2026-01-24
Blog Page 436

Inputazio berriak eskatu ditugu Osakidetzako EPEaren irregulartasunen inguruko epaiketan

Hedabideen aurreko azken agerraldian aurreratu genuen: “Ez daude diren guztiak, baina dauden guztiak, badira”. Hori esaten genuen, zuzendaritzan zuten tokiaz baliatuz filtrazioei bidea erraztu zieten Osakidetzako arduradunei buruz ari ginenean.

Gaur, LABen eskariz instrukzioan jasotako dokumentazioarekin, arduradunen zerrenda honetan Miriam Aparicio Sanz gehitu dugu. Hau, salatutako gertakarien momentuan, Osakidetzako Giza Baliabideen Zuzendaritzari atxikitutako Hautaketa eta Hornikuntza Zerbitzuko buru zen.

Besteak beste, zuzenean lotuta dago gutxienez neurokirugia eta urologiako bigarren frogaren zuzenketan anonimotasuna hausteko baimen espresuetara. Eta honek, bere inguruan LABetik susmatzen genuena baieztatu du.

LABek prozesu honetan defendatzen duen tesiaren arabera, iruzurrezko plazak banatzeko sistema errazteaz eta babesteaz arduratzen den Osakidetzaren gune operatiboa honela osatuta geratzen da:

1.- Jon Darpon Sierra, gertakarien unean Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburua zena.
2.- Ma Jesus Mugica Anduaga, gertakarien unean Osakidetzako zuzendari nagusia zena.
3.- Juan Carlos Soto Pérez, Osakidetzako Giza Baliabideetako zuzendaria zena.
4.- Xabier Balerdi Tolosa, gertakarien unean Osakidetzako Giza Baliabideetako zuzendariordea zena.
5.- Andonio Arcelay Salazar, gertakarien unean Osakidetzako Asistentzia Sanitarioko zuzendaria zena.
6.- Miriam Aparicio Sanz, salatutako gertakarien unean Osakidetzako Giza Baliabideen Zuzendaritzari atxikitako Hautaketa eta Hornikuntza Zerbitzuko buru zena.

Epaitegiari eskatzen diogu sei pertsona horiek inputatzeko, zilegi ez den elkarte bateko kide izatea, kontratazioan iruzur egitea eta sekretuak ezagutaraztea egotzita.

Halaber, 10 eginbide gehiago eskatu dizkiogu Epaitegiari:

1. Inputatu gisa egindako eskaerak:
– Debagoieneko Traumatologia Zerbitzuko burua.
– Kirurgia plastikoaren lehen azterketa egin zuten bi pertsonak. Azterketa horren arduraduna, Donostiako Kirurgia Plastiko, Estetiko eta Konpontzaile Zerbitzuko burua zena, “X oposiziogilearen” aitaginarreba da.
– “X oposiziogilea”, kirurgia plastikoan azterketa bikaina egin ondoren LEPari uko egin ziona.

2. Beste 6 lekukoren eskaera:
– Kirurgia kardiobaskularreko epaimahai kalifikatzaileko kide bat
– HAEEko arduraduna, Hotmail-eko kontu batetik mezu elektroniko bat jaso zuena “X oposiziogileak” hautatzeko prozesuarekin jarraitzeari uko egiteko eskatuz.

Azpimarratu behar da “x oposiziogile” horrek, ikertu gisa deklaratzeko ere eskatu dugunak, azterketa teorikoan 100etik 72 puntu lortu zituela. Hurrengo oposiziogileak 58 lortu zituen, eta azterketa hau 20 oposiziogiletik 6k baino ez zuten onartu. Azterketa praktikoan “x oposiziogileak” 100etik 60,4 puntu lortu zituen.

– Oposiziogile bat.
– 2016-17ko lan-eskaintza publikoaren akordioaren negoziazioetan parte hartu duten Mediku Sindikatuko kideak.
– Jose Maria Armentia Osakidetzako Giza Baliabideetako zuzendari ohia. 2016-17ko lan-eskaintza publikorako akordioaren egilea, hilabete geroago kargutik kendu zutena.

3. Eskatutako ofizioak:
– Ospitaleko pediatriako espediente osoa eskatu da, baina oraindik ez da epaitegietara eraman Osakidetzaren ekimenez, nahiz eta diziplina-espediente baten xede izan den eta oposiziogileen batzuen mesedetara zuzendutako galdera bat baliogabetu den.

Berriz ere azpimarratu nahi dugu kontratazio publikoan iruzur horri eusten zioten oinarriak porrot egiten ari direla, Osakidetzaren 2016-17ko lan-eskaintza publikoan gertatutakoak zalantzan jartzen du gure osasuna zaintzeaz arduratzen den erakundearen funtzionamendu demokratikoa. Herritar guztiok enplegu publikora iristeko dugun aukera- berdintasunaren aurka doan eskatu ahalako plazak banatzeko sistema mantentzearen ondorioak oso larriak dira.

Osakidetzako zuzendaritzak 2016-17ko lan-eskaintza publikoan izandako jarduera ustelkeriaren adibide bat da, eta neurri deigarriak ezartzen ditu forman eta hutsuneak funtsean, hala nola HAEEk prozesuan parte hartzea. Neurri horiek gardentasun- eta garbitasun-itxura ematen zuten, baina hau desagertu egin da lan-eskaintza publikoaren antolaketaren xehetasunak ezagutu ditugunean, LABek instrukzio honetan eskatutako eginbideei esker.

Osakidetzako LEP prozesuen berrikuspen sakona atzeraezina dela uste dugu, eta berrikuspen horrek zigorgabetasunaren amaieraren ondorio izan behar du. Baldintza hori ezinbestekoa da bermedun fakultatibo espezialisten kategorietan LEP prozesu berriak abian jartzeko. Lan horretan LABek ahaleginak egingo ditu, eta prozesu osoan zehar egiaztatzen ari garen bezala, LABen eta bere zerbitzu juridikoen ahaleginak fruituak ematen ari dira.

Tubos Reunidos eta Productos Tubulares enpresetako langileak Bilbon mobilizatu dira, enpleguaren eta euren etorkizunaren defentsan

Tubos Reunidos taldearen bulego nagusiaren aurrean protesta egin dute, LAB eta ESK sindikatuok deituta, eta Tubacex eta PCB-ITP enpresetako langileen babesa jaso dute.

Tubos Reunidos Amurrion dago kokatuta eta Productos Tubulares, Trapagan. Talde nagusiaren bulegoan, Bilbon, eskaera bat erregistratu dute gaur, langileen etorkizunarekin lotuta. Tubos Reunidoseko delegatu eta LABeko kide Oier Bidaurrazagaren hitzetan, “aspalditik ari gara itxaroten ea bidegarritasun plana eta industria plana aurkezten diguten; sarritan eskatu dugu, eta gaur eskatu diogu taldeko kontseiluko presidenteari”.

Era berean, hitzarmen duin bat aldarrikatu dute. “Hitzarmenak iraungita ditugu duela nahikotxo urtetik; Tubos Reunidosen duela 4 urtetik eta Productos Tubularesen duela 3 urtetik, eta 4 eta 5. urtea egitera goaz, eta ez dugu inongo berririk, blokeo egoeran gaudelako”, adierazi du LABeko ordezkariak.

Tubacex eta PCB-ITP enpresetako langileek emandako babesa asko eskertu dute. “Kriston eredu dira, duintasuna erakusten ari dira, txalogarria da”, erantsi du Oier Bidaurrazagak.

EAEko Auzitegi Nagusiaren PCB-ITPko kaleratzeen inguruko epaiak erakusten du enpresaren asmo bakarra langileen kontura aberasten jarraitzea zela #LortuDugu

Barakaldoko enpresak 83 kaleratuak berriro onartu beharko ditu. LABek jarri zuen helegitea, CCOO eta ELA sindikatuekin batera.

Penaletik akusatu duten PCB-ITPko gure delegatuari babesa ematea dagokigu orain. Patronalak Jaurlaritzaren eta Ertzaintzaren laguntzari esker eskaintzen duen errezetaren aurrean mezu argi bat helarazi nahi dugu: Borroka sindikala ez da delitua!

LABen oharra, epaiaren harira:

Lehenik eta behin, LABek zoriondu egiten ditu PCB-IPTko langileak enpleguaren defentsan egin duten borroka eredugarriarengatik. Gaur ezagutu dugun epaiak egiten duen bakarra LABek hasieratik defendatu duena frogatzea izan da, hau da, ez zegoela arrazoi justifikaturik 83 langile kaleratzeko. Kaleratze hauekin enpresak zuen asmo bakarra langileen kontura aberasten jarraitzea zela, covid-19a aitzakia moduan jarrita. Epaiak arrazoia eman digu.

Orain, galdera bat zuzendu nahi diogu Eusko Jaurlaritzaren Industria Sailari, eta zehazki, Arantxa Tapia sailburuari: modu bidegabean kaleratu dituzte 83 langile hauen lanerako eskubidea defendatuko al du gatazkan zehar greba babesten ez zuten langileen gutxiengo baten lanerako eskubidea defendatzen zuen tinkotasun berdinarekin? Espero dugu bere jarrera lanerako eskubidearekiko orduan izan zen irmotasun berekoa izatea. Era berean, Tapiari eskatzen diogu exiji diezaiola PCB-ITPko zuzendaritzari epaiari helegitea ez jartzea. 

Era berean, Eusko Jaurlaritzak gatazka honetan zehar izan duen papera gogoratu nahi dugu, egin duen bakarra izan baita Ertzaintza bidaltzea langileak egurtzera eta guztiz zilegia den borroka bat kriminalizatzera. Horregatik, PCBren zuzendaritzari exijitzen diogu Zigor Azpiolea gure delegatuaren kontrako karguak erretira ditzala. Borrokatzek merezi du eta LABek animoak, besarkada bero bat eta mezu argia bidali nahi diegu euren lanpostuen alde borrokan ari diren enpresetako langileei, esaterako, Tubacex-en. 

Era berean, Eusko Jaurlaritzari exijitzen diogu ITPren balizko salmenta baten aurrean, ezinbesteko baldintza bezala jar dezala langile guzti hauek euren lanpostuetara itzul daitezela. 

Lan-istripu ez traumatikoan lau langile hil dira aurten Euskal Herrian

Atzo, maiatzaren 3an, Zornotzako Forging Steel Products enpresan gertatutako lan-istripu hilgarri baten berri izan genuen. 46 urtetako R.M.V. langileak istripu ez traumatikoa izan zuen lanean ari zela, eta bertan hil zen. Azken hildako honekin eta urte hasieratik, gutxienez 19 dira lanean edo honen ondorioz Hego Euskal Herrian hil diren langileak. Gainera, ezin dugu ahaztu Joaquin Beltran, 14 hilabete baino daramatzana desagertuta Zaldibarreko zabortegian

Lehenik eta behin eta LAB sindikatutik, gure elkartasuna eta babesa helarazi nahi dizkiogu hildakoaren senide, gertuko eta lankideei.

Istripu ez traumatikoak ere lan-istripuak dira. Ez dira kasualitatez laneko orduetan izaten, zorte txarragatik, enpresariek esaten duten moduan lanarekin zerikusirik ez duela adierazten dutenean.

Jakina da lan-baldintzak, presioak eta estresa direla bihotzeko istripuak sortzen dituzten faktore garrantzitsuenetakoak eta hauek bihurtu dira lan-istripuen arrazoi nagusienetakoa. Horrela, 2020an izandako lan-istripu hilgarrien %25a ez traumatikoak izan ziren eta 2021 urte hasieratik, 4 langile hil dira arrazoi honengatik.

Istripu honen eta laneko istripu guztien atzean langileen lan eta bizi-baldintzak daude. Lan-baldintzak txarrak, hala nola lan- erritmoak, presioak, autoritarismoa etab., estresa sortzen dutenak, eta ondorioz, hainbat gaixotasun, batzutan heriotza eragiten dietenak langileei.

Lan eta bizitza duinak izateko eskubidea dugu, gure lanpostuetatik osasunez eta bizirik bueltatzekoa. Argi dagoena da hau edo beste edozein lan-istripu ez direla gertakari isolatuak, ekonomia langileriaren osasun eta bizitzaren aurretik lehenesten duen eredu produktibo baten isla baizik.

LABen argi dugu mobilizazioa eta borroka direla lan-istripuen gaitz indibidual, familiar eta sozial honekin amaitzeko arma bakarrak. Izan ere, norabide aldaketa behar dugu, eredu aldaketa bat, zeinetan langile klasearen osasuna eta bizitza izango diren elementu nagusia.

Istripu hau salatzeko, Forging Steel Products-eko enpresa-batzordeak orduerdiko lanuztea eta kontzentrazioa egin ditu, 13:30etik 14:00etara, enpresaren aurrean.

Kolonbiarentzat bakea, bizitza eta demokrazia eskatuko ditugu ostegunean

LAB, ELA, CCOO Euskadi, UGT Euskadi, ESK, STEILAS, CGT Nafarroa, EHNE Bizkaia, EHNE Nafarroa, Etxalde eta Hiru sindikatuok Kolonbiako egoeraren inguruan adierazpen bat egin dugu. Mobilizaziora deitu dugu, Hego Euskal Herriko hiriburuetan.

Adierazpena:

BAKEA, BIZITZA ETA DEMOKRAZIA KOLONBIAN

Bakearen, bizitzaren eta demokraziaren alde, eta Ivan Duqueren gobernuaren zerga erreformaren kontra apirilaren 28an deitu zen greba orokorraren ondoren Kolonbian gertatzen ari denaren aurrean, behean sinatzen dugun sindikatuok honakoa adierazten dugu:

  1. Kolonbiako langile klasearen eta herriaren lan eta bizi baldintzak prekarizatzen dituzten Kolonbiako gobernuaren zerga erreforma proposamena eta bestelako politika neoliberalak gaitzesten ditugu. Honi, Kolonbiako gobernuak bake akordioen konpromisoak betetzeko duen borondate eza eta lider sozialen, nekazarien, sindikalisten kontrako mehatxuak eta erailketak, nahiz emakumeen kontrako etengabeko feminizidioa eta sindikalgintza egiteko dauden etengabeko zailtasunak gehitzen badizkiogu, pasa den apirilaren 28ko greba orokorraren aldarrikapenak justuak eta zilegiak direla deritzogu.
  2. Behean sinatzen dugun sindikatuok apirilaren 28tik hona Kolonbiako herriaren kontra zabaldutako errepresio bortitza gaitzesten dugu. Errepresio honen ondorioz, greba orokorraren deialdiaren testuinguruan 940dik gora biolentzia polizial kasu, 21 erailketa, eta indar publikoen aldetik egondako 4 biolentzia sexual kasu egon dira.
  3. Kolonbian ematen den protestaren eta disidentzia politikoaren krimininalizazioa salatzen dugu. Aldi berean, herrialdean ematen diren etengabeko giza eskubideen urraketak, greba eskubidearen urraketa, eta azken bost egunetan Kolonbiako herriaren kontra ematen ari den biolentzia justifika ezina; hala nola, biolentzia poliziala bortitza eta Kolonbiako kaleetan ematen ari den indar militarren presentziaren areagotzea gaitzesten dugu.
  4. Adierazpen hau sinatzen dugun eragileok Kolonbian bakearen, bizitzaren eta demokraziaren aldeko gure konpromisoan berresten garela adierazi nahi dugu, eta ahal dugun neurrian, La Habanako bake akordioak bete daitezen, feminizidioarekin, eta disidentzia politikoaren kontrako politikaren amaitu dadin lanean jarraituko dugu. Hots, Kolonbian giza eskubideak errespetu daitezen, eta justizia nahiz demokrazia egon dadin lanean jarraituko dugu orain arte egin dugun bezala.
  5. Aipaturiko guztiagatik, ostegun honetan maiatzaren 18:30ean, Iruñean, Bilbon, Donostian eta Gasteizen, “Kolonbian bakearen, bizitzaren eta demokraziaren alde” lelopean siglarik gabeko mobilizazio herritar eta zabaletan parte hartzeko deia luzatzen dugu.

Kontzentrazioak ostegun honetan, maiatzaren 6an, 18:30ean izango dira:

Iruñean, Udaletxe plazan.

Bilbon, Areatzan, Arriaga parean.

Donostian, Bulebarreko kioskoan.

Gasteizen, Correos plazan.

Borrokarako deia egiten diegu beste sindikatuei, Gipuzkoako kale garbiketako hitzarmena hobetzeko

Denbora daramagu Gipuzkoako Kale Garbitzaileen hitzarmena berritu nahian, pandemia erdian, lehen lerroan egon diren langileontzat eskubideak gaurkotu nahian.

Orain arte negoziaketa motel joan da eta, bat batean, plegu batzuk aterako direla aitzakia hartuta, pasa den apirilaren 26ko bileran (egin den azkena) patronalak estrategia guztiz aldatu eta ultimatuma aurkeztu zuen. Gogor salatzen dugu patronalaren jarrera, azken proposamena ultimatum eta mehatxuekin mahaigaineratu baitu. Adierazi du maiatzaren 7an egingo den hurrengo bilerarako euren proposamena onartu ezean, ez direla azalduko.

Egia da edukietan aurreratu dela, egia da azken proposamen hau nahiko egokia dela. Baina egia da ere, kolektibo honek askoz gehiago merezi duela.

Kale garbitzaileek borrokarako duten ahalmenean sinisten dugu. Bai eta patronalak egindako azken eskaintza hau hobetzeko tartea dagoela oraindik ere. Horregatik, ultimatumei muzin egin eta borrokaren bideari eutsi behar zaiola uste dugu, beti ere orain arteko batasun sindikalari eutsiz.

Babesa erakutsi diogu penaletik akusatu duten PCB-ITPko gure delegatuari

Zigor Azpiolea, LABeko delegatua PCB-ITPn, penaletik akusatu dute enpresak eta Ertzaintzak. Ondorioz, akusatu moduan deklaratu beharko du datorren ekainaren 24an. Enpresak, 83 kaleratzeaz gain, langileek greban zehar egindako ekintza sindikal eredugarriari egin nahi dio eraso.

Barakaldoko lantegiko atean, enpresa-batzordeak prentsaurrekoa eman du neurri honen kontra dagoela adierazteko, langileria kriminalizatzea beste helbururik ez duena. Era berean, akusatuarekiko elkartasunez abian jarri duten kanpainaren berri eman dute. Horrela, deia egin diote langileei albiste honetan atxikitutako kartelarekin argazkiak atera eta sare sozialetatik zabaltzeko #ITPErrepresiorikEz traolarekin. Martxan jarri duten Facebook-eko orriaren berri ere eman dute: ITP Errepresiorik Ez.

ITP Aero Castingo batzordearen prentsa-oharra:

BORROKA SINDIKALA EZ DA DELITUA!

Datorren ekainaren 24an, Barakaldoko eta Sestaoko lantegietako lanpostu guztiak defendatzeko greba eta borroka-egunetan izandako gertakariengatik ordezkari sindikal bati deklarazioa hartuko zaio, PCB-ITPko zuzendaritzak salatu ondoren.

Gertaera horiek lan-gatazkaren testuinguruan kokatzen dira, PCB ITP ko Zuzendaritzak kaleratze kolektiboa gauzatu  eta  83 lankideren lanpostua galtzearen ondorioz. Hilabete, aste, eta egun oso gogorrak izan dira. Enpresak kanpaina bat antolatu zuen, komunikabide batzuen laguntzarekin, langileen protestei zilegitasuna kentzeko. Polizia-dispositiboak izugarriak izan ziren egunero, batzordearen aldetik grebari buruzko informazio-lanak egin ezinik. Ertzaintzak osatutako dispositibo horrek biolentzia osoz jokatu zuten pikete informatiboen aurka borrak, ezkutuak, ostikadak eta mehatxuak erabiliz. Horren adibide izaten ari dira hainbat bidetatik dabiltzan irudi ugari, batez ere otsailaren 1ean, kaleratzeak egin ziren egunean, protesta baketsu baten aurrean Ertzainen erasoak ikaragarriak izan zirenean, eta Javi Sanchez CCOOko Industriako arduradunari sudur-trenkada hautsi ziotenean. Hemendik agur bero bat bidali nahi diogu.

Orain, haien jardunarekin pozik ez, eta langileen ordezkarien aurkako lege-ekintzak abiaraztea erabaki dute. Gure ustez, sindikatu-lanaren jazarpen-mota hori ez da hemen amaitzen. Zerbait orokorragoaz ari gara. Gaur PCB-ITPko zuzendaritzak salatu du, baina bihar gatazkan dagoen edozein lantokiren zuzendaritza izan daiteke salatzen duena. COVID-19ak eragindako krisiaren ondorioak betikoek ordaintzea nahi dute, eta protestak isilarazteko eta langileria beldurtzeko errepresio-elementu mota guztiak erabiltzeko prest daude.

Patronalak, Eusko Jaurlaritzaren bitartez eta zehazkiago Herrizaigo Sailaren laguntzari esker eskaintzen duen errezetaren aurrean, gure jarrera argia da: BORROKA SINDIKALA EZ DA DELITUA.

Ildo horretan, gaur, kaltetutako lankidearekiko elkartasun-kanpaina bat iragarri nahi dugu, horrelako ekintzen aurka. Horretarako, hainbat sare sozialetan dinamika bat jarri da abian, guztiok elkartazun-mezu bat bidal dezagun.

Halaber, hurrengo asteetan arrazoi horrengaitik egingo diren mobilizazioetan parte hartzera dei egiten dizuegu eta Barakaldoko epaitegietara deklaratzera joan behar duen egunean ere bai.

BORROKA SINDIKALA EZ DA DELITUA!

ITPen ERREPRESIORIK EZ!

#ITPERREPRESIORIKEZ

FACEBOOK: Itp Errepresiorik Ez


[BIDEOA] Borrokarako prest gaudela agerian utzi dugu

Eskualdeka mobilizatu gara Maiatzaren Lehenaren etorrerarekin, mezu argi batekin: borroka sindikal eta borroka sozialak pizten jarraituko dugu,  enplegua, zerbitzu publikoak, zaintza sistema publiko komunitarioa eta pentsioen defentsan. Ez gaude kikiltzeko, ez gaude amore emateko, borrokarako indarra dugu!

[IRUDI GALERIA] Aldaketa aldarrikatu dugu Euskal Herri osoan

Hogeita hamar mobilizazioetatik gora egin ditugu Euskal Herrian, Maiatzaren Lehenaren etorrerarekin, “Aldaketa da aukera. Por un cambio de rumbo. Zaintza, lana, bizitza, herria” leloarekin. Eskualde guztietan izan gara aldaketa eta trantsizio ekosozialista eta feminista aldarrikatzen. Irudi asko utzi ditu egunak.