2026-04-20
Blog Page 446

Lan heriotzen odolustea salatu dugu, hildako azken garraiolaria gogoan

Laudioko Guardian enpresako azpikontrata den Oiartzungo Transportes Gexako 47 urteko langile bat hil zen joan den astean, Orozkoko BP gasolindegian, karga gainera erorita. Lan istripu hilgarri hau salatzeko elkarretaratzea egin dugu Oiartzungo Lanbarren industria gunean, euskal gehiengo sindikalaren izenean. Aurten, guxienez, 27 langile hil dira Euskal Herrian.

Koronabirusarekin harremana duten EHUko langileak berehala txertatzea eskatzen dugu

Komunikabideen bidez berriki ezagutu dugunez, SARS-CoV-2 birusarekin harreman zuzena duten dozenaka ikertzaile daude gaur egun Euskal Autonomia Erkidegoan txertorik jaso gabe. Gauza ezaguna da (eta EHUk onartua ere) koronabirusarekin harremanetan dauden langile horietako batzuk EHUn ari direla lanean.

Egoera horren oinarrian, antza, Estatu espainiarreko Osasun Ministerioak txertaketa-estrategian langile horiek sartu ez izana aurkitzen da, eta, beraz, pertsona horiek hilabeteak eman dituzte “birusa zuzenean erabiltzen, immunizatu gabe, baita gaixotasun horren aurkako txertoak garatzen ari diren taldeen artean ere”.

SARS_CoV-2 edo 2. arnas sindrome akutuaren koronabirusa 3. taldean sailkatutako agente biologikoa da, langileak lanean agente biologikoekiko esposizioarekin lotutako arriskuetatik babesteari buruzko 664/1997 Errege Dekretuaren arabera. Talde horretan sailkatzen dira “gizakiarengan gaixotasun larria eta langileentzako arrisku larria, kolektibitatera hedatzeko arriskua eta, oro har, profilaxi edo tratamendu eraginkorra” eragin dezaketen agente biologikoak.

Aipatutako 664/1997 Errege Dekretuaren 8.3 artikuluaren arabera, “agente biologikoekiko esposizioagatiko arriskua dagoenean eta horretarako txerto eraginkorrak daudenean, horiek langileen eskura jarri beharko dira, eta txertoaren abantaila eta desabantailen berri eman beharko zaie”.

Errege Dekretu horretan bertan xedatutakoa aplika daitekeen jardueren artean sartzen ditu “laborategi klinikoetan, albaitaritzakoetan, diagnostikokoetan eta ikerketakoetan egindako lanak”. Horietakoak ere egon badaude EHUn.

Bestalde, LABek jakin ahal izan duenez, EHUko Prebentzio Zerbitzuak behin baino gehiagotan eskatu dio Eusko Jaurlaritzaren Osasun Zuzendaritzari txertatu gabeko langile horiek (ikertzaileak zein laborategi eta Administrazio eta Zerbitzuetako Pertsonaleko langileak) txertatzeko, ezezko borobila jasoz erantzun gisa, nahiz eta bere burua eskaini ere EHUko Prebentzio Zerbitzu propioaren bitartez langilea horiei txertoa jartzea.

Horretaz gain, LAB sindikatuak jakin badaki koronabirusarekiko esposizio egoera horretan aurkitzen diren EHUko zenbait langile txertatuak izan direla Eusko Jaurlaritzak Basurtuko zein Santamarina Ospitaletan gertatu ziren txertaketa irregularren ondoren txertaketa adin-tartearen arabera egitea erabaki baino lehen. Beraz, koronabirusarekin harreman zuzeneko arrisku talde berekoak izanik ere, EHUn badaude koronabirusaren aurka txertoa jaso dutenak eta oraindik txertatzeke daudenak. Egoera onartezina, LABen aburuz.

Honengatik guztiagatik, EHUko Zuzendaritzari koronabirusarekiko arriskua duten langileak lehentasunez txertatuak izatea eskatzen diogu, langile guzti horien eskubidea izateaz gain, unibertsitate publikoaren betebehar legala ere baita.

Neurri hori gauzatzeko, Eusko Jaurlaritzaren borondate politikoa eta langile horiek beren lanpostuetan egunero aurre egin behar dioten arriskuaren aitortza baino ez da behar.

Petronor, Bilboko Argiak, Tubacex, Novaltia eta ITP-PCB-ko langileek egindako deialdiarekin bat egiten dugu

Argi dago gaur egungo politikak eta bai EAE zein Madrilen gobernatzen dutenek patronalaren eta kapitalaren mesedetan dihardutela. Horren ondorio argia da, enpresa hauetan jasaten ari diren enplegu suntsiketa eta lan baldintzen okertzea. Bien bitartean, Eusko Jaurlaritza eta Arantxa Tapia itsu, mutu eta gor dago. Are gehiago, aktiboen dagoen saila, Segurtasunekoa dela salatu behar dugu. Politika hauen oinarria borroka duinak kolpatzea eta langile borrokalariak atxilotzea izaten ari da.

LABetik argi esan nahi dugu. Erreformen derogazioa ezinbesteko urratsa dela uste badugu ere, askoz harago joan behar dugu. Bada garaia Urkulluren gobernuak bertako langileak defendatzeko erabakia hartzeko. Berton erabaki behar dugu bertoko langileen etorkizuna, bizitza eta pertsonak erdigunean izango dituzten politiketaz hitz egiteko garaia da.

Horregatik guztiagatik, eta langile batasuna txalotuz, LABetik Bilboko ostiraleko manifestazioan parte hartzeko deia egiten dugu, 10:00etan abiatuko dena, EITBren egoitzatik udaletxeraino.

Tubacex-eko piketean identifikatuak izan ondoren Amurrioko epaitegian deklaratu beharko duten hiru pertsonei gure babesa adierazten diegu

LABetik gure babes osoa adierazi nahi diegu bihar osteguna, ekainaren 17an Amurrioko epaitegian deklaratu beharko duten 3 pertsonei. Elkartasuna adieraztea izan da egin duten delitu bakarra eta Tubacex-eko langileei martxoaren 25eko piketeetan laguntzea, Aiaraldeko zein beste eskualde batzuetako enpresetako ehundaka langilek egin duten moduan. Langileen arteko elkartasuna ez da delitua.

Oraingoan eurei tokatu zaie, baina kontziente izan behar dugu babes eta elkartasuna adierazteko Laudio eta Amurrioko enpresa sarreretatik pasatu garen edozein langile egon gintezkeela egoera beretsuan.

Eusko Jaurlaritzak ez du ezer egin Tubacex-eko lanpostuak defendatzeko. Enpresa-batzordea eta langile kaleratuekin ere ez du bilerarik izan eta publikoki Tubacex-eko zuzendaritzaren argudioak defendatzen zituen bitartean, Ertzaintza bidaltzen zuen langileak jipoitzera, euren borroka eta enpleguaren defentsan Aiaraldeko langile guztiek egiten ari zirena kriminalizatuz.

Horregatik, dei egiten dugu bihar, ekainaren 17an, Tubacex-eko enpresa-batzordeak Amurrioko epaitegietan 11:30etik 13:00etara bitartean egingo duen kontzentrazioan parte hartzera.

Era berean, enpresa-batzordeak, datozen ekainaren 21 eta 22an, EEEaren epaiketen aurrean antolatutako mobilizazioetan parte hartzeko deia ere egiten dugu. Datorren astelehenean, ekainaren 21ean, Laudio eta Amurrioko Tubacex TTIko EEEaren epaiketa egingo da EAEko Auzitegi Nagusiak, Bilbon (Albiako lorategiak) eta enpresa-batzordeak kontzentrazioa egingo du 09:30ean. Ekainaren 22an aldiz, hirugarren lantegiko EEEaren epaiketa egingo da, Aceria de Alava. Egun horretan, martxa egingo dute Bilboraino 06:00etan Laudioko enpresa-sarreratik abiatuta eta 11:30ean enpresa-batzordeak mobilizazioa egingo du Albiako epaitegien aurrean 11:30ean.

Ustezko bi delitu salatu ditugu Donostiako Hondalea eraikuntzaren prozesuan

Joan den astean Hondalearen eraikuntza lanak bideratzeko orduan izan diren irregulartasunak salatzeko LABek Eneko Goia alkateari eta Fiskaltzari emaniko txostenak ekarri dituen isiluneak eta erantzunak ikusita, Udaleko talde politiko guztiekin biltzeko eskaera egin eta gero, LABeko Sail Sindikaleko ordezkariak PP, Podemos, EH Bildu eta PSEren ordezkariekin bildu dira, sindikatuaren ustez tramitazio prozesuan izan daitezkeen bi delitu ezberdinen berri emateko. Ildo horretan, Eneko Goiari gaia argitzeko hartu behar diren neurriak bidera ditzala eskatu dio, besteak beste, gaia argitu arte Proiektu eta Obretako arduradunaren izendapenaren behin-behineko etena bideratzea eta Batzorde Informatibo baten sorrera.

LABen ustez, Proiektu Bateratuaren idazketa eta birgaitze lanak zuzentzeko ardura LKS-Fhecorri lizitaziorik gabe eman izana irregularra da. Izan ere, proiektua onartzeko bideratu zen txostena onartu zuen Udalak, baina bertan ez zen inolako zuzendaritzarako edota idazketarako adjudikaziorik finkatzen. Proiektu eta Obretako arduraduna izan zen egoera horretan lan hori LKS- Fhecorri tramitatzearen ustezko arduraduna. LKS berak aitortu du lan hori Udalaren “enkarguz” egin duela. Gure ustez jokabide horretan bere funtzioen abusua ematen da eta prebarikazio kasua ere izan daiteke.

Bestetik, LKS-Fhecorren birgaitzelanen zuzendaritzari dagokion gastua ALFA ARTE enpresak ordaindu omen du, ALFA ARTE enpresak aurkeztu zuen proiektuan eta aurrekontuan LKS-Fhecor enpresek egin duten zuzendaritza lana ordaintzeko diru partidarik ez zegoenean. ALFA ARTEk bere diru partidatik gastu horiek ordaindu baditu, ustez Proiektu eta Obretako arduradunak hori egitea eskatu duelako izan da. Gure ustez, bigarren irregulartasunaren aurrean gaude, Udal Aurrekontuaren eta beraz diru publikoaren erabilera okerra egin da.

Horregatik, guztiarengatik, Batzorde Informatibo bat martxan jar dezala eskatzen diogu Eneko Goia alkateari eta, emaitzak etorri bitartean, Proiektu eta Obretako arduradunaren izendapena etetea eskatzen du LABeko Sail Sindikalak.

Azkenik, LABek argi utzi nahi du eginiko salaketa honetan ez duela zer ikusirik Hondalea arte lanak, baizik eta berau irlan jartzeko egin den lanaren kudeaketaz ari garela.

Sindikatuok elkarretaratzea egin dugu EAEko Hezkuntza Sailak pandemian egindako kudeaketaren makillaje lana salatu eta baliabide gehiago eskatzeko

LAB, STEILAS, ELA eta CCOO sindikatuon ohar bateratua:

EAEko Hezkuntza Sailak langileek ikasturte honetan egindako lana eta ahalegina eskertzeko ekitaldia egin du Gasteizko Odon de Apraiz ikastetxean gaur. Bertan kontzentratu gara LAB, STEILAS, ELA eta CCOO sindikatuetako kideak, Eusko Jaurlaritzaren propaganda-ekitaldia salatu eta baliabide gehiago galdegiteko.

Hezkuntzan ikasturtea greba eta mobilizazioekin hasi genuen, Hezkuntza Sailari aurrez aurreko hezkuntza itzulera seguru eta adostua bermatzeko beharrezko baliabide zein neurriak hartzea exijituz. Lehenagotik ere urgentziazkoak ziren eta pandemiarekin are ageriagoan geratu ziren lan-kargak eta ratioak murrizteko eskatu genion, baliabide gehiago jartzeko exijitzearekin batera. Ikasturtea amaitzear dago eta esan dezakegu gaur gaurkoz hezkuntza publikoan ez dela sakoneko aldaketarik egon.

Komunikabideetan, pandemiaren inguruan hezkuntzan izandako kudeaketaren arrakasta saldu nahi izan bazaigu ere, errealitatea oso bestelakoa izan da. Aurrez aurreko ikasturtea aurrera eramatea posible izan bada bertako langileek eginiko lanaren, dedikazioaren eta gain-karga fisiko zein emozionalaren ondorioa izan da. Osasun prebentziorako materiala eta giza baliabideak ez ziren garaiz iritsi, heldutakoak ere erabat ez- nahikoak izan dira eta ratioak ez dira era orokortuan jaitsi. Beraz, ikastetxeek plangintza eta protokoloak ahalik eta modu egokienean kudeatzeko egindako esfortzua izugarria izan da. Ikasturtea greba batekin hasi eta greba batekin amaitu behar izan dugu. Horrela, apirilaren 22an enplegu publikoa sortu eta kontsolidatzeko eta pribatizazioarekin bukatzeko sektore publiko osorako deitutako grebak babes zabala izan zuen Hezkuntza publikoan. Izan ere, Hezkuntza publikoak plantilla gehiago eta behin-behinekotasun gutxiago beharrezkoak ditu bere erronkei aurre egiteko, kalitatezko hezkuntza bermatzeko.

Horregatik, sindikatuok Hezkuntza Sailari eskatzen diogu propaganda albo batera utz dezala, eta langileoi eskerrak ematearekin batera, hezkuntzak hain beharrezko dituen baliabide, ratio jaitsiera, enplegu sorrera eta kontsolidazioa gauzatzeko beharrezko pausoak eman ditzala.

Pausorik eman ezean mobilizazio dinamikak indartu eta bultzatu beste biderik ez digu utziko.

Rothenberger-en lortutako akordioa baztertzen dugu

ELA eta CCOO sindikatuek akordioa lortu dute enpresako zuzendaritzarekin hitzarmen kolektibo berri bat egiteko. Akordio hori 8 greba egun arrakastatsu egin ostean lortu da, eta beste 16 egun deituta zeudelarik. Langileak indartsu zeuden, mobilizazioei jarraipen zabala eginez eta borrokarekin jarraitzeko jarrera onarekin. Horregatik, pena da sindikatu horiek borroka planteamenduak albo batera uztea.

CCOO, ELA eta enpresaren arteko akordioa ziztu bizian izan da Enpresa-Batzordearen ekintza-batasuna apurtuz eta akordio hobea lortzea zailduz. Azkenean, greba-egunen ostean, CCOOk eta ELAk ontzat eman dute enpresak greben aurretik egindako proposamena. Akordioan 2020rako ezarritako igoeran enpresak gehitutako 100 euroak 2023rako azken igoera-proposamena murriztearen kontura doaz, KPI+% 1,25etik KPI+% 1era jaitsiz. Kromoak aldatzea, ezer gehitu gabe, ia kopuru berera iristeko.

Beraz, nola liteke enpresaren proposamen beraren aurrean, eduki berberekin eta astebeteko grebaren ondoren, CCOOk eta ELAk enpresarekin aurreakordioa sinatzea? Zertarako balio izan du langileen ahaleginak eta konpromisoak? Zein da enpresak eta Alemaniak (enpresak herri horretan du zentrala) jasotzen duten mezua? Galdera asko daude airean, 180 graduko bira eman dutenek erantzun beharko dituztenak, atzo onartezina zena gaur ontzat eman duten berdinek.

Negoziazioko gainerako puntu garrantzitsuak lurperatuta geratu dira.

-Kontingentzia arruntengatiko bajen osagarria. Inguruko enpresa askok kapitulu hau hobetuta badute ere, Rothenbergerren berdin jarraitzen dugu, osagarririk gabe. Gaia aztertzeko sortuko den ustezko batzordea ez du ezertarako balioko, ez bada enpresa ezertara konprometituko ez duen zerbait idazteko.

-Errelebo-kontratuak. Langile Batzordeak 25 errelebo-kontratu egiteko konpromisoa eskatu zuen (aldi horretan horretarako baldintzak beteko dituzten pertsonen kopurua), eta azkenean 18 bakarrik egin dira. Horrek esan nahi du langile guztiek ez dutela errelebo kontratuaren hartzeko aukerarik izango. Zer egingo du enpresak gainerakoekin? Eskubide desberdinak dituzten lehen eta bigarren mailako lankideak egotea onartuko dugu? Errelebo-kontratuak errelebatuaren irteera aurreratzeko balio behar du, enplegua ez murrizteko, eta lanpostu horren ordez kalitate bereko beste bat jartzeko, lanaldiaren %100ean eta mugagabe gisa. Argi dago, enpresak erretiro-adinera iristen ari den langileak ordezkatu nahi ez baditu, plantilla murriztea aurreikusten duelako dela. Galdutako beste aukera bat da adinez nagusienak diren guztien errelebo-kontratua lotzeko eta lan baldintza duinetan erreleboa ziurtatzeko, enplegurik suntsitu gabe.

-Enpleguari eusteko klausula. Uko egin diote gai hau hitzarmenean jasotzeari. Atal honek ez du kosturik, eta, hala ere, uko egiten diote. LABentzako puntu hau oso garrantzitsua da.

Aurrerago esan dugun bezala, pena da CCOOk eta ELAk enpresaren presioari men egin izana, azaldu dugun bezala, ez baita inolako aurrerapenik edukietan egon euren jarrera justifikatzeko. Bitxia da, borrokatik lehen aukeran jaitsi direnak, ekintza batasunari traizio egin diotenak eta plantillaren borroka-planteamendua dinamitatu dutenak izatea greba mugagabea defendatzen zutenak. Pozik egon daitekeen bakarra enpresako zuzendaritza da.

Azkenik, nahiz eta aurrerantzean LABek sinatu ez duen hitzarmen bat eduki enpresan, oso harro gaude langileek erakutsitako konpromisoarekin. Tamalez, sindikatu batzuk ez dira maila berean egon.

Eskoletan lanaldi jarraia ezartzeak jantokietako ehunka emakume langile kalean utziko dituela salatu dugu Nafarroako Hezkuntza Sailean

LABek, eskoletako jantokietako langileekin batera, datorren ikasturtean lanaldi jarraia ezarri izana salatzeko Nafarroako Hezkuntza Sailean eserialdia egin du.

Ikasturte honetan eskoletan lanaldi jarraia ezartzearen ondorio latzak jasaten ari gara.

Lanaldi hori ezartzeko moduak, laguntza ekonomikorik eta bateragarritasunik gabe, erabiltzaileen kopurua nabarmen jaistea ekarri du, eta horrek lanpostuen galera eta ordutegi-murrizketa eragin ditu, %95 baino gehiago emakumezkoak garen plantilla batean.

Ikasturte honetan lanaldi jarraia Covid-aren aurkako prebentzio neurri gisa ezartzea ez bagenuen ulertzen, are gutxiago horrekin jarraitzeko ideia ulertzen dugu. Denbora honetan hezkuntza espazioa, jantokia barne, ez da kutsatze gune bat izan, kontrakoa baizik, neurriak betetzearen bermea izan da.

Ikasturte honetan eskoletako jantokietako matrikulazioa ia %50 txikiagoa izan da, beraz, emakume askok soldata murrizteak, ordutegi aldaketak eta kaleratzeak jasan ditugu.

Eta, gaur, berriro ere, lanaldi jarraia ezartzearen aurrean gaude, Covidek hala eskatuta? Nafarroa izan da arrazoi horregatik lanaldi jarraia ezarri den estatuko autonomia bakarra, eta EAErekin alderatzen badugu (eskola-eguna zatitua izaten jarraitzen du), ikasgela konfinatuen kopurua oso antzekoa da, eta Nafarroan ere konfinatu handiagoak daude.

Ez dugu ikusten osasun motiborik gure lan etorkizuna arriskuan jartzen duen egoera bati eusteko, eta, hau guztia, Hezkuntza sailburuaren burugabekeria batengatik; beraz, LABek ikasturte beroaren hasiera iragartzen du. Egoera honekin atzera egiten ez bada, etorkizunean mobilizazioak egingo dira sektoreko greba egiteari utzi gabe.

Borrokak hauspotu eta indartzeko garaia iritsi da Euskal Herrira

Deustuko zubian eserialdia egiten, Donostiako erdialdean autobus artikulatu batera igota, Iruñeko supermerkatuetan ekintza ibiltari baten bitartez eta Gasteizen Eulen enpresaren egoitza okupatuz. Sektore feminizatuetako langileen prekarizazioa eta enplegu suntsiketa salatu dugu ekainaren bigarren astearen etorrerarekin, dinakima ekintzaile baten baitan. Ohartarazpen batekin bukatu ditugu ekintzak: hau hasi besterik ez da egin. Borrokak hauspotu eta indartzeko garaia iritsi da Euskal Herrira.