egungo eredu ekonomiko eta soziala sakontzen eta sendotzen jarraitzeko erabakia, erakutsi den bezala, Nafarroako gehiengo sozialari osasun, lan eta bizitza duina bermatuko dioten etorkizuneko erronkei aurre egiteko gaitasunik ez duena.

Non eta nola inbertitu behar dugun erabaki aurretik, ezinbestekoa da argi izatea eta erabakitzea nondik eta nola lortuko ditugun diru-sarrerak, behar dugun dirua. Hala ere, berriro ere, Nafarroako Gobernua aurrekontua teilatutik “eraikitzen” hasi da. Hala, aurrekontuak egiteko prozesuari ekin dio, gastuaren gehienezko muga finkatuz (ez finantzarioa), baina ez du aurreikusi diru-sarrerak handitzea ahalbidetuko duen tributu-neurririk, egungo  salbuespenezko egoerari aurre egiteko.

LAB sindikatuaren iritziz, zerga-bilketa handitzeko eta zerga-sistemaren progresibitatea hobetzeko beharrak zerga-kargen banaketa justuagoa lortzeko, zerga-erreforma sakona eskatzen du. Alde horretatik, Gobernuak eta gobernua osatzen duten alderdiek ez dute soilik gai horri buruzko eztabaidarik ukatzen, baizik eta, era berean, ateak ixten dituzte ahalegin guztiak egiteko ekonomikoki lagungarrienak diren gizarte-sektoreei aparteko ekarpena eskatzeko. Hau da, 2008ko krisian bezala, uko egiten diote krisi hau kapitalak ordaintzeari, gehien dutenek eta krisi honetan negozioa egiten jarraitu dutenek, faktura, berriro ere, langileen bizkar jar dadin.

Beraz, krisi ekonomiko eta sozial honi nola erantzungo diogun erabakitzeak eztabaida soziala eskatzen du. LAB sindikatuarentzat, eztabaida horrek trantsizioko akordio sozialak behar ditu, gauzen logika aldatuko dutenak, diru publikoaren kudeaketari eta beharrezko inbertsioei buruz hitz egiteko aukera emango digutenak, publikoa eta pertsonen bizitza erdigunean jarriko dituen aldaketan aurrera egiteko. LAB sindikatuarentzat, dena pribatizatu duen sistema horren hutsuneak estali nahi dituzten betiko laguntza eta neurrien aurrean, beste eredu bat posible da, aberastasuna modu eraginkorrean banatuko duena, gure eskubideak bermatuko dituena eta zerbitzu publikoak indartuko dituena. Hortxe dago aldaketa sozialerantz aurrera egiteko aukera.

LAB sindikatuak uste du edozein aurrekontu proposamenek 180 graduko norabide aldaketa eskatzen duela, eta ez dugu borondate politiko hori ikusten egungo Nafarroako Gobernua osatzen duten PSN, Geroa Bai eta Podemos alderdien jarreran. Beste modu batera esanda, LABek Gobernuaren proposamenean ikusten du egungo eredu ekonomiko eta soziala sakontzen eta sendotzen jarraitzeko erabakia, erakutsi den bezala, Nafarroako gehiengo sozialari osasun, lan eta bizitza duina bermatuko dioten etorkizuneko erronkei aurre egiteko gaitasunik ez duena.

Nafarroako Gobernuak ez du horretarako borondaterik. Ondorioz, LAB sindikatutik arreta jarri nahi dugu neurri zehatzak premiaz eskatzen dituzten lehentasun eta esparruetan, langileriaren interes eta beharren alde eta gehiengo sozialaren mesedetan:

  • -Osasun eta Hezkuntzako inbertsioa handitzea BPGari dagokionez: langileak kontratatzea osasun eta hezkuntzako ratioak jaisteko, lehen mailako arreta indartzea, Covid detektatzeko proba masiboak egiteko partida.
  • -Azpikontratatutako zerbitzu eta sektoreen publikotasuna (bereziki sozialak eta zaintzakoak).
  • -Garraio publikoa indartzea.
  • -Babes soziala handitzea: errenta bermatuaren estaldura handitzea, etxebizitzarako eskubide subjektiboa bermatzea, pentsioak osatzea.
  • -Enplegua eta lan baldintza duinak bermatzea eta bultzatzea. Ildo horretan, funtsezkoa da Esku-hartze Sozialaren sektoreko milaka langileen lan prekarioak duinduko dituen hitzarmena lortzeko behar den finantzaketa.

Gipuzkoan mantenimedu elektromedikoa bermatzea exijitzen diogu Osakidetzari

LABek jakin duenez, Osakidetzak Gipuzkoako ospitaleetako ekipamendu elektromedikoaren mantenimendua egiten duen enpresa aldatu du. Bizi dugun pandemia egoeran bereziki kezkagarria deritzogu, ospitalek bizi duten saturazioa areagotzen ari delako. Zerbitzu honen barruan kokatzen da, esaterako, arnasgailuen mantentze lana egitea.

Orain arte zerbitzu hau egin duen Mantenimiento Electromédico SL enpresako langileak ziurgabetasun erabatekoan daude, ez baitiete subrogazio eskubidea aitortu, eta hortaz, kaleratuak izateko arriskuan daudelako. Zerbitzu publikoen azpikontratazioak lan baldintzen okertzea bilatzen du, baina zerbitzuen kalitatea ere arriskuan jartzen du, oinarrizkoak direnena ere bai, kasu honetan bezalaxe.

Orain gutxi sinatu berri den Gipuzkoako Metalgintzako Hitzarmenak azpikontratatutako langileen subrogazio eskubidea jasotzen duenez, LABek lan kontratuak subrogatzeko eskaera egin die, bai Osakidetzari, baita zerbitzua emango duen enpresa berriari, Drager Medical Hispaniari. Hau baita enplegua bermatzeko era bakarra, dagokien eran, eta gainera, behar handiko egoera batean zerbitzua era eraginkorrean betetzeko. Astebete igaro da eskaera aurkeztu genuenetik eta ez dugu inolako erantzunik jaso.

Eskaera hori onartua ez bada, LABek auzitara joko du langileei subrogazio eskubidea bermatzeko.

Lurgorri eguneko zentroaren aurrean mobilizatu gara Gernikan, kalitatezko zerbitzu publikoen defentsan

Lurgorri irekitzearen helburua premiazko arazo bati erantzutea zen, hau da, hartutako kalte zerebrala eta gaixotasun neurologikoak dituzten pertsonei zerbitzua ematea Busturialdean. Jasotzen zuten arreta integrala eta pertsonalizatua zen, autonomia funtzional eta soziala sustatuz, erabiltzaileari komunitatera bereizkeriarik gabe sartzea errazteko.

12 urte baino gehiagoren ondoren, eta pandemia aprobetxatuz, Bizkaiko Foru Aldundiak zerbitzua ixtea erabaki du. Azalpenik gabe, familiei edo langileei aurreabisurik eman gabe. 

Zentroko langile guztiei eragin die erabaki horrek, langileak lekualdatu dituzte eta karteldegiak aldatu zaizkie. Erabiltzaileak arretarik eta terapiarik gabe egon dira 7 hilabete baino gehiagoz, eta, ondoren, plaza eskaini diete prestazio txikiagoak dituzten beste zentro batzuetan (Gorabide, Bekoetxe…). Itxieraren arrazoia, Sergio Murillok azaroaren 4an egindako agerraldian adierazi zuenez, zentrora iristeko erabiltzaile batzuek egiten duten ibilbidearen luzerarekin lotzen zuen. Gainera, profil berrien eskaerari erantzuteko berrantolaketaren beharra zegoela adierazi dute.

LABek erabat arbuiatzen du Lurgorri zentroa ixtea kalte zerebrala duten pertsonentzako zentro gisa, eta erabiltzailearen profil berria duen zentroaren kudeaketa erakunde pribatu baten esku egotea. Lurgorrin ematen ari zen profilarekin zerbitzua eskaintzen jarraitzea eskatzen dugu, eta espektro autistaren nahasmendua duten pertsonentzako beste zentro bat irekitzea,.

Osasun-krisiaren testuinguru honetan, ezinbestekoa da kalitatezko zerbitzu publikoen aldeko apustua sendoagoa izatea. Eta zerbitzu bat pribatizatu eta sare publikotik ateratzea da Aldundiaren eta haren euskarri diren alderdien erantzuna. LABek berretsi egiten du kalitatezko zaintza-sistema publiko baten beharra.

Zerbitzu Publikoaren defentsaren eta erabiltzaileen Kalitate Zerbitzuaren alde, Lurgorri zentroaren aurrean mobilizatu gara gaur.

Eskola-jangeletako zerbitzuaren alde mobilizatu gara Gasteizen

Hezkuntza komunitateko jangeletako langileek, irakasle-hezitzaileek eta gurasoek Gasteizko Foruen plazan mobilizazioa egin dugu, jangeletako egun arrunt bat erakusteko eta jangela segurua eta kalitatezkoak nahi ditugula aldarrikatzeko, bai langileentzat, bai ikasleentzat. 

Era berean, Eusko Jaurlaritzari eskatu diogu baliabide guztiak jar ditzala, jangela zerbitzua erabili nahi edo behar duen edozein ikaslek eskubide hori bermatua izan dezan.

Finantziazioa handitzea eskatu dugu Gasteizko Legebiltzarrean, Haurreskolak Partzuergoak kalitatezko zerbitzua eskaintzeko eta langileen eskubideak bermatzeko

LAB, STEILAS eta ELA sindikatuon oharra:

Gaur goizean Haurreskolak Partzuergoan ordezkaritza dugun sindikatu guztiok Legebiltzarreko Hezkuntza Batzordean egindako agerraldian, 0-3 hezkuntza-zikloaren garrantziaren aitortza aldarrikatzeaz gainera, Eusko Jaurlaritzak eta Hezkuntza Sailburuek hartutako erabakien ondorioz, Haurreskolak Partzuergoaren etorkizuna kolokan jarri dutela salatu dugu, baita gaur egun ditugun eskakizun nagusiak mahai gainean jarri ere:

  • –  Ume guztien hezkuntza-eskubidea bermatzeko asmoz, zerbitzuaren erabateko doakotasuna eta sarbide unibertsala.
  • –  Beraz, haurtzarorako Eusko Jaurlaritzak eman beharreko hezkuntza eskaintza eraginkorra bermatzeko, Haurreskolak Partzuergoa Hezkuntza Sailean sartzea.
  • –  Matrikulazioa bultzatzea. Arduratuta gaude Haurreskolak Partzuergoak ikasturte honetan izandako matrikulazio jaitsieragatik; pandemiarengatik atzeratu eta baldintza txarretan egiteaz gain, ez da izan inolako propaganda instituzionalik.
  • –  Haurreskolak Partzuergoko gerentziak aldebakarrez harturiko erabaki batzuk bertan behera geratzea. Matrikulazio jaitsieraren aitzakiaz, Haurreskolak Partzuergoko hezkuntza-proiektua arriskuan jartzen duten hainbat erabaki hartu ditu gerentziak. Horietako batzuek lan-hitzarmena eta araudiak urratzen dituzte: ordezkoak ez kontratatzea, hezitzaileak zentruen artean desplazatzea edo aparteko orduen erabilera okerra. Egoera hau lanpostuak suntsitzeko eta langileon lan-baldintzak okertzeko baliatzen ari da.
  • –  Negoziazio kolektiboaren mahaia deitzea, baita bertan Hezkuntza Sailak izendatu behar duen ordezkariak parte hartzea. Haurreskolak Partzuergoak eta Hezkuntza Sailak ez dute lanpostuak kontsolidatzeko neurririk hartu eta ez dute lan-hitzarmena osotasunean negoziatzeko borondaterik aurkeztu. Gauzak horrela, benetako negoziazioa zabaltzea eskatzen dugu.
  • Ondorioz, Hezkuntza Batzordean egin dugun agerraldian azpimarratu nahi izan dugu: jokoan dagoena da haurreskolek daukaten garrantzia eta 0-3 zikloak hezkuntza sisteman egiten duen ekarpena onartzea; Haurreskolak Partzuergoa, zerbitzu publikoa den heinean, euskal familiek hezkuntzarako duten aukera berdintasunerako lehen giltzarri bezala onartzea.
  • Horrek finantziazioa eskatzen du. Izan ere, Haurreskolak Partzuergoaren Gerentziak argi utzi du, Zuzendaritza Batzordearen onespenarekin batera hartutako erabakiekin, haurreskoletarako inbertsio ekonomiko nahikorik ez dagoela, eta horrelako neurriek helburu ekonomizistei erantzuten dietela, jendarteak dituen beharrei erantzun ordez.
  • Horretan dago gakoa, eta hau da LAB, STEILAS eta ELA sindikatuek eskatu duguna: finantziazioa handitzea kalitatezko zerbitzua publikoa eskaintzeko eta langileen eskubideak bermatzeko; aitortza politikoa haurreskoletako langileentzat, haurren eta familien beharretara egokitutako politikak, eta Hezkuntza Sailaren kudeaketa zuzena.

Hortaz, eta bukatzeko, argi utzi nahi dugu: gaur egungo haurreskoletako argazkia aldatu beharra dugu. Kalitatezko hezkuntza sistema batean 0-3 zikloak izan behar duen aitortza politikoa lortzea da gure helburua eta, horretarako, ez dago alternatibarik: haurreskoletako finantzazioa egokitu eta Haurreskolak Partzuergo publikoan gehiago inbertitu behar da. Azken finean, hezkuntzan egiten den inbertsioa jendartearen ongizatean inbertitzea da.