2026-01-25
Blog Page 454

Enplegu publikoa egonkortzeko Kidego eta Eskalen Lege proiektua Jaurlaritzaren beste txapuza bat da

Gaur LABeko zerbitzu publikoetako ordezkariak Gasteizko parlamentuko batzordean egon dira Jaurlaritzak aurkeztutako Kidego eta Eskalen Lege proiektua baloratzeko. EAEko eremu publikoan dagoen behin-behinekotasun maila jasangaitzari irtenbidea emateko Eusko Jaurlaritza aurrera eramaten ari den politika onartezina da. Lanpostu Deialdi Publikoek ez dute erretiratzen den langile kopurua asetzeko ez nahikoak direnean, behin-behinekotasunean dauden langileen egoera konpontzeko beste txapuza bat baino ez du aurkeztu, bere Kidego eta Eskalen Lege proiektu honen bi xedapen gehigarriekin.

LABek aspalditik aldarrikatu du egonkortasunaren bidean kontsolidazio prozesuak egiteko lege propio bat dela. Esan bezala, Jaurlaritzak lege baten bidez baino, Kidego eta Eskalen lege baten bi xedapen gehigarri horien bidez gainetik kendu nahi izateak ez du arazoa konponduko hainbat arrazoirengatik:

    • Ez nahikoak dira, gehiegikeria pairatzen duten langile asko kanpoan utziko dituelako.

    • Gehiegikeria edo abusua jasaten egon diren langileentzako deialdiak ez ditu txanda itxirako gordetzen.

    • Espainako Estatuko Aurrekontu Legearen menpe jarraitzen dugu, izan ere soilik 2016 urtera arteko lanpostuak soilik kontsolidatu ahal izango ziren.

    • Lanpostu Zerrendetan agertzen ez diren lanpostu ugari dago, eta ez dira jasotzen.

Behin-behinekotasunarekin egiten diren gehiegikeriak salbuespen egoera larritu egin du, eta aipatu txanda itxirako eskubidea zehazte aldera, LABek ezaugarri hauek nabarmantzen ditu:

    • Hiru urtez lanpostu estruktural batean daudenak.

    • Ordezkapen edota programa kontratuetan daudenak, baldin eta kontratu horien legezko iraunaldia amaitu bada.

    • Lanpostu berdinerako behin-behineko kontratuen metaketa izan dutenak.

LABen proposamena salbuespeneko Kontsolidazio Lege Propio bat da, salbuespen egoeran gaudela  jabetuta, eta honek jaso beharko luke:

    • Abusuan dauden lanpostu guztien kontsolidazioa bideratuko duena.

    • Abusuan dauden langile guztiak kontutan hartuko dituena.

    • Prozesu hauek egiteko modu ezberdinak arautuko dituena:

        â—¦ Merezimenduen lehiaketa, proba praktikoen nolakotasuna.

        â—¦ Oposizio fasearen balioa malgutzea.

        â—¦ Adin batetik aurrera salbuespenak aurreikustea.

        â—¦ Lan poltsen araudiak egonkortasunaren beharretara moldatu ahal izatea.

Eusko Jaurlaritzak ez du arazoa errotik konpontzeko borondaterik. Urte mordoa darama arazoa konpondu baino, okertzen, eta epaitegiak eta borroka sindikalak izan dira azkenean bere gehiegikeriak geldiarazi dituztenak. Hau da, txapuza eta zerbait egiten ari denaren itxura,  eta propaganda hutsarekin eroso dago Jaurlaritza. Madrildik etorritako azken injerentzia judizialak indar gehiago ematen dio etengabe errepikatzen dugun aldarria, hots, legebiltzarrak ahalmen legegile guztiak erabili behar dituela benetako lege propioa, berme juridikoekin, aurrera ateratzeko. LABek berriro deitzen ditu langile publiko guztiak enplegu publikoaren eta lan baldintzen alde borrokatzen jarraitzeko, eta elkarlan sindikala bultzatzeko konpromisoari heltzen jarraitzen du.

Martxoaren 4rako greba deitu dugu EAEko zerbitzu sozialetan zaintza lanak aitortzea eskatuz

Pandemiak argi utzi du gizarte zerbitzuak zein garrantzitsuk diren bizitza mantentzeko. Orain arte, ordea, negozioa egiteko aukeratzat hartu izan dira botere ekonomikoen aldetik. Nabarmena izan da azken urteetan bai erabiltzaile zein langileen bizi kalitatea okerrera joan dela, pribatizazioak sortzen duen diru-gosea dela eta. Testuinguru honetan, Gorka Berasategi Zerbitzu Publikoen Federazioko idazkariak adierazpenak egin ditu Bilbon martxoaren 4ko greban parte hartzeko deialdia luzatuz.

Gizarte zerbitzuen sistemak eredu aldaketa oso bat behar du. Urteak daramatzagu langile, erabiltzaile eta erabiltzaileen senitartekoak administrazio ezberdinak interpelatzen. Zaintzen ez duen eredua alde batera utzi behar da, negozioa eta pribatizazioa alboratuz. Gizarte zerbitzuak publifikatu eta zerbitzu hauen kalitatea bermatuko dituzten arauak onartu behar dira instituzioetan. Langile eta erabiltzaileen iritzia kontutan hartzea beharrezkoa da.

Gizarte zerbitzuak geroz eta gutxiago dira publiko eta geroz eta gehiago pribatu. Lan hauetan aitortza faltak prekarietatea areagotzea eragiten du. Lan zama jasanezinak, behin-behinekotasuna, soldata baxuak…patronalek negoziazio kolektiboa blokeatuta daukate. Ezinbestekoa da beraz langile hauen aldarrikapenak azalaraztea; horregatik dei egin nahi  dugu hurrengo martxoak 4ean deituta dagoen gizarte zerbitzuen greban parte hartzera, beste batzuen artean aldarrikapen hauen alde egiteko:

  • Gizarte zerbitzu guztiak publifikatu, langile guztiak subrogatuz.
  • Gizarte zerbitzuen eredua aldatu behar da; besteak beste, sarbidea erraztu eta orokortuz, arreta sistemak arautu eta pertsonen autonomia sustatu.
  • Erabiltzaile eta langileen parte hartzea sustatu.
  • Langileen lan baldintzak hobetzeko erabakiak hartu behar dira, lan hitzarmenak desblokeatuz eta ratioen dekretuak behar bezala eguneratuz. 
  • Gizarte-zerbitzuen multzoa arautu behar da, Eusko Legebiltzarraren eskakizuna betez, dagozkion dekretuak eginez eta onartuz, erabiltzaileen eta langileen parte-hartzearekin.
  • Behar besteko aurrekontu-hornidura bermatu behar da, gizarte-zerbitzuen eta zainketa-zerbitzuen euskal sistema publikoa aurrera eramateko, kudeaketa zuzenekoa, komunitarioa, unibertsala, doakoa eta kalitatezkoa.

Tubos Reunidos-eko lanpostuak eta lan-baldintza eta bizitza duinak defendatuko ditugu

Egungo egoeran, pandemiaren ondorio ekonomikoen aurrean instituzioek enpleguari eusteko beharrari buruz hitz egiten duten bitartean, hartzen ari diren erabakiak eraginkortasunik gabeak, epe laburrekoak eta nagusiki enpresak finantzatzera bideratutakoak dira.

Eremu industrialean, desindustrializazio prozesua ematen ari da pandemia baliatuz. Enpresa handiak egoeraz baliatzen ari dira plantillak murriztu eta finantzazio publikoa exijitzeko euren dibidenduak handitzeko helburuarekin. Gainera, bigarren helburu bat ere badute: kalitatezko enplegua suntsizea, etorkizunean eskulan merkeago eta malguagoak ordezkatu ahal izango duena.

Politika hau hitzez hitz ezartzen ari dira Euskal Herriko enpresa handi ugari, hala nola Gestamp, ITP, Alestis, Aernnova, Tubacex… Desindustrializazio prozesua bere bidea egiten ari da.

Amurrio eta Trapagarango langileok oso ondo dakigu zertaz ari garen hitz egiten. 2018an taldearen Zuzendaritzak Trapagarango 157 langileren kaleratzea planteatu zuen, soldata murrizketa, lanaldia handitzea eta lantegiaren altzairutegia ixtearekin batera. Langileen borroka eta determinazioak soilik lortu zuten zuzendaritzaren asmoak gelditzea. Hala ere, lanpostuen suntsitzearen odolustea eta lan-baldintzak okertzea ez dira geratu.

  • Amurrioko lantegian 200 lanpostu suntsitu dira 2009tik. 8 ABEEE ezarri dira, eta horietatik 4 bata bestearen ondoren etorri dira. Horrela, 2018ko urritik 2021eko ekainera, 2 urte eta 10 hilabete eramango ditugu langileok jarraian ABEEEan. Honetaz gain, 2016ko abendutik daramagu soldata izoztuta eta gure lan-baldintzak berritu gabe…
  • Trapagarango lantegian azpikontratetako langileen lanpostuak ezabatu dira. 424 langile izatetik 409 izatera pasatu gara, praktiketako kontratuak eta ordezkapenak barne. 2017tik daramagu soldata izoztuta eta lan-baldintzak berritu gabe. 2009tik 6 ABEEE eta EEE bat ezarri dizkigute.

Amurrio eta Trapagarango langileok urteak daramatzagu esaten eta salatzen zuzendaritzak aurkezten dituen emaitza txarrak zuzendaritzak berak sortutako egoeraren ondorio direla eta langileok inoiz ez dugula inolako erantzukizunik izan goi-zuzendaritzako kargu hauek sustatuko akatsen inguruan.

Zuzendaritzaren eraginkortasun falta eta inkonpetentziaren erakusgarri da taldeak duen zorraren jatorria, nagusiki, ez dagoela inbertsio politika ezta galera operatiboak izatearekin harremanatuta. 2008an akziodunek, finantza trikimailu bati esker, 170 miloi euro eraman zituzten eta zorra, orduko 35 milioi eurotatik 200 milioi eurotara pasatu zen. 170 milioi euro horiek akziodunen poltsikoetan amaitu zuten, Gainera, 2012an eta beste kreditu baten bidez, dibidenduak kobratzea ziurtatu zuten (irabaziak zein galerak izan) 2019ra arte.

Euren soldatak ere etengabe gizendu dituzte, langileen soldatak gero eta apalagoak ziren bitartean, eta milioika euro gastatu dute azken 4 urteotan TR taldeko presidente exekutiboa hiru aldiz aldatzeko.

Langileok urteak daramatzagu zuzendaritza eta akziodunen diruzalekerian oinarritutako kudeaketa negargarri honen ondorioak jasaten.

Duela aste batzuk zuzendaritzak iragarri zuen SEPIren finantzazio publiko garrantzitsua lortu nahi zuela. Ematen du 115 milioi euro lortu nahi dituela. Iragarpen honen aurrean LAB eta ESK sindikatuok adierazi nahi dugu finantzazio publikoa beharrezkoa izan daitekeela, baina beti ere kontraprestazio bat dagoen artean: TRko lantegien proiektu industriala eta lanpostuak lan-baldintza duinekin berma daitezela, eta Arantxa Tapiak esandakoa bete dezatela: “Krisian dauden enpresentzako diru publikoa bai, baina akziodunen ahalegina ere bai”.

Bestalde, salatu nahi dugu etorkizuneko kaleratzeei bidea erraztuko dien estrategia enpresarial baten aurrean egon gaitezkeela. Enpresak urrian iragarri zuen bideragarritasun plan bat zuela, berregituraketak aipatzen zituena, eta Enpresa-Batzordeok ez dugu berau ezagutzen. Euren hitzen arabera, plan hau lor dezaketen finantzazioaren araberakoa izango da. Esperientziak diosku zuzendaritzak termino horietan hitz egiten duenean, ondorioa enplegu-suntsiketa dela aitzakia moduan enpleguaren egoera, eskatutako diru-laguntza publikoen falta edo hauek ukatu izana, etab. baliatuz, errealitatea oso ezberdina denean, galerak sozializatu eta irabaziak pribatizatuz urteak daramatzan zuzendaritza, hain zuzen ere.

Enplegu suntsiketa ez da soilik Tubos eta Productos Tubulares-eko langileentzat mehatxua. Ezkerralde eta Aiaraldeko eskualdeek denbora daramate desindustrializazio eta lan-baldintzen okertze politika hauen ondorioak jasaten (Valvospain, Gestamp, ITP, Tubacex…).

Horregatik, Tubos Reunidosi eta instituzioei, batez ere Eusko Jaurlaritzari, exijitu egiten diegu langileen etorkizuna eta kalitatezko enplegua bermatzea. Helburu horrekin, bilerak eskatuko dizkiegu Eusko Jaurlaritzako Industria eta Lan eta Enplegu Sailei, Araba eta Bizkaiko Aldundiei eta lantegiak dauden eskualdeetako udalei. Trapagaran eta Amurrioko langileok borrokan egingo dugugure enpleguaren alde, lan-baldintza duinen alde eta azken finean, bizitza duinaren alde.

Lan istripuak lan harremanen, prekarizazioaren, lan arautegiaren eta azpikontratazioaren emaitza dira

Ulzama Manipulados enpresako 53 urteko langile bat hil da Nafarroako Sorauren herrian, makina batek harrapatuta. Azken honekin, aurten gutxienez 8 langile langile hil dira lanean Euskal Herrian eta Joakin Beltranek desagertuta jarraitzen du Zaldibarreko zabortegiaren iazko otsailaren 6tik.

Lehenik eta behin, LAB sindikatutik gure elkartasuna eta babesa adierazi nahi diegu hildako langilearen familia eta gertukoei.

Gaur gertatutakoa ez da berria. Urtero, hamarnaka langile hiltzen dira makinek harrapatuta. Segurtasun neurriak hartuz ekidin zitezkeen istripuak dira, baina zoritxarrez, errealitateak erakusten digu ez dituztela segurtasun neurriak hartzen honelako istripuak berriro gerta ez daitezen. Baina ematen du administrazio publikoen arduradunek ez dakitela hau. Non daude administrazioko arduradunak eta Nafar Gobernua heriotza berri hau salatzeko? Zein aldaketa egin eta zein pauso emateko prest daude egoera honi buelta emateko? Nafar Gobernua prest al dago agenda politikoan lan istripuen arazo larria eta estrukturala behingoz kokatzeko? Edo beste aldera begiratzen jarraituko du?

Argi daukagu lan istripuak ez direla zoriak edo kasualitateak sortuak. Ematen diren lan harremanen, prekarizazioaren, lan arautegiaren eta azpikontratazioaren emaitza dira. Administrazio publikoei exigitzen diegu arduradunak seinalatzea eta ordaindu dezatela.

Langileok bizi ahal izateko egiten dugu lan eta ez ahalegin horretan bizia galtzeko. Langile bat hiltzea ez da lanaren ezaugarri bat. Lan istripuak patronalak lan egiteko orduan ezartzen dizkigun baldintza kaxkarrak eta lan egiteko moduen emaitza dira.

LAB sindikatutik argi dugu, bizi eta lan duinak behar ditugu, lanetik onik eta bizirik bueltatzeko eskubidea dugu. Badakigu norbanakoena, familiena eta gizarte osoarena den gaitz honekin bukatzeko bide bakarra borroka eta antolakuntza direla, lan harremanen eta joko arauen aldaketatik etorriko dela aldaketa. Eredu berri bat gauzatu behar dugu, langileon bizitza eta osasuna lehenetsiko dituena.

LAB sindikatutik lanean eta borrokan jarraituko dugu langileon eskubide, segurtasun eta osasunaren alde. Dei egiten diegu langile klaseari eta herritarrei orohar antolatuko diren salatze mobilizazioetan parte hartzera.

Greba egin dugu Gipuzkoako helduen egoitzetan, lan baldintza eta zerbitzu duinen defentsan

Greba eguna izan dute Gipuzkoako helduen egoitzetako langileek euren lan-baldintzak duindu eta zerbitzua hobetzea eskatuz. Manifestazio bateratua egin dute Donostian langile eta egoiliarren senideen elkarteek, Gipuzkoako Foru Aldundiaren egoitzatik hasita. Martxoaren 30erako ere greba dute deituta.

Krisi honek modu zuzenean jo du helduen egoitzetako langile eta egoiliarren kontra, baina ulergaitza izan arren egoerak berdin jarraitzen du, 2012tik herrialdeko hitzarmenik gabe, langile ratio berdinarekin 2006. urtetik… Izan ere, LAB sindikatua ez dator bat azken egun hauetan Maite Peñak egindako adierazpenekin, ratioak %10 igo direla esan du. Laguntzaile edo gerokultore kategorietan minutu batzuk irabazi dituzte COVID 19 egoera dela eta, ohe kopuru bat hutsik laga behar dutelako beste agerraldiren bat etorriko balitz, eta monitore eta psikologo kategorietan ratioak ez dituzte mugitu. Zer gehiago gertatu behar da helduen egoitzetako sisteman aldaketak emateko? Noiz hasiko da Gipuzkoako Foru Aldundia beraien ardura onartzen eta behar diren pausuak ematen egoera aldatu dadin?

Ezin dugu ahaztu langileak lanera joateagatik gaixotzen ari direla, lan karga eta erritmoak handitu egin dira eta enpresetan ez dira lan arriskuen ebaluazioak egiten, nahiz eta legeak hori eskatu.

Ezin dugu onartu egoilarrek eta langileek bizi duten egoera gogor hau denbora gehiago luzatzea, denen ardura delako zaintzan oinarrituta dagoen zerbitzu sozial hau defendatzea, jendartearen ardura delako pertsona hauen ongizatea.

Helduen egoitzetako langileek urteak daramatzate beraien eskubideen defentsan borrokan nahiz eta, orain ere, euren greba eskubidea %100 zerbitzu minimoekin urratuta izan den, eta bizi duten egoera bortitz honen aurrean tinko helduko diote borrokari. Langileez gain jendartea aktibatzeko garaia da. 

Helduen egoitzetako sistema publikoa, doakoa, unibertsala eta pertsonak erdigunean jarriko dituena izateko garaia da, eta, hau lortzeko, sektoreko alde guztien parte hartzea ezinbestekoa da.

Lanaren sexu-banaketarekin eta berak dakarrenarekin amaitzen ez dugun bitartean, oso zaila izango da soldata-arrakalarekin bukatzea

Soldata-arrakala sexuaren araberako lan banaketaren ondorioa da. Banaketa horrek modu bereizian banatzen ditu lanak eta enpleguak gizon eta emakumeen* artean, eta balio ekonomiko, politiko eta sozial txikiagoa ematen die emakumeok egiten ditugunei*. Hori dela eta, lan-merkatuan segregazioa dago, eta ondorioz, sektore maskulinizatuak eta sektore feminizatuak sortzen dira. Sektore feminizatu horien datuak ikertu eta aztertu nahi izan ditugu, emakumeen egoeraren argazki zehatzagoa eta osoagoa eman ahal izateko sektore feminizatuetan. Emakumeak*, oro har, okerrago daudela esaten dugunean zeri buruz ari garen azaldu nahi izan dugu. Hala, gaiari buruz osatutako txostena aurkeztu dute Idazkaritza feministako idazkari Eli Etxeberriak eta Ipar-Hegoa Fundazioko analisien arduradun Oihana Lopetegik.

“Okerragoa” hitza errealitate asko ezkutatzen dituen hitza da; ikerketa honen helburua da errealitate horiek zeintzuk diren argitzen hastea. Lanak eta enpleguak balorazio desberdin jasotzen du burutzen duena emakumea edo gizona izan. Hori gertatzearen normalizaziorekin eta naturalizazioarekin amaitzeko lehenengo urratsa da gaurkoa.

Lan-munduan feminizatutako sektoreei buruz hitz egiteak prekarietateaz,  emakumeenganako* egiturazko diskriminazioaz, zein emakume langileok egiten ditugun zereginen gutxiespenean eta aitortza falta ezaz pentsatzera garamatza.

Lehen hurbilketa hori egiteko honako galderei erantzun nahi genien: zeintzuk diren sektore feminizatu horiek; zer lan mota egiten den horietan; zein baldintzatan ematen diren; zenbat kobratzen duten; zer hitzarmenek babesten dituzten; zergatik dauden pribatizatuta edo azpikontratatuta…

Gaur ere, emakumeok diskriminatuta eta esplotatuta jarraitzen dugu lan-merkatuan zein merkatutik kanpo, hor ez da aldaketarik egon. LABek indar guztiak jarriko ditu egoera hori iraultzeko, gu guztiongatik, inor kanpoan utzi gabe.

Espero dezagun txosten honek, aurkeztutako proposamenekin eta borroka sindikalarekin batera, lortu nahi dugun Euskal Herri aske eta feministarako benetako aldaketan laguntzea. LABek horren alde egiten du.

Ikerketaren ondorio nagusiak:

– Emakumeoi, lan eremura bigarren mailako langile gisa sartzeak, ez digu soldatetan soilik eragiten, baita lan baldintzei dagokienean ere. Egun, behin-behinekotasuna eta partzialitatea enplegu ezegonkor eta prekarioaren sinonimo bihurtu dira. Bada, emakumeon* behin-behinekotasun tasa gizonezkoena baino zortzi puntu altuago da (%27,2 emakumeena eta %19,30 gizonezkoena), eta partzialitate tasa hogei puntu altuagoa (%26 emakumeena eta %5,8 gizonena).

– Azterlan honen ondorio berritzaileena sektore feminizatuetan langile edota kategoria gehienak duin bizitzeko gutxieneko soldataren azpitik kokatzen direla da. 2021ean gutxieneko soldata hilean 1400 euro gordinekoa beharko lukeela proposatu du LABek, Euskal Autonomia Erkidegoko eta Nafarroa Garaiko lan hitzarmenetako soldata taulak aztertu ditugu, soldata horren azpitik dauden kategoriak kontabilizatuz. 183 hitzarmen aztertuz, 23 hitzarmen bakarrik daude kategoria guztiek hilean 1400 euro gordineko soldata gainditzen dutenak, eta 2300 kategoriatik 1200, %52,17, aipatu erreferentziaren azpiko soldatekin daude. Sektore feminizatuetan jarriz arreta, azterturiko 45 hitzarmenetako 840 kategorien %71,42k jasotzen du 1400 euro azpiko soldata. Ondorio larrienak sektore feminizatuetako hitzarmenetan jaso ditugu, zaintzarekin eta zerbitzu pribatuekin lotura zuzena dutenetan hain zuzen ere. Sektore horietan hitzarmen guztietan daude gutxieneko soldataren azpitik kategoria ugari, eta askotan kategoria gehienak. Adinekoen egoitzetako langileen soldata maila baxua azpimarratu nahi genuke, jardunaldi osoan hilean 900 euro gordinen azpitik jaso baitezakete ordainsaria herrialdearen arabera. Eta soldata maila bereziki apalak eta kategoria gehienak 1400 euroren azpitik besteak beste honako sektoreetan daude: ileapaindegietan, elikagaigintza merkataritzan, merkataritza orokorrean, eraikin eta aretoetako garbiketan edo Estatu mailako hitzarmena duten erostetxe handietan.

– Gainera, Euskal Autonomia Erkidegoko langileen %8,3ak ez ditu inoiz bere lan baldintzak lan hitzarmen bidez arautu. Horietatik %75a emakumezkoa* da. Arautze eza prekarietatearekin lotu beharra daukagu. Langile horien artean gehiengoa gainera etxeko langileak dira, lan baldintza okerragoak jasotzen dituen erregimen berezi baten pean, oraindik eta egoera prekario eta kalteberagoan.

-Aipatu ditugun arrazoi guztiek besteak beste gizonezkoen soldata emakumezkoena* baino %29,4 altuagoa izatea ahalbidetzen dute. Azken hamar urteetako bilakaera aztertuta gainera, hobekuntzarik ez dela egon ondorioztatu dugu.

– Era berean, pentsioetan ere generoaren araberako soldata arrakala egiturazkoa da. Gizonen pentsioak emakumeenak* baino %68,4 altuagoak dira, eta pobrezia arriskuaren mugaren azpitik daude emakumeen pentsioen %55 baino gehiago.

Azaldutako datuek erakusten digute sektore feminizatuetako lan-baldintza prekarioak kroniko bihurtu direla.

Feminizatutako lanen aitortza ekonomiko, politiko eta sozialik ez dagoenez, lan horiek balioa galtzen jarraitzen dute.

Zaintzarako zerbitzu publiko indartsuak garatzearen aldeko apustu politikorik ez egoteak ere laguntzen du lan-bereizketa horretan, bai eta emakumeen lanaldi bikoitz eta hirukoitzak mantentzean ere.

Adinekoen egoitzak eta etxez etxeko laguntza bezalako zerbitzuak azpikontratatzeak eta pribatizatzeak sektore horietako langileen prekarizazio ikaragarria eragiteaz gain (datuek erakutsi digutenez), zainketen alorrean sortzen ari den negozioan laguntzen ari dira; diru publikoa enpresa pribatuetara desbideratuz. Gure ustez, zerbitzu horiek publifikatzea da konponbidea zerbitzu horien aitortza bermatzeko, eta ezinbestekoa ere bada da langile horien lan-baldintza prekarioekin amaitzeko.

Soldata-arrakalak ez du aldaketa-zantzurik, eta, beraz, esan genezake sexuaren araberako lan banaketarekin amaitzen ez dugun bitartean, (eta horrek dakarrenarekin), oso zaila izango dela egoera iraultzea. Gainera, kontuan izan behar dugu, etorkizunean pentsioetako genero-arrakalak zahartzaroa oso baldintza eskasetan izatera kondenatzen gaituela.

Horrez gain, azpimarratu behar da ezin izan dugula emakume migratu eta arrazializatuen egoera zehatza ikertu. Estatistikek ez dizkigute datu horiek ematen, sistemarentzat ikusezinak dira. Emakume horiek* izugarrizko prekarietate, diskriminazio eta indarkeria jasaten ari dira, jatorriarekin, klasearekin eta generoarekin lotuta. Gogoratu behar da arautu gabeko sektore ahulenetako bat etxeko langileena dela, erregimen berezi batean eta gainerako langileek baino eskubide gutxiagorekin. Onartezina da, halaber, barnekoen egoera, erdi esklabotzan lan egiten baitute, esplotazio maila altuekin.

Egoera horiek guztiek iraunarazi eta areagotu egiten dute generoagatiko soldata arrakala. Zaintza lanak (ordainduak izan ala ez) oraindik ere ez dira aitortu, ez sozialki, ez politikoki, ez ekonomikoki. Horien aitortzak aldarrikatzen ari diren lan baldintzak hobetzea ekarriko luke, eta jakina da ez dela halakorik egin, egoerak okerrera egin baitu eta kroniko bihurtu baita.

Gure proposamenak:

-Zaintzaren demokratizazioaren aldeko urratsak egitea: lan horien guztien bidezko banaketa.

-Zaintzarako sistema publiko komunitario bat eraikitzea, prekarizazioarekin, pribatizazioarekin eta gaur egun horien inguruan dagoen negozioarekin amaitzeko.

-Sexuaren araberako lan banaketarekin amaitzea eta lan eta enplegu guztien balioa aitortzea. Lanak birbaloratzea bizitzaren jasangarritasunari egiten dioten ekarpenagatik, eta sistemak emakumeekin duen zor patriarkala aitortzea, bizitza osoan zaintza-lanetan aritu direlako.

-Emakume guztientzako lan-baldintza duinak.

-Etxeko langileentzako lan-hitzarmena lortzea

-Egoera irregularrean dauden langileen egoera erregularizatzea.

-Generoaren araberako soldata-arrakala eta sexuaren araberako lan banaketarekin bukatzea.

Osakidetzari eskatzen diogu negoziaziorako benetako urrats eraginkorrak eman ditzala, proposamenetatik ekintzetara pasatuz

Mahai sektorialaren bileran, Osakidetzak ateak ireki dizkio langileen lan-baldintzak hobetzeko negoziazioari, baina LABek eskatzen du Osakidetzak eman beharreko pausoak eman ditzala negoziazio-eremu horiek errealitate bihur daitezen eta egiazta dezan ea Zuzendaritzak benetan negoziatzeko benetako borondatea duen.

Zoritxarrez, ez da Osakidetzak ate hauek faltsuan irekitzen dituen lehen aldia, negoziatzeko jarrera agertzeko helburu bakarrarekin. Hori dela eta, Osakidetza premiatzen dugu mahai gainean jarritako gaien benetako negoziazioa berehala irekitzera, hala nola Lan Baldintzen Akordioa, 18-19ko lan-eskaintza publikoa, garapen profesionala eta egungo eta etorkizuneko plantilla handitu eta egonkortzea.

Berritasun gisa, azpimarratu nahi dugu Osakidetzak gaurko bilerara ekarri duela garapen profesionalerako ezohiko deialdi-proposamen bat. Urrats positiboa izanik, eta proposamena aztertzeko zain, LAB sindikatuak eskatu du Lanbide Garapeneko eredu berri bat behar dela, ezohiko deialditik harago. Hala ere, behin-behinekoz, ezohiko deialdi bat defendatuko dugu, gaur egungo ereduaren eta Osakidetzak bere garaian ezarri zuen deialdiak geldiaraztearen ondorioz une honetan gertatzen diren konparaziozko bidegabekeriekin amaitzeko.

Bestalde, Baldintzen Akordioari buruzko negoziazioari dagokionez, egokia iruditzen zaigu Lizentziak eta Baimenak atalarekin hastea, baina lehen fase honetan eskubide sozialak, euskalduntzea eta lanaldia ere sartuz, plantilla gaztetzeko plan batekin batera. Bigarren fasean, langileen ordainsari-araubideari ekitea proposatu dugu. Ildo horretan, LABek eskatu du hitzarmena eguneratzeaz harago joan behar dela, eta anbizio handiko akordio berri bat negoziatu behar dela, XXI. mendeko egoerara eta Osakidetzaren egungo eta etorkizuneko egoerara egokituta.

18-19 EPE berriari dagokionez, uste dugu, beharrezkoa izanik, planteatutako 3.535 plazak ez direla nahikoak plantilla egonkortzeko eta Osakidetzaren oraingo eta etorkizuneko erronkei aurre egiteko. Gainerako euskal administrazioetan bezala, beharrezkoa da finkatze-prozesuen deialdiak egitea, eta, horretarako, lege propio bat behar dugu, tresna nahikoak emango dizkiguna. Bestalde, EPE eredu berri bat eskatzen jarraitzen dugu eta, batez ere, ustelkeriarik gabeko eskaintza garbi bat, irekitako prozesu penalean defendatzen ari garen bezala.

Bestalde, LABek Osakidetzako langileen txertaketa-prozesua salatu du, eta nabarmendu ditu erritmo motela, ESIen arteko desberdintasuna eta, batez ere, langileei eta alderdi sozialei ez zaiela informaziorik eman txertaketa-prozesuari buruz.

Gainera, Osakidetzako langileen baldintza ekonomikoak eta lanekoak parekatzeko beharra planteatu diogu zuzendaritzari; izan ere, gaur egun konparaziozko bidegabekeriak gertatzen dira hainbat eremutan, adibidez, ospitaleratze-osagarrian.

Azkenik, Osakidetzak mahai gainean jarri du Berdintasun Plana, Berdintasun Batzordean negoziatu dena, gaur bertan berrets dezagun ala ez. LABen aldetik, berdintasun-batzordean urtetan lan eta ekarpen handiak egin ditugun arren, gaur egun ezin dugu berretsi; izan ere, gure proposamen asko onartu diren arren, beste batzuk kanpoan geratu dira, hala nola plan hori gauzatzeko berdintasun-teknikari nahikoak kontratatzea, eta hori marra gorria da guretzat. Ezinezkoa da plana baliabide nahikorik gabe gauzatzea. Ez dugu paper errerik nahi. Ez ditugu orain Osakidetzak daukan presa, urtetan eta legearen kontra Berdintasun Planik gabe egon eta gero, eta gainera, ezinbestekotzat jotzen dugu Plana Sexu-jazarpenaren eta Sexuan Oinarritutako Jazarpenaren Protokoloarekin batera joatea, azken hau oraindik negoziazio-prozesuan dagoelarik.

Suhiltzaileen kexua, txertaketaren inguruan

Espainiako Estatuan Covid19 txertoaren aurkako txertaketa-estrategiaren hirugarren eguneratzea 2021eko otsailaren 9koa da, eta txertaketa-programaren kudeatzaileei zuzenduta dago. Besteak beste, txertaketa-taldeen ordena eta kasu bakoitzean eman beharreko txerto mota ezartzen ditu.

LABek euskal jendartean eman den kritika sozial handiarekin bat egiten du eta Espainiako Gobernuak ezarritako eta gobernu autonomikoek aplikatutako lehentasunaren aurkakoa da, txertaketa-taldeen artean diskriminazio larriak antzematen baitira. Nola da posible Estatuko Segurtasun eta Polizia Autonomikoei txertoa jartzen hastea, anbulantzia-gidari gehienek, adibidez, egunero Covid19-ko gaixoen garraioan lan egiten dutenek, ez badute txertorik jaso oraindik eta ezta Irakaskuntzako langile gehienek ere…

Alde horretatik, Euskal Herriko Suhiltzaileen Zerbitzuetako LABeko atal sindikaletatik adierazi nahi dugu ez gaudela ados talde horiek EAEn eta Nafarroan txertatzen hasi diren ordenarekin. Benetan, uste dugu osasun publikoko zerbitzuetako edozein talde, pertsonal sanitarioa eta soziosanitarioa, edo irakaskuntzako edozein talde txertatu beharko litzatekeela larrialdi-zerbitzuen aurretik.

Horrenbestez, Eusko Jaurlaritzari eta Nafarroako Gobernuari eskatzen diegu kontuan har dezatela txertaketa- estrategiak diseinatzerakoan. Suhiltzaileak ilaran jartzen gara.

Mobilizatuko gara Elgoibarko Hansa-Flex enpresan gertatzen ari den jazarpen sindikala salatzeko

Datorren martxoaren 5ean, elkarretaratzea egingo dugu Elgoibarko Hansa-Flex enpresan ematen ari den jazarpen sindikala salatzeko, Albitxuriko industriagunean, aipaturiko lantegiaren aurrean.

Aurreko otsailaren 19an (ostirala), Hansa Flex-eko zuzendaritzari hauxe jakinarazi genion: aipaturiko enpresan hauteskunde sindikalak sustatzeko aurreabisua sartu genuela Lan Delegaritzan eta hauteskunde prozesuaren hasiera (mahai osaketa) martxoaren 18an izango zela. Bide batez, LAB sindikatuaren izenean aurkeztuko zen hautagaiaren dokumentua eman genion enpresari, Lan Delegaritzaren zigiluarekin, non gure hautagaiaren datuak agertzen ziren. Kandidaturaren dokumentu hau, zuzendaritzaren partetik gure hautagaiaren kontrako balizko erasoetatik defendatzeko aurkeztu genuen.

Otsailaren 22an (astelehena) enpresaren erantzuna etorri zen: gure hautagaia den langileari, aurretik berarekin inoiz egin ez bezala, mugikortasun geografikoa aplikatzea. Traslado bat, alegia. Hau da, martxoaren 24tik aurrera, Manresako (Katalunia) lan zentrora bidaliko dutela komunikatu zioten. Jarrera anker eta koldar hau, askatasun sindikalen urraketa larri bat da. Gogoratu dezagun, legearen arabera, askatasun sindikala, oinarrizko eskubide bat dela (Konstituzio Espainiarraren 28. artikuluan jasoa). Beraz, argi eta garbi esan dezakegu, Hansa Flex-eko zuzendaritza, Thomas Hurst Shiborn jauna, zehazki, oinarrizko eskubideen aurka egiten duen pertsona bat dela. Ez dauka errespeturik duela hamarkadak konkistatu ziren eskubide sindikalekiko, eta are gutxiago bere langileekiko. Horrez gain, LAB sindikatuko komunitatea osatzen dugun gizon eta emakumeekiko eraso larritzat ere jotzen dugu gertatzen ari dena, eta noski, juridikoki zein ekintza sindikalaren bitartez eraso hau gelditzeko gure esku dagoen guztia egingo dugu.

Bere “ereduaren” arabera errespetuz eta laguntasunez jokatzen omen du Hansa Flex-ek, eta bere “barne araudiak” dio ez duela inor diskriminatzen arrazoi politikoengatik, baina argi dago ez dela hori benetan egiten duena. Ez du onartzen, beretzat lan egiten duten langileak antolatzea. Langile desantolatuak eta otzanak nahi ditu, berak nahi duen guztia egiten jarraitzeko.

Erasoen aurrean, gure hautagaia babestuko dugu. Hansa Flex-eko zuzendaritza eskas honek, XXI. mendean gaudela ulertu beharko du. Gure eskubideen gainetik ez dira pasatuko!

Prentsa oharraren hasieran esan bezala, martxoaren 5ean, ostirala, goizeko 11:00etan LABeko delegatuen elkarretaratzea egingo dugu, zeinetan, injustizia honen aurka egiteko prest dagoen pertsona oro, ongi etorria izango baiten.