2026-01-30
Blog Page 459

Enplegu publikoan dagoen behin behinekotasunarekin berehala amaitzeko exijitu dugu Donostian

Jaurlaritzako, Gipuzkoako Aldundiko eta Donostiako Udaleko LABeko Sail Sindikalen ekimenez, hiru instituzio nagusi hauetako langileak, finko zein interinoak, elkartu gara Donostiako Alderdi Ederrean, enplegu publikoaren kontsolidazioa eta behin-behinekotasunaren amaiera aldarrikatzeko.

Lehenik eta behin, LABetik administrazioan hutsik dauden lanpostu guztiak bete behar direla aldarrikatzen dugu, lanpostuen amortizazioari zein pribatizazio edota subkontratazioari ateak guztiz itxiz.Gainera, kontuan hartu behar da interinoen errealitatearen inguruan plan bat bideratu beharra dagoela. Izan ere, bereziki kolektibo horrek jasaten ditu administrazioak bere erantzukizunak, behin eta berriz, ez betetzearen ondorioak. Aspaldian LEP deialdirik egon ez denez, kolektibo guztiz ahul bat sortu da, eta, igarotako urteekin, neurri batean, babesik gabe dagoela esan dezakegu.

Argi dago urteak igaro ahala langile horietako askoren ahalmen eta egoera pertsonalak zein osasunekoak aldatu egin direla. Horren ondorioz, kolektiboak ziurgabetasun-egoera bizi   du edozein lan-eskaintza deialdiren aurrean. Administrazioa ezin da egon lanpostuak eskuratzeko prozesu hauen deialdiak denbora egokietan ez egiteak sortzen dituen arazo horietatik at.

LABen ustez, ezinbestekoa da bi egoera horiek uztartzea, administrazioarentzat eta eragindako kolektiboarentzat irtenbide egoki bat lortzeko. Horregatik Enplegu Publikoa indartzeko Plan Berezi bat aldarrikatzen dugu eta baita instituzioetan langileen ordezkariekin elkarrizketa eta negoziazio prozesuak zabaltzea, aurrera begirako planak adostuak izan daitezen eta ez inposatuak. Norabide horretan, instituzio ezberdinetan LABek negoziaziorako oinarria izan daitezkeen planak aurkeztu ditu eta beste sindikatuekineta administrazioarekin negoziatzeko prest dago, dagoeneko martxan dauden eta etorriko diren Enplegu Eskaintza Publikoek errealitate horri erantzun diezaioten.

Borroka hasi baino ez da egin. Gure asmoa gaurko ekimen hau sindikatu guztiek bateraturik egitea zen eta horrela aurkeztu genuen Langile Batzordeetan. Tamalez, ez da posible izan. Etorkizunean denok bat egiteko ahalegina ez baztertzeko hitza ematen dugu, finean, guztion batasunak emango baitigu indarra administrazioen politika neoliberalei aurre egiteko.

0-3 zikloak errespetua behar du Iruñeko Udaleko eta Nafarroako Gobernuko agintariengandik, ez hitz huts gehiago

Iruñeko Udalak bereari eustea lortu du; Nafarroako Gobernuaren konplizitatearekin lortu ere. Baina 0-3 zikloko komunitateak zalantza ugari ditu oraindik: Noiz sortuko da zerbitzua? Noiz hartuko du Hezkuntza Departamentuak bere gain? Noiz izango da doako Nafarroa osoan? Noiz utziko diote agintariek komunitate honi adarra jotzeari?

Oraindik ez dakigu noiz sortuko den 0-3 ziklorako zerbitzua Hezkuntza Departamentuan. Kudeaketa hori iaz egin behar zen, baina Gimeno jaunaren utzikeriagatik oraindik konpondu gabe dago. Badirudi dena urriaren 30eko 267/2019 Foru Dekretuan egingo den aldaketaren zain dagoela. Baina zer epez ari gara? Noiz jarriko da indarrean 0-3 zikloko zerbitzua? Argi eta garbi ikusi dugu zein den Hezkuntza Departamentuak eta Jorge Aguirrek, hots, PSNk Parlamentuan duen hezkuntza arloko arduradunak, gai honi dagokionez hartu duten jarrera. Lehenbizikoarekin ezin izan dugu zuzeneko elkarrizketarik izan; eta bigarrenak, berarekin biltzeko aukera izan dugun guztietan, inolako interesik eza, erabateko pasotismoa eta argudiorik eza utzi ditu agerian. Horrela bada, eta ikusitakoak ikusita, ez ginateke batere harrituko denbora galtzeko estrategia berri baten aurrean egongo bagina, hilabeteak igaro daitezen ezer egin gabe, tramite hori gauzatu gabe.

Gaur den egunean, orandik ez dakigu Nafarroako Gobernuaren haur eskolen titulartasuna noiz aldatuko den ere -Hezkuntza Departamentuak zuzenean kudea ditzan-. Badakigu hitzeman dutela aldaketa hori 2021-2022 ikasturtean sartuko dela indarrean, baina ederki dakigu ere zenbat balio duen PSNren hitzak. Hori dela eta, erantzun eta epe argiagoak eskatzen dizkiogu.

Nafarroako Gobernuak gaitasuna du bere titulartasuneko eskoletan neurriak hartzeko. Are gehiago, nahi izanez gero, Iruñeko Udalak hain modu zorrotzean egin duen euskarazko plazen murrizketa orekatzeko gaitasuna du. Baina horren ordez, bere onespena eman dio Maya eta Esporrinen erabakiari. Horregatik, zalantzan jartzen dugu Nafarroako Gobernuak benetan arazo horri irtenbidea emateko borondatea duen. Bere asmoa, ziurrenik, beste bat izango da, berriz ere 2019-2023ko akordio programatikoari helduz, bizikidetzaren, berdintasunaren, berrikuntzaren eta aurrerapenaren izenean aritzea hain zuzen ere. Beste behin ere kontzeptu horien aurkako modura aurkeztu nahi gaituzte euskaldunok, errealitatea desitxuratuz eta horiek gauzatzea oztopatzen dugunak euskaldunok garela sinetsaraziz. Baina ez gara gu horren errudun; beraiek dira behin eta berriz oztopoak jartzen dituztenak eta Nafarroako bi hizkuntzen arteko elkarbizitza oztopatzen dutenak.

Iruñeko Udalak, pedagogia gaietan duen ezjakintasuna agerian utziz, erabaki guztiz atzerakoi bat hartzeko ausarkeria erakutsi du; euskara zokoratzeko helburu bakarrarekin, albo batera utzi ditu zuzendari guztien ahobeteko kritika, Iruñeko udal haur eskoletako langileek egindako greba eta baita gutxieneko zentzuzko hizkuntza-irizpide guztiak ere. Eta hori gutxi balitz bezala, Nafarroako Gobernu “aurrerakoia” Iruñeko Udalaren proposamen atzerakoia ontzat ematen ari da, horrekin 0-3 zikloko hezkuntza-komunitateari geratzen zitzaizkion itxaropen-zirrikitu oro itxiz atzera bueltarik gabe.

Eta burugabekeria hori ez da hemen amaitzen. Iruñeko Udalaren eskolen doakotasunaren kontua, konkista sozial gisa saldu nahi digutena, enegarren zentzugabekeria baino ez da; egiazki, ordea, Na+k PSNri bere aurrekontuak babesteagatik ematen dion gozokia baino ez da. 

Nola azalduko duzue orain arte elkarrekin eskaini diren eskoletatik batzuk ordainpekoak izatea eta beste batzuk ez? LABen iritziz, 0-3 zikloak doakoa izan behar du, baina Nafarroako haur eskola guztietan, guzti-guztietan.

Horregatik, Iruñeko Udalari eta Nafar Gobernuari eskatzen diegu 0-3 zikloari errespetua izan diezaiotela; errespetua familiei, hezitzaileei eta haurrei. Aski da halako adar-jotze eta denbora galtzeez. Konpromiso irmoak eskatzen ditugu; nazkatuta gaude ezer esaten ez duten hitz hutsalez. 

Egoera hau desblokeatu behar dugu!

Arabako helduen egoitzetako langileak berriro mobilizatu dira, hitzarmen duin baten defentsan

Arabako helduen egoitzetan greba egin dugu. Gasteizko udaletxeko plazatik abiatuta, manifestazioa egin dugu Arabako hiriburuko kaleetan, eta, amaieran, Aldundiko plazan, elkarretaratzea egin dugu. Sindikatuok berriro eskatu diogu Aldundiari gure adinekoak zaintzearen aldeko apustua egin dezala, aurrekontu-partidekin egoitza pribatuetarako hitzarmen probintzial bat sinatzeko ekarpena eginez.

Urtarrilaren 11n, LAB, ELA, UGT eta CCOO sindikatuok Arabako egoitzen kudeaketaz arduratzen diren enpresa batzuk deitu genituen. Deitutako 7 enpresetatik (Albertia, Agure, Tagore, Iruña, Gorbeia, Orobide eta lorea) 4 joan ziren, eta gainerakoetatik batek bakarrik esan zigun bilera horretara joaterik ez zuela, Osakidetza COVID-19ren aurkako txertoa jartzen ari zelako bere lantokian.

Estatuko patronalak eta Arabako egoitza handienak bilera horretara deituta zeuden, baina bilera hori ezin izan zen egin arazo teknikoengatik, eta urtarrilaren 19ra atzeratu zen. Bileretan parte hartu duten enpresa guztiek probintziako hitzarmen propio bat izatearen garrantzia aitortzen dute (hori bai, arrazoi erabat desberdinekin), eta Arabako Foru Aldundiak hitzarmen honetan parte hartu behar duela ere beharrezkotzat eta ezinbestekotzat jotzen dute, horretarako aurrekontu-partida bat emanez, sektoreko enpresei, erabiltzaileei eta langileei begira eredu justu batera iristeko helburuarekin.

Gaur egun, egoitzek adierazten dute Aldundia hitzarmen horren negoziazioan parte aktiboa ez den bitartean ez dutela elkarrizketarik hasiko nahi den hitzarmena sinatzeko. Hortaz, sindikatuok berriro eskatzen diogu Aldundiari gure adinekoak zaintzearen aldeko apustua egin dezala, aurrekontu-partidekin egoitza pribatuetarako hitzarmen probintzial bat sinatzeko ekarpena eginez.

Azpikontratetako osasun-garraioko langileek txertoa lehenbailehen eman diezaietela aldarrikatu eta Jaurlaritzaren jokabide iraingarria salatu dute

Sektoreko sindikatuok Eusko Jaurlaritzari galdegin diogu osasun teknikariei eman diezaiela txertoa lehenbailehen, eta ohartarazi dugu ez dutela administrazioaren jokabidea onartuko. Egoera salatzeko, lehen mobilizazioa egin dugu Gipuzkoako hiriburuan, Donostia Ospitalearen aurrean.

Hain zuzen ere, LAB, ELA, UGT, CCOO, USO eta CNT sindikatuok salatu egin dugu Eusko Jaurlaritzak txertatze kontuan azpikontratetan diharduten garraio sanitarioko langileekiko agertu duen jokabide iraingarri eta umiliagarria, eta Osasun sailari galdegin diogu errespetuz jokatu eta berdintasunezko tratua eman diezaiola kolektibo honi; izan ere, nahiz eta lehenengo lerroan dagoen, administrazioak tratu txarra ematen dio.

Euskal osasun sisteman lehenago ere gertatu izan da anbulantzietako langile azpikontratatuak abandonatuta eta baztertuta geratzea. Osakidetzako plantillako langileek, anbulantzietakoek barne, dagoeneko hartu dute txertoa; haatik, anbulantzietako langile gehienei (azpikontratatuei, guztirako kopuruaren %99ari) ez zaie eman, eta ez dakite hori noiz izango den.

Kolektibo honek ikusten du babesik gabe dagoela, eta nazka-nazka eginda dago anbulantzia zerbitzua azpikontratatzeko politikaren ondorioekin. Osakidetzaren ikusmoldean 1.500 profesional sanitario hauek bigarren edo hirugarren mailako langileak dira, eta onartu ezineko tratua ematen die, erabateko konpromiso soziala agertu duten arren.

Bizi-Euskarri Aurreratuko, Oinarrizko Bizi-Euskarriko eta Garraio Programatuko anbulantziek egunero makina bat pertsona eraman eta ekartzen dute Covid-19a dela eta; sarri baldintza eskasetan eta kutsatzeko arrisku handiz.

Lan Ikuskaritzak arrazoia eman digu Basurtuko erizaintzako erretenari buruz aurkeztutako salaketan #LortuDugu

Lan Ikuskaritzak ontzat eman du LABek abenduan aurkeztutako salaketa, Basurtuko Ospitaleko erreten-zerbitzuari atxikitako erizainen lan-baldintzak urratzeari buruzkoa. Zehazki, salatu genuen erizaintzako langile horien lan-karteldegien etengabeko aldaketa, karteldegi horien gabezia bera, eta lanaldien artean behar den atsedenerako eskubidearen urraketa.

155 erizainek bizi izan duten egoera jasangaitza behin eta berriz salatu dugu ESIko zuzendaritzaren aurrean, baina ez diete jaramonik egin sindikatuen salaketa horiei, ezta Erreteneko erizainek egindako salaketei eta mobilizazioei ere.

LABek aurkeztutako salaketaren ondoren, Lan Ikuskaritzak karteldegien bi hilean behingo izaera errespetatzera eta Erakundearen Lan Baldintzen Akordioan ezarritako atsedenaldiak errespetatzera behartzen du Basurtuko Zuzendaritza. Akordio horretan, gutxienez, 12 orduko atsedenaldia ezartzen da lanaldien artean. Txosten horretan bertan, Lan Ikuskaritzak COVID pandemiak sortutako baldintza bereziak aipatzen ditu, eta onartzen du egoerak karteldegi-aldaketa batzuk ekar ditzakeela, baina beti justifikatuta eta langileei aldez aurretik jakinarazita, bizitza pertsonala eta lana bateragarri egiten direla bermatzeko.

Beraz, txosten honek geldiarazi egiten du Osakidetzaren praktika orokorra, hau da, pandemiaz baliatzea langileei eskubide eta lan-baldintzak murrizteko. Egoera salbuespenezkoa da, baina ez dugu onartuko eskubide gehiago murriztea gaur egun nekatuta, ahituta eta buruek eta zuzendaritzek zaintzen ez duten plantilla bati.

Faxistak ez direla ongi etorriak aldarrikatu dugu Pausuko mugan

Eskuin muturrak elkarretaratzea egin du Pausuko mugan, Frantziako Batasun Nazionala alderdiak (Rassemblement National)  deituta, migrazioaren aurka. Bada, Ipar Euskal Herriko hainbat eragile hurbildu gara bertara, eta aurrez aurre adierazi diegu faxistak eta gorrotoz beteriko ideiak ez direla ongi etorriak. Hain zuzen ere, Euskal Herria harrera herria dela aldarrikatu dugu, faxistentzat izan ezik.

Anbulantziarekin garraio-lanak egiten dituzten langile guztien artean, Nafarroako suhiltzaileak dira txertaketa-planean jaso ez diren bakarrak

Duela egun batzuk, Nafarroako Gobernuak Coviden aurkako txertaketa-plana argitaratu zuen. Bertan, lehen mailako osasun-langileak zeuden, hala nola premiazko osasun-garraiokoak, zentro soziosanitarioetako langileak eta egoiliarrak, patologia larriak dituzten pertsonak… Pentsatzekoa da ibilbide-orri horretan Nafarroako herritar guztiak daudela islatuta, esleitzen zaien lehentasunaren arabera sekuentziatuta. Baina, ez dira agertzen larrialdiko osasun-garraioko lanak egiten dituzten suhiltzaileak.

Nafarroan larrialdiko garraiorako anbulantzietatik 13 baino ez dira sare publikokoak, eta horiek suhiltzaileek kudeatzen dituzte. Langile horiek ez dira sartu Nafarroako Gobernuaren txertaketa-planean. Horregatik, horren berri jakin bezain laster, Nafarroako Babes Zibileko Langileen eta Suhiltzaileen Batzordeak ohar bat atera zuen “hanka-sartze” horri buruz ohartarazteko.

Hala ere, LAB sindikatuak hanka-sartze horretatik haratago aztertu du afera eta azpimarratu nahi du Larrialdietako Garraio Sanitarioko langile guztiak 2. taldean sartu direla, suhiltzaileak izan ezik. Hau da, azpikontratatutako enpresa pribatuetako langileak behar bezala kokatu dira txertaketa-planean, baina ez da hala gertatu lan berberak egiten dituzten langile publikoekin.

Salaketa jarri ondoren ere, Osasun eta Barne sailetako arduradunek entzungor egiten jarraitzen dute, eta kolektibo horri ez ikusiarena egiten.

Horren aurrean, zenbait galdera helarazi nahi dizkiegu Osasuneko kontseilari Indurain andreari eta Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Herrizaingo Departamentuko lehendakariorde eta kontseilari RemĂ­rez jaunari:

– Zein da bazterketa honen arrazoia?
– Jabetzen al zarete suhiltzaileei txertoa ez jartzea erabakita, larrialdietako osasun-laguntza eta garraioa errusiar erruleta makabro moduko bat bihurtzen direla?

Pertsona batek osasun-laguntza eskatzeko 112 zenbakira deitzen duenean, gerta daiteke gaixoa artatu eta ospitalera eramaten duten langileak segurtasun-berme handiz garraiatzea, txertoa jarri dietelako. Baina gerta daiteke, halaber, SOS Nafarroako langileak joatea eta txertatu gabeak izatea; eta beraz, ez egotea behar bezain babestuta. Ondorioz, artatzen ari direnarentzat arrisku bihur litezke. Mobilizatutako anbulantzia Nafarroako Suhiltzaileen Zerbitzuak dituen 13 anbulantzietako bat bada, artatuko duten langileek txertoa jarri gabe izanen dute.

Horiek gerta litezke, nahiz eta Osasun Departamentuaren txertaketa-protokoloek dioten langile horiei txertoa jarri behar zitzaiela.

Transmisioa, gainera, bi norabidekoa izan daiteke: gure anbulantzian laguntza jasotzen duen edonork transmiti diezaguke birusa, baina suhiltzaile batek birusa transmititu diezaioke gaixoari edo zaurituari ere; eta pazienteak, ez dezagun ahaztu, ospitalera eraman behar dituzte, eta han ere kutsatze-katearekin jarrai dezakete.

Horrela, bada, jasaten ari garen bazterketaren aurkako ahotsa altxatzen dugu LAB-Suhiltzaileak (bien bitartan, gure zeregina betetzen jarraitzen dugu, bai horixe!).

Nafarroako Gobernuari eskatzen diogu utz diezaiola beste alde batera begiratzeari (guk argi daukagu nora begira dagoen), protokoloak bete ditzala eta ahalik eta azkarren konponbide bat jar dezala, eta erabateko konpromisoa har dezala zerbitzu publikoak eta kalitatezkoak defendatzeko eta ezartzeko; izan ere, oraintxe arriskuan jartzen ari da larrialdi-zerbitzuen arreta behar duten herritarren osasuna.

Euskal Herriko trantsizio ekosozialista eta feministarako Programa Sozioekonomikoa aurkeztu dugu

Lan, pentsio eta bizitza duina bermatzeko proposamen zehatzak biltzen dituen Euskal Lan Kode eta Gizarte Segurantzarako zirriborroa osatu dugu. Otsailaren 19an, lan harremanetarako euskal esparrua aldarrikatzeko manifestazio historikoaren urteurrenean, jardunaldiak egingo ditugu Donostian, beharrezkoa den herri eztabaidari ekarpena egiteko. Honen guztiaren berri eman dugu, Garbiñe Aranburu idazkari nagusi eta Igor Arroyo idazkari nagusi ondokoaren eskutik.

1994ko otsailaren 19an manifestazio historikoa egin zen Bilbon. Ekimen hark garai berri bat ireki zuen: lan harremanetarako eta babes sozialerako euskal esparruaren aldarrikapena bilakatu zen euskal sindikalismoaren ardatz nagusietakoa. 

Urte batzuk beranduago, 2005ean, Programa Sozioekonomikoa aurkeztu zuen LABek, hala euskal esparru sozioekonomikoaren nola lan harremanetarako eta babes sozialerako euskal esparruaren definizioan ekarpena egiteko asmoz. 

Ordutik hona, eredu aldaketaren premia are eta nabarmenagoa bilakatu da. Sistema kapitalistak bizitzaren eremu guztietara hedatu den pribatizazio eta prekarizazioaren alde egin du. Eta Euskal Herrian kontrabotere sindikalismo indartsua garatu da; euskal langileok hainbat greba eta mobilizazio burutu ditugu, patronalaren asmoei mugak jarri, politika publikoak baldintzatu eta akordio garrantzitsuak lortuz.

Covid-19aren harira  bizitzen ari garen sindemiak azkartu baino ez ditu egin aurretik kapitalismoak bizi zituen krisi askotarikoak. Larrialdi egoera batean gaudela esan dezakegu: sistema kapitalista heteropatriarkalak pertsonen eta planeta beraren biziraupena arriskuan jarri du. 

Testuinguru horretan, are garrantzitsuagoa da eredu sozioekonomikoa, lan harremanak eta babes soziala birpentsatzeko herri ariketa egitea. Bide horretan ekarpena egin asmoz, bere Programa Sozioekonomikoa berritu egin du LABek, honako lau oinarrien hauen arabera: demokratizazioa, feminismoa, ekosozialismoa eta nazio garapena.

Euskal esparru sozioekonomikoaren definizio orokorrarekin batera, sei eremu estrategikotan banatutako 120 neurri bildu ditu Programaren baitan: lurra eta lurraldea; zaintza; osasuna; ezagutza; industria; eta oinarrizko zerbitzuak.

Igor Arroyo LABeko idazkari nagusi ondokoak adierazi duenez, “eredu ekonomikoa aldatuko dela eztabaidaezina da. Bi auzi daude jokoan: aldaketa horren norabidea zein izango den eta aldaketa nork gidatuko duen. Europako funtsekin ikusi den bezala, eta energia fosilen nahiz materialen agortzeak akuilatuta, Kapital trasnazionalak bere interesen arabera gidatutako ekoizpen ereduaren erreforma soila egin nahi du. Aldiz, Euskal Herrian bada bi oinarritan ados datorren esparru sozial, sindikal eta politiko zabala: euskal jendarteak ekonomiaren gaineko kontrola berreskuratu behar du, bizitza erdigunean jarriko duen eredu berri baterako trantsizioa egiteko”.

Euskal Lan Kodea eta Gizarte Segurantza

Era berean, Euskal Lan Kodea eta Gizarte Segurantza zehazteko Euskal Herrian egin den lehen ariketa sakonaren emaitzak jasotzen dira LABen Programa Sozioekonomiko berrituan. Idazkari nagusi Garbiñe Aranbururen hitzetan, “Madril zein Parisko Gobernuetatik inposatuko lan eta pentsio erreforma desberdinek behin behineko kontratuen gehiegizko erabilera sustatu eta kaleratze libreari ateak ireki dizkiete, oso erraz suntsitzen den enplegua sortuz. Pentsio sistema publikoa ahuldu dute. Zaintza lanak ez dituzte aintzat hartu eta sexuen araberako lan banaketa betikotu dute; emakumeen lanak aitortza ekonomiko eta sozial baxuagoa du, sektore feminizatuen prekarietatea eta soldata arrakala eraginez”.  

Aranburuk esan duenez, “lan harremanek, pentsio sistemak eta babes sozialak eraldaketa sakon baten beharra dute. Eta eraldaketa hori Euskal Herrian egin behar dugula uste dugu. Madrilen Gobernu berria osatu zenetik, PPren lan erreforma atzera botatzeko asmoa adierazi bai baina urratsik ez da eman. Euskal Herrian lan, pentsio eta babes sozial gaietan erabaki ahalmen osoa behar dugu, herritar guztiei lan, pentsio eta bizitza duina bermatuko dizkien egiturazko neurriak ezartzeko, hala nola, Euskal Lan Kodea eta Gizarte Segurantza”.

Honako hauek dira LABek proposatutako Euskal Lan Kode eta Gizarte Segurantzaren oinarri nagusiak:

    â€˘ Lan guztien aitortza, enplegu forma ez ezik baita bizitza sostengatzeko ezinbestekoa den zaintza lanarena ere. Zaintza erdigunerako ekartzeko proposamenak biltzen ditu Lan Kodeak eta oro har Programak: zaintza sistema publiko komunitarioa; enplegura eskainitako denboraren murrizketa; eta erabat berritzailea den eta propio sortutako funts baten bidez finantzatuko litzatekeen zaintzagatiko etete ordaindua. Zaintza lanetan dagoenak, Euskal Herriko soldataren bataz bestekoaren adinako ordainsaria jasoko du.  

    â€˘ Langile guztientzako lan araudi eta kotizazio erregimen berdina, klase subjektua berrosatu eta diskriminazioekin amaitzeko. 

    â€˘ Enplegu bermatua: herritar guztiok dugu enplegu duin bat izateko eskubidea eta administrazioak dauka hori bermatzeko ardura. Sei hilabetetan egin ezean, administrazioak Lanbidearteko Gutxieneko Soldata bermatu beharko dio enplegu eskatzaileari kalteordain gisa. Kontratuak mugagabeak izango dira eta kaleratze librea ezabatuko da. 

    â€˘ Lan guztien eta ondasunaren banaketarako egiturazko neurriak: 30 orduko lan-astea eta 1.400 euroko hileko gutxieneko soldata gordina 14 ordainsaritan banatuta (Euskal Herriko batazbestekoaren %60). Urtarrilaren 30eko Greba Orokorrean aldarrikatutako 35 orduko lanaldiaren eta 1200 euroko gutxieneko soldataren alde borrokatzen jarraitu behar badugu ere, bada garaia beste urrats bat aldarrikatzeko, zaintza lanei denbora gehiago eskaintzeko, digitalizazio eta trantsizio energetikoaren erronkari aurre egiteko.

    â€˘ Era berean, gehieneko soldata gutxienekoarekiko 1:3 proportziora mugatzea proposatzen du LABek, bai ondasunaren banaketaren ikuspegitik baita Euskal Herriaren aztarna ekologikoa murrizteko neurri gisa. 

    â€˘ Pentsioei dagokionez, sistema publiko eta unibertsalaren alde egiten du LABek, pentsio sistema osagarririk gabe. Erretiro adina 60 urtera aurreratu eta 58 urtetik aurrera erretiro mailakatua ezarri, lehen urtean %40koa eta bigarren urtean %20ko lanaldiarekin. Era berean, gutxieneko pentsioa lanbidearteko gutxieneko soldatarekin parekatzea proposatzen dugu, trantsizio gisa 1.080 euroko gutxieneko pentsioen alde borrokatzen jarraitu beharra badago ere. 

    â€˘ Egungo elkarrizketa sozial eredu agortuaren ordez, langileen hitza kontuan har dadin erakunde berri baten sorrera proposatzen du LABek: langileen bozkaz hautatutako Lanaren Kontseilua. Gobernuaren lana ikuskatu eta langileei eragiten dieten gaiei loturiko lege proposamenak egiteko ahalmena izango luke instituzio berri honek.

Prozesu parte hartzailea

Programa Sozioekonomikoa modu dinamiko, ireki eta parte hartzailean landuko du LABek datozen hilabeteetan. Batetik, afiliazio guztiari zabalduko zaio ekarpenak egiteko aukera eta ostiral honetan bertan, otsailak 19, gaiez gai sakontzeko mintegiak egingo dira. 

Bestetik, eragile sindikal, politikoekin eta sozialekin, pentsionisten elkarteekin, mugimendu feministarekin, jatorri anitzeko langileen eskubideen defentsan ari direnekin, gazteeekin, mugimendu ekologistarekin harremanetan jarriko gara, baita langile kolektibo prekarizatuak ordezkatzen dituzten eragileekin ere (etxeko langileak eta ridersak kasu) gure ekarpenaren berri eman eta besteon ekarpen eta iritziak entzuteko asmoz. 

Ekimen honen bidez, premiazkoa ez ezik posible ere baden mundu berri bat irudikatzeko ariketa kolektiboa sustatu nahi du LABek, Euskal Herrian trantsizio ekosozialista eta feminista gauzatzeko beharrezkoak diren aliantzetan sakontzearekin batera.  

Iruñeko San Juan de Dios ospitaleko txertaketa irregularra izaten ari da

Ospitaleko zuzendaritza-taldeak erabaki du langileei txertoa jartzea osasun agintariek ezarritako lehentasun-irizpideei kasurik egin gabe, eta, horrenbestez, Covid solairuetan badira oraindik ere txertatuak ez dauden hainbat langile.

LAB sindikatuak San Juan de Dios ospitalean Covid 19aren aurkako txertaketa prozesua irregularra eta arbitrarioa izaten ari dela salatu nahi du. Nafarroako Gobernuak txertoak eman zizkion zentroko zuzendaritzari plantillaren txertaketa egin zezan, baina zuzendaritzak ez du espero bezala jardun.

Ezarritako irizpide guztien aurka, lehentasuna eman zaie eszedentzian dauden langileei eta baja luzea dutenei, baita -kasu batean izan ezik- ospitalera joaten ez diren zenbait boluntariori ere. Bitartean, Cobid pazienteak dituzten instalazioetan lanean aritzen diren hainbat laguntza-langile txertatu gabe daude oraindik.

Enpresa Batzordeari ez zaio inolako txertaketa-protokolo idatzirik aurkeztu, eta, jakina, haren iritzia ez da kontuan hartu protokolo bat sortzeko irizpideak prestatzeko. Badirudi berriz ere inprobisazioa eta arbitrariotasuna izan direla zentroko Zuzendaritzak jarraitu dituen irizpide bakarrak.

Horregatik, eskatzen dugu plantilla berehala txertatzea osasun agintariek ezarritako lehentasun-irizpideei jarraituz.