2026-06-23
Blog Page 466

Eraldaketarako lan eta borroka tresna izango da Ekintza Sozialeko Komunitatea

LAB sindikatuaren Ekintza Sozialeko Komunitatea elkarrekin eratzeko eta saretzeko topaketak egin ditugu, herrialdez herrialde. Hain zuzen ere, Irunen, Atarrabian eta Basaurin bildu gara larunbatean, eta Gasteizen joan den ostegunean, helburu berarekin: bizitzaren prekarizazioari aurre egin eta eredu sozio-ekonomikoaren errotiko eraldaketa sustatzeko lan eta borroka tresna berri bat abian jartzeko, Hego zein Ipar Euskal Herrian. Zentzu honetan, Irungo topaketan, Gipuzkoako herritarrak ez ezik, Bidasoa ibaiaren beste aldekoak ere bertaratu dira.

Ekintza Sozialeko Komunitateko kide izateko izen ematea zabaldu genuen duela aste batzuk, “Lantokitik herrira! eraldaketarako tresna” goiburupean. Ibilbide berri honen baitan lehen geltokia aipatutako topaketa hauek izan dira. Lehen elkargune bat izateko antolatu ditugu, komunitatea nolakoa izango den eta zertan jardungo duen definitzeko bidean. Hala, topaketetan parte hartutako herritarren parte hartzea oso aberasgarria izan da, eta edukiz bete dugu erronka.

Etxegabetzeak, AHT-a, erraustegia eta pribatizazio oro ukatzeko; patriarkatua irauli, sexu disidentzia praktikatu eta eguneroko burujabetza txikiak elikatzeko; gerrak eta inperialismoa salatu eta errefuxiatuekin elkartasuna antolatzeko; gazteon prekaritateari aurre egin eta pentsio duinen alde mobilizatzeko… Ekintza Sozialeko Komunitateak hainbat helbururekin egingo du lan, eta, topaketetan azaldu bezala, bi eremutan parte hartu ahalko dute bertara hurbiltzen direnek:

-Ekintza sozialeko sarean: informazioa jasotzeko, Ekintza Sozialeko Komunitatearen ekimen eta kanpainen berri izan eta haietan parte hartzeko.

-Ekintza sozialeko arloak: lan-lerro jakin bat (jatorri aniztasuna, etxebizitza eskubidea, ekologismoa…) landu eta garatzeko herrialdeetako elkarguneak antolatzeko.

LAB sindikatuko kideak beti saiatu gara langileon alboan egoten eta herritar ororen eskubideen defentsan antolatzen; lantokietan noski, baina baita herri, auzo eta kalean ere. Txikitik, tokian toki eta egunero eragiten ari garen komunitate handi bat gara, eta horretan sakonduko dugu Ekintza Sozialeko Komunitatearekin.

Gogoeta eta ekintza, elkar lotuta

Bizitza vs kapitala. Horrela ezaugarritu dugu LAB sindikatuan egungo dominazio sistemak klase borrokan hartutako forma. Horregatik, langileon lan baldintzak borrokatzera mugatzeak alternatiba ez nahiko gisa ulertzen dugu. Hau da, langileon bizi baldintzen aldeko jarduna egitea ezinbestekoa da.

Gauzak horrela, hainbat erabaki politiko eta organizatibo garatu ditugu azken urteetan, sindikalgintza birpentsatu, eraberritu eta bizi dugun testuinguruan eraginkorrak izateko helburuarekin.

Aste honetan, Hego Euskal Herriko lau herrialdeetan egin ditugun topaketetan, sindikatuak eremu sozialean esku hartzeko tresna berri baten abiapuntua jarri dugu: Ekintza Sozialeko komunitatea.

LABen sorreratik gure ADN-an daramagun sindikalgintza soziopolitikoa eraberritu eta eraginkortzeko apustua da Ekintza Sozialeko Komunitatea. Gure afiliazio guztiari espazio organizatibo berria eskaini eta gure gihar militantea indartzeko bokazioarekin jaio da Ekintza Sozialeko Komunitatea. Lantokietatik herrira, gure bulkada eraldatzailea hedatzeko helburuari heldu diogu.

Herrialdeka antolatu ditugu lau topaketa. Izen eman duten ehundaka afiliatuekin batera lehen oinarria jarri dugu, komunitatearen izaeraz, egitekoez eta antolaketa formaz elkarrekin gogoetatzeko tartea hartuz. Oso emankorra izan den ariketa egin dugu, datorren ikasturtean martxan jartzeko oinarri sendoak ezarriz.

Topaketan gogoeta eta ekintza elkarlotzeko erabakia ere hartu dugu. Gure komunitatea praktikan eraikiko dugula uste dugulako, Ekintza Sozialeko komunitatea horretarako antolatzen ari garelako: Bizi dugun testuinguru sozialean eragiteko.

Aernnovak ITP erosteko balizko asmoen aurrean, Jaurlaritzak enplegua bermatzea eskatzen dugu

LABek begi onez ikusten du Eusko Jaurlaritzak estrategikoak izan daitezkeen sektoreetan parte hartzea era zuzenean. Industria politikaren ekimen nagusietako bat izan beharko litzateke inbertsio zuzenak egitea, beti ere estrategia orokor eta antolatu baten baitan eta ez orain arte bezala. Deslokalizazioen kontrako eta enpresen errotzearen aldeko neurri moduan azaldu digute Jaurlaritzaren neurri hau, baina, estrategia hau eraginkorra izan dadin, Eusko Jaurlaritzak baldintza batzuk ezarri behar dizkie multinazional pribatuei. Kasu honetan, Aernnovak ITP erosteko eragiketan, bi enpresetako lanpostuak babestu behar ditu Eusko Jaurlaritzak. Bidegabeki kaleratu zituzten langileak berehala euren lantokietara bueltatu behar dira. Pandemiaren eragina lanpostuak suntsitzeko erabili dituzte bi enpresek, bestelako neurriak hartu beharrean.

Gogoratu behar dugu epaitegiek ITP Aero (PCB) ko kaleratzeak ezeztatu zituztela, eta enpresak oraindik ez duela epaia bete. Eusko Jaurlaritzak, baldintza moduan kapital publikoarekin parte hartzeko, epaia betearazi behar dio ITP Aerori, eta helegiterik ez aurkezteko konpromisoa eskatu behar dio.

Aernnovaren kasuan, egungo lan kargaren handitzeak argi eta garbi uzten du ez zegoela kaleratzeak egiteko inolako beharrik. Kaleratze bidegabeak egin dituzten enpresak ez dira saritu behar, konpromisoak eskatu behar zaizkie enpleguaren inguruan diru publikoa emango bazaie. Bestela, Eusko Jaurlaritzak, bere ekimenez, kaleratzeak eta deslokalizazioakegitendituztenenpresaksaritzenegongolitzateke. Hauda,aplikatzenaridendesindustrializaziopolitikan urrats bat gehiago emango luke.

Asteko hirugarren lan heriotzaren berri izan dugu; enplegu lan zentro berezi bateko langile bat zendu da, bihotzekoak jota

Aste gogorra izaten ari da euskal langileriarentzat. Beste hildako baten berri izan dugu. Lantegi Batuak zentro bereziko 39 urteko langile bat hil zen asteazkenean Loiun, ondoezak jota. Aurten Euskal Herrian, gutxienez, 27 langile hil dira.

Odolustea ez du etenik. Aste honetan 3 langilek bizia galdu dute lanean. Gaur jakin izan dugu, ekainaren 9an, Loiuko  Lantegia Batuak-eko 39 urteko lan zentro berezitako langile bat bihotzekoak jota hil dela.

Lehenik eta behin, LAB sindikatutik helarazi nahi diogu senide, familia eta lankideei gure elkartasuna eta babesa. Larritzekoa da istripu hilgarri ez traumatikoen gorakada. Istripu guztien atzean lan eta bizi baldintza kaskarrak aurkitzen dira.

Bihotzekoak bilakatu dira heriotz lan istripuen gauzatzaileak, 2020. urtean, istripu hilgarri ez traumatikoak %25 izan ziren. Argi daukagu, lan istripuak, traumatiko ez traumatiko, ez direla zoriak edo kasualitateak sortuak, ematen diren lan harreman, prekarizazioaren, lan arautegiaren eta azpikontratazioaren emaitza dira.

LAB sindikatutik argi dugu bizi eta lan duinak behar ditugula. Lanetik onik eta bizirik bueltatzeko eskubidea dugu. Jendarte osoarena den izurrite honekin amaitzeko bide bakarra borroka eta antolakuntza dira. Lan harreman eta joko arauen aldaketa batetik etorriko da aldaketa. Eredu berri bat gauzatu behar dugu, langileon bizitza eta osasuna lehenetsiko duen eredu bat.

Garbiketako langileak funtsezkoak direla aldarrikatu dugu Gasteizen, Eulenen egoitzan bertan

Deustuko zubian eserialdia egiten, Donostiako erdialdean autobus artikulatu batera igota, Iruñeko supermerkatuetan ekintza ibiltari baten bitartez… eta, gaur, Gasteizko Eulen enpresaren egoitza okupatuz. Sektore feminizatuetako langileen prekarizazioa eta enplegu suntsiketa salatzen ibili gara aste honetan, dinakima ekintzaile baten baitan. Bada, gaur, garbiketa sektoreko enpresa nagusienetakoa den Eulenen egoitzan sartu gara Arabako hiriburuan, garbitzaileentzat lan eta bizi baldintza duinak aldarrikatzeko.

Garbiketako langileen partzialitatea murrizteko eskatu dugu, baita 1.200 euroko gutxieneko soldata exijitu ere, “oinarrizkoak direlako, funtsezkoak direlako”. Hala nabarmendu dugu Eulenen egoitzan bertan.

Nafarroako lau sindikatu nagusien artean bakarra gara ondare sindikalik ez duena

Iragan maiatzaren 24an hainbat komunikabidek “CCOO eta UGTren egoitzak Iruñeko merkataritza gune berrira” lekualdatuko zituztela iragartzen zuen albistea jaso zuten, operazioa “konplexua” zela azalduz, “Ministerioaren, sustatzaileen eta Udalaren artean”. Eskuinaren  enegarren pelotazoa Iruñean. Eta beti bezala, sustatzaileen eta merkataritza gune handien mesedean, gure herri eta auzoen bizitzaren gainetik. Horrela, Azpilagañako, Arrosadiko eta Iturramako bizilagunen eta merkatarien gaitzespena eta kritika jaso du, LAB sindikatuak erabat partekatzen duena.

Sindikatuen egoitzen aferari dagokionez, operazio horren norainokoa ezagutu ahal izateko –ez baita konplexua, iluna baizik–, komeni da azaltzea Ondare Sindikal Metatua higiezinez osatuta dagoela, eta higiezin horien titulartasuna Espainiar Estatuko Administrazio Orokorrarena dela. Hala, sindikatu eta enpresa erakundeei uzten zaizkie higiezin horiek beren eginkizunak bete ditzaten.

Hala ere, eskuragarri dauden datuek (1999koak, Lan Ministerioak ez baitizkigu datu eguneratuak eman) eta CCOOren eta UGTren egoitzak lekuz aldatuko dituztela iragartzeak erakusten duten bezala, Espainiako Lan Ministerioak ondare hori kudeatzeko duen moduak irizpide guztiz arbitrario eta diskriminatzaileei erantzuten die, Erregimenaren laguntza eredu sindikalari mesede egin nahi dion logika erabat klientelarrari. Ildo horretan, ondarea “dopin sindikal” gisa erabiltzen da gehiengo sindikaletan eragiteko.

Horrela, berebiziko eskandalua da Nafarroan CCOO eta UGT sindikatuen, hau da, betikoen lokalen beharrak konpontzen diren bitartean, beste zentral sindikal batzuk, zehazki LAB sindikatuak, 24 urte geroago Ministerioak bere konpromisoak betetzeko zain jarraitzea. Hain zuzen ere, konpromisoa hartu zuen LABi lokal bat uzteko, Ondareari buruzko 1997ko martxoaren 6ko Aholku Batzordearen bilerako XVIII. aktan jasota dagoen bezala.

Beraz, gertakarien eta datuen errealitateari zorrozki erreparatuta, ondorioa argia da: LAB sindikatuak diskriminazio bat jasaten du, hamarkadetan zehar luzatu dena, eta horrek bere eginkizun eta funtzio sindikaletan baldintza berdinetan parte hartzea eragozten dio, gainontzeko sindikatuekin alderatuta. Hala, sindikatuen ordezkaritzaren ehunekoari kasu eginez gero ia 1.200 metro koadro egokituko balitzaizkio ere, LAB sindikatuak gaur egun 0 metro karratu ditu (zero). Hau da, LAB da Nafarroako lau sindikatu nagusien artean ondare sindikalik ez duen bakarra. Eta hala ere, diskriminazio hori jasanezina bada ere, LABek bere erabateko autonomia eta gaitasuna berresten ditu borroka sindikal nagusietan parte hartuz, azken hamarkadan langileen ordezkaritza eta babesa gehien handitu duen sindikatua izanik.

Ondorioz, Espainiar Lan Ministerioari eskatzen diogu bidegabekeria eta diskriminazio sindikal hori behingoz buka dezala, eta bere konpromisoak bete ditzala. Era berean, Ministerioak betetzeko borondate edo determinazio gutxi duenez, Madrilen ordezkaritza duten Nafarroako alderdiekin eta Nafarroako Gobernuarekin bilera sorta bat eginen dugula iragartzen dugu, egoera hori epe laburrean konpon dadin. Aldi berean, gure zerbitzu juridikoen esku jarri dugu egoera hau, ahalik eta modurik eraginkor eta egokienean jardun dezaten LABen komunitataren interesak defendatzeko.

Garraiolarien lan istripuak sektorean ezartzen diren lan baldintza prekarioen ondorio dira

Aste gogorra izaten ari da langile klasearentzat. Atzo jakin izan genuen Gasteizen, Lakuan, 48 urteko langile bat altueratik erori eta zauri larrien ondorioz zendu zela. Gaur, berriz, Laudioko Guardian enpresako azpikontrata den Oiartzungo Transportes Gexako 47 urteko langile bat hil da, atzo istripu larria izan ondoren, Orozkoko BP gasolindegian, karga gainera erorita.

Euskal Herrian 2021 urtea hasi denetik, gutxienez, 26 langile bizia galdu dute lanean edo lanaren ondorioz.

Lehenik eta behin, LAB sindikatutik hildako bi langileen familia, lankide eta gertukoei gure elkartasun eta babesa adierazi nahi diegu.

Beste sektore askotan gertatzen den moduan, garraioan ere lan baldintzak gero eta prekarioagoak dira. Azpimaragarria da garraio sektorea osatzen duten garraiolari asko autonomoak direla. Gaur egun eta urteetan zehar administrazioen utzikeriak eragindako egoera dela eta, gidari nahiz garraiolarien lan baldintzak oso kaskarrak dira. Lan zama, lanaldi luzeak, kargak eta  deskargak … sektoreak bizi duen egoera oso larria da.

Administrazioek beste alde batera begiratzen dute, sektoreak bizi duen egoeraren ezagun izan arren. Azpimarragarria da garraiolariek jasaten dituzten lan istripuen gehiengoak errepideetako merkantzien garraioak urte luzez pairatzen daraman prekaritatea eta desregulazio basatia agerian uzten dituela. Gainera, garraiolarien eskubide eza ere nabaria da. Izan ere, lana mantendu ahal izateko, askotan kargatzaileen presak, ezinezko ordutegiak, gehiegizko pisudun kargak, prezio baxuak, lan egun luzeak eta atseden eza jasan behar dituzte.

Askotan, gainera, zamaren deskarga egitera behartuak dira. Hauek eta honelako beste hainbat arrazoi dira lana modu seguru eta duinean egitea oztopatzen dutenak, garraiolarien bizitza arriskuan jartzeaz gain. Arazo hauek dira administrazioak behin eta berriz ezkutatzen saiatzen direnak, beste alde batera begiratuz gehienetan, beraien nahia garraio merkea lortzea baita, edozein preziotan.

Garraiolarien lan istripuak ez dira  estatistika ofizialetan azaltzen: errepide istriputzat jotzen dira, hau ere salatu nahi dugu.

Lakuako Gobernuari langileen osasuna lehenesteko eta segurtasuna eta bizitza bermatzeko exigitzen diogu, langileon bizitza eta osasuna erdigunean jarriko dituen politika publikoak garatzea. Horretarako, egungo politiken norabidea aldatzea exigitzen diogu, lan osasun arloan, egiazko politikak bultzatu eta lanari lotu gaixotasunen benetako zergatiei ekinez. Enplegu duina eta kalitatezkoa sortzeak lehentasuna izan behar du Gasteizko Gobernuarentzat .

Politikak aldatzeko garaia da, baditugu alternatibak, borondate politikoa bakarrik falta da. Lan eta bizitza duina bermatu behar da laneko indarkeriarekin amaitzeko, lanetik bizirik eta osasuntsu itzultzeko eskubidea dugulako. LAB sindikatutik lanean eta borrokan jarraituko dugu langileen segurtasun, osasun eta bizitzen alde.

Elikagai merkataritzako langileak ere funtsezkoak direla aldarrikatu dugu Iruñean, supermerkatuz supermerkatu

Egunotan egiten ari garen dinamika ekintzailearen harira, beste mobilizazio bat egin dugu; oraingoan, Iruñean. Hain zuzen ere, elikagai merkataritzako langileak funtsezkoak direla aldarrikatu eta euren lan baldintzen prekarizazioa salatu dugu. Hainbat supermerkatu bisitatu ditugu ekintza ibiltari baten bitartez, sektore honetako langileentzat lan baldintza duinak exijitzeko.

Basaurin jazotako eraso homofoboa salatu eta erasoa pairatu zuen pertsonari elkartasun guztia adierazten diogu

Onartezina da edozein pertsona bere sexu-genero identitateagatik edo joerengatik erasotzea; argi daukagu eraso hau faxismoaren oldarraldi berriaren barruan kokatu behar dugula. Azken boladan ikusi dezakegu nola balore erreakzionarioen suspertzeak horrelako erasoak ugaritu dituen eta langileon eta gazton kontrako ofentsiba baten aurrean kokatzen garen.

Argi dago lantokiak, kaleak bezala, ez direla espazio seguruak heteroarautik at kokatzen diren pertsona eta kolektiboentzat. Horretaz jakitun, LAB sindikatuak orain dela urte batzuk gida eta protokolo bat argitaratu zituen lan zentroetan ere tresnak garatzeko eta horrelako erasoei aurre egiteko.

Ezinbestekoa da autodefentsa sareak osatzea eta faxismoaren kontrako erantzuna langile klasearen aniztasunetik eraikitzea. Bide horretan eta orain arte bezala, LAB prest dago ekarpena egiteko eta ekintza soziosindikalaren bidez aurrepausoak emateko. Zentzu horretan, LAB Sindikatuak bihar, osteguna, arratsaldeko 19.00etan Basauriko Udaletxetik abiatuko den manifestazioan parte hartzera deitu nahi du. Erasorik ez erantzunik gabe.

EAEko Ikastoletako Lan Hitzarmena berritzeko aurreakordioa sinatu dugu #LortuDugu

Covid 19aren pandemiaren ondorio ekonomikoek eta jaiotze tasaren jaitsierak baldintzatutako testuinguruan hasitako negoziazio-prozesuak fruituak eman ditu. LAB sindikatuak Ikastolen Elkartearekin eta Eusko Ikastola Batzarekin Lan Hitzarmena berritzeko akordioa lortu du.

Negoziazio mahaian adostasun batera iristeko moduko edukiak egon zitezkeela baloratu orduko, gure delegatu, afiliatu eta sindikatuko beste kideekin proposamena kontrastatzeari ekin diogu, gehiengoaren oniritzia jasoz.

Adosturiko akordioan, Lan-hitzarmen berriak jaso beharreko hobekuntzak zehazten dira, eta bertan bi aldeok, gehienez 3 hilabeteko epean, Lan Hitzarmen berria idazteko konpromisoa hartu dugu.

Era berean, testuinguru zailean eman den ikasturte honetan ere, azken urte luzeetan bezala, ikastoletako langile guztien enplegua mantentzea lortu dugu, kaleratzeak ekidinez.

Hona hemen akordioak dituen hobekuntza nagusiak:

-Lan-sariak: 2021ean oinarrizko soldata eta antzinatasunean lan-sari baxuenak dituzten lan kategorietarako %1,75 soldata igoera. Gainerako kategorietarako, %1,4.

-DBHko maisu-maistren soldata parekatzea.

-Gurasotasun-baimena: bi gurasoen baimena berdintzen da (16 + 2 aste).

-Mantenu-langile eta sukaldari-languntzaile kategorien desagerpena. Langile hauek goiko kategoria hartuko dute.

-Lan-kargaren arintzea:

.Hezkuntza Laguntza Espezialistek astean ordu erdi osagarri gehiago edukiko dute.

.Haur Hezkuntzako bigarren zikloko tutoreei ikasturteko eskola-orduak 15 orduz jaitsiko zaizkie.

.Lehen Hezkuntzako tutoreei ikasturteko eskola-orduak 20 orduz jaitsiko zaizki

-Ikastoletako langileen kudeaketan ikuspegi nazionalerako urratsak:

.Ikastoletako kontratazio batzordeek Euskal Herriko Ikastolen Elkarteko sarean metaturiko lan-esperientzia aintzathartu beharko dute.

.Euskal Herriko Ikastoletan eszedente eta beharren prozedura gauzatzeko orduan Euskal Herri osoko ikastolak hartuko dira kontuan.

-Klausula feministak:

.Ikastola guztietan berdintasun planak gauzatzeko prozedura eta epeak zehazten dira.

.Indarkeria matxista pairatu duten langileei nahitaezko eszedentzia hartzeko eskubidea aitortuko zaie.

Eskertzekoa da honaino heltzeko LABeko delegatuek eta kideek egindako lana. Aurrerantzean ere erronka handiak ditugu. Duela urtebete 2018-2019ko EAEko Ikastoletako Lan Hitzarmena argitaratu zen, eta orain 2021erako akordioa lortu dugu hainbat hobekuntza jasoz. 2022ko urtarrilean Lan Hitzarmen berri bat negoziatzeari ekingo diogu, urratsez urrats langileen eskubideen hobekuntzan aurrerapausoak emanez.

LAB, orain arte bezala, lehen lerroan egongo da Ikastoletako langileen alboan borrokan, bai ikasgeletan eta bai kalean.

Urratsez urrats, lan baldintza duinetan oinarritutako Euskal Eskola Publiko Komunitarioa iruten!