2024-10-15
HomeEkintza PolitikoaKrisi sozial eta ekonomikoari erantzuteko, aurrekontuetan gidoi neoliberala albo batera uzteko deia...

Krisi sozial eta ekonomikoari erantzuteko, aurrekontuetan gidoi neoliberala albo batera uzteko deia egin dugu

LABeko idazkari nagusi Garbiñe Aranburuk eta Ekintza Sozialeko idazkari Endika Perezek agerraldia egin dute, EAEko aurrekontuen azterketa egiteko. Langile borrokak puri-purian dauden honetan, langileen aldarrikapenek aurrekontuetan ez dutela islarik salatu dute: “Ez dago bizitza erdigunean jarriko duen eredu berri batera trantsizio bat abiatzeko borondate politikorik”.

EAJ eta PSEk osatutako Gobernuak agindu neoliberalak hitzez hitz beteko dituen aurrekontuak onartuko dituela nabarmendu dugu. Kapitalak ezarri du krisi sistemiko honetatik irteteko gidoia:

-Zorpetzearen alde egin. Zorpetzea zerga politika ukitu gabe, kapital errentak edota irabazi enpresarialak gehiago zergapetzeari uko eginez. Oraingo zorpetzea, etorkizuneko murrizketak.

-Zerbitzu publikoen pribatizazioarekin eta zerbitzu publikoak negozio eremu bilakatzeko politikekin jarraitu.

-Soldatak murriztu eta lan harremanen prekarizazioan sakondu.

-Diru publiko gehiago bideratu esku pribatuetara.

Garbiñe Aranbururen hitzetan, “hauxe da, goitik behera, puntuz puntu, aurrekontu hauetan jasotzen den gidoia. Ez dago bizitza erdigunean jarriko duen eredu berri batera trantsizio bat abiatzeko borondate politikorik. Lan, pentsio eta bizitza duina ezinezko egiten duten egiturazko arazoei irtenbidea emateko, politika publikoek eskatzen duten norabide aldaketari uko egiten zaio. Hau erabaki politiko bat da, klase enpresarialaren aldeko erabakia”.

Langile aldarrikapenei entzungor egiten zaiela kritikatu du idazkari nagusiak, “inor atzean utziko ez dituen aurrekontuak direla esatea eslogan bat besterik ez da”.

Hain zuzen ere, bizitza sostengatzeko beharrezkoak diren langileek ez dute behar bezalako aitortzarik. Bizitza sostengatzeko ezinbesteko langileak dira osasun eremukoak, zaintza lanetan ari direnak, garbitzaileak, supermerkatuetako langileak…. Langile hauetako gehien gehienak emakumeak dira, eta langile hauek balkoietako txaloak baino zerbait gehiago merezi dute. Sektore hauetako asko mobilizatzen ari dira, kalean egon dira edo daude, beraien lan baldintzak duinduz zerbitzu hobeak eskaini ahal izateko. Atzo Gizarte Zerbitzuetako greba, bihar Osakidetzan, Gipuzkoako garbitzaileak ere soldata arrakalaren aurka…

Langile hauen egoera hobetzeko neurririk ez dago aurrekontuetan:

-Osakidetzako langileei dagokionez. Kontratazio berriak egiteko, ratioak murrizteko, lehen arreta indartzeko… langileen aldarrikapenak ez daude jasoak. Jaurlaritzak negoziazioa ukatu egiten du. Langileen intereseko gaiak negoziazio mahaiko gai ordenetik kanpo daude, baita aurrekontuetatik kanpo.

-Gizarte zerbitzuetako langileen lan baldintzak hobetu, pribatizatuak izan diren zerbitzuak publifikatu eta agortua dagoen zaintza eredu asistentziala aldatzen hasi eta zaintza sistema publiko bat eratzeko ez dago borondate politikorik, ezta diru partida gehigarririk ere. 

-Sektore prekario eta feminizatuetako lan baldintzak hobetzea edo soldata arrakalarekin amaitzea ez dago agenda politikoan. Langile hauetako asko 1.200 euroko gutxieneko soldataren azpitik ari dira lanean.

Pribatizazioak, merkantilizazioak eta murrizketek, bere horretan

Zerbitzu publikoak indartzeko apusturik ez dago. Covid programan salbuespenez dagoen gehikuntza honek ez ditu aurreko urteetako murrizketak leheneratzen eta urrun geratzen da osasungintzara BPGren %7a edo hezkuntzara %6a bideratzetik. Azken urteetan nagusi izan den pribatitzazio, merkantilizazio eta murrizketa politikari mugarik ez zaio jartzen.

Lan, pentsio eta bizitza duinari dagokienez, urtebete igaro da Greba Orokorra egin genuenetik. Kalera atera ginen, langileon lan eta bizi baldintzen arazoa egiturazkoa dela salatzera. Pandemiak areagotu duen egoera bat da, gainera. Hala, enplegu suntsiketa eta prekarizazioari muga jartzeko gutxieneko soldata edota gutxieneko pentsiorik ez dago. Pobrezia gorantz doaz neurri gabe. Beharrak handituz doaz, eta, prestazio sozialetara bideratzen den diruan, iazko kopuruak igoera hutsala izan du.

Bestalde, ostalaritza, tokiko merkataritza eta COVIDak bereziki kaltetutako sektore ekonomikoak laguntzeko ez da behar adinako esfortzurik egiten. Ematen diren laguntzak motz geratzen dira, eta diru laguntza horiek enpleguarekiko behar adinako konpromisorik ez dute eskatzen.

Garbiñe Aranbururen esanetan, “eta auzolana bai,  CONFEBASKekin eta hauek ordezkatzen dituzten elite enpresarialen interesekin. Patronalaren eta enpresa handien interesak ondo zaintzen dituzte”.

Zentzu honetan, diru gehiago bildu eta sorturiko aberastasuna hobeto birbanatzeko zerga erreformari ateak itxi zaio. Aldi berean, gero eta diru gehiago jartzen da esku pribatuetan. Kapitalari eginiko transferentzia: partida %8 (774 milioi euro) handitzen da, diru publikoa esku pribatuetan jartzeko, kontrol publikotik kanpo eta inolako baldintzarik gabe, enpleguarekin konpromisorik hartu gabe.

Era berean, diru gehiegi azpiegitura handietara; AHTaren adibidea.

Idazkari nagusiaren arabera, “alderdi sistemikoak eta patronalak osatzen duten binomioa eskuz esku ageri zaigu, eta, gaur gaurkoz, instituzioetan ez dago indar korrelazio nahikorik politika publikoak aldatzeko”. Horren aurrean, lantoki zein kaleak aktibatzen, mobilizatzen, jarraitu beharko dugu. “Erronka handien garaia da eta esfortzu berezi bat egin beharko genuke eraldaketaren aldeko eragileon artean aliantzak eraikitzeko; eredu zaharretik berrira egin beharreko trantsizio horrek eskatzen dituen akordio sozialak eraikitzeko”, aldarrikatu du Garbiñe Aranburuk.

 

AZKEN ALBISTEAK | ĂšLTIMAS NOTICIAS

EPE bateko azterketa bere erditzea programatuta zegoen egunean egin behar zuen langileak beste data batean egin ahal izatea #LortuDugu

LAB sindikatuak Arartekoari aurkeztutako kexaren ondoren, Basauriko Etxe Maitia egoitzak aukera emango dio kaltetutako emakumeari, erditzeko programatutako egunean enplegua egonkortzeko hautaketa-prozesuan azterketarekin bat zetorren proba beste data batzuetan egiteko.

Osasun sistema publikoa indartzeko eta EAEko Osasun Mahaian eztabaida faltsuan ez ixteko lan egingo dugu

Gaur elkarretaratzea egin dugu Bilbon, Areilza kaleko osasun etxean. Bertan egon da Garbiñe Aranburu LABeko koordinatzaile orokorra eta honakoa adierazi du: “Osakidetzaren egoera salatzeko eta osasun sistema publikoa indartzea eskatzeko mobilizatu gara gaur. Honek egoera horretara ekarri gaituzten politiketan aldaketa sakonak egitea eskatzen du”.

Bilboko Udalak berriro utzi du Etxez Etxez Laguntza Zerbitzua multinazionalen esku

Lau urterako lizitatu du zerbitzua hobekuntzetik inbertsiorik egin gabe eta langileen aldarrikapenak kontuan hartu gabe.