2026-01-31
Blog Page 473

Desgaitasuna duten pertsonei laguntzeko zentroen Nafarroako hitzarmen sektorialerako aurreakordioa sinatu dugu lehen aldiz, lorpen handiak jasotzen baititu #LortuDugu

Nafarroako Gobernuarekin itundutako eta kudeaketa pribatua duten desgaitasuna duten pertsonentzako zentroetan ordezkaritza duten erakunde sindikalek -ELA (%30,56), LAB (%26,39), CCOO (%23,61) eta UGT (%18,06) sindikatuek- aurreakordioa sinatu dute gaur Iruñean, sektoreko V. hitzarmena ezartze aldera. Lehenengo aldiz sinatuko du LABek hitzarmen probintzial hau, oso positibotzat jo baitu aurrekoek jasotzen ez zituzten aurrerapen batzuk jasotzea, 2.000 langile inguruko lan-baldintzak nabarmen duintzeko aukera emanen dutenak.

Aurreko hitzarmenaren indarraldia 2019ko abenduaren 31n bukatu zen; bere garaian lau urte baino gehiago iraun zuen negoziazioak. Hala ere, V. hitzarmen honetarako, urtebete baino gutxiagoko negoziazioan aurreakordioa lortu ahal izan da. Nabarmentzekoa da hasieratik lau erakunde sindikalen artean batasuna egon dela.

Azken urte honetan, patronalak ez du ezertan amore eman eta behin eta berriz errepikatu du ez zuela zati ekonomikoan ezer bermatzen Nafarroako Gobernuak bere gain hartzen ez bazuen. Hala, lau sindikatuek alderdi politikoekin bilera erronda bati ekin zioten haiei jakinarazteko zein zen negoziazioaren egoera eta nola oso zaila izanen zen aurrera egitea Gobernuak auzi ekonomikoa finantzatzen ez bazuen. Bileren ondoren, sindikatuek erabaki zuten beren aldarrikapenak gutxienekoen plataforma batean doitzea eta Nafarroako Gobernuari bidaltzea, negoziazioa errazteko. Gobernuak erantzun zuen bere gain hartuko zuela plataforma horretako eskaera gehienen kostu ekonomikoa.

Hiru alderditako bi bilera luze egin ondoren -Gobernua, patronala eta sindikatuak-, azkenean, aurreakordioa sinatzea lortu da gaur. Jakina, langileek dute azken hitza: hurrengo astean, batzar eta bozketen bidez aurreakordioari babesa emanen diote ala ez. Babesa emanez gero, hitzarmena urte bukaera baino lehen sinatuko da, Gobernuak urtarrilaren 1etik aurrera soldata-igoera bere gain har dezan.

LABek oso positibotzat jotzen ditu aurreakordioa lortu izana eta Nafarroako Gobernuak eginiko ahalegina, 2021erako langileek aurten galdu duten erosteko ahalmena berreskura dezaten. Lorpen handitzat jotzen dugu hiru urterako gutxienez Nafarroako KPIaren igoera bermatzea, deskuelgea eta ultraaktibitatea; aurreko hitzarmenetan ez ziren gai horiek posible izan. Horregatik sinatu du orain LABek lehen aldiz. Gure ustez, LABek sektorean duen ordezkaritza-portzentajea handitu izanak hitzarmen on bat lortzeko adina baldintzatu ahal izan du.

Arabako egoitzetako langileek greba eguna izan dute, hitzarmen duinaren alde

Langileek mobilizazioa egin dute Gasteizko Probintzia plazan, Arabako Foru Aldundiaren egoitzaren aurrean. Gaurkoan, Olentzero eta Mari Domingik ere parte hartu dute, eta ikatza utzi diete Arabako Foru Aldundiaren atean Emilio Sola Politika Sozialen Foru diputuari eta Patxi Anton, Gizarte Ongizateko Foru Institutuko kudeatzaileari.

Hemen duzue Aldundiko arduradunei, ikatzarekin batera, utzi dieten gutuna:

Olentzero eta Mari Domingi gara, eta opari batekin batera gutun hau ematen dizuegu. Guztiontzat hain zaila izan den urte honetan, Arabako Egoitza Pribatuen egoerarekin dugun ezinegona helarazi nahi dizuegu.

Badakigu oso hilabete zailak izaten ari direla erabiltzaileentzat, COVID-19ren aurrean ahulenak direnentzat. Baina adinekoak zaintzeko eta haiekin egoteko egunez egun jaikitzen diren langileentzat ere hala izaten ari dira.

Egunez egun ikusten dute, adinekoak bakardadean itzaltzen direla, ezin dutela harremanik izan eta gaitasun fisikoak gutxitzen zaizkiela. Zama fisikoa eta psikologikoa da, eta langileek ezin dute gehiago jasan.

Egoera honek Arabako egoitza pribatuetako langileen baldintzak eta eskubideak okertu besterik ez ditu egin. Ia 2 urte daramatzate kalera ateratzen, salatuz eta enpresei eskatuz patronala osa dezatela baldintza duinak negoziatu ahal izateko, langileen bizitza eta erabiltzaileen zaintza duin bihurtzeko.

Gizarte osoak entzun ditu. Mendira ere iritsi dira bere oihu eta kantak, bizitza hobe baten alde. Beraz, pena ematen digu zuek arretarik jarri ez izanak eta milaka pertsonaren egoera aldatzeko ezer egin ez izanak.

Horregatik, aurten, ikatza ematea beste aukerarik ez dugu. Beste urtebetez egoera aldatu dadin espero dugu. Bitartean, langileek beren oihuak oparitzen jarraituko dizkizuete, ahotsak ez baitie inoiz hutsik egingo.

Akordio historikoa lortu dugu, Nafarroako Esku-hartze Sozialeko langileekin batera, sektoreko lehenbiziko hitzarmen probintziala ezar dadin #LortuDugu

ANEISek, Nafarroako Esku-hartze Sozialeko patronalak, eta LAB sindikatuko ordezkariek aurreakordioa lortu dute sektoreko Nafarroako lehen hitzarmena ezartzeko; zalantzarik gabe langileen lan-baldintzak duinduko dituena. Nafarroako Gobernuak, ANEISek eta LAB eta UGT sindikatuek aurreakordio hori sinatu dute Iruñean. LAB sindikatuak oso positibotzat jo du 2016an hasitako borroka honen bidez lorturiko emaitza.

LABek, ezer baino lehen, Esku-hartze Sozialeko langileen borroka, gogoa, ahalduntzea eta determinazioa nabarmendu nahi ditu, ekimen eta mobilizazio ugariren bidez — sektoreko lehenbiziko lanuzteak eta greba barne— ez dutela amore eman Nafarroan sektoreko lehen hitzarmena lortzeko helburu historikoa lortu arte. Erakutsi digute merezi duela antolatzea, mobilizatzea, borrokatzea eta grebara joatea. Erakutsi digute aldarrikapenak kalera aterata soilik hartzen dutela lekua agenda politiko eta instituzionalean. Gainera, haren borroka klase-elkartasunaren erakusgarri argia izan da, izaera orokorra baitu, eta ez soilik sektoriala, zeren eta, bere lan-baldintzak babesteaz gain, pertsona guztientzako gizarte-zerbitzu duinak defendatzen baititu.

Esku-hartze Sozialean, adingabeei laguntzeko zentro eta zerbitzu publikoak daude, familia programena, indarkeria matxistaren biktima diren emakumeenak, egoera ahulean eta gizartetik baztertuta dauden pertsonenak, migratzaileenak, langabezian dauden pertsonenak… Nafarroan, Esku-hartze Sozialeko zerbitzuetako 2.000 langile inguru daude, diru publikoaren bidez finantzatzen diren hainbat elkarte, fundazio eta enpresa pribaturen lan zentro anitzetan banatuta. Bada, langile horiek 10 urte baino gehiago daramatzate beren soldatak eguneratu gabe, berez prekarioak baitira. Urte hauetan KPIaren %12ko igoerak eta soldaten izozteak langile bakoitzari 15.000€ baino gehiago galtzea ekarri diote erosteko ahalmenean.

LAB sindikatuak, sektoreko ordezkaritza sindikalaren %70 izanik, Nafarroako hitzarmen bat lortzeko bideari ekin zion 2016. urtean. Hitzarmen horrek lan-harremanen esparru propioa sortuko zuen, Foru Komunitatearen errealitatearekin bat zetorrena, ordu arte sektorea arautzen zuen estatuko hitzarmenak jasotzen duena baino gehiago. Aitzitik, ez da bide erraza izan.

Ez da erraza izan hain sakabanatuta dauden eta hain lanpostu desberdinak dituzten langileak borroka berean aktibatzea eta batzea. Ez da erraza izan sektorea definitzea eta zehaztea. Ez da erraza izan patronalak patronal gisa dagozkion betebeharrak bere gain hartzea. Ez da erraza izan negoziazio-mahaia sortzea eta martxan jartzea. Ez da erraza izan Nafarroako Gobernuak lan baldintza benetan duinak finkatuko dituen hitzarmena gauzatzeko behar den finantzaketa jartzea. Ez da erraza izan, behin finantzaketa ziurtatuta, patronalak tokiz kanpo zeuden eskakizun batzuei uko egitea. Baina azkenean lortu da.

Elkarretaratzeak; manifestazioak; kalejirak; auto-karabanak; sinadura-bilketak; batzarrak; bilerak sindikatuekin, alderdi politikoekin, Gobernuarekin eta patronalarekin; iritzi-artikuluak, prentsa-oharrak eta informazio-buletinak; lanuzteak, greba… Lau urte hauetan dozenaka ekimen egin dituzte LABeko delegatuek eta afiliatuek, eta haiekin batera ehunka langilek, iritzi publikoa zentzu batean mugitzeko eta edozein erabaki hartu behar zuen edozein pertsona erabaki hori hartzera bideratzeko. Eta hori guztia langileendako, bereziki, baina, oinarrizko zerbitzu sozialez hizketan ari garen heinean, gizartearendako hain garrantzitsua den hitzarmen bat lortzeko. Ez gara nekatuko eta berriz erranen dugu langileek erakutsi duten bultzada, konpromisoa eta duintasuna funtsezkoak izan direla azkenean helburu egokira ailegatzeko.

Esku-hartze Sozialeko borrokak eta erdietsitako lorpenek bide eman beharko lukete Gizarte Zerbitzuen bertze hitzarmen sektorial batzuk lortzeko, hala nola adinekoen egoitzena.

Abenduaren 23an sinatutako aurreakordioaren eduki nagusiak:

  • Indarraldia: 4 urte 2021-2024
  • Ultraaktibitate mugagabea.
  • Borondatezko arbitrajea.
  • Eduki ekonomikoak, 2021eko uztailetik aurrera. Zailtasunak dituzten enpresentzako behin-behineko akordioa, 2022ko ekainera arte.
  • Lanaldia: 20 ordu gutxiago urtean, 2024an 1.620 ordura iritsi arte.
  • Oporrak: gero eta gehiago, 2024an 32 lanegun edo 44 egun natural izateraino.
  • Plusen aitortza: asteburuak eta jaiegunak, txandakako lana, gaueko lana, antzinatasuna, guardiak eta erantzukizuna.
  • 2021eko oinarrizko soldatak:
    • 1. taldea: 24.381,12 €
    • 2. taldea: 22.896,00 €
    • 3. taldea: 20.698,56 €
    • 4. taldea: 18.912,00 €
  • %13ko soldata igoera hitzarmenaren indarraldian.
  • Bajak:
    • Kontingentzia profesionala: % 100 lehen egunetik hasita
    • Kontingentzia arruntak:% 100, 3. egunetik hasita. Banakako poltsa, urtean 6 egunekoa,% 100ean
  • Subrogazioa.

Haurreskolak Partzuergoari dagokionean, EAEko Hezkuntza Saila gezurretan dabilela salatzen dugu

Abenduaren 10 eta 16ko  greba eta mobilizazioen ostean, hilaren 22rako deitu zuten bilerara bertaratu ginen LAB, ELA eta STEILASeko ordezkariak, gai-ordenari aldarrikatzen ari garen honako puntu hauek gehitzea eskatu genuen aldez aurretik, baina ez genuen erantzunik jaso:

  • Ordezkapenak betetzea, hezitzaileak haurreskola batetik bestera derrigorrezko desplazamenduekin eta aparteko orduen erabilera txarrarekin bukatzea.
  • Akordioetan oinarrituko den lan-hitzarmen berriaren negoziazioa abiatzea, irakaskuntzako kolektibo guztietan Hezkuntza saila egiten ari den bezala.
  • Irakaskuntza publikoan Osakidetzak egiten duen Norbera Babesteko Ekipamenduen horniketan Haurreskolak Partzuergoa gehitzea.
  • Haurreskolak Partzuergoaren integrazioa Hezkuntza sailean.
  • Doakotasunerako urratsak ematea.
  • Aurrekontua handitzea.

Atzoko Mahai negoziatzailera Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza saileko hainbat ordezkari bertaratu ziren kudeaketako langileen aurreakordioaren inguruan hitz egiteko aitzakiarekin baina inolako dokumentaziorik aurkeztu gabe. Aurreakordio hau orain dela ia urtebete sinatu bazen ere, oraindik ez dute bete, eta orain aldebakarrez berrikustea erabaki dute. Hau da, gainontzeko kolektiboetan ez bezala, Haurreskolak Partzuergoan akordioak ez dira betetzen ari.

Atzo  Hezkuntza saileko ordezkariek 2009aren ostean sinatu diren eta orain arte normaltasunez bete izan diren akordio guztien zilegitasun juridikoa zalantzan jarri zuten. Orain arte gerenteak, akordioak ez betetzeko erabili duen aitzakia ekonomikoa bazen ere, oraingoan bestelako aitzakiekin etorri zaizkigu.

LAB, STEILAS eta ELA sindikatuok egoeraren larritasuna langileei azaldu eta mobiliazazio dinamikarekin jarraitzea baino ez zaigu geratzen.

Negoziazio kolektiboaren kontrako eraso zuzena eta alde sozialaren lana oztopatzeko ahalegina salatu nahi ditugu, azpimarratuz urteetan zehar Haurreskolak Partzuergoan lortutako hezkuntza kalitatearen defentsan egindako lanarekin jarraitzea eta langileak mobilizazioen bitartez lortutako lan baldintzen hobekuntzen defentsan jarraituko dugula.

Haurreskolak Partzuergoko langileak, familiak eta udalak zerbitzu publiko honen garapenerako aldarrikapenekin bat egitera animatzen ditugu.

Manifestazioak Osakidetzako egoera larria salatu eta bere egiturazko arazoen aurrean konponbideak eskatzeko

Osakidetzako langileek manifestazioak egin dituzte Bilbo, Donostia eta Gasteizen. Sindikatuok gogorarazi dugu joan den abenduaren 14an premiazko bilera eskatu genuela Osasun sailburuarekin, eta honek oraindik ez duela erantzun.

LAB, SATSE, ELA, CCOO, UGT eta ESK sindikatuok EAEko hiru hiriburuetako kaleak zeharkatu dituzten manifestazioak egin ditugu gaur goizean, gure osasun sistema publikoak bizi duen egoera larria salatzeko eta Osakidetzaren egiturazko arazoei irtenbideak eskatzeko.


Gogorarazi behar da azken hamarkadako murrizketa-politikek ahuldutako osasun-sistema bat dugula, eta egoera hori, zalantzarik gabe, larriagotu egin dela egungo osasun-krisiarekin; martxotik pairatzen ari garen pandemia proban jartzen ari da bai langileria, bai osasun-sistema publikoa bera, eta agerian uzten ari da urrundik datozen egiturazko gabezia batzuk, Osasun Sailak ez baitu izan eta ez baitu asmorik hauei aurre egiteko eta konpontzeko.


Mahai Sektoriala bost hilabetez bildu gabe egon ondoren, azaroaren 26an eta abenduaren 10ean egindako bileretan egiaztatu zen Osakidetzak ez zuela borondaterik gure osasun publikoak pairatzen dituen egiturazko arazo larriei behingoz heltzeko eta konpontzeko. Are gehiago, COVIDen lehen olatutik 8 hilabete igaro direnean, Osakidetzak argi eta garbi planteatu du pandemiari aurre egiteko plan bakarra langileak zukutzen jarraitzeko asmoa dela.


Urteak daramatzagu salatzen bai gure osasun-sistema publikoak dituen egiturazko arazoak, bai Osakidetzaren eta Osasun Sailaren negoziatzeko borondaterik eza. Denbora asko daramagu informazioa jasotzeko, entzunak izateko eta negoziazio kolektiborako eskubidea errespetatu gabe. Euskal administrazio publikoko enpresarik handienean ez dago, besterik gabe, alderdi sozialaren aintzatespenik.


Egoera hori dela eta, abenduaren 10ean, hilaren 16an hasitako mobilizazio-dinamika bat abian jartzeko asmoa azaldu genuen, eta gaur horri jarraipena eman diogu. Esan bezala, mobilizazioak abenduko asteazkenetan eta urtarrileko ostegunetan izango dira, eta urtarrilaren 28an greba egingo dute.


Egoera larria denez eta Osakidetzak erantzunik eman ez zuenez, joan den abenduaren 14an premiazko bilera bat eskatu genion Osasuneko sailburuari. Bada, gaur egun, ez dugu gure eskaeraren erantzunik jaso. Bien bitartean, lantokietan bizi den egoera larriak bere horretan jarraitzen du, eta, gaur egun, Osasun Sailak ez du neurri bakar bat ere proposatu egoera iraultzeko.


Gure historia hurbileko osasun-krisi handienean gaude, eta horrek premiazkoagoa egiten du, ahal bada, gure osasun publikoa indartzeko eta haren gabezia larriak arintzeko eta konpontzeko beharra.


Osakidetzari eta Osasun Sailari hitzetatik ekintzetara pasatzeko eskatzen diegu. Osakidetzak behar dituen premiazko eta sakoneko irtenbideak martxan jartzen ez badira, mobilizazioak areagotuko ditugu.

Arabako ESIko Osakidetzako zentroetako garbiketa zerbitzuaren egoera prekarioa salatzen dugu

Zerbitzua, Garbialdi enpresaren eskuetan dago gaur egun. Joan den martxotik bizitzen ari garen pandemia baten erdian, non administrazioek neurri eta murrizketa zorrotzak ezarri dituzten (etxeratze-agindua, edukiera mugatzea, mugimenduak mugatzea, maskara eraman beharra, ostalaritza ixtea…), eta garbitasun- eta higiene-neurriak edozein eremutan -are gehiago anbulatorioetan eta ospitaleetan- areagotzea ezinbestekoak diren honetan, azpikontratatutako garbiketako langileon lan baldintza prekarioen berri eman behar dugu.

Garbiketako langileok garbitzen ez duen desinfektatzaile bakarra daukagu; garbiketa lana eskuetako xaboiarekin egin behar dugu, enpresak ematen duen bakarra baita; komuneko desinkrustatzailea (litro bat) 6 hilean behin banatzen zaigu, zentro batzuetan ezta hori ere; ia 3 urtetan ez dira zoruak leundu; gortinak eta kristalak garbitzeari dagokionez, baldintza-agirian ezarritakoa betetzetik oso urrun daude. Langileen absentziak ez dituzte ordezkatzen, eta, ondorioz, txanda osoak izaten ari dira garbiketa-zerbitzurik gabe. Pandemia iritsi aurretik lan karga handiak zeuden, orain jasanezinak dira.

Deskribatutako egoera Arabako ESIko Zuzendaritzari aspalditik jakinarazi egin zaio, Garbialdiko garbiketako langileek eta Osakidetzako langileek zuzendutako salaketa eta kexa ugarien bidez.

Osakidetzako Arabako ESIko Zuzendaritzak zergatik ez du betearazten Garbialdi enpresarekin duen kontratua, jakin badakienean pairatzen dugun abandonu-egoera arrisku handia suposatzen duela osasun publikoarentzat? Publikoa dena denon artean ordaintzen dugu; beraz, Osakidetzaren betebeharra da kontratuak ezartzen dituen xedapenak betearaztea. Are gehiago bizi dugun salbuespenezko egoera batean. Horregatik, Arabako ESIko zuzendaritzari eskatzen diogu bere erantzukizuna bete dezala eta herritarrei azalpenak eman diezazkiela planteatutako gaiei buruz.

Kotxe karabana egin dugu gaur Bilbon, zerbitzu publiko eta eskubide sozialen alde

Hiri osoa zeharkatu duen protesta egin dugu gaur, zerbitzu publiko eta eskubide sozialen aldeko kotxe-karabana. Auzoetatik bost zutabe atera dira (Alde Zaharra, Zorrotza, Indautxu, Saninazio eta Santutxutik), Gran Vian elkartu direnak Udaletxean amaitzeko.

Ekimen honekin, hezkuntza, zaintza eta osasungintza indartzea eskatu dugu, bizitza erdigunean jartzea helburu. Osasungintzari dagokionez, Etengabeko Arretarako Gunearen (EAG) itxiera salatu dugu, eta baita sektoreko langileak baliabiderik gabe daudela. Hezkuntzan dagoen langile falta ere salatu dugu, eta baita egoitzetako baldintza prekarioak ere. Zaintzari dagokionez, zaintza lanak aitortzea eta zaintza sistema publiko eta unibertsala ere eskatu dugu. Osasungintzan, kalitatezko sistema publikoa, murrizketarik gabe. Eta hezkuntzan, sistema propio eta burujabea.

Euskal presoak etxeratzea eskatu dugu Gasteizen

Mobilizazioa egin dugu Gasteizen, Andra Mari Zurian, “Euskal presoak etxera” lemapean. Bertan, Igor Chillon LABeko kideak adierazi du Euskal Herritik oso garbi hitz egin dugula presoen gaiari buruz, “mezu garbi bat bidali diegu estatuei, eta eurei dagokie aldarriei bide ematea”.

Presoak Euskal Herriko espetxeetara ekarri behar dira, gaixo dauden presoak askatu behar dira eta guztiz ankerra den salbuespenezko espetxe politika honekin amaitu behar da, presoak etxeratzeko bidearen barruan.

LAB modu aktiboan mobilizatu da presoen eskubideen alde, eta orain, aktibazio soziala mantendu eta zabaltzearen garrantzia azpimarratu nahi du. Langileak kalera atera behar gara presoen eskubideen eta hauen euskal herriratzearen alde, espetxe-politika aldatzea helburu.

Horrela, datozen egunotarako presoen eskubideen defentsan antolatuta dauden ekimen eta mobilizazioetan parte hartzeko deia egiten dugu, eta Sarek urtarrilaren 9rako deitutako mobilizazio egunari babes osoa luzatu nahi diogu.

Lan heriotzen odolustea salatu dugu Arabako Foru Aldundiaren aurrean

Lan heriotzen sarraskiak ez du etenik. Aurten 70 langile hil egin dira, gutxienez, Euskal Herrian; eta Joaquin Beltranek desagertuta jarraitzen du Zaldibarko zabortegian. Azken egunotan beste zenbait lekutan egin bezala Donostian ostiralean egindako elkarretaratzea adibide, Gasteizen mobilizatu gara euskal gehiengo sindikalak deituta, prekarietateak hil egiten duela salatzeko. Hain zuzen ere, Arabako Foru Aldundiaren aurrera eraman dugu lan heriotzen salaketa, eta instituzioei beste alde batera ez begiratzeko exijitu dugu bertan. Gogoan izan ditugu hildako langileak; Amurrioko Saretxoko obretan joan den asteazkenean hildako behargina, tartean.