2026-07-31
HomeEkintza SindikalaEAEko Ikastoletako Lan Hitzarmena berritzeko aurreakordioa sinatu dugu #LortuDugu

EAEko Ikastoletako Lan Hitzarmena berritzeko aurreakordioa sinatu dugu #LortuDugu

Covid 19aren pandemiaren ondorio ekonomikoek eta jaiotze tasaren jaitsierak baldintzatutako testuinguruan hasitako negoziazio-prozesuak fruituak eman ditu. LAB sindikatuak Ikastolen Elkartearekin eta Eusko Ikastola Batzarekin Lan Hitzarmena berritzeko akordioa lortu du.

Negoziazio mahaian adostasun batera iristeko moduko edukiak egon zitezkeela baloratu orduko, gure delegatu, afiliatu eta sindikatuko beste kideekin proposamena kontrastatzeari ekin diogu, gehiengoaren oniritzia jasoz.

Adosturiko akordioan, Lan-hitzarmen berriak jaso beharreko hobekuntzak zehazten dira, eta bertan bi aldeok, gehienez 3 hilabeteko epean, Lan Hitzarmen berria idazteko konpromisoa hartu dugu.

Era berean, testuinguru zailean eman den ikasturte honetan ere, azken urte luzeetan bezala, ikastoletako langile guztien enplegua mantentzea lortu dugu, kaleratzeak ekidinez.

Hona hemen akordioak dituen hobekuntza nagusiak:

-Lan-sariak: 2021ean oinarrizko soldata eta antzinatasunean lan-sari baxuenak dituzten lan kategorietarako %1,75 soldata igoera. Gainerako kategorietarako, %1,4.

-DBHko maisu-maistren soldata parekatzea.

-Gurasotasun-baimena: bi gurasoen baimena berdintzen da (16 + 2 aste).

-Mantenu-langile eta sukaldari-languntzaile kategorien desagerpena. Langile hauek goiko kategoria hartuko dute.

-Lan-kargaren arintzea:

.Hezkuntza Laguntza Espezialistek astean ordu erdi osagarri gehiago edukiko dute.

.Haur Hezkuntzako bigarren zikloko tutoreei ikasturteko eskola-orduak 15 orduz jaitsiko zaizkie.

.Lehen Hezkuntzako tutoreei ikasturteko eskola-orduak 20 orduz jaitsiko zaizki

-Ikastoletako langileen kudeaketan ikuspegi nazionalerako urratsak:

.Ikastoletako kontratazio batzordeek Euskal Herriko Ikastolen Elkarteko sarean metaturiko lan-esperientzia aintzathartu beharko dute.

.Euskal Herriko Ikastoletan eszedente eta beharren prozedura gauzatzeko orduan Euskal Herri osoko ikastolak hartuko dira kontuan.

-Klausula feministak:

.Ikastola guztietan berdintasun planak gauzatzeko prozedura eta epeak zehazten dira.

.Indarkeria matxista pairatu duten langileei nahitaezko eszedentzia hartzeko eskubidea aitortuko zaie.

Eskertzekoa da honaino heltzeko LABeko delegatuek eta kideek egindako lana. Aurrerantzean ere erronka handiak ditugu. Duela urtebete 2018-2019ko EAEko Ikastoletako Lan Hitzarmena argitaratu zen, eta orain 2021erako akordioa lortu dugu hainbat hobekuntza jasoz. 2022ko urtarrilean Lan Hitzarmen berri bat negoziatzeari ekingo diogu, urratsez urrats langileen eskubideen hobekuntzan aurrerapausoak emanez.

LAB, orain arte bezala, lehen lerroan egongo da Ikastoletako langileen alboan borrokan, bai ikasgeletan eta bai kalean.

Urratsez urrats, lan baldintza duinetan oinarritutako Euskal Eskola Publiko Komunitarioa iruten!

AZKEN ALBISTEAK | ĂšLTIMAS NOTICIAS

Helegiteak aurkeztu dizkiegu 1.200 milioitik gorako kostu estimatua duten anbulantzien makro-esleipenei, eta pribatizazioaren aldeko apustua salatzen dugu

Sindikatuak errekurtso berezi bat jarri du Osasun Sailaren pleguen aurka, Oinarrizko Bizi Euskarriko eta Garraio Programatu eta Hitzartuko zerbitzuei dagokienez. Bestalde, salatu du Alberto MartĂ­nez sailburuak Osasun Planaren ildoak alde batera uzten dituela, gizartearen eskaerari entzungor egiten diola eta beste autonomia-erkidego batzuetan osasun-zerbitzuen kudeaketa publikoa berreskuratzeko izandako esperientzia arrakastatsuak ere baztertzen dituela, lan-arloko ez-betetzeengatik ezagunak diren enpresa piratak saritzen jarraitzeko.

Patronalak Bizkaiko Arrain Kontserben eta Gazituen hitzarmenerako proposamen bat aurkeztu du, eta LABek langileen erabakipean jarriko du

Proposamenean jasotzen diren aurrerapenak urte eta erdi baino gehiagoko negoziazioaren emaitza dira, eta, batez ere, langileen egindako borrokaren eta greben ondorio dira.

Hezkuntza Sailak udal haur eskolei finantzaketa kentzeko aldebakarrez hartutako erabakiaren aurrean, bertako langileak babesten dituen akordioa lortu du LABek

Andoaingo, Usurbilgo, Oiartzungo, Ordiziako, Aretxabaletako eta Gaubeako langileek bertako haur hezitzaile izaten jarraitzeko akordioa sinatu du LABek; ez da kaleratzerik egingo, eta karrerako funtzionarioek tokiko administrazioan haien izaerari eutsiko diote jubilatu bitarte.