2024-07-27
HomeEkintza PolitikoaEskubide Sozialen Kartako eragileok Jaurlaritzaren aurrekontu proiektua arbuiatu eta mobilizatzeko deia egin...

Eskubide Sozialen Kartako eragileok Jaurlaritzaren aurrekontu proiektua arbuiatu eta mobilizatzeko deia egin dugu

Joan den abenduaren 13an, Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak manifestazioak egin zituen EAEko hiriburuetan, aldarri batekin: aurrekontu sozial, burujabe, parte-hartzaile, feminista eta ekologistak gauzatzea. Kartako partaide garen erakunde sozial eta sindikalok salatu genuen Jaurlaritza osatzen duten alderdiek (EAJ eta PSE) proiektua herritarrei bizkar emanda ari zirela egiten, inolako parte hartze prozesurik gabe. Orain Kartak adierazi nahi du ez duela onartzen aurkeztu den proiektua, zeina Eusko Legebiltzarrean aztertzen ari den, ez baita aintzat hartu guk egindako 7 aldarrikapen konkretuetako bat ere. 

Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak salatu du 2021eko aurrekontu proiektua 2020aren jarraipen hutsa dela, eta gastu erreala iazkoarekiko %3 besterik ez dela gehituko. Ondorioa argia da: aurrekontuak berez ez baziren nahikoak pandemia aurreko beharrizan sozialei aurre egiteko, 2021erako proiektua are urrunago geratu da, pairatzen ari garen krisi sanitario, ekonomiko eta soziala medio. 

Kartak esan beharra dauka aurrekontuak ez datozela bat herritarren lehentasunekin, ez baitituzte zerbitzu publikoak garatzen edo eskubide sozial berriak aitortzen, ez eta urratsik egiten ere zaintza sistema publiko, unibertsal eta doako baterantz. Ondorioz, aurrekontu proiektu honek ez du aintzat hartzen bizi dugun unearen larritasun eta garrantzia. Horren froga argia da osasun publikoko aurrekontua ez dela BPGren %7ra iristen (%5,32-koa da), eta hezkuntzakoa ez dela BPGren %6ra iristen (%3,95ean geratzen da). Era berean, enplegu duina bermatzeko proposamenik ez dago. Kartaren lehentasunezko aldarrikapenetan jasotzen genituen proposamenen norabidean ez dago ekimenik 35 orduko lanaldia sustatzeko, lana banatu dadin, edota aberastasunaren banaketa justuagoa bermatuko lukeen gutxieneko 1.200 euroko soldataren erreferentziarik ere ez. 

Euskal Herriko pentsiodunen mugimenduak 3 urte daramatza astelehenero herri eta auzoetan mobilizatzen, pentsio sistema propioa eta 1.080 euroko gutxieneko pentsioa aldarrikatuz. Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak bere egiten dituen aldarrikapenak dira, eta osasun-krisiarekin azeleratu den egiturazko krisiari aurre egiteko lehentasunetako bat, zalantzarik gabe. 2021erako aurrekontuek, herritar guztiei 1.080 euroko gutxieneko pentsioa bermatzeko proposamen edota partida zehatzak jaso beharko lituzkete. Eusko Jaurlaritzak, ordea, baztertu egin du aldarrikapena. 

Halaber, gogoratu nahi dugu Kartak zerga-erreforma bat egiteko proposamena plazaratu zuela, diru-bilketan jauzi handi bat egiteko; horretarako aldaketak egin behar dira Sozietateen Zergan, PFEZean eta Ondarearen gaineko Zergan, gehiago ordain dezaten errenta altuak dituztenek, aberatsek eta enpresen etekinek. Haatik, Eusko Jaurlaritzak ez dio ekin nahi eztabaida honi eta diru-bilketaren jaitsiera hein batean zorra handituz osatu nahi du. Kartak deritzo, zerga-erreforma hori egin ezean, gaurko zorraren ondorio izango direla etorkizuneko murrizketak. 

Eredu berri baten aldeko gehiengo sozial eta sindikala interlokutore gisa alboratzen duen bitartean, egiturazko krisi honetara eraman gaituen eredua defendatzen duen Patronalaren interesak aurrekontuetan ipar direla ere salatu behar dugu. 

Halaber, Kartaren arabera, oposizioaren alderdiek ere ez dituzte gure proposamenak defendatu Gobernuaren eta legebiltzarreko talde ezberdinen arteko aurrekontuaren inguruko elkarrizketetan. 

Euskal herriko Eskubide Sozialen Kartaren aburuz, inoiz baino premia handiagoa dugu kalera irten eta mobilizatzeko, aurrekontuen kontrako jarrera ikusarazi eta aurrekontu zein zerga-politika goitik behera aldarazteko. Aberastasuna banatu behar da, eskubideak bermatu eta zerbitzu publikoak garatu. Horregatik dei egiten dugu otsailaren 11n Eusko Legebiltzar aurrean, goizeko 10etan, hasiko den mobilizazioan parte hartzera.

AZKEN ALBISTEAK | ĂšLTIMAS NOTICIAS

LAB sindikatuak Guggenheim Urdaibai proiektua bertan behera uzteko eskatzen die Eusko Jaurlaritzari eta Bizkaiko Foru Aldundiari, beste behin eta behingoz

Politika publikoen bultzadak balio behar du eskualderako etorkizun ekosozial justua bermatzeko, eta bertan bizi eta lan egiten duten langileentzat lan baldintza, bizi baldintza eta zerbitzu publiko duinak bermatzeko.

Eusko Jaurlaritzak onartutako langile publikoentzako soldataren igoerak erosahalmenaren galera eta Madrilekiko menpekotasuna dakar, beste behin ere

LABek Eusko Jaurlaritzaren Gobernu Kontseiluak langile publikoentzat (*) onartu berri duen %2ko soldata igoera salatzen du. Ikasturte honetan hiru greba eta hainbat mobilizazio egin ditugu soldata eta enplegua hemen erabakitzeko, bertan negoziatu eta adosteko. Hauek dira Jaurlaritzak agindutako azken neurriaren aurka azaltzen ditugun argudioak:

Prekaritateak dakarren lan segurtasun ezak hil egiten du

Gipuzkoako Kale Garbiketa sektoreko alderdi sindikal guztiak, ELA sindikatua izan ezik, pasa den uztailarean 10ean, Iruñean, gaueko txandan bere lana egiten zuen bitartean, lan istripuan hildako FCC-ko (Iruñerriko Mankomunitateko azpikontrata) langilearen familia, lagun eta lankideei elkartasuna eta babesa helarazteko, gaur uztailak 24, elkarretaratzea egin dugu Gipuzkoako FCC-ko egoitza nagusiaren parean, Hernaniko Zubiondo poligonoan.