2026-05-25
HomeEkintza SindikalaEITB Mediako albistegiak Eusko Jaurlaritzaren eta EAJren propagandarako tresna dira, inoiz baino...

EITB Mediako albistegiak Eusko Jaurlaritzaren eta EAJren propagandarako tresna dira, inoiz baino gehiago

Eusko Jaurlaritza eta EAJ betidanik saiatu dira EITB Media beraien interesen arabera erabiltzen. Hori ez da nobedadea. Baina azkenaldian erabilera partidista hori eta presioa inoiz baino nabarmenagoak dira ETBn, Euskadi Irratian, Radio Euskadin edota eitb.eus atarian: Iñigo Urkullu lehendakaria eta bere Gobernuko sailburuak egunero agertzen dira albistegietan, esan dutenak balio informatiboa izan ala ez; Eusko Jaurlaritzak pandemian hartu dituen neurriak zalantzan jartzen dituzten adituen adierazpenak isilarazten saiatu dira; ezker independentistari lotutako albisteak bigarren maila batean aipatzeko aginduak eman dira; eta EAJk zuzendutako erakundeei edo kargu jeltzaleei buruzko edukiak ezabatu egin dira, nolako tratamendua eman zaien gustatu ez zaielako.

Adibide orokor batzuk baino ez dira, baina argi eta garbi esan beharra dago: hau guztia zentsura zuzena eta manipulazioa da. EITB Media Eusko Jaurlaritza osatzen duten bi alderdiekin lerrokatu da,  aspalditik propagandarako tresnatzat dutenari inboluzioa eraginez. Badirudi Sabin Etxean urduri dabiltzala eta ez zaiela nahikoa iruditzen medioan bultzatu izan duen autozentsura eta kontrola. Eta ez da kasualitatea Andoni Aldekoaren iritsierarekin areagotu izana presioa albistegietako erredakzioetan; izan ere, frogatuta gelditu da asmo horrekin izendatu zutela EAJko kargu bat EITBko zuzendari nagusi: informazioa zorrotzago kontrolatzeko, EAJren eta PSE-EEren mesedetan. 

Gauzak horrela, Andoni Aldekoa EITBko zuzendari nagusia da egoera honen erantzule nagusia, Arantza Ruiz EITB Mediako Albistegietako zuzendariarekin batera. Jokabide arduragabe horrekin, komunikabide publikoaren sinesgarritasunari kalte egiten ari zaie eta, aldi berean, bertako langileen profesionaltasuna zalantzan jartzen ari dira jendartearen aurrean.

EITB Mediak objektibotasuna, profesionaltasuna, aniztasuna eta neutraltasun politikoa bermatu behar ditu. Halaber, komunikabide publikoa den heinean, euskal herritarren zerbitzura egon behar du, eta ez EAJren edo Eusko Jaurlaritzaren zerbitzura. EITB Mediak euskal herritarrak profesionaltasunez eta objektibotasunez informatzea izan behar du helburu, aniztasuna eta neutraltasuna errespetatuz, eta ez besterik. 

Horrenbestez, EITB Mediako LABek beti bezala behar den guztietan salatzen jarraituko du zentsura eta manipulazioa eta ez du inoiz onartuko komunikabide publikoa interes partidisten arabera erabiltzea eta, are gutxiago, helburu horrekin langileei presiorik egitea.    

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Bilboko udal eraikinetako garbitzaileak greban, soldata-arrakala onartezina desagerrarazteko borrokan

Azpikontrata baten bidez lan egiten duten behargin hauen lana funtsezkoa da hainbat eta hainbat zerbitzuren funtzionamendu egokirako. LABek, ESK-k eta ELAk deituta, hilabeteko greban daude orain, enpresari eta udalari exijitzeko dagokien erantzukizunari hel diezaioten.

Global Sumud Flotillako kideen harreran Ertzaintzak eragindako bortizkeria salatzen du LABek

LABek bere elkartasuna adierazi nahi die gaur eguerdian Loiuko aireportuan Ertzaintzak kolpatutako eta atxilotutako Global Sumud Flotillako kideei eta heiei babesa erakustera hurbildutakoei, eta...

Euskal arrantzale bat hil da Senegalen, ATUNSA enpresarentzat lanean ziharduela aurten hil den bigarren langilea

LABek irmo salatu nahi du heriotza hau. Izan ere, arrantza sektorean izaten diren eskubide urraketek erabateko eragina izan ohi dute heriotza mota hauetan.