2026-01-25
Blog Page 458

Euskal Herriko trantsizio ekosozialista eta feministarako Programa Sozioekonomikoa aurkeztu dugu

Lan, pentsio eta bizitza duina bermatzeko proposamen zehatzak biltzen dituen Euskal Lan Kode eta Gizarte Segurantzarako zirriborroa osatu dugu. Otsailaren 19an, lan harremanetarako euskal esparrua aldarrikatzeko manifestazio historikoaren urteurrenean, jardunaldiak egingo ditugu Donostian, beharrezkoa den herri eztabaidari ekarpena egiteko. Honen guztiaren berri eman dugu, Garbiñe Aranburu idazkari nagusi eta Igor Arroyo idazkari nagusi ondokoaren eskutik.

1994ko otsailaren 19an manifestazio historikoa egin zen Bilbon. Ekimen hark garai berri bat ireki zuen: lan harremanetarako eta babes sozialerako euskal esparruaren aldarrikapena bilakatu zen euskal sindikalismoaren ardatz nagusietakoa. 

Urte batzuk beranduago, 2005ean, Programa Sozioekonomikoa aurkeztu zuen LABek, hala euskal esparru sozioekonomikoaren nola lan harremanetarako eta babes sozialerako euskal esparruaren definizioan ekarpena egiteko asmoz. 

Ordutik hona, eredu aldaketaren premia are eta nabarmenagoa bilakatu da. Sistema kapitalistak bizitzaren eremu guztietara hedatu den pribatizazio eta prekarizazioaren alde egin du. Eta Euskal Herrian kontrabotere sindikalismo indartsua garatu da; euskal langileok hainbat greba eta mobilizazio burutu ditugu, patronalaren asmoei mugak jarri, politika publikoak baldintzatu eta akordio garrantzitsuak lortuz.

Covid-19aren harira  bizitzen ari garen sindemiak azkartu baino ez ditu egin aurretik kapitalismoak bizi zituen krisi askotarikoak. Larrialdi egoera batean gaudela esan dezakegu: sistema kapitalista heteropatriarkalak pertsonen eta planeta beraren biziraupena arriskuan jarri du. 

Testuinguru horretan, are garrantzitsuagoa da eredu sozioekonomikoa, lan harremanak eta babes soziala birpentsatzeko herri ariketa egitea. Bide horretan ekarpena egin asmoz, bere Programa Sozioekonomikoa berritu egin du LABek, honako lau oinarrien hauen arabera: demokratizazioa, feminismoa, ekosozialismoa eta nazio garapena.

Euskal esparru sozioekonomikoaren definizio orokorrarekin batera, sei eremu estrategikotan banatutako 120 neurri bildu ditu Programaren baitan: lurra eta lurraldea; zaintza; osasuna; ezagutza; industria; eta oinarrizko zerbitzuak.

Igor Arroyo LABeko idazkari nagusi ondokoak adierazi duenez, “eredu ekonomikoa aldatuko dela eztabaidaezina da. Bi auzi daude jokoan: aldaketa horren norabidea zein izango den eta aldaketa nork gidatuko duen. Europako funtsekin ikusi den bezala, eta energia fosilen nahiz materialen agortzeak akuilatuta, Kapital trasnazionalak bere interesen arabera gidatutako ekoizpen ereduaren erreforma soila egin nahi du. Aldiz, Euskal Herrian bada bi oinarritan ados datorren esparru sozial, sindikal eta politiko zabala: euskal jendarteak ekonomiaren gaineko kontrola berreskuratu behar du, bizitza erdigunean jarriko duen eredu berri baterako trantsizioa egiteko”.

Euskal Lan Kodea eta Gizarte Segurantza

Era berean, Euskal Lan Kodea eta Gizarte Segurantza zehazteko Euskal Herrian egin den lehen ariketa sakonaren emaitzak jasotzen dira LABen Programa Sozioekonomiko berrituan. Idazkari nagusi Garbiñe Aranbururen hitzetan, “Madril zein Parisko Gobernuetatik inposatuko lan eta pentsio erreforma desberdinek behin behineko kontratuen gehiegizko erabilera sustatu eta kaleratze libreari ateak ireki dizkiete, oso erraz suntsitzen den enplegua sortuz. Pentsio sistema publikoa ahuldu dute. Zaintza lanak ez dituzte aintzat hartu eta sexuen araberako lan banaketa betikotu dute; emakumeen lanak aitortza ekonomiko eta sozial baxuagoa du, sektore feminizatuen prekarietatea eta soldata arrakala eraginez”.  

Aranburuk esan duenez, “lan harremanek, pentsio sistemak eta babes sozialak eraldaketa sakon baten beharra dute. Eta eraldaketa hori Euskal Herrian egin behar dugula uste dugu. Madrilen Gobernu berria osatu zenetik, PPren lan erreforma atzera botatzeko asmoa adierazi bai baina urratsik ez da eman. Euskal Herrian lan, pentsio eta babes sozial gaietan erabaki ahalmen osoa behar dugu, herritar guztiei lan, pentsio eta bizitza duina bermatuko dizkien egiturazko neurriak ezartzeko, hala nola, Euskal Lan Kodea eta Gizarte Segurantza”.

Honako hauek dira LABek proposatutako Euskal Lan Kode eta Gizarte Segurantzaren oinarri nagusiak:

    • Lan guztien aitortza, enplegu forma ez ezik baita bizitza sostengatzeko ezinbestekoa den zaintza lanarena ere. Zaintza erdigunerako ekartzeko proposamenak biltzen ditu Lan Kodeak eta oro har Programak: zaintza sistema publiko komunitarioa; enplegura eskainitako denboraren murrizketa; eta erabat berritzailea den eta propio sortutako funts baten bidez finantzatuko litzatekeen zaintzagatiko etete ordaindua. Zaintza lanetan dagoenak, Euskal Herriko soldataren bataz bestekoaren adinako ordainsaria jasoko du.  

    • Langile guztientzako lan araudi eta kotizazio erregimen berdina, klase subjektua berrosatu eta diskriminazioekin amaitzeko. 

    • Enplegu bermatua: herritar guztiok dugu enplegu duin bat izateko eskubidea eta administrazioak dauka hori bermatzeko ardura. Sei hilabetetan egin ezean, administrazioak Lanbidearteko Gutxieneko Soldata bermatu beharko dio enplegu eskatzaileari kalteordain gisa. Kontratuak mugagabeak izango dira eta kaleratze librea ezabatuko da. 

    • Lan guztien eta ondasunaren banaketarako egiturazko neurriak: 30 orduko lan-astea eta 1.400 euroko hileko gutxieneko soldata gordina 14 ordainsaritan banatuta (Euskal Herriko batazbestekoaren %60). Urtarrilaren 30eko Greba Orokorrean aldarrikatutako 35 orduko lanaldiaren eta 1200 euroko gutxieneko soldataren alde borrokatzen jarraitu behar badugu ere, bada garaia beste urrats bat aldarrikatzeko, zaintza lanei denbora gehiago eskaintzeko, digitalizazio eta trantsizio energetikoaren erronkari aurre egiteko.

    • Era berean, gehieneko soldata gutxienekoarekiko 1:3 proportziora mugatzea proposatzen du LABek, bai ondasunaren banaketaren ikuspegitik baita Euskal Herriaren aztarna ekologikoa murrizteko neurri gisa. 

    • Pentsioei dagokionez, sistema publiko eta unibertsalaren alde egiten du LABek, pentsio sistema osagarririk gabe. Erretiro adina 60 urtera aurreratu eta 58 urtetik aurrera erretiro mailakatua ezarri, lehen urtean %40koa eta bigarren urtean %20ko lanaldiarekin. Era berean, gutxieneko pentsioa lanbidearteko gutxieneko soldatarekin parekatzea proposatzen dugu, trantsizio gisa 1.080 euroko gutxieneko pentsioen alde borrokatzen jarraitu beharra badago ere. 

    • Egungo elkarrizketa sozial eredu agortuaren ordez, langileen hitza kontuan har dadin erakunde berri baten sorrera proposatzen du LABek: langileen bozkaz hautatutako Lanaren Kontseilua. Gobernuaren lana ikuskatu eta langileei eragiten dieten gaiei loturiko lege proposamenak egiteko ahalmena izango luke instituzio berri honek.

Prozesu parte hartzailea

Programa Sozioekonomikoa modu dinamiko, ireki eta parte hartzailean landuko du LABek datozen hilabeteetan. Batetik, afiliazio guztiari zabalduko zaio ekarpenak egiteko aukera eta ostiral honetan bertan, otsailak 19, gaiez gai sakontzeko mintegiak egingo dira. 

Bestetik, eragile sindikal, politikoekin eta sozialekin, pentsionisten elkarteekin, mugimendu feministarekin, jatorri anitzeko langileen eskubideen defentsan ari direnekin, gazteeekin, mugimendu ekologistarekin harremanetan jarriko gara, baita langile kolektibo prekarizatuak ordezkatzen dituzten eragileekin ere (etxeko langileak eta ridersak kasu) gure ekarpenaren berri eman eta besteon ekarpen eta iritziak entzuteko asmoz. 

Ekimen honen bidez, premiazkoa ez ezik posible ere baden mundu berri bat irudikatzeko ariketa kolektiboa sustatu nahi du LABek, Euskal Herrian trantsizio ekosozialista eta feminista gauzatzeko beharrezkoak diren aliantzetan sakontzearekin batera.  

Iruñeko San Juan de Dios ospitaleko txertaketa irregularra izaten ari da

Ospitaleko zuzendaritza-taldeak erabaki du langileei txertoa jartzea osasun agintariek ezarritako lehentasun-irizpideei kasurik egin gabe, eta, horrenbestez, Covid solairuetan badira oraindik ere txertatuak ez dauden hainbat langile.

LAB sindikatuak San Juan de Dios ospitalean Covid 19aren aurkako txertaketa prozesua irregularra eta arbitrarioa izaten ari dela salatu nahi du. Nafarroako Gobernuak txertoak eman zizkion zentroko zuzendaritzari plantillaren txertaketa egin zezan, baina zuzendaritzak ez du espero bezala jardun.

Ezarritako irizpide guztien aurka, lehentasuna eman zaie eszedentzian dauden langileei eta baja luzea dutenei, baita -kasu batean izan ezik- ospitalera joaten ez diren zenbait boluntariori ere. Bitartean, Cobid pazienteak dituzten instalazioetan lanean aritzen diren hainbat laguntza-langile txertatu gabe daude oraindik.

Enpresa Batzordeari ez zaio inolako txertaketa-protokolo idatzirik aurkeztu, eta, jakina, haren iritzia ez da kontuan hartu protokolo bat sortzeko irizpideak prestatzeko. Badirudi berriz ere inprobisazioa eta arbitrariotasuna izan direla zentroko Zuzendaritzak jarraitu dituen irizpide bakarrak.

Horregatik, eskatzen dugu plantilla berehala txertatzea osasun agintariek ezarritako lehentasun-irizpideei jarraituz.

Milaka familiak bizitza duin bat garatzeko beharrezkoa den energiara sarbidea ez duela salatu nahi dugu

Pobrezia Energetikoaren Aurkako Eguna da otsailaren 17a. Bada, Eusko Jaurlaritzaren Pobrezia eta Gizarte Ezberdintasunei buruzko azken Inkestaren arabera, EAEn bizi diren 200.000 pertsona baino gehiagok ezin dute tenperatura egoki bat mantendu euren etxeetan neguko hilabeteetan. Zifra hori bikoiztu egin da 2008tik eta COVID19ak eragindako krisi ekonomikoaren ondorioz, handitzen ari da. Pobrezia energetikoa langile klaseak pairatzen dituen prekarietate eta pobrezia egoeren aurpegi bat gehiago da, bestelako pobrezia egoerekin lotura zuzena duena.

Estatuko gobernuak pasa den urtearen bukaeran onartutako dekretuan zerrendatzen diren neurriek (kasuistika eta pertsona andana kanpoan uzten dituena) eta Eusko Jaurlaritzaren eta Nafarroako Gobernuaren pasibitateak ez dute energiarako eskubidea bermatzen. Egun daukagun babes sozialeko sistema guztiz eznahikoa da langile klaseari bizitza duin bat bermatzeko, baita alor energetikoan ere. Baina errealitate honetatik haratago, arazo estrukturalei aurre egin behar zaie; sektore energetikoaren pribatizazioa eta oligopolioaren sorrera enpresa transnazionalaren zerbitzura egon da eta dago. Gutxi batzuen irabaziak pertsona guztiek energiarako dugun eskubidearen gainetik kokatu da. Orain dela aste batzuk jazotako argiaren prezioaren %27ko gorakada horren adibide garbia da.

Norabide aldaketa bat beharrezkoa da. Babes sozialerako sistemaren indartzea eta horniketa eteteen debeku erreala energia sektorearen publifikazioaren, prezioen kontrolaren eta energia burujabetza egikaritzeko tresnen sorreraren eskutik joan behar dira. Beste eredu energetiko bat eraiki behar dugu, iturri berriztatzaileetan, logika publikoan eta deszentralizatuan oinarrituta egongo dena; helburua, gizarteari bizi kalitate duin bat eskaintzea da.

Lan heriotzek ez dutela etenik salatu dugu

Euskal gehiengo sindikalak deituta, elkarretaratzea egin dugu Asparrenan, Asparrondo industria gunean, Euskal Herrian izandako azken lan heriotza salatzeko. Hain zuzen ere, urtea hasi denetik, gutxienez sei langile hil dira lan istripuz; azkena Araban, Donemiliagan, garraiolari bat bere kamioiarekin beste kamioi batekin talka egin eta gero.

Pentsio sistema propio baten alde irten gara kalera

Pentsiodunen mugimenduak Hego Euskal Herriko hiriburu eta zenbait herritan deitutako mobilizazioekin egin dugu bat. Langileon etorkizuneko pentsioak eta gure pentsio sistemaren oinarriak daude jokoan, bizi baldintza duinak bermatu edo prekarietatea, genero arrakala, ezberdintasun sozialak zein elkartasun ezan oinarrituko den sisteman sakondu. Hain zuzen ere, 2010 eta 2012ko lan erreformak eta 2011 eta 2013ko pentsio erreformen aspektu erregresiboak indargabetzea eskatu du, baita pentsio sistema propioa eta 1.080 euroko gutxieneko pentsioa aldarrikatu ere.

Sindikatuok Izan Bidea ekimena babestu dugu Gasteizen kartzela-politika berria eskatzeko

LAB, ELA, ESK, STEILAS, CNT, HIRU sindikatuek, gaur Gasteizko Foruen Plazan egin dugun elkarretaratzearen bidez, bat egin dugu Izan Bidea ekimenarekin, espetxe-politika berri bat eskatzeko.


Espetxe-politika berri bat, sakabanaketari amaiera emateko eta legea aplikatzen hasteko, orain arte izan duen salbuespenezko izaeratik urrun. Lehenbailehen aplikatu beharreko elementuak dira gaixo dauden presoak berehala espetxetik ateratzea, baita gaur egun kartzelan dauden adinekoak ere, eta baita gradu-aldaketa eta legeria arruntean aurreikusitako onurak eskuratzea.

Oinarrizko eskubideen urraketarekin amaitzeko behar diren mekanismoak jartzea atzeratzeam senideen sufrimendua handitu besterik ez du egiten, bizikidetza sozialean aurrera egitea zailduz. Zalantzarik gabe, presoen arazoa konpontzea oso ekarpen garrantzitsua izango da adiskidetzea lortzeko.

Herritarrak eta, bereziki, langileak animatzen ditugu Izan Bidea ekimenaren inguruan antolatzen diren ekimenetan parte hartzera, bai eta estatu espainiarreko espetxeetan salbuespen-politikak aplikatzeko bidean ekarpena egiten duten ekimenetan parte hartzera ere.

Greba Iruñeko udal haur-eskoletan erregimenaren euskarafobia salatzeko

Erregimenaren Euskarafobia salatzeko LABek eta CCOOk Iruñeko Udal Haur Eskolen Erakunde Autonomoan egindako greba-deialdiaren jarraipena guztiz ona izan da. Iruñeko Udaleko fobia, oraingo honetan, datorren ikasturterako egin duen eskaintzaren proposamenean islatu da. Izan ere, 16 haur eskoletatik euskarazko murgiltze-eredua bakar batera murriztu du, azken 40 urteetan egindako ibilbide pedagogiko arrakastatsua bertan behera utzirik.

LABek eta CCOOek Iruñeko Udalaren Haur Eskolen Erakunde Autonomoan gaurko deitu duten grebaren jarraipena %86koa euskarazko eskoletan, eta %62koa orokorrean. Tamalgarritzat jotzen dugu Afapna sindikatuak azken orduan greba bertan behera utzi izana, ez baitugu oso ondo ulertzen zerk bultzatu dituen erabaki hori hartzera. Salatu nahi dugu, halaber, erakundeko gerentziak agindutako zerbitzu minimoen ondorioz, langileen ia erdiari grebarako eskubidea ukatu zaiela. Gainera, Jose Ramon Rabade gerenteak gutxieneko zerbitzuen inguruan egin duen kudeaketa ezin txarragoa azpimarratu nahi dugu, astearen hasieran langileen batzordearekin adostutako ebazpena atzera bota eta erabateko abusua suposatzen duen beste bat ezarri baitzuen ondoren.

Hala eta guztiz ere, gure poza azpimarratu nahi dugu, grebaren jarraipena masiboa izan baita. ehunka lagunek babestu dituzte langileak Hezkuntza Departamentutik abiatu eta Nafarroako Diputazioan amaitu den manifestazioan, ibilbidean zehar Iruñeko Udalaren proposamena aurrera ateratzeko ardura dutenak seinalatuz; beraien erabakiak zuzen eta bortizki eragiten baitie herritarron euskara-eskubideari zein eskoletako kudeaketari. Familien babesa ere jaso dugu, neurri handi batean ez baitituzte seme-alabak eskolara eraman, bai eta herritarrena eta sindikatu batzuena ere, proposamen honen gehiegikeria eta inposaketa salatzeko.

Azkenik, gaur arratsaldean egingo diren mobilizazioetan parte hartzera animatzen zaituztegu:

– 16: 30ean elkarretaratzea egingo da Udaletxe Plazan, CCOOk eta LABek deituta.

– 17: 30ean, manifestazio bat, goizekoaren ibilbide berarekin, oraingoan Haur Eskolak Euskaraz plataformak deituta.

Egoeraren larritasunaren eta Nafar Gobernu “aurrerakoiak” erakutsitako utzikeriaren aurrean  -dirudienez, Iruñeko Udalaren proposamen atzerakoia onartzeko arazorik ez du izango-, muturreko egoera honetan, eta euskarari eta eskoletako pedagogia-printzipioei eraso egin ondoren, Erakundeko langileei greba-deia egitea beste aukerarik ez zaigu geratu.

Mila esker grebarekin bat egin duzuen guztioi. Euskaraz bizi, hezi eta lan egin nahi dugu! Euskarafobiari Stop!

Grebara deitu ditugu Gipuzkoako helduen egoitzetako langileak otsailaren 25a eta martxoaren 30erako

LAB sindikatutik, Gipuzkoako helduen egoitzetako langileei greba deialdia zabaltzen diegu otsailak 25a eta martxoak 30erako. Krisi honek modu zuzenean jo du helduen egoitzetako langile eta egoiliarren kontra, baina ulergaitza izan arren egoerak berdin jarraitzen du, 2012tik herrialdeko hitzarmenik gabe, langile ratio berdinarekin 2006. urtetik… zer gehiago gertatu behar da helduen egoitzetako sisteman aldaketak emateko? Noiz hasiko da Gipuzkoako Foru Aldundia beraien ardura onartzen eta behar diren pausuak ematen egoera aldatu dadin?

Ezin dugu ahaztu langileak lanera joateagatik gaixotzen ari direla, lan karga eta erritmoak handitu egin dira eta enpresetan ez dira lan arriskuen ebaluazioak egiten, nahiz eta legeak hori eskatu.

Ezin dugu onartu egoilarrek eta langileek bizi duten egoera gogor hau denbora gehiago luzatzea, denen ardura delako zaintzan oinarrituta dagoen zerbitzu sozial hau defendatzea, jendartearen ardura delako pertsona hauen ongizatea.

Helduen egoitzetako langileek urteak daramatzate beraien eskubideen defentsan borrokan eta bizi duten egoera bortitz honen aurrean tinko helduko diote borrokari, langileez gain jendartea aktibatzeko garaia da eta horregatik deia egiten diegu langileei egingo diren mobilizazioetan parte hartzeko.

Helduen egoitzetako sistema publikoa, doakoa, unibertsala eta pertsonak erdigunean jarriko dituena izateko garaia da eta hau lortzeko sektoreko alde guztiek parte hartzea ezinbestekoa da.

EAEko aurrekontuek herritarren lehentasunekin ez dutela bat egiten salatu dugu Gasteizko Legebiltzarrean

EAEko 2021eko aurrekontuak onartzeko saioaren eguna da Gasteizko Parlamentuan. Honen aurrean, Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartako eragileok mobilizazioa egin dugu kanpokaldean, “Ondasuna banatu, eskubideak bermatu, zerbitzu publikoak garatu” lemarekin. Hain zuzen ere, Legebiltzarraren eraikina inguratu eta ekitaldia egin dugu bertan, eta LABeko idazkari nagusi Garbiñe Aranburuk hartu du hitza. Langile borrokak puri-purian dauden honetan, herritarren gehiengoaren egoera gero eta kaxkarragoa denean, langileen eta jendartearen aldarrikapenek aurrekontuetan ez dutela islarik salatu du: “Aurrekontu hauek langileak eta herritarrak mespretxatzen dituzte”.

Halaxe kritikatu genuen urtarrilaren bukaeran egindako agerraldian, non, krisi sozial eta ekonomikoari erantzuteko, aurrekontuetan gidoi neoliberala alde baera uzteko eskatu genuen. Garbiñe Aranburuk Legebiltzarraren aurrean egindako adierazpenen arabera, “gaurko argazkiak islatzen du bi eredu ekonomiko eta sozial guztiz kontrajarriak daudela. Kalean gaude eredu ekonomiko eta sozial berri bat aldarrikatzen dugunak, bizitza erdigunean jartzea eskatzen dugunak; hor barruan daude, EAJ eta PSE-ren gehiengoz, patronalaren mesedetan onartuko dituzten aurrekontuak eztabaidatzen ari direnak. Aurrekontu horiek ez dira gidoi neoliberaletik milimetro bat bera ere aldentzen. Ez dago erabaki politikorik zerga erreforma bat egiteko eta sortzen den aberastasuna banatzeko; ez dago erabaki politikorik zerbitzu publikoak indartzeko eta zaintza lanak aitortzeko, ezta prestazio sozialetara diru gehiago bideratzeko. Aldiz, esku pribatuetara gero eta diru gehiago bideratuko dute, eta inolako baldintzarik gabe”.