2026-11-04
HomeEkintza SindikalaNafarroako lau sindikatu nagusien artean bakarra gara ondare sindikalik ez duena

Nafarroako lau sindikatu nagusien artean bakarra gara ondare sindikalik ez duena

Iragan maiatzaren 24an hainbat komunikabidek “CCOO eta UGTren egoitzak Iruñeko merkataritza gune berrira” lekualdatuko zituztela iragartzen zuen albistea jaso zuten, operazioa “konplexua” zela azalduz, “Ministerioaren, sustatzaileen eta Udalaren artean”. Eskuinaren  enegarren pelotazoa Iruñean. Eta beti bezala, sustatzaileen eta merkataritza gune handien mesedean, gure herri eta auzoen bizitzaren gainetik. Horrela, Azpilagañako, Arrosadiko eta Iturramako bizilagunen eta merkatarien gaitzespena eta kritika jaso du, LAB sindikatuak erabat partekatzen duena.

Sindikatuen egoitzen aferari dagokionez, operazio horren norainokoa ezagutu ahal izateko –ez baita konplexua, iluna baizik–, komeni da azaltzea Ondare Sindikal Metatua higiezinez osatuta dagoela, eta higiezin horien titulartasuna Espainiar Estatuko Administrazio Orokorrarena dela. Hala, sindikatu eta enpresa erakundeei uzten zaizkie higiezin horiek beren eginkizunak bete ditzaten.

Hala ere, eskuragarri dauden datuek (1999koak, Lan Ministerioak ez baitizkigu datu eguneratuak eman) eta CCOOren eta UGTren egoitzak lekuz aldatuko dituztela iragartzeak erakusten duten bezala, Espainiako Lan Ministerioak ondare hori kudeatzeko duen moduak irizpide guztiz arbitrario eta diskriminatzaileei erantzuten die, Erregimenaren laguntza eredu sindikalari mesede egin nahi dion logika erabat klientelarrari. Ildo horretan, ondarea “dopin sindikal” gisa erabiltzen da gehiengo sindikaletan eragiteko.

Horrela, berebiziko eskandalua da Nafarroan CCOO eta UGT sindikatuen, hau da, betikoen lokalen beharrak konpontzen diren bitartean, beste zentral sindikal batzuk, zehazki LAB sindikatuak, 24 urte geroago Ministerioak bere konpromisoak betetzeko zain jarraitzea. Hain zuzen ere, konpromisoa hartu zuen LABi lokal bat uzteko, Ondareari buruzko 1997ko martxoaren 6ko Aholku Batzordearen bilerako XVIII. aktan jasota dagoen bezala.

Beraz, gertakarien eta datuen errealitateari zorrozki erreparatuta, ondorioa argia da: LAB sindikatuak diskriminazio bat jasaten du, hamarkadetan zehar luzatu dena, eta horrek bere eginkizun eta funtzio sindikaletan baldintza berdinetan parte hartzea eragozten dio, gainontzeko sindikatuekin alderatuta. Hala, sindikatuen ordezkaritzaren ehunekoari kasu eginez gero ia 1.200 metro koadro egokituko balitzaizkio ere, LAB sindikatuak gaur egun 0 metro karratu ditu (zero). Hau da, LAB da Nafarroako lau sindikatu nagusien artean ondare sindikalik ez duen bakarra. Eta hala ere, diskriminazio hori jasanezina bada ere, LABek bere erabateko autonomia eta gaitasuna berresten ditu borroka sindikal nagusietan parte hartuz, azken hamarkadan langileen ordezkaritza eta babesa gehien handitu duen sindikatua izanik.

Ondorioz, Espainiar Lan Ministerioari eskatzen diogu bidegabekeria eta diskriminazio sindikal hori behingoz buka dezala, eta bere konpromisoak bete ditzala. Era berean, Ministerioak betetzeko borondate edo determinazio gutxi duenez, Madrilen ordezkaritza duten Nafarroako alderdiekin eta Nafarroako Gobernuarekin bilera sorta bat eginen dugula iragartzen dugu, egoera hori epe laburrean konpon dadin. Aldi berean, gure zerbitzu juridikoen esku jarri dugu egoera hau, ahalik eta modurik eraginkor eta egokienean jardun dezaten LABen komunitataren interesak defendatzeko.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Navarrabiomed – Miguel Servet Fundazioko plantillak bertan behera utzi ditu greba eta mobilizazioak, Osasun Departamentuak jakinarazitako aurrerapausoak direla-eta

Joan den ostegunetik, gure hitzarmen kolektiboaren aplikazioaren inguruan Osasun Departamentutik jakinarazi zizkiguten aurrerapausoak eta albisteak ezagutu ondoren, Navarrabiomed - Miguel Servet Fundazioko langileok erabaki dugu garatzen ari ginen greba eta mobilizazioak bertan behera uztea.

Udaltzain batzuk Intxaurrondon jasotako formakuntza ikertzeko eta berriro halakorik ez dadin gertatu eskatzen dugu

Gipuzkoako hainbat udaltzaingotako agenteek Intxaurrondoko kuartel nagusian, Gipuzkoako Guardia Zibilaren Komandantziaren egoitzan, egindako prestakuntza-ikastaro batean parte hartu izana salatzen dugu.

Etxebizitzarako eskubidea bermatu dadin, hiru eraldaketa eta sei ekintza lerro proposatu ditugu

Etxebizitza langileen eta herritarren beharren arabera antolatzeko, parke publikoa ardatz duen planifikazioa egin behar da; etxebizitza politiketan eman beharreko eraldaketak kapitalaren irabazi espekulatiboen bidez ordaindu behar dira; eta, jarduera espekulatiboak debekatuz, negoziorako erabiltzen diren etxebizitzak berreskuratu behar dira.