2026-01-24
Blog Page 440

Garbiñe Aranburu: “Prekaritateari amaiera emateko ordua iritsi da sektore publikoan”

EAEko zerbitzu publikoek bizi duten egoera larriaren aurrean, greba eta mobilizazio eguna egin dugu sektore publiko osoan, sindikatuok deituta. Manifestazioak egin ditugu hiriburuetan, eta, Bilbon, Garbiñe Aranburu idazkari nagusiak zerbitzu publikoen defentsa egin du, mobilizazioa hasi aurretik: zerbitzu publikoak defendatzea sektore publikoan kalitatezko enplegua defendatzea da”.

Garbiñe Aranbururen hitzetan, “kalitatezko enplegu publikoa sortu behar da. Prekaritateari amaiera emateko ordua iritsi da sektore publikoan. Sektore publikoaren behin behineko enpleguaren kontsolidazioa eta egonkortasuna eskatzeko atera gara kalera bereziki, eta, horretarako, interinitate egoera horretan, abusu egoera horretan, urteak eta urteak eman dituzten langileen egoera kontutan hartuta, hautaketa prozesuak abian jarri behar direla diogu; hau da egonkortasun prozesuak aldarrikatzen ditugunean esaten duguna”.

Hain zuzen ere, LABeko idazkari nagusiak lege propio bat behar dela aldarrikatu du, “kontsolidazio prozesu horiek lege berme guztiekin egin daitezen. Era berean, nabarmendu nahi dugu ezin dela erantzun orokor bat eman; lekuan lekuko egoerak aztertu behar dira. Administrazio guztietan ematen den errealitatea desberdina da. Lekuan lekuko egoerari erantzungo dioten prozesu adostuak behar ditugu, eta hori negoziazio kolektiboan adostu behar dela aldarrikatzen dugu”.

Hiriburuetako mobilizazioekin batera, goizean lantokietan eta herrietan ere zabaldu ditugu gure aldarriak, aurreko asteetan egindako mobilizazio dinamika biribiltzeko. Greba deialdiak jarraipen zabala izan du, eta oso orokortua izan da behin-behinekotasuna pairatzen duten langileen artean.

EAEko Auzitegi Nagusiak berriro eman die arrazoia PCB-ITPko langileei

EAEko Auzitegi Nagusiak berriro jo du bidegabetzat PCB-ITPko langileei inposatu zitzaien ABEEEa, sozialeko epaitegiaren lehen instantziako epaia berretsiz. Azken epai honek berretsi egiten du LAB bere jarreran, hasiera batetik adierazi genuelako enpresak 2020 amaieran ezarritako ABEEEa guztiz arbitrarioa eta legez kanpokoa zela. Orain, honakoa galdetzen diogu gure buruari. 2020ko irailean ABEEE bat beharrezkoa ez bazen, beharrezkoa al zen 83 familiarentzako EEE bat 2020ko azaroan? LABentzat ezezkoa da erantzuna.

Aipatu EEEaren hasieratik esan izan dugun moduan, enpresak ez zeukan inolako arrazoirik kaleratzeak egiteko, PCB-ITPren egoera koiunturala zelako; zuzendaritzak egindako trikimailu legal batzuekin exajeratu eta larritua. Datorren asteartean, apirilaren 27an, izango da EEEaren kontrako epaiketa eta LABen argi daukagu EEE hori gaurko ABEEE baino are bidegabeagoa dela.

Gainera, balioa eman nahi diogu PCB-ITPko langileak egiten ari diren borroka eredugarriari, egungo lantegi zein taldearen zuzendaritza egiten ari den eraso guztien aurrean. Zuzendaritzak, langileen kontura miloitako irabaziak pilatzen jarraitzeko erakutsi duen diruzalekeria neurrigabean, ez du inolako zalantzarik izan nagusikeriaz eta modu desproportzionatuan jokatzeko, lan-eskubide oinarrizkoenak ere urratuz.

Eusko Jaurlaritzaren jarrera tamalgarria ere ez dugu ahaztu nahi. Langileak greban egon diren bitartean egin duen gauza bakarra izan da Ertzaintza bidaltzea hauek jipolitzera, Arantza Tapia buru duen Industria Saila hasiera batetik multinazionalaren aginduetara kokatzen zen bitartean. Gustatuko litzaiguke jakitea nola baloratzen duten epai hau.

Gertatu den guztiagatik, eta 83 kaleratutakoak berriro lanean hasi arte egin beharko dugun borroka guztiagatik, inoiz baino ozenago esan nahi dugu gaur PCBn ez dagoela inor soberan.

Onartezina da BBVAren EEEa

BBVAren zuzendaritzak sindikatuon ordezkaritza osoarekin izandako bigarren bileran, EEErako proposamena aurkeztu digu. Honek, 3.798 langileri eragingo die Estatu osoan, hau da da, 23.300 langileetatik %16,29 baino gehiagori. Hego Euskal Herrian, 114 langileri eragingo lieke; 66ri Bizkaian, 20ri Nafarroan, 16ri Gipuzkoan eta 12ri Araban, eta honek, arazo gehiago ekarriko dizkie bezeroei.

LABentzat onartezina da orain BBVAk, duela egun batzuk Caixabank-ek eta aurretik beste finantza entitate batzuk egin zuten bezala, milaka lanpostu suntsitu nahi izatea bien bitartean aberasten jarraitzen duten bitartean, milioika eurotako irabaziekin. Gogora dezagun BBVAk, azken hiru urteotan, 11.000 milio euro irabazi izana aitortu duela.

Honek suposatzen du langileak kalera joango direla baina zuzendaritzarentzat eskandaluzko soldatak eta igoerak egongo direla, presidentearen soldata aldakorra bikoiztuz BBVAren Akziodunen Batzarrean onartutakoa bezalakoak.

Bankuak aitzakiak eta arrazoi ekonomikoak aurkezten ditu, baina datuek erakusten dute ez direla benetakoak. Gainera, digitalizazioarekin, bezeroak on-line bidea erabiltzera behartzen dituzte bulego asko itxi eta operazioak egiteko kutxarik gabe utzi ondoren.

Bankak ez du jarraitu behar soilik euren irabaziak eta super-soldatak erabiltzen. Langileak egon dira aurpegia ematen eta eurek egin dituzte posible irabazi hauek, are gehiago pandemiaren azken urte honetan, eta ezin dute ordaindu murrizketa berri hau.

Langile guztiak defendatzeko ordua da, eta euren etorkizuna eta baldintza duinak bermatuko dituen prozesu bati ekitekoa. LABetik dei egiten diegu langileei eraso onartezin honen aurrean erantzuteko prestatzera.

Kalejira bat egin dugu Gasteizen, EAEko zerbitzu publikoetako greba bezperan

Hainbat erakunde publikotik pasa gara apirilaren 22ko grebaren aldarriak zabaltzeko; Udaletik, Aldunditik, unibertsitatetik, Jaurlaritzaren bulegoetatik eta Emakundetik, kasu.

Eusko Jaurlaritzak berak onartu bezala, Espainiako Estatuko eta Europako behin behinekotasun maila handiena daukagu gure sektore publikoan. %40tik gorako behin behinekotasuna ez da salbuespena, baizik eta administrazio, sektore eta eremu guztietan sistematikoki, modu orokortu batean eta kasu askotan iruzurrean errepikatzen den errealitatea.

Zerbitzu publikoen ahultzea eta langile publikoen prekarizazioa dakarten enplegu politika orokortu hauek azpikontratazio eta pribatizaziorako aurretiazko pausu gisa soilik uler daitezke. Gure agintariek zerbitzu publikoekin negozioa egiteko erabaki politikoa hartu eta horretara bideratutako neurriak sustatzen dituzte, beraz. 

Egoera hau gobernu ezberdinek urteetan zehar hartu dituzten erabakiek eragin dute, edozein kolore edo eremu geografikoko gobernuek. 

Pikete feminista

Gasteizko mobilizazioak jarraipena eman dio sektore publikoaren alde, azken asteetan, egin dugun dinamikari. Astelehenean, apirilaren 22ko grebarako deia zabaldu genuen Bilbon, Basurtuko ospitalaren aurrean; kasu honetan, pikete feminista atera genuen kalera, zerbitzu publikoetan emakumeen egoera zein den salatzeko.

Atxiloturik zeuden sindikatuko bost kideak kalera atera dira, epailea bera ikusi gabe

Espainiako Poliziak LAB sindikatuko 6 kide atxilotu zituen asteartean Nafarroan. Horietako bat berehala askatu zuten, baina bertze bortzek egun osoa eman dute polizien eskuetan. Asteazken goizean, bederatziak aldera, epailearen aitzinera ziren pasatzekoak. Baina epaileak ez ditu hartu. Galdetu diete ea deklaratu behar zuten, eta ezetz erran dutenez, aske utzi dituzte, karguekin. LAB sindikatuaren ustez, epaileak atxilotuak ikusi ez izanak are handiagoa egiten du polizia operazioaren burugabekeria.

Sei atxilotuei egotzi diete martxoaren 8an CEN Nafarroako Enpresaburuen Elkartearen Iruñeko egoitzan eginiko protesta ekintza batean edo apirilaren 9an ISN enpresaren kamioi batekin eginiko protesta ekintza batean parte hartzea. Mehatxuak, bortxa, kalteak eta -kamioiaren kasuan- zirkulazioaren segurtasunaren aurkako delitua leporatzen diete, abokatuen ustez “oso pobrea” den atestatu batean. Bide batez, aipatzekoa da abokatuek ikusi ahal izan duten atestatu horretan ez direla pertsona gehiago agertzen, nahiz eta Poliziak eta Gobernu Ordezkaritzak berak atzo erran zuten 11 izanen zirela atxilotuak.

LAB sindikatuak asteartean salatu zuen -berresten dugu gure salaketa- LABen aurkako operazio honetan patronala eta polizia eskuz esku ibili direla. Izan ere, kamioiaren ekintzaren kasuan aipatzekoa da Foruzaingoak ofizioz hasi zituela diligentziak, eta gero atxilotua izan denetako bat deklaratzen egon zela haiekin, baina ISN enpresak salaketa Espainiako Polizian jarri zuenez, hark hartu zuela kasua, eta martxoaren 8ko ekintza harekin lotuta, antzezlan handi hau muntatu duela.

Soldata arrakala salatzeko ekintza bat, eta Garbiketen sektoreko hitzarmenaren negoziazioetan zegoen blokeoa salatzeko bertze ekintza bat. Alegia, emakumeen lan baldintza kaskarrak salatzeko eta haien eskubideak aldarrikatzeko bi ekintza. Bi ekintza baketsu eta LABek bere ekintza sindikalean ohikoak dituenak. Horixe da patronalak eta Espainiako Poliziak jomugan jarri dituenak. Eta Poliziak atxiloketen bortizkeria erabili du emakume sindikalista horien jarduera sindikala baldintzatzeko eta eragozteko eta, oro har, emakumeen borrokei zilegitasuna kentzeko.

LAB sindikatuaren ustez, bi ekintza horietan ez dago deliturik. Baina Poliziak bi ekintza horietan delitu zantzurik ikusi baldin badu, nahikoa zuen sei sindikalista horiek deklaratzera deitzea. Ez zen beharrezkoa halako operatibo poliziala muntatzea. Ez zen beharrezkoa parametro demokratikoetan, noski. Baina LABek uste du patronalak eta Poliziak halako operazio hanpatua egin dutela, batetik, LABek ordezkatzen duen sindikalismo borrokalariaren aurka zuzenean jotzeko eta, bertzetik, gerora etorriko diren zigor eskaerak indartzeko.

Bukatzeko, LAB sindikatuak dei egin nahi die Nafarroako langileei parte har dezaten larunbatean Iruñean eginen den manifestazioan, borroka sindikalaren alde, patronalaren eta poliziaren muntaiaren aurka. Manifestazioa 17:00etan aterako da, Iruñeko Baluarte plazatik. Bestalde, ostiralean mobilizazioak egingo ditugu Euskal Herriko hainbat eskualdetan.

Nazio Komitearen deia

Gure sindikalismo borrokalariaren aurkako polizia operazioa gogor salatu du LABeko Nazio Komiteak, eta mobilizatzeko deia luzatu die langileei.

Arabako helduen egoitzetan greba egin dute, koronabirusak jota iaz zendutako langilea gogoan

Arabako helduen egoitza pribatuetan beste mobilizazio egun bat egin dute, hitzarmen duin baten defentsan, LAB, ELA, UGT eta CCOO sindikatuok deituta.

Langileen lan baldintzen defentsan egindako protestekin batera, Caser egoitzan iaz hildako langileari omenaldia egin diote, koronabirusak jota hil diren gainontzeko herritarrak gogoan izateaz gain.

Haurreskoletako langile eta familien aldarrikapenen erakusketa egin dugu Eusko Jaurlaritzaren aurrean

LAB, STEILAS eta ELA sindikatuok eta Haurreskolak Partzuergoko langileek familiekin batera euskarri desberdinetan jasotako aldarrikapenen erakusketa egin dugu arratsaldean Lakuan. Ekintza hori matrikulazio epe ofizialaren bukaeraren eta Mahai Negoziatzailearen kontestuaren baitan burutu dugu, Administrazioaren aurrean langile eta familiek Haurreskolak Partzuergoarekiko duten konpromiso irmoa erakusteko asmoarekin.

Izan ere, Administrazioak erakutsi ez duen bezala, txalotzekoa da zikloarekiko hezkuntza komunitateak agertu duen atxikimendua eta konpromiso erakustaldia.

Hortaz, lerro hauen bitartez, dinamika horretan (zein orain artekoetan) parte hartu duten lankide eta familiei eskertu nahi diegu egindako ahalegina. Langile eta senideen mobilizazioa eta inplikazioa ezinbestekoa izango da Haurreskolak Partzuergoak etorkizunera begira dituen erronkak gainditu eta aldarrikapenak gauzatzeko.

Haurreskolak Partzuergoko Lan Hitzarmen berriaren negoziazioa hasi berri dugun momentuan, ezin dugu ahaztu Haurreskolak Partzuergoaren doakotasuna eta hezkuntzan integrazioa eta langileen egonkortasuna direla oraindik ere borrokaren ardatza. Jaiotzatik hezkuntzarako eskubideak unibertsala behar duela izan uste eta sinisten dugulako eutsiko diogu borroka horri.

Era berean, LAB, STEILAS eta ELA sindikatuok salatu nahi dugu aurreko Mahai Negoziatzailean Administrazioak eta Haurreskolak Partzuergoak hartutako konpromiso batzuk bete gabe jarraitzen dutela; besteak beste, indarrean dauden akordioak betetzea. Beraz, argi dago gaur hasitako negoziazio prozesuak izango duen ibilbidean erne egon beharko dugula aurrera ematen dugun urrats bakoitzean.

Gauzak horrela, orain arte egin bezala, ohar honi bukaera eman baino lehenago alderdi politiko eta eragile desberdinei dei egiten diegu Haurreskolak Partzuergoaren doakotasuna eta hezkuntzan integrazioa ahalbideratzeko pausoak eman ditzaten.

Halaber, euskal jendarteari ere dei egiten diogu borroka horrekin bat egin eta aldarrikapen horiek bereak egin ditzan, guztiok irabaziko baitugu horrekin.

Denon artean lortuko dugu!

Nafarroan ez dago batere borondate politikorik Oinarrizko Osasun Laguntza indartzeko

Indurain kontseilariak eta Carlos Artundo Osasuneko zuzendari nagusiak Oinarrizko Osasun Laguntzaren aldeko apustu argirik egin ez dutenez, garbi gelditu da Osasunbideko kudeatzaileek ez dutela batere asmorik Nafarroako herritarrei osasun arreta ekitatiboa eta eraginkorra emateko eta langile horien lan baldintzak duintzeko. LAB sindikatutik behin eta berriz salatu dugu ez dagoela batere borondate politikorik Oinarrizko Osasun Laguntza indartzeko eta dimentsionatzeko behar diren neurriei ekiteko, eta behar den guztietan salatzen jarraituko dugu.

Osasun Departamentuak pandemia aitzakia gisa erabili du aspalditik maila politikoan prestatzen ari ziren aldaketa batzuk egiteko. Azken hilabeteotan, ia ez da langilerik kontratatu osasun etxeetan, eta, bitartean, langileria arloko baliabide gehienak Iruñeko ospitalez kanpoko larrialdi-zerbitzura bideratu dira. Hori dela eta, Oinarrizko Osasun Laguntzako gainerako zerbitzu eta zentroak langilerik gabe, baliabiderik gabe eta beren lana modu polibalentean eta erabakigarrian betetzeko gaitasunik gabe geratu dira. Egoera are larriagoa da osasun etxeetako eta ospitaleetako langile asko txertaketa-kanpainara lekualdatu direlako, eta horrek arazoak sortuko ditu, bai pazienteei ematen zaien arretari dagokionez, bai langileen librantzetan eta oporretan.

Osasun etxeetan, plantillak gaizki dimentsionatuak daude, eta kolektibo eta zerbitzu jakin batzuen alde egiten da beste batzuen kalterako. Adibidez, Erizaintzako Zainketa Teknikarien kolektiboa osasun etxeetatik eta ospitalez kanpoko larrialdi-zerbitzutik ia desagertu da. Horrek garbi erakusten du gure agintariek ez dakitela zein diren kolektibo horren funtzioak eta gaitasun profesionala; irizpide argirik gabe sartu edo kendu dituzte osasun etxeetatik, eta ez dute inoiz jaso Oinarrizko Osasun Laguntzako Gerentziaren sostengua. Gerentzia hori ez da gai izan COVIDek sortutako egoera aprobetxatu eta osasun etxeek dituzten gabeziak optimizatzeko, eta unean-unean dagoen eskariari erantzuteko eredu baten alde egin dute, eredu prebentibo, irisgarri, jarraitu eta koordinatu baten alde egin beharrean.

Bestalde, kontratazioari buruzko hainbat kexa jasotzen ari dira, erakusten dutenak ez dagoela kontratazio prozesuak egiteko irizpide homogeneorik eta konparaziozko bidegabekeria handiak daudela zentro batzuen eta besteen artean. Antolaketa eta kudeaketa falta izugarria dela kausa, osasun etxeak babesik gabe gelditzen ari dira, bai aurrekontuen aldetik, bai langile-baliabideen aldetik.

LAB sindikatutik salatu nahi dugu egiturazko kontratu ugari sinatzen ari direla batere kontrolik gabe, eta produktibitateak modu arbitrarioan ordaintzen ari direla, gardentasun gutxirekin eta zenbait bururen onespenarekin, haiek ere kobratu baitituzte.

Horrek guztiak egiaztatu digu Oinarrizko Osasun Laguntzako Gerentziak eta kontseilariak berak ez dutela inolako interesik honako gai hauek jorratzeko: langileen lan baldintzak duintzea, kontratatzeko zailak diren lanpostuak betetzea, osasun txartelen ratioa gutxitzea, osasun etxe bakoitzeko erizainen ratioa handitzea, taldeetan profesional berriak sartzea eta beste kolektibo batzuk finkatzea, eta lehendik dauden profesionalak aintzat hartzea (bai ekonomikoki, bai lan arloan). Eta bitartean, aurrekontuak efizientzia gutxiko beste baliabide asistentzial batzuetara bideratzen dira.

Horren guztiaren aurrean, LABek beti babestuko ditu osasun sistema publikoa eta langileen lan baldintza duinak defendatzeko proposatzen diren mobilizazio eta aldarrikapen guztiak.

Patronala eta polizia eskuz esku aritu dira sindikalismo borrokalariaren aurkako operazioan

Operazio koordinatu batean, Espainiako Poliziak LAB sindikatuko 6 kide atxilotu ditu Nafarroan -bortz Iruñean eta bertze bat Altsasun-, martxoaren 8an CEN enpresaburuen elkartearen egoitzan eginiko protesta batengatik eta apirilaren 9an Garbiketen greba iragartzeko ISN enpresako kamioi baten gainera igotzeagatik.

LAB sindikatuak salatu du patronala eta polizia elkarlanean aritu direla sindikalismo borrokalariaren aurkako operazio honetan, CEN patronalak eta ISN enpresak eginiko salaketa batzuen harira egin baitituzte atxiloketak.

Lerrok idazterakoan sei atxilotuetako bortz polizien esku jarraitzen zuten, horietako bat (Izaskun Juarez, LABeko Iruñerria-Pirinioak eskualdeko idazkaria) 10:00ak aldera askatu baitute. Oraindik barnean daudenak gaur arratsaldean edo bihar goizean pasatuko omen dira epailearen aitzinean; dirudienez, Fermin Otamendi izanen da epaile hori. Bertze aldetik, Poliziak LABeko abokatuei jakinarazi dienez, polizia operazioa zabalik dago oraindik eta guztira 11 pertsona izanen dira atxilotuak. Horren harira, LABeko bozeramaile Imanol Karrerak Espainiako Gobernu Ordezkaritzari eskatu dio aurreikusita omen dituzten bertze atxiloketa horiek ez egiteko eta deklaratzera notifikazioen bidez deitzeko, “edozein demokrazia homologatutan egiten den gisara”.

LAB sindikatuak gogor eta irmo salatu nahi du Espainiako Poliziak gaur bere aurka egin duen operazioa. Bi protesta ekintza baketsu egiteagatik atxilotu dituzte sei sindikalistak. “Nahikoa zuten notifikazioa judiziala bidaltzea”, adierazi du Karrerak. “Baina, ez. Nahiago izan dute operatibo polizial handia muntatu eta atxiloketak eszenifikatu, Europako edozein bazterretan ohikoak diren protesta ekintzak egiteagatik”. Era berean, LABek gogor salatu nahi du sindikalismo borrokalariaren aurkako operazio honetan patronala eta polizia elkarlanean aritu izana, CEN enpresaburuen elkartearen eta ISN enpresaren salaketei kasu eginez egin baitu Poliziak operazioa, haien artean zerikusirik ez zuten bi protesta ekintza operatibo bakarrean lotuz.

Bertze aldetik, LABek nabarmendu nahi du nola Poliziak jomugan jarri dituen emakumeak protagonista zituen bi ekintza baketsu -atxilotuetako lau emakumeak dira eta bi ekintzetan soldata arrakala salatzen zen-, eta nola Poliziak atxiloketen bortizkeria erabili duen emakume sindikalista horien jarduera sindikala baldintzatzeko eta eragozteko eta, oro har, emakumeen borrokei zilegitasuna kentzeko.

LABen aurkako gaurko errepresioa ez da atxiloketekin bukatu. Izan ere, goizeko hamarrak aldera dozenaka herritar bildu dira Espainiako Poliziak Iruñean duen komisariaren inguruetara, atxilotuei bertatik bertara elkartasuna adierazteko, eta poliziek horietako hogei inguru identifikatu dituzte, “elkarretaratze ilegal batean parte hartzeagatik” isuna jarri ahal izateko. Imanol Karrera bera identifikatu dute -eta, beraz, isuna jarriko-, hedabideei adierazpenak egin eta gero.

Larunbatean, manifestazioa Iruñean

LAB sindikatuak hainbat ekimen abiatuko ditu sindikalismoaren aurka eginiko gehiegikeria hau salatzeko eta borroka sindikalaren beharra azpimarratzeko. Horien artean, eta Espainiako Gobernu Ordezkaritzak debekatzen ez baditu, asmoa du bihar goizean elkarretaratzea egiteko Iruñeko (in)Justizia Jauregiaren parean eta larunbat arratsaldean manifestazioa egiteko; manifestazioa 17:00etan aterako litzateke, Iruñeko Baluarte plazatik.