2026-07-23
Blog Page 483

EUNEIZ unibertsitate pribatuaren lege-proiektua bertan behera uzteko aldarrikatu dugu Gasteizko Legebiltzarreko Hezkuntza Batzordean

Jaurlaritzak onartu nahi duen lege-proiektuaren bidez, EAEko Unibertsitate Sistemaren baitan irabazi-asmoa duen beste unibertsitate bat txertatzeko urrats kualitatiboa eman nahi du: Europan University Gasteiz, EUNEIZ. LABen ustez, kosta ala kosta, merkatuaren logika neoliberalei eta sistemaren interesei erantzuten dien unibertsitate klasista eta elitista baimendu nahi da, globalizazioaren mesedetara dagoena, eta segregazioak areagotuko dituena.

Baskonia saski-baloi taldeari zein Gasteizi loturiko unibertsitatetzat aurkeztu nahi den arren, EUNEIZ unibertsitatea sustatzen duen EUSTEIZ 2018 S.A. ULENI 30 Elkarte Mugatuak % 90ko partizipazioa du, eta aipaturiko kirol taldeak, aldiz, %10. 

Beste aldetik, esku artean izan dugun dokumentazioan diotenez, EUNEIZen “negozio-planak ez du finantzaketa-arazorik planteatzen”. Besteak beste, gradu eta masterreko ikasturte bakoitzeko 8.000 euroko matrikula-prezioa aurreikusten baitu, eta etekin ekonomikoak hirugarren ikasturtetik aurrera (ia 700.000 €ko etekina eskaintza akademiko osoa indarrean egongo den ikasturterako). Sustatzaileek diote 29 miloi euroko ekarpena egingo diola urteko Arabako BPI, baita 400 lanpostu berri baino gehiago sortuko dituela ere. Dakiguna da, aldiz, aurreikustitako 205 ikasleei zerbitzu emateko 5 AZP eta zehaztu gabeko irakasle eta ikertzaile plantilla azaltzen dela, azken honi dagokionez araudiak zehazten duen lanaldi-osoko dedikazio-erregimenean lan egingo dutenen kopurua (%60) bermatu barik.

Ez da inon agertzen nola bermatuko den EUNEIZ-en ez dela diskriminaziorik onartuko “jatorri-soziala dela-eta” unibertsitatean sartzeko eta bertan jarraitzeko, ezta ere ikasteko beka eta laguntzak emateko ze araudi edukiko duen ere, izango badu, eta nork edo nola finantzatua izango den. Aitzitik, EUNEIZ unibertsitate elitista baten egitasmoa dena zalantza izpirik ez dago, non, martxan jartzekotan, hemengo balizko ikasle askok ezin izango luketen ikasi baliabide ekonomiko nahikorik ez izateagatik.

EUNEIZeko eskaintza akademikoak egun Euskal Unibertsitate Sisteman dagoena, hein handi batean, bikoiztuko edo hirukoiztuko du. Gainera, gaur egun eskaintzen ez diren ikasketak martxan jarri ahal izango lirateke UPV/EHUtik bertatik, EUNEIZ-en egitasmoari bide eman nahi dion Administrazioak baliabide nahikorik jarri ezkero. Ikerketan ere, ez du gauza handirik ekartzen, eta, esaterako, ez du aurreikusten oinarrizkoa den eta araudiak eskatzen duen unibertsitate bibliotekarik, gutxienez lehen bi urteetan, eta hitzartuko du zerbitzu hori. 

Euskarari dagokionez, ez dakigu zein izango den eskaintza, ezta aipatutako graduak eta masterrak euskaraz ikasteko aukerarik ere egongo ote den. Ez dakigun bezala nola bermatuko zaien balizko ikasleei zein herritarrei zerbitzua euskaraz jasotzeko eskubidea.

LABen ustez, Lege-proiektu hau zenbait gauzaren adierazle da:

  • Prozesu osoan zehar sumatu dugun Unibertsitate publikoaren zein Euskal Unibertsitate Sistemaren beraren defentsa argiaren gabeziarena. Ekimen pribatu honek lehia ezarriko du jada eskaintzen diren zenbait ikasketa ezarrita duten unibertsitateekin, batez ere UPV/EHU kaltetuz eta goi-hezkuntza sistemaren merkantilizazioan eta pribatizazioan urrats kualitatibo bat emanez, euskal gizartearen behar eta kohesioaren kaltetan. 
  • Euskarazko irakaskuntza, ikerketa eta arreta inolaz ere bermatuta egon ez izanarena. EUNEIZen izaera eta lehentasunak ikusita, ekimen honek aurrera egitekotan, euskara galtzaileetako bat izango delakoan gaude. Globalizazioaren eskutik, homogeneizazioa etorriko da, hizkuntz eskakizunik gabeko kontratazioekin. 
  • Lan-talde urriarekin eta lan baldintza eskasekin jardungo duen “unibertsitate pribatua” izango da EUNEIZ, lan-harremanen esparru propioa guztiz alboratzen duena.
  • Estatuko oinarrizko Legeek eta Errege-Dekretuek Goi Hezkuntza sistema duala bedeinkatzen dute, norbanakoek zein enpresek “unibertsitate” pribatuak martxan jartzeko eskubidea aitortuz eta erraztasun guztiak emanez, finean, kapital eta funts handien mesedetan dauden “unibertsitateei” sarbidea errazten.
  • Globalizazioa ardatz, burujabetzaren kontrako eraso zuzena da. Euskal Herrian eraiki eta behar dugun Euskal Unibertsitate Sistema Publiko Propioa inoiz baino beharrezkoagoa dugu, Nafarroa eta Ipar Euskal Herriko unibertsitateekin batera, euskal unibertsitate barrutia eraikitzeko bidean. Tamalez, bide horretan EAEn lege propioaren urratsa ere 2030era arte atzeratu nahi dute batzuek, unibertsitatea  espainiar legeen menpe utziz. 

Horrenbestez, LABek ez du Lege-proiektu hau begi onez ikusten, eta bertan behera uzteko aldarrikatzen du. Ildo horretan, horrekin bat egiten dutenekin mobilizatzeko beharra azpimarratzen du, ekimenak adostuz eta aurrera eramanez. 

Antolakuntza eta borrokaren alde egiten dugu LGTBI+ fobiak lanean eta kalean suntsitzeko

Maiatzak 17, LGTBI+ Fobiaren Aurkako Nazioarteko Egunean, lan munduan sexu aniztasuna askatasunez bizitzeko eskubidean eta LGTBI+ pertsonen aurkako erasoen aurrean LABetik saretu, ahaldundu, salatu eta erantzuteko konpromisoan berresten gara. 

Osasun larrialdia eta krisi sozial eta ekonomikoak, bazterretako kolektiboak gehien kolpatu eta LGBTI+ fobia kasuak areagotzea ekarri du. Izan ere, normaltasun berrian, zaharrean bezala, sistema kapitalista zisheteropatriarkalak zapalkuntzak beldur eta gorrotoaren bidez erreproduzituz soilik iraungo baitu. Nazkatuta gaude patronal eta gobernuen zuriketa arros, more eta ortzadarraren atzean izkutatzen duten prekarietateaz: soldata arrakala, trans pertsonek pairatzen duten langabezia, erasoen aurreko protokolorik eza, murrizketak berdintasun politiketan, osasungintzan, hezkuntzan… 

Borondate politiko falta argiaren aurrean, LGTBI+ fobiak lan eremutik borrokatzeko ezinbestekoa da, lehenik eta behin, gure artean saretu, elkar zaindu eta babestea, eta lantokian orientazio edo identitate sexualagatik jasaten ditugun urraketak ikusaraztea. Kontratazioa ukatu, kaleratzeak, erasoak, txisteak, mespretxua, irainak, zurrumurruak, isolatzea, parte hartzen ez uztea… pentsatzen duguna baina ohikoagoak diren diskriminazio egoera eta fobiak dira. 

Eraso hauen beldurrez, LGTBI+ langileen gehiengoak ez du bere identitate edota orientazioa adierazten lantokian, are gehiago, persona migratzaileak direnen artean. Honela, diskriminazioen katea luzatuz doa, esate baterako, familia zisheteronormatibo bat ez izateagatik, langile guztion eskubide diren baimenak, besteak beste, zaintzagatikoa, familia kideen heriotzagatikoa eta ezkontzagatikoa, ukatzeraino. 

Oraindik asko dago egiteko. Patronalari eta enpresei diskriminazio ororen aurka erantzukizunak eskatzeko borrokan tinko jarraitzea dagokigu. Zerbitzu publikoen alde borrokatzea dagokigu. Pertsona guztion eskubide guztien alde borrokatzea dagokigu. LABen argi dugu LGTBI+ fobiei erantzun eta lanean zein kalean sexu aniztasuna askatasunez bizitzearen alde borrokan jarraituko dugula!

Langileok ere LGTBI+Fobiak suntsitu!

Zaldibarko auzia ez da amaitzen zabortegiaren zigilatzearekin

Zaldibarko Zabortegian Joaquin Beltranen bilaketa lanak amaitutzat ematea ez du ontzat ematen LAB sindikatuak. Bilaketa lanek izan zezaketen akaberetan okerrena baieztatzen du. Une latz honetan, LAB sindikatutik gure babesa eta doluminak helarazi nahi dizkiogu Joaquín Beltranen sendiari eta ingurukoei. Gaur bereziki gogoan dugu ere Alberto Sololuze eta haren familia. 

15 hilabete baino gehiago pasatu dira hondamendia gertatu zenetik. Eta denbora horretan guztian iluntasuna izan da nagusi irregulartasunez (amiantoaren arauz kanpoko pilaketa kasu) jositako auzi honetan. Alberto eta Joaquin lurrak irentsiak zituen bitartean, autopista berriz irekitzea izan zen Jaurlaritzaren lehentasuna. Gaiarekiko sentsibilitatea eskasa izan du Urkulluren Gobernuak, horren adibide, gaur Legebiltzarrean Erkoreka eta Tapiak egin duten agerraldia. Onartezina da. Ez dute auziaren gaineko argitasunik eskaini, ez erantzukizunik, ez konpromisorik bereganatu, Jaurlaritzaren jarrera eta jokamoldea zuritzea baino. 

Zaldibarko auzia ez da amaitzen zabortegia zigilatuta.  Zaldibarko kasuan, beste askotan bezala, interes ekonomikoak eta interes pribatuak lehenetsi dira, langileen lan osasunaren eta segurtasunaren gainetik, eta herritarren osasunaren gainetik. Enpresaren ardura zen azken hau, eta Jaurlaritzarena, kudeaketaren gaineko kontrol zorrotza bermatzea. Erantzukizunak saihestu eta ardurak argitu gabe jarraitzen dute batak zein besteak. LABetik erantzukizun penal eta politikoak, guztiak argitu daitezen eskatzen dugu.

Langileok gaixotu eta hiltzen gaituen eredu kapitalista eta ekozida basati honekin amaitu beharra dago. Patronalaren inpunitatearekin amaitu beharra dago. Zaldibarkoa errepika ez dadin, bizitzak erdigunean jarriko dituen eredu baten alde lanean jarraituko dugu. 

Joaquin eta Alberto gogoan, LABetik bat egiten dugu Zaldibar Argitu Plataformak deitutako mobilizazioekin.  

Euskal gehiengo sindikalaren iritziz, erantzukizun politikoak argitzea eta azken ondorioetaraino iristea ezinbestekoa da Zaldibarren, Joaquin Beltranen bilaketa lanak etenda ere

LAB, ELA, ESK, STEILAS, EHNE eta HIRU sindikatuon oharra:

2020ko otsailaren 6an Zaldibarko Verter Recycling-en zabortegia hondoratu eta Alberto Sololuze eta Joaquin Beltran desagertu ziren zabor artean. 6 hilabete eta 10 egun desagertua eman ondoren, Alberto Sololuzeren gorpuzkinak aurkitu zituzten. Zoritxarrez, 15 hilabete eta 8 egun ondoren, Jaurlaritzak, Joaquin Beltranen gorpuzkinak aurkitu gabe, bilaketa etetea erabaki du. “Jaurlaritzaren izenean , dolumin sen korrenak helarazi nahi dizkiogu familiari. Goian bego”, adierazi du Lakuako bozeramaile Josu Erkorekak. Antza, Jaurlaritzak langile bat hiltzat noiz jo ere erabakitzen du. Bistan da afera hau gainetik kendu nahi dutela, erantzukizunak saihestuz eta Verter Recycling errudun bakar gisa aurkeztuz iritzi publikoaren aurrean.

Eta non dago Iñigo Urkullu lehendakaria? Zaldibarreko hondamendia izan eta ondorengo egunetan desagertuta egon zen bezala, gaurkoan ere ez du aurpegia eman.

Hasieratik exigitu dugu Joaquin Beltran aurkitzea, baina afera hau ez da hor amaitzen. Izan ere, erantzukizun politikoak argitzea eta azken ondorioetaraino iristea ezinbestekoak dira, egia ezagutu dadin, justizia egon eta berriro gerta ez dadin bermeak ziurtatzeko.

Zabortegiaren kudeaketa, luizia gertatu zen momentuan eta hondamendiaren aurretik zein ondoren ere, salatu izan dugu euskal gehiengo sindikaletik. Verter Recycling enpresaren jardueran, kontrol eta isun faltaz gain, amiantoaren eta kontrol barik eraman izan diren mota ezberdinetako hondakin arriskutsuen arauz kanpoko pilaketak egon dira urteetan zehar, kasuz kasu kontrolatu behar zirenak. Jaurlaritzak eta Ingurumen sailak, orduan ere, ez zuten ezer egin. Eta gaur Arantxa Tapiak hitz egin digu, Erkorekarekin batera egindako agerraldian, ingurumenaren mesedetan aritu direla lanak egiten.

Verter Recycling enpresak erantzukizun zuzena du hildako langileen gainean eta urteetan zehar Zaldibarko zabortegian egon den jarduera klientelar, opako, ez jasangarri eta arriskutsuaren aurrean.

Kasu honetan, erantzukizuna ezin da eremu pribatura mugatu, eremu publikoak gertatzen ari zenaren gaineko erantzukizun politikoa izan duelako. Arduradun horiek izen abizenak eta ardura poli koak dituzte. Iñigo Urkulluk zuzenduriko Eusko Jaurlaritzak eta Iñaki Arriola sailburuak ardura poli ko zuzena dute Zaldibarren gertatukoaren inguruan. Are gehiago, kontuan hartzen badugu enpresaren eta hainbat kargu poli koren artean dagoen harreman zuzena.

Erantzule nagusien artean, patronala ere badago zalantzarik gabe. Izan ere, indarrean dagoen legeria ez du betetzen. Langileon gaixotasun edota heriotzak merke ateratzen zaizkio eta horrela izaten den bitartean, joera ez da aldatuko. Zabor kudeaketa pribatizatu eta kontrol publikorik ez edukitzeak, egungo zabor eredua negozio bilakatu du eta patronalak horretan ere aurkitu du mozkina langile klasearen zein naturaren bizkar.

Egoera tragiko horren aurrean, patronala ez salatzeak, Administrazio publikoa bera konplize bilakatu du, egoera aldatzeko beharrezkoak diren zaintza, kontrol zein babes neurriak ez bai tu hartzen, langileon bizitza zein osasuna bermatzeko edota zabor eredu iraunkor baterako trantsizioa egiteko.

Euskal gehiengo sindikaletik, hau guztia salatzeaz gain, babes eta elkartasun osoa adierazi nahi diogu Joaquin Beltranen familiari, baita ere aurten hildako langile guz ei ere. Lan heriotzek eragiten duten sarraskia eteteko garaia da.

Greba eta mobilizazioak bultzatzen jarraituko dugu, enplegu publikoa kontsolidatu eta sortzeko beharrezko pausuak eman eta zerbitzu publikoak indartu arte

LAB, ELA, CCOO, SATSE, ESK eta STEILAS sindikatuok EAEko sektore publiko osorako deitutako mobilizazioei eta apirilak 22ko grebari buruzko oso balorazio positiboa egiten dugu. Horrela jakinarazi dugu Bilbon, komunikabideen aurrean egindako agerraldian.

Milaka langile publikori greba-eskubidea ukatzen zieten gutxieneko zerbitzuak ezarri eta pertsonen mugikortasuna asko baldintzatzen zuen pandemia egon arren, 18.000 langilek baino gehiagok parte hartu zuten EAEko hiru hiriburuetan deitutako manifestazioetan.

Ez dugu balorazio bera egiten Eusko Jaurlaritzak, erakundeek eta alderdi politikoek sindikatuek eta mobilizazioetan aktiboki parte hartu zuten euskal sektore publikoko milaka langilek egindako eskaerei emandako erantzunari buruz.

Eusko Jaurlaritzak, propaganda-adierazpenak alde batera utzita,euskal sektore publikoko 60.000 langile baino gehiago kontsolidatzeko benetako urratsik eman gabe jarraitzen du ,eta, Europako behin-behinekotasun ranking altuenaren lehen tokian dagoen bitartean, pribatizazioaren aldeko apustuarekin jarraitzen du.

Eusko Jaurlaritzak, Eusko Legebiltzarrean, Kidegoen eta Eskalen Lege Proiektuan barneratutako proposamen baten alde egiten jarraitzen du. Proposamen hori ez da nahikoa, eta behin-behinekotasunaren gaitza pairatzen duten langile gehienak bere aplikaziotik at uzten ditu.  Ez Mahai Orokorrean, ez eta mahai sektorialetan ere, ez du  enplegu publikoa kontsolidatzeko bidean aurrera egiteko borondaterik agertzen.

Gainerako erakundeei eta euskal alderdi politikoei dagokienez, egun ez dugu benetako proposamenik ikusten hemen, gure herrian, zein zerbitzu publiko nahi eta behar ditugun erabakitzeko, eta euskal enplegu publikoa kontsolidazteko finkatzeko.

Egoera horren aurrean, grebara deitu dugun sindikatuok  bilerak deituko ditugu berehala Eusko Jaurlaritzarekin, Eudelekin eta euskal alderdi politikoekin; haien esku dagoelako, eta ez beste batzuetan, zerbitzu publikoak indartzea eta behin-behinekotasunaren gaitza pairatzen duten 60.000 langile baino gehiagori enplegua kontsolidatzea.

Horrekin batera, hemen gauden sindikatuok helburu hori lortzeko beharrezkoak diren mobilizazioak eta greba egunak bultzatzen jarraituko dugu. Hori dela eta, datozen asteetarako honako mobilizazio hauek adostu ditugu.

  • Maiatzaren 25a: Manifestazioa-mobilizazioa Gasteizen.
  • Ekainaren 1a: Kontzentrazioak EAEko sektore publiko osoko lantokietan.
  • Ekainaren 5a: Manifestazioak EAEko hiru hiriburuetan: Donostian, Bilbon eta Gasteizen.

Bizkaiko eraikuntzako akordioa baztertzen dugu

LABek baztertu egiten du CCOO, UGT eta ASCOBI, AVE-BIE eta AMPVk Bizkaiko eraikuntzako hitzarmenean lortutako akordioa ez delako nahikoa eta ez dielako erantzuten sektorearen beharrizanei.

4 urtetako iraupena duen akordioak, bake soziala eskaintzen du nahikoak ez diren soldata-igoera batzuen eta oso txikia den lanaldi murrizketaren truke (4 ordu 4 urtetan eta 2024an murriztuko direnak). Urte horretarako lanaldia 1.700 ordutan zehaztuta geratuko da, baina aparteko orduak erabiltzen jarraitzea sustatzen da, hauetaz “gozatzerako” orduan gehiegikeriak errazten dituen arauketaren bidez.

Sinatutako akordioak ez ditu sektoreko langileen lan-baldintzak hobetzen eta ez ditu bermatzen LABentzat lehentasunezkoak diren helburuak: hitzarmena bete beharrekoa izatea eta sektoreko prekarietatea murriztea.

Gainera, ez zaio konponbiderik jartzen sektorean gehiegizkoa den azpikontratazioari, pairatu beharko dugun prekarizazio prozesuaren faktorerik garrantzitsuena, ezta enpresariek duten erabateko malgutasunari ere. Azpikontratentzako subrogaziorako eskubidea ere ez da arautu.

Ez dago inolako konpromisorik errelebo kontratuaren inguruan ez delako jasotzen bere derrigortasuna, eta ez die erantzuten ezta errepideen mantenua edo lan bertikaletan ari diren langile-kolektiboek egindako eskariei.

Sektorean hitzarmen duinaren alde antolatu eta borrokatzeko aukera bat galdu da. LABek lan egingo du enpresetan akordio hau hobetzeko.

Eskola jantokietako langileek elkarretaratzea egin dute Iruñean, Hezkuntza Departamentuaren aurrean

LAB, UGT eta ELA sindikatuon oharra:

Maiatzaren amaieran gaude eta oraindik ez dakigu zein ordutegi izango duten ikastetxeek datorren ikasturtean. Ikasturtea amaitzeko hilabete bat baino ez denean geratzen, eskolako jantokietako ehunka langilek ez dakite datorren ikasturtean lanik izango duten.

Ez da onargarria horrela egotea, eta are gutxiago, ikastetxe guztietan lanaldi jarraitua berriro ezartzen saiatzea, Covid19ko aitzakiarekin. Alarma-egoera amaituta, ezarritako lanaldi jarraia ez da gehiago egon beharko.

Kontuan hartu behar da ikastetxe guztietan lanaldi jarraia ezartzeko erabakiak, gaur egungo osasun larrialdiari ezer ekartzen ez dionez gain, ondorio zuzen oso larriak dituela eskola jantokietako langileengan. Ehunka lanpostu desagertu dira eta lanaldietako murrizketak ezin dira beste ikasturte batean gertatu.

Sektore horretako langileen ia erdiak, berez, oso lan-baldintza eskasak izateagatik zigortuta daude, eta lanaldi partzial oso txikiak dituzte, eta horrek miseriazko soldatak dakartza. Horrez gain, ERTEan izan dira 2020ko martxotik. Horietako gehienek jada ez dute langabezia prestaziorik, eta egoera horrek jarraituko balu, Nafarroako Gobernuak onartu ezin duen bazterketa eta pobrezia arrisku handian jarriko lirateke.

Horregatik, Nafarroako Gobernuari, Hezkuntza Departamentuari eta kolektibitateen sektoreko enpresa guztiei erantzukizuna eskatzen diegu erabakiak hartzeko orduan. Ikastetxeek autonomia izan behar dute beren erabakiak hartzeko, ikastetxeko hezkuntza komunitate osoarekin batera, nahi duten eskola eguna eta jantokia zehazteko. Horregatik, ezarritako lanaldi jarraiak errealitate izateari utzi behar dio, eta pandemia aurreko ordutegietara itzuli, eskolaz kanpoko aukerak edo jarduera osagarriak bilatuz.

Aiaraldeko enplegua defendatzea eta eskualdearen etorkizunerako inbertsioak egitea eskatu dugu Gasteizko Legebiltzarrean

Atzo Eusko Legebiltzarrean Aiaraldeko suspertze sozioekonomikoaren inguruko ponentzian parte hartu ostean, LABek argi utzi nahi izan du enplegua suntsiketa gelditzeko premiazko ekintzak eta eskualdearen etorkizuna bermatzeko neurriak behar direla.

Instituzio nagusiek urte luzez alde batera utzi dute Aiaraldea, eta eskualdearekin dagoen zorra kitatu behar dela uste dugu. Aiaraldearen etorkizunean inbertitu behar da, bai eskualdeak azken urte luzeetan jasan duen desindustrializazioa geldiarazi eta honi aurre eginez, bai sektore ezberdinetan: sektore publikoa, zaintza, lehen sektorea, merkataritza eta ostalaritza…

Enpresek eta langileek bizi duten egoera azaldu dugu, baita eskualdeko enpresa txiki eta ertainak eta autonomoek bizi duten errealitatea ere. Gazteek bizi duten egoera eta azken urteotan egon den inbertsio falta ere azpimarratu nahi izan ditugu.

Beharrezkoa da erakundeen konpromisoa eta inplikazioa, Aiaraldeko enplegu-suntsiketa gelditzeko eta egungo egoera iraultzeko. Onartezina da ezer ez egitea edo zikoizkeriagatik bakarrik mugitzen diren enpresa-zuzendaritzek enplegua suntsitzeko hartutako neurriak babestea. Aiaraldean ezin da enplegu gehiago suntsitu, berehalako konpromisoak eskatzen ditugu Aiaraldearentzat enplegu duina eta kalitatezkoa lortzeko.

Oinarrizko azpiegitura eta zerbitzu publikoetan inbertsioak egitea eskatzen dugu, hala nola osasunean, zaintzan, garraio publikoan edo saneamenduan. Murriztuta dauden zerbitzuak hobetu behar dira, eta zerbitzu desberdinak zabaldu, kalitatezko zerbitzu publikoak lortzeko.

Egoera kaxkarrean dagoen eskualdeko sare sozioekonomikoa ere bultzatu behar da, eta erakundeek helburu hori lortzeko neurriak hartu behar dituzte. Neurri horiek ekonomikoak ere izan behar dute, baina argi utzi nahi dugu ezin zaiela enpresei laguntzarik eman trukean ezer eskatu gabe, batez ere handiei. Enpresek laguntza publikoak edo zerga-salbuespenak jasotzen badituzte, kontrapartidak izan behar dituzte, hala nola enplegua mantentzea.

Azken finean, argi utzi nahi izan dugu Aiaraldea alerta gorrian dagoela, eta beharrezkoa dela dagoeneko eskualdearen etorkizunaren alde eta bertan enplegu eta bizimodu duina izatearen alde jardutea.

Grebara deitu dugu Gipuzkoako helduen egoitzetan maiatzaren 20rako, lan baldintzak duindu eta zerbitzua hobetzeko

Covid-19ak sortutako osasun krisi honek modu bortitzean jo du helduen egoitzetako langile eta egoiliarren kontra, baina, ulergaitza eta bidegabea izan arren, egoerak berdin jarraitzen du langileentzat, 2012 urtetik herrialdeko hitzarmenik gabe eta ratio eznahikoekin. Gaur egun, Gipuzkoako Foru Aldundia AGENDA 30 trantsizioko gizarte politikak epe luzean landuko dituen programa bat lantzen ari da, baina ez du hitz egin nahi momentu honetan pairatzen ari garen benetako eta arazo larriei buruz, hau da, ratio eznahikoak izateagatik langileen lanaren kalitatea eta egoiliarren bizi kalitatean eragin zuzena duen egoerak.

Zer gehiago gertatu behar da helduen egoitzetako sisteman aldaketak egoteko? Noiz hasiko da Gipuzkoako Foru Aldundia bere ardura onartzen eta behar diren pausuak ematen egoera aldatu dadin?

Gipuzkoar guztion diruarekin aberasten ari diren sektoreko patronalak eta enpresak noiz hasiko dira herrialdeko hitzarmenari dagokion garrantzia ematen?

Ez dugu ahaztu behar langileak lanera joateagatik gaixotzen ari direla, lan karga eta lan erritmoek handitzen jarraitzen dutela eta enpresetan ez direla egiten legeak behartzen duen lan arriskuen ebaluazioak.

Ezin dugu onartu egoiliarrek eta langileek bizi duten egoera gogor hau denbora gehiagoan luzatzea, denon ardura delako zaintzan oinarrituta dagoen zerbitzu sozial hau defendatzea, jendartearen ardura delako pertsona hauen ongizatea.

Helduen egoitzetako langileek urte larregi daramate beraien eskubideen defentsan borrokan nahiz eta euren greba eskubidea %100eko zerbitzu minimoekin behin eta berriro urratuta izan den. Bizi duten egoera latz honen aurrean tinko helduko diote borrokari. Langileez gain jendartea aktibatzeko garaia da eta horregatik dei egiten dizuegu egingo diren mobilizazioetan parte hartzera.

Helduen egoitzetako sistema publikoa, doakoa, unibertsala eta pertsonak erdigunean jarriko dituena izateko garaia da eta hau lortzeko Gipuzkoako jendarte guztiaren parte hartzea ezinbestekoa da.