2026-06-22
Blog Page 433

Gipuzkoako papergintza sektoreko epaiketa irabazi dugu #LortuDugu

Donostiako Sozialeko 1. Epaitegiak arrazoia eman digu Gipuzkoako Papergintzako Sektore Hitzarmenaren soldata igoeraren auzian. Izan ere, 2021 urterako hitzartu zen soldata igoera aplikatzerakoan, ADEGIk, KPI negatiboa zenez, ez zuen %1,25ko soldata igoera aplikatu nahi izan: KPIa -%0,5koa izan zela argudiatuta %0,75eko igoera aplikatu nahi zuen. Gipuzkoako Papergintza sektorean adostu zena, KPIaren igoeraz gain, %1,25ko soldata igoera izan zen. 

Hitzarmenean ordezkaritza dugun sindikatuetako bik, LABek eta CCOOk epaitegira jo genuen ADEGIren erabakiarekin ados ez geundelako. Orain argitaratu den epaiak argi uzten du papergintzako langileek %1,25eko soldata igoera edukitzeko eskubidea dutela, bere egin baititu aurkeztu genituen argudioak. 

Langileek eros ahalmena galtzen ari diren une honetan, LABek berresten du aberastasunaren banaketaren aldeko borrokaren garrantzia, lantokiz lantoki, eta kasu honetan bezala, epaitegietan ere bai.

EITB Mediako albistegiak Eusko Jaurlaritzaren eta EAJren propagandarako tresna dira, inoiz baino gehiago

Eusko Jaurlaritza eta EAJ betidanik saiatu dira EITB Media beraien interesen arabera erabiltzen. Hori ez da nobedadea. Baina azkenaldian erabilera partidista hori eta presioa inoiz baino nabarmenagoak dira ETBn, Euskadi Irratian, Radio Euskadin edota eitb.eus atarian: Iñigo Urkullu lehendakaria eta bere Gobernuko sailburuak egunero agertzen dira albistegietan, esan dutenak balio informatiboa izan ala ez; Eusko Jaurlaritzak pandemian hartu dituen neurriak zalantzan jartzen dituzten adituen adierazpenak isilarazten saiatu dira; ezker independentistari lotutako albisteak bigarren maila batean aipatzeko aginduak eman dira; eta EAJk zuzendutako erakundeei edo kargu jeltzaleei buruzko edukiak ezabatu egin dira, nolako tratamendua eman zaien gustatu ez zaielako.

Adibide orokor batzuk baino ez dira, baina argi eta garbi esan beharra dago: hau guztia zentsura zuzena eta manipulazioa da. EITB Media Eusko Jaurlaritza osatzen duten bi alderdiekin lerrokatu da,  aspalditik propagandarako tresnatzat dutenari inboluzioa eraginez. Badirudi Sabin Etxean urduri dabiltzala eta ez zaiela nahikoa iruditzen medioan bultzatu izan duen autozentsura eta kontrola. Eta ez da kasualitatea Andoni Aldekoaren iritsierarekin areagotu izana presioa albistegietako erredakzioetan; izan ere, frogatuta gelditu da asmo horrekin izendatu zutela EAJko kargu bat EITBko zuzendari nagusi: informazioa zorrotzago kontrolatzeko, EAJren eta PSE-EEren mesedetan. 

Gauzak horrela, Andoni Aldekoa EITBko zuzendari nagusia da egoera honen erantzule nagusia, Arantza Ruiz EITB Mediako Albistegietako zuzendariarekin batera. Jokabide arduragabe horrekin, komunikabide publikoaren sinesgarritasunari kalte egiten ari zaie eta, aldi berean, bertako langileen profesionaltasuna zalantzan jartzen ari dira jendartearen aurrean.

EITB Mediak objektibotasuna, profesionaltasuna, aniztasuna eta neutraltasun politikoa bermatu behar ditu. Halaber, komunikabide publikoa den heinean, euskal herritarren zerbitzura egon behar du, eta ez EAJren edo Eusko Jaurlaritzaren zerbitzura. EITB Mediak euskal herritarrak profesionaltasunez eta objektibotasunez informatzea izan behar du helburu, aniztasuna eta neutraltasuna errespetatuz, eta ez besterik. 

Horrenbestez, EITB Mediako LABek beti bezala behar den guztietan salatzen jarraituko du zentsura eta manipulazioa eta ez du inoiz onartuko komunikabide publikoa interes partidisten arabera erabiltzea eta, are gutxiago, helburu horrekin langileei presiorik egitea.    

Ezinbestekoa da pentsio sistema publiko eta propioaren alde mobilizatzea, guztion etorkizunaren defentsan

Pentsiodunen mugimenduak agerraldiak egin ditu azaroaren 13an, larunbatarekin, egingo dituen manifestazioetarako deia zabaltzeko. Bada, LAB sindikatutik deialdiarekin bat egin dugu eta langileei kalera irtetzeko eskatu diegu, guztion etorkizuna baitago jokoan.

Ekintza Sozialeko idazkari Endika Perezen hitzetan, “pentsio erreforma ate joka dugun honetan, ezinbestekoa da pentsio sistema publiko eta propioaren aldeko lanak biderkatzea”. Perezen esanetan, “ezinbestekoa da langileok kalera atera gaitezen dagokiguna aldarrikatzeko, gure etorkizunaren defentsan”.

Hain zuzen ere, sistema publikoaren aurka Madrildik etor daitezkeen erasoen aurrean, Lan Harremanetarako eta Babes Sozialerako Euskal Esparrua indartzearen aldeko urratsak aldarrikatu nahi ditu sindikatuak, LABeko Helduen eta Pensiodunen Arloaren urteroko batzarrean urrian jakinarazi genuen bezala.

Gizarte Segurantzako Legea, erretiroa 60 urtera aurreratzea, 1.080 eurotik beherako pentsioak kopuru horretaraino osagarritzea eta gizon eta emakumeen artean dagoen pentsio-arrakala ezabatzeko neurriak hartzea dira pentsioen inguruan sindikatuak dituen proposamenak, guztiak ere gure Programa Sozioekonomikoan jasotakoak.

Mobilizazioak

Larunbatean leku hauetan egingo dira mobilizazioak: Gasteiz (12:00, Artium), Donostia (12:00, Alderdi Eder), Iruñea (12:00, Baluarte), Eibar (12:00, Untzaga) eta Bilbo (17:30, Moyua).

Bizkaiko Elikagaigintza sektoreko langileek hitzarmen duin bat aldarrikatu dute, Bilbon oraingoan

Elkarretaratzea egin dugu Bilboko Erribera merkatuan, LAB, ELA, CCOO, UGT eta ESK sindikatuok deituta. Hain zuzen ere, iragarritako mobilizazioen harira egin dugu protesta, Elikagaigintza sektoreko langileen lan baldintza duinen defentsan, joan den astean Algortan eta Erandion egin bezala.

Epai bat irabazi diogu Vayven Amazoneko banaketa-enpresari #LortuDugu

LAB sindikatuak positibotzat jo du irabazitako epai judiziala. Epai horren arabera, VayvenAmazonen banaketa- enpresak Bizkaiko salgaien errepide bidezko garraioko hitzarmena aplikatu behar du.

Gaur arte, enpresa hori estatuko mezularitzako hitzarmena aplikatzen ari zen, non lan-baldintzak Bizkaiko garraio- hitzarmenekoak baino dezente okerragoak diren, lanaldian, dietetan eta soldatetan. LABetik egiaztatu ahal izan dugun kasu batzuetan ikusi dugu hilean 800 euro gutxiago kobratzen duten eta egunean 11 orduko lanaldi jarraituak egiten dituzten langileak daudela.

Hau ez da LABek demandatu duen eta Amazonentzat lan egiten duen lehen enpresa, eta Bizkaiko salgaien errepide bidezko garraioaren hitzarmena aplikatzera kondenatzen dutena.

LABek salatzen du Amazon-entzat lan egiten duten enpresek irabaziak handitzen dituztela beti langileen kontura. Borrokak merezi du.

Arabako Foru Aldundia aniztasun funtzionala duten pertsonentzako zerbitzu publikoen pribatizazio prozesuan sakontzen ari da

LABek mobilizazioa egin du gaur Gasteizko Probintzia plazan, Arabako Foru Aldundiaren egoitzaren aurrean. Bertan, salatu dute irailaren 27an, Arabako Batzar Nagusietako politika orokorreko eztabaidan, Ramiro Gonzalez Ahaldun Nagusiak iragarri zuela aniztasun funtzionala duten pertsonentzako 30 egoitza-plaza itunduko zituela.

Sanitas erakunde pribatuaren adinekoentzako San Martin egoitza-zentroarekin, hamabost plaza hitzartu dira. Hitzarmen honek, zerbitzu publikoen pribatizazio-prozesuan sakontzea dakar, emaitza ekonomikoak erabiltzaileen eskubideen eta langileen eskubideen gainetik jartzen duen merkataritza-enpresa batekin hitzartzen baitu. Esan beharra dago Arabako lurralde historikoan ez dagoela hirugarren adinekoen zentroetarako sektoreko hitzarmen kolektiborik.

Erabaki horrek bertan behera uzten du garatzen ari den arreta-eredua zeinen funtsa den pertsonengan oinarritutako plangintza, eta adinari buruzko irizpide bakar batera mugatzen da, pertsonak ezgaitzen dituena haien bizimoduari buruz erabakitzeko.

Beste behin ere, LABek gizarte-zerbitzuen publifikazioa aldarrikatzen du, arreta integrala bermatzeko eta lan- baldintzen prekarietatearekin amaitzeko.

Unibertsitateek eta botereak duten harremana aztergai, “Hego Euskal Herriko eliteak” ikerketa liburuan

Unibertsitateen eta boterearen harremana aztertzen duen “Hego Euskal Herriko eliteak. Boterearen azterketa” ikerketa liburua aurkeztu dute Ipar Hegoa eta Manu Robles Arangiz fundazioek, Donostian, Ibaetako campusean dagoen Carlos Santamaria zentroan.

Jon Diaz EHUko irakasleak zuzendu du lana, eta, Elitist Britain 2019 dokumentuan oinarrituta, elite, aginte eta goi mailako lanpostuetan dihardutenen unibertsitate prestakuntza aztertzen du.

5.500 erregistro bildu dira eta 10 arlotan sailkatu dira. Politikoak, Goi-karguak, Erakunde Publikoak, Kultura-Erakundeak, Komunikabideak eta Media, Enpresa Publikoak, Enpresa Pribatuak, Eragin Handiko Emakumeak, Artistak eta Mundu Sortzailea, eta amaitzeko Kirola. Norbanako bakoitzaren ibilbide akademikoa eta formazioa zehatz-mehatz aztertu dira.

Liburua deskargatzeko aukera dago Ipar Hegoa Fundazioaren webgunetik bertatik, lotura honetan.

Ez dugu Arcelor Mittal Sestaon txantaiarik onartuko

Arcelor Mittal multinazionalak prentsa bidez jakinarazi duen arren azaroaren 15an ekoizpena gelditzekoa asmoa duela, zuzendaritzak azaroaren 30an ekoizpena geldituko dutela jakinarazi du. LABek “Haien kontura” lelopean abiatu dugun kanpainan salatzen dugun moduan, gaur egungo testuinguruan, enpresak edozein egoera langileen bizkar jartzeko saiakera egiten ari dira.

Industrian arazoren bat eragiten duen edozein gertakari langileek ordaindu behar dutela dioen iritzi-egoera sortzen ari da, instituzio publikoek nabarmen sustatuta. Hornikuntza faltak, mikrotxipak, argindarraren prezioa… edozein arrazoi erabiltzen dute langileen eskubideak murrizteko. Bizitzaren kostuaren igoeraren aurrean, langileak pobretzeko estrategia abiatu dute, enpresen irabaziak handitzeko.

Argindarraren prezioa izugarri igotzen ari da. Era lotsagarrian pribatizatu ziren energia enpresak sekulako negozioa egiten ari dira. Argindarra garestitzearen ondorioak herritarrak jasaten ari gara. Arcelor Mittal Sestaon geldialdi bat egingo omen dute horregatik, hilabete amaieran 70 langile lanik gabe utziko dituena eta beste 50 urtarrilean martxan hasten ez bada. Hau da, bertako langileek bi aldiz ordaindu beharko dute igoera.

LABen iritziz, Arcelor Mittalen kasuan, argindarrarena aitzakia bat besterik ez da, kezko hesi bat. Arcelor Mittalen ez dago argindarrarekin inolako arazo larririk. 2021eko lehen sei hilabeteetan, Arcelor Mittalek 5.322 milioi euroko irabazi garbiak izan ditu eta bere akzioen kotizazioa %90 igo da. Hori bai, Arcelor Mittalek gobernuak eta langileak presionatzeko erabili du geldialdiaren karta.

Eskubideak urratu nahi ditu, Enpresa Batzordeak mantenu lanak egiteko sistema aldatzeari uko egin diolako. Enpresa Batzordearen ezezkoaren arrazoia, gainera, langileen lan osasuna arriskuan jartzen dela da. Ez al geunden guztiok lan istripuak eragoztearekin ados?

LABek Arcelor Mittalen langileen kontrako xantaia salatu nahi du: 120 aldi baterako langileen kaleratzearen mehatxua egin du eta langile edadetuenen aurrejubilazioa baimentzeari uko egin dio langileen artean zatiketa bultzatzeko. Lan hitzarmena adostu ezean urtarrilaren 1an agian lantokia martxan ez duela jarriko adierazi du multinazionalak.

Gogoratu nahi dugu, gainera, Arcelor Mittalek uztailean harro jakinarazi zuela 2025ean altzairu “berdea” ekoiztuko zuen lehen altzairutegia izango zela Arcelor Mittal Sestao, deskarbonizazio prozesuaren aitzindari. Horrela garatuko al du Eusko Jaurlaritzak bere “Basque Green Deal”? Diru publikoz ongi hornituta baina enpresei ezer exijitu gabe?

Horregatik, Eusko Jaurlaritzari eskatzen diogu ez dadila enpresa hauen jokoan sartu, azter dezala kasu bakoitza, begira ditzala enpresen kontu ekonomikoak eta utz diezaiola multinazionalen bozeramaile eta morroi akritiko izateari. Ez dezala hauspotu gezur handi hau, langileen lan baldintzak okertzeaz gain lantoki historiko honen etorkizuna auzitan jarri dezakeena.

LABek argi eta garbi esaten du: erronda hau ez dute langileek ordainduko. Arcelor Mittalek jarrera aldatu behar du, eta gutxieneko berdintasun baldintzetan hitzarmen kolektiboaren negoziazioari ekin behar zaio. Kaleratzerik gabe, hitzartutakoa betez eta mehatxu eta xantaiarik gabe.

Arabako Esku-hartze Sozialaren negoziazio mahaia berraktibatzeko proposamena jaso dugu, mobilizazioei esker

Arabako Esku-hartze Sozialaren sektoreak mobilizazioekin jarraitzen du, hitzarmen duin baten alde. Aldundiaren aurrean mobilizatu gara berriro, LAB, ELA, CCOO, ESK eta UGT sindikatuok deituta.

Hauxe da gaurko mobilizazioaren harira igorritako oharra:

MOBILIZAZIOEN HIRUGARREN EGUNA

ARABAKO ESKU-HARTZE SOZIALAREN SEKTOREKO BERRIAK

Urrian zehar, Arabako Esku-hartze Sozialaren sektorean ordezkaritza dugun ELA, CCOO, LAB, ESK eta UGT sindikatuok EAJ, PSE-EE, EHBILDU, ELKARREKIN PODEMOS eta PPrekin bildu gara.

Alderdi guzti hauek egoera aldatzearen aldeko borondate politikoa erakutsi dute eta funtsezkotzat jotzen duten sektore batekiko enpatia ere azaldu dute.

Urriaren 27ko elkarretaratzean, Emilio Sola Gizarte Politiketako diputatua bera gure pankartara hurbildu zen eta sektoreko langileak agurtu zituen, eurekin biltzeko eskua luzatuz. Urriaren 27an bertan eskatu genuen bilera hori, eta datorren azaroaren 9an bilera burutzeko erantzuna jaso dugu.

Sola jaunari joan den ekainaren 8an bere taldearekin bildu ginela gogoraraziko diogu, eta nola bilera horretan adierazi genion gure kezka, AISAk mahaian mantendutako jarrera ikusita, baita nola 7 bileraren ostean gauza bera entzuten jarraitzen genuela ere: “ez zela ikusten erakundeen aldetik  III. Hitzarmena aurrera eramateko finantzaketa-bermerik”, alegia. Bazuten, nonbait, gero egiazko errealitatea bihurtuko zenaren berri, eta horrela ari dira bitartean hilabeteak pasatzen.

Hilaren 27an bertan, mahaia berraktibatzeko proposamen baten berri eman zigun AISAk. Sakon aztertu behar dugu, eta, horretarako, azaroaren 9an bertan negoziazio-mahaiaren beste bilera bat izatea zehaztu dugu.

Ordura arte, guk mobilizazioen planteamenduarekin jarraitzen dugu. Hurrengo elkarretaratzea azaroaren 10ean izango da, 10:00etan, Probintzia Plazan.