2026-01-24
Blog Page 437

Garbiñe Aranburu: “Momentuak beste Greba Orokor bat eskatzen du”

Bilboko manifestazioaren amaiera ekitaldian hitza hartu du LABeko idazkari nagusiak, Maiatzaren Lehenaren mobilizazioen harira. “Mugarri berriak jartzeko unea iritsi da, greba eta mobilizazio gehiagorekin eta borroka ezberdinen arteko bat-egite hori bilatuz”, adierazi du, eta sindikatua hurrengo Greba Orokorrerako adostasunak sortzen hasteko prest dagoela berretsi du, “hitz egiten hasteko eta bide horretan adostasunak bilatzeko”. 

Idazkari nagusiaren hitzartze osoa:

Gaurkoa aldarrikapen eta mobilizazio egun garrantzitsua da langileontzat. Manifestazio eskubidea zapuzten saiatu da EAJren Gobernua, aurrez gauza bera egin zuten Martxoaren 8an. Erabaki horien gainetik hemen gaude, kalera atera gara milaka eta milaka langile. Gora langileon borroka! Gora borroka feminista!

Era berean, besarkada gorri iraultzailea gure artean egon ezin baina beti gurekin ditugun euskal preso politikoentzat. Euskal presoak, etxera! Euskal presoak, kalera!

Luze doa pandemia, sindemikoa bilakatu da egoera langileontzat, osasun krisia ez ezik, krisi ekonomiko eta soziala areagotu da. Orain urtebete, kapitalaren neurrirako konfinamendu betean, kolaboraziorako deia egin ziguten eta guk aldaketak borrokatzeko hautua egin genuen. Greba Orokorra atzean utzi berritan, udaberri gorria pandemiak guztiz baldintzatu bazuen ere, azkar ikusi genuen mobilizazio aldi berri baten beharra.

Patronalak oso ondo irakurri du LABen hautua zein den. LABen kontrabotere sindikalgintza eta bereziki sindikalgintza feminista zigortzeko atxiloketak izan dira Iruñeakoak. Gure borroka kriminalizatzeko saiakeran urrats berri bat izan da, mezu argia bidali digute, eta hemendik gaur gure erantzuna: ez gaituzue gure bidetik aterako.Babesa, aitortza eta gure maitasuna atxilotuak izan direnei. Borroka sindikal eta sozialagatik — izan enplegua defendatzeagatik edo ostalaritzaren egoera larria salatzeagatik…— errepresioa eta poliziaren jarrera oldarkorra pairatzen ari diren guztientzat gure txalorik beroenak. Ez gaituzte geldituko!

Kapitalismoaren pean, langileok ez gara demokrazian bizi. Patronala harroputz dago, zigorrik gabe sentitzen delako, Estatuaren aparatuak bere zerbitzura daudelako, legegilea, judiziala eta poliziala. Dena patronalaren zerbitzura.

Aurten, dagoeneko 18 langile hil dira lan-istripuetan, eta beste asko, berriz, laneko gaixotasunengatik. Joaquin Beltran Zaldibarko zabortegian desagertuta dago oraindik. Prekaritateak eta prebentzio-neurrien faltak langileak hiltzen ari dira. Hau indarkeria patronala daeta hemen ez da ezer gertatzen. Kapitalismoaren aldeko apustua egiten dutenek zigorrik gabe uzten dituzte delitu horiek, eta protesta sindikal eta sozialak kolpatzen dituzte.

Kapitalismoak krisi bakoitza berrantolatzeko eta indartzeko aprobetxatzen du. Krisi hau ez da salbuespena. Europako Funtsek dagoeneko finkatu dute joko-zelaia, kapital transnazionalen neurrira egindako susperraldi ekonomiko bat.

Aurreko krisian bankuak erreskatatu eta austeritate politikak ezarri zizkiguten. Orain diru publikoarekin finantzatzen da kapitalismoak behar duen ekoizpen-ereduaren aldaketa. Ez dago zerga-erreforma sakon baten aldeko apusturik, eta horrek murrizketa gehiago ekarriko ditu; murrizketak lan-harremanetan edo pentsioetan erreformak eginez edo murrizketak zerbitzu publikoak indartzeko apusturik ez egiten.

Euskal Herrian, aldaketak borrokatzen ari gara, lantokietan eta kalean:

– Zerbitzu publikoak indartzeko, hezkuntza eta osasungintzako langileak eta herritarrak mobilizatu gara. Osasun sistema publikoa kolapsoaren atarian dago eta gure jendea itota, hustuta, agortuta. Ebakuntzak atzeratzea ez da konponbidea. Inbertsioak handitu ezean, jai dugu.

Zerbitzu publiko hobeak behar ditugu eta kalitazteko zerbitzu publikorik ez dago, enplegu gehiago sortu eta dagoena egonkortzen ez bada.

– Enplegua defendatzeko eta duintzeko borrokak ugariak dira. Lantokiz lantoki eta eskualdez eskualde harresi soziala sortzen ari gara. Lan erreformak eskutan patronalarentzat oso erraza da enplegua suntsitzea. Orduan, nori dagokio enplegua eta gutxieneko prestazioa bermatzea? Gobernuei. Eta zer egiten dute? Ezer ez.Patronalari aurpegia zuritu eta enplegua defendatzen ari direnen aurka polizia bidali, hori besterik ez.

Baina enpresa askotako langileek mezu argia bidali diote patronalari, CONFEBASK entzun, ez duzue lortuko! Gaur aipamen berezia, greba mugagabean 100 egunetara iristear diren Tubacexeko langileei!

Aipamen berezia zuei ere, bizi duzuen egoera ikustarazi eta borrokan ari zareten sektore feminizatuetako emakume guztiei: garbiketan, jantokietan, elikaduran, gizarte zerbitzuetan… ari zaretenak, zuekin gaude! Esentzialak, ezinbestekoak zarete, bada garaia zuen lanaren balioa aitortu eta soldatak eta lan baldintzak duintzeko.

Gazteoi ere gure mezua. Etorkizun iluna marraztu dizuete, eta prekarietate gordinean bizitzera kondenatu nahi zaituztete. Antolakuntza eta borroka dira bidea, lan eta bizi baldintza duinak lortzeko. Bidelagun gara eta jarrai dezagun eskuz esku, prekarietatea garaitu eta eskubideen jabe egiteko borrokan.

– Mugimendu feministari esker zaintza lanek duten garrantzia agerian geratu da. Ereduaz gogoeta eta eztabaida irekita dago. Zaintza lan guztiak aitortu eta berrantolatu egin behar dira, zaintza lanetan ari diren emakumeen soldata eta lan baldintzak duindu egin behar dira eta zaintza sistema publiko komunitarioa eratu behar da.

Sistema hau ezin da sostengatu emakumeen lanik gabe. Lan isila eta gaizki ordaindua, eta ez gaude horrela jarraitzeko prest. Ahalduntzen ari gara, antolatzen ari gara eta ez gaude prest egokitu diguten papera onartzeko. Ez dugu onartuko.

– Pentsiodunak:hiru urte luze kalean astero mobilizatzen. Eredu zarete! Langile guztiei dagokigu pentsio duinen aldeko banderari heltzea. Ez dugu erretiro-adina gehiago luzatu dezaten nahi, aurreratu baizik, eta ez dugu pentsio-sistema publikoa pentsio-plan pribatuekin osatu nahi. Sistema publikoa indartu nahi dugu. Soldata duinak behar ditugu etorkizunean pentsio duinak izateko. Bada garaia 1.080 euroko gutxieneko pentsioa ezartzeko eta pentsioen arrakalarekin amaitzeko. Nahikoa arrazoi dugu mobilizatzeko. Maiatzaren 29an kalean ikusiko dugu elkar!

Orain, norabidea aldatzearen aldeko borroka sindikal eta sozial guztiak babesten jarraitu behar dugu. Eta zer eskatzen du momentuak? Mugarri berriak jartzeko unea iritsi da, greba eta mobilizazio gehiagorekin eta borroka ezberdinen arteko bat-egite hori bilatuz. Momentuak beste Greba Orokor bat eskatzen du eta LAB hurrengo Greba Orokorrerako adostasunak sortzen hasteko prest dago,hitz egiten hasteko eta bide horretan adostasunak bilatzeko.

Kapitalismoarialternatiba eraikitzea mundu mailako erronka da.  Baina, argi dago alternatiba hori herri gisa abiatu behar dugula, herri burujabetza prozesuak bultzatuz. Aldaketa ezker soberanismoaren eta langileen lidergotik bultzatuko da edo ez da izango.

Trantsizio ekosozialista eta feminista, hori da alternatiba eta LABen gure proposamenak  Programa Sozioekonomikoan jaso ditugu: Euskal Herriko Lan Kodea eta Gizarte Segurantzako lege propioa bat borrokatzeko determinazioa dugu.

Proposamen eraldatzailea da gurea eta proposamen horiek partekatzenari gara eragile sindikal, sozial eta politiko desberdinekin. Sinergiak bilatuz, indarrak bilduz, borrokak artikulatuz. Maila politiko instituzionalean, lantokietan eta kalean.

Euskal Herriak, erakutsi du, herri borrokalaria dela, baita borrokak merezi duela ere. Jarraituko dugu borroka sindikal eta borroka sozialak pizten,  enplegua, zerbitzu publikoak, zaintza sistema publiko komunitarioa eta pentsioen defentsan. Ez gaude kikiltzeko, ez gaude amore emateko, borrokarako indarra dugu.

GORA LANGILEON BORROKA!

Huerta de Peralta enpresako greba bertan behera utzi dugu, zuzendaritzarekin akordio bat lortu eta gero #LortuDugu

Datozen maiatzaren 3an eta 5ean bi greba egun zeuden deituta, enpresak langileen gehiengoari egiten dion tratu txarra salatzeko eta langileen aldarrikapenak aintzat hartuko dituen eraginkortasun orokorreko itun baten alde egiteko. Hala ere, enpresako zuzendaritzak lan-giroa hobetzeko neurri zehatzak onartu izanak greba bertan behera uztea ahalbidetu du, eta Enpresa Ituna berritzeko negoziazioei berrekiteko aukera zabaldu du. LAB pozik agertu da ekintza sindikalaren bidez lortu delako egoera berbideratzea.

Huerta de Peralta Azkoiengo enpresa ezaguna egin zen 2018-2019 neguan langileek egin zuten 28 eguneko grebarengatik. Greba hura langileek irabazi zuten, enpresarekin akordioa eginda, baina, ordutik, langileekiko tratu desberdinek eta eguneroko izapide oinarrizkoenetan beren eskubideak praktikan jartzeko zailtasunek plantillaren haserrea eragin izan duen giro itogarriaren aurrean, langileen batzarrak erabakia hartu zuen grebaren bi egunak deitzeko.

Grebaren deialdia publiko egin eta berehala, enpresa mugitzen hasi zen. Eta apirilaren 29ko arratsaldekaren hasieran zuzendaritzak eta Greba Batzordeak lehen bilera bat egin ondoren, negoziazioak hasi ziren zuzendaritza eta LABen artean, eta, hainbat proposamen eta kontraproposamen trukatu ondoren, apirilaren 30eko arratsaldeko azken orduan Greba Batzordeak proposatutako neurri zehatz gehienak jasotzen dituen akordio batera iritsi dira.

Aipatutako akordioaren arabera, enpresa-zuzendaritzaren eta langileen arteko komunikazioa errazteko mekanismoak ezartzen dira, gatazka-egoerak saihesteko balio beharko dutena; horrela, lan-harremanak ezaugarritzen ari diren tentsioa murrizten lagunduko dute.

Era berean, greba bertan behera uzteko akordioak berekin dakar lantokiko lan-baldintzak arautzeko negoziazioei berrekitea. LABek eraginkortasun orokorreko enpresa-itun baten alde egiten jarraituko du, langileek batzarretan adierazi dituzten aldarrikapenak jasoko dituena, Nafarroako Nekazaritza eta Abeltzaintzako Hitzarmen Kolektiboaren baldintzak hobetzeko.

Bilboko El Corte Ingles aurrean mobilizatu gara, enpleguaren defentsan

Mobilizazioa egin dugu El Corte Ingles-eko Enplegu Erregulazioko Espedientea salatzeko. Hain zuzen ere, kaleratze eta prekarizazioaren kontra protesta egin dugu Bilboko saltokiaren aurrean. “Hemen ez dago langilerik soberan, pertsonal faltan gaude. Lan karga etengabe ari da handitzen”, adierazi dugu.

LABek mobilizazioa egin du gaur Bilboko El Corte Ingles-en lan-zentroaren aurrean. Salatu du enpresak EEEa arrakastatsutzat saldu nahi duen arren, borondatezko fasea ezagutzen ez diren alderdi askorekin amaitu dela. Gainera, adierazi du enpresak digitalizazioa erabili duela lan-baldintzak baldintzatzeko aitzakia moduan.

LABetik adierazi dute El Corte Inglesek ezarritako neurriak ez direla digitalizazioa edo pandemiaren ondoriozkoak, enpresak aspalditik bultzatu nahi duen negozio ereduagatik baizik: asteburu eta igandeetako kontratazio prekarioak ateak itxita soilik on-line salmenta prestatzeko; gero eta katalago zabalagoa interneten eta txikiagoa dendetan; langileen murrizketa, ordezkapen falta, aldi baterako kontratuak ez luzatzea. EEEa pauso erraldoia da bide honetan. 

Gainera, prozesu hau ematen da langileen lan-baldintzak neurri handian prekarizatzen zituen lan-baldintzen funtsezko aldaketa bat sinatu ondoren, trukean lanpostuei eutsiko zietela zehazten zuena. Urtebete ere ez da pasatu eta enpresak 3.000 langile baino gehiagori eragiten dion EEEa aurkeztu du. 

EEEaren kontra dago LAB eta uste du digitalizazioari aurre egiteko beste bide batzuk daudela, eta El Corte Ingles-ek pertsonal gastuak murriztearen alde egin duela irabaziak handitzen jarraitzeko. EAEn sostenguko 37 lanpostu ezabatu nahi zituen enpresak. Hemen ez da boluntariorik egon, baina bai aldiz salmenta arloan. LABek eskaera horiei ezetza ematea eta kaleratzeekin aurrera jarraitzea zentzugabekeria dela jakinarazi dio enpresari eta honek ziurtatu du ez dela derrigorrezko kaleratzerik egongo. 

Sindikatuak kezka adierazten du sostenguan zeuden langileak geratuko diren egoeraren inguruan eta ohartarazten du onartezinak izan litezkeen aldaketak planteatu daitezkeela, langileek eurek lanpostuak uztea ekar dezaketenak, antzeko EEE prozedura batzutan gertatzen ari den moduan, hala nola Inditex edo H&Mn. Ez dira behartutakoak izango, baina badago lanpostuak zeharka suntsitzeko arriskua. Horregatik, LABek bermeak eta konpromisoa eskatzen dizkio enpresari. 

Errekuperazio, Eraldaketa eta Erresilentzia Planaren tramitazio prozesuaren opakotasuna salatzen dugu

Informazio eta gardentasun falta Europako funtsak langileriak eskatzen eta behar dituen lehentasunak bere jardueraren erdigunean kokatzeko diseinatuta ez daudela adierazten duen beste sintoma bat da.

Espainiako Gobernuak Eraldaketa eta Erresilientzia Berreskuratzeko Plana onartu zuen asteartean Ministroen Kontseiluan, eta gaur zen Europako Batzordeari igortzeko azken eguna. Planak 20 trakzio-programa eta 110 inbertsio-eremu ditu, baina oraindik ez ditu zehazten Europar Batasunera bidaliko diren proiektu zehatzak. Next Generation EUren onarpena eta izapidetzea inguratzen ari den prozesu opakoaren beste kapitulu bat baino ez da hau.

Ildo beretik, gogoratu behar da 36/2020 Dekretutik eratorritako lege-proiektua onartu gabe dagoela oraindik, eta hainbat aldiz luzatu dela haren izapidetzea; horrek ziurgabetasun handiagoa gehitzen du aipatu prozesuan. PERTEak onartzea, hala nola proiektu estrategikoak izapidetzeko sozietate-figurak eta kontratazio publikoaren bermeetan baldintzak jaistea salatzen ari garen opakotasunaren beste adibide bat dira.

Gauzak horrela izanik ere, Europako funtsak jaso ahal izateko egingo dituen erreformak bai zehaztu ditu Espainiako Estatuak bere dokumentuan. Aurkeztutako planean jasotzen diren erreformen artean, pentsioen erreforma, lan erreforma eta erreforma fiskala daude. Bruselak mahai gainean jartzen dituen baldintzatzaile argiez harago, Estatuko Gobernuak lan- erreforma indargabetzeko erakutsi duen borondate eza gogoratu behar dugu.

Norabide berean, Toledoko Itunaren gomendioek eta pentsioen sistema publikoa ahultzeko Escrivá ministroak egindako proposamenak langile guztion eskubideei zuzenean erasotzen dituela deitoratu nahi dugu. Gobernuaren politika erregresiboaren zantzu argiak dira, besteak beste, pentsioaren zenbatekoa kalkulatzeko epea 25 urtetik 35era luzatzea edo 2011ko pentsioen erreforma sendotzea.

Aldi berean, zerga-erreforma sakon bati ekitea saihesten da. Beste behin ere, errenta altuak eta enpresa-mozkinak gehiago zergapetzeko egiturazko erreformen beharra aldarrikatzen dugu. Ez egitea murrizketa gehiagoren alde egitea da.

Aipatzekoa da ere, oso esanguratsua izaten ari dela aholkularitza-enpresa handiek eta enpresa transnazionalek planaren diseinu-prozesu osoan izan duten presentzia, bai planaren arau-garapenean, bai haren ondoriozko jarduera-ildo estrategikoen eta proiektuen prestakuntzan. Lankidetza publiko-pribatua klientelismoan eta 2008ko krisian ere funtzionatu zuen estrategian laburbiltzen da: etekinak pribatizatzea eta galerak sozializatzea.

Beste behin ere ikusten ari gara Euskal Herriko langileriaren etorkizuna Madrilen eta Bruselan erabakitzen dela. Aldiz, erabaki eta politika horien ondorioek eragin nabarmena dute euskal langileen bizi-baldintzetan. LAB sindikatutik argi daukagu kapitalaren bira berriak, hazkunde berdearen eta digitalaren eskemarantz, langileen interesekin aurrez aurre talka egiten duela.

LABetik berriro diogu beharrezkoa dela gizarte-eztabaida bat egitea osasun-larrialdiak sakondu dituen krisiei aurre egiteko egin behar den trantsizioari buruz. Ezin digute eztabaida hori lapurtu. Egungo sistema ez da ez sozialki ezta ekologikoki bideragarria. Bizitzaren merkantilizazioaren aurrean, langileon beharrak erdigunean jarriko dituen trantsizio ekosozialista eta feminista beharrezkoa da; jarduera ekonomikoaren ardatza publikoan jarriko duena, aberastasuna, lana eta enplegua ikusarazi eta banatuko dituena, jasangarria eta interdependentea izango dena, eta pentsio-sistema eta langile guztientzako lan-baldintza duinak babestuko dituena.

Bideragarritasun-plan bat eskatu diogu Electroaceros enpresari, bertako lanpostuak ziurtatzeko

Electroaceros S.A.ko (Metalaren sektoreko Iruñeko faktoria da, eta 40 bat langileri ditu) zuzendaritzaren utzikeria salatu nahi du LAB sindikatuak, azken urteotako enpresaren dinamika negatiboa konpontzeko utzikeria. Langileek gaur ordu erdiko elkarretaratzea egin dute lantegiaren atarian.

LABek behin eta berriz eskatu dio enpresako zuzendaritzari mahai baten inguruan esertzeko, haiekin batera enpresaren egoera aztertzeko eta dauden aukera guztiak ikusteko konpromisoa. Ildo horretan, enpresaren etorkizunerako duen bideragarritasun-plana ezagutaraztea eskatu izan diogu enpresari, ekarpenak egin ahal izateko.

Baina gure eskaera onartu beharrean, enpresak hainbat erasorekin erantzun du. 2020ko uztailean, kontsultaldia amaitu aurretik erretiratu zuten ABEEE Aldi Baterako Enplegu Erregulazio Espediente ekonomikoa aplikatzen saiatu ziren, eta 2021eko martxoan funtsezko aldaketa bat egiteko mehatxua egin zuten, langileen soldata izugarri okertzen zuena. Aldaketa hori plantillaren batasun eta mobilizazioari esker gelditu zen.

Nahiz eta ontzat jotzen dugun ez dela aplikatuko ez ABEEErik ez funtsezko aldaketarik, egoera ez da aldatu, eta egoera horri gehitu behar zaio 2021 osoan enpresak daraman plantillari nominak ordaintzeko atzerapena. Beste behin ere, LAB sindikatutik eskatzen dugu enpresak bideragarritasun-plana aurkezteko eta gurekin negoziatzeko, Electroaceros S.A. enpresako lanpostuen etorkizuna ziurtatze aldera.

Zutik, kanta, garaitzera goaz!

Hemen da Maiatzaren Lehena, eta LABek langile klasearen harrotasunaren eguna musikatu du, “El pueblo unido jamás será vencido” abesti historikoaren euskarazko aldaera eginda. Hain zuzen ere, Andreina Jolin musika talde nafarraren eskutik egin dugu abestia, “Herria, batua, inoiz ez garaitua” izenburupean.

EAEko Goi Auzitegiaren ebazpena klasistatzat jotzen dugu eta Euskal Herri osoan antolatu ditugun 34 mobilizazioetan parte hartzeko deia egiten diegu langileei

EAEko Goi Auzitegiak Eusko Jaurlaritzaren irizpidea ontzat ematen du, alegia, sindikatuoi eskatzen digu Maiatzaren Leheneko Gasteiz, Bilbo eta Donostiako manifestazioetan itxiera perimetralaren neurriak bete daitezen bermatzea.
LABen iritziz, Eusko Jaurlaritzaren eta EAEko Goi Auzitegiaren irizpidearen atzean klasismo nabarmena dago. Bistan da epaitegiak ez direla neutroak; klase gatazka areagotzen ari den honetan, euren ebazpenetan gehiegizko konfiantza jartzea arriskutsua da.

Klasismoaz mintzo gara, turismoa sustatzearren Kantabriako muga ospakizun artean ireki zuen edota pandemiaren lehen olatua amaitu gabe zegoela alde bakarrez hauteskundeak deitu zituen Jaurlaritzak berak mugatu nahi dituelako orain langileon oinarrizko eskubide zibil eta politikoak. Klasismoaz mintzo gara, pandemia hasi denetik ez delako egon enpresetan segurtasun neurriak bermatzeko inolako ekimenik Ertzaintzaren, Lan Ikuskaritzaren edota epaitegien aldetik. Egunero-egunero, milaka langile goaz lanera, ez nahikoa den garraio publikoan pilatuta kasu askotan, gure herrietan itxiera perimetrala egon ala ez. Eta joan-etorri horiek baino, kalean eta segurtasun neurri guztiekin egingo diren mobilizazioetarako joan-etorriak mugatu nahi ditu Eusko Jaurlaritzak. Ematen du koronabirusa baino, mobilizazio soziala dela arazoa eurentzat.

Edozein kasutan ere, Gasteiz, Bilbo eta Donostiako mobilizazioak ez dira LABek EAEn egingo dituen mobilizazio bakarrak, ezta gutxiago ere. Gainontzeko sindikatuak ez bezala, Maiatzaren Leheneko mobilizazioak deszentralizatzearen alde egin du LABek, bai herritarren parte hartzea errazteko baita joan-etorriak murriztu eta jende pilaketak ekiditeko. Osotara 34 mobilizazio antolatu ditu Euskal Herri osoan zehar eta ondorioz langile gehien-gehienek izango dute aukera euren bizitokitik gertuko mobilizazio sindikal batean parte hartzeko. Mobilizazio hauek segurtasun neurri guztiekin egingo dira, azken urtean hamaika aldiz egin bezala.

Langileon eguna langileona da eta ez dago Jaurlaritzarik ez eta epaitegirik ebatsiko digunik. Bete ditzagun kaleak arduraz eta elkartasunez; ozen entzun dadila euskal langileon deiadarra: lan, pentsio, zaintza eta bizitza duina denontzat! Trantsizio ekosozialista eta feminista, orain!

Gazteen enpleguaren galera handia, prekaritatearen ondorio

Sindemiak eta hondamendi handiagoa saihesteko hartutako neurriek eragindako enplegu galerak, urteko balantze gisa 35.200 lanposturen suntsiketa utzi du Hego Euskal Herriko lurraldeetan, hau da, duela urtebete okupatuta zeuden biztanleen ia %3.

Gainera, datu horri beste 35.000 pertsona gehitu behar zaizkio; izan ere, martxoaren amaieran oraindik ere Aldi Baterako Enplegu Erregulazio (ABEE) baten eraginpean zeuden, eta euren enplegu-etorkizuna hari batetik zintzilik dago momentu honetan.

Biztanleria Aktiboaren Inkestaren (BAI) emaitzak sektoreka aztertuz, enpleguaren galera handiagoa izan da zerbitzuetan, batez ere ostalaritzan eta aisiarekin zerikusi zuzena duten jardueretan. Hain zuzen ere, jarduera-adar horietan kokatzen da gazte askoren enplegu-jarduera, aldi baterako enplegu prekarioetan nagusiki. Horregatik, kanoi-bazka gisa erabiltzen den gaztetasuna, krisiak gehien kaltetutako biztanleriaren sektorea izaten ari da.

25 urtetik beherakoen artean lan-okupazioak %12 egin du behera azken urtean, eta langabezia-tasa ia bikoiztu egin da, gazteen artean % 37tik gorako langabezia-tasara iritsi arte. Langabezia-tasa hori guztiz zentzugabea da, batez ere Europar Batasuneko batez bestekoarekin (%17 ingurukoa) alderatzen badugu. Izan ere, EBko estatu kideen artean, Espainiakoak soilik du gazteen langabezia-tasa gurea baino handiagoa.

Bestalde, aldi baterako kontratuen tasa %75 ingurukoa da euskal gazteen artean, eta belaunaldi gazteenek laneratzeko prozesu neketsuan jasaten dituzten lan-baldintza tamalgarrien beste adibide bat da.

Horregatik guztiagatik, Maiatzaren Lehenaren bezperan eta lan-erreforma berri baten atarian, nabarmendu nahi dugu esperientziak erakusten duela erreformek ez dutela inoiz enplegua sortzeko balio izan, baina enplegua prekarizatzen lagundu dutela. Hala ere, guztiz kontrakoa lortzen ere lagun dezakete.

Ildo horretan, PSOEri bere konpromisoak betetzeko eta lan erreforma bertan behera uzteko eskatzen diogu, agindu bezala.

Osakidetzako garbitzaileek mobilizazioak iragarri dituzte, euren lan baldintzen defentsan

LAB, ELA, UGT, CCOO eta ESK sindikatuok greba egun batera deitu dugu maiatzaren 27rako. “Iritsi da ikusarazteko ordua”, adierazi dute agerraldi batean.