2026-05-03
HomeEkintza SindikalaEz dugu Arcelor Mittal Sestaon txantaiarik onartuko

Ez dugu Arcelor Mittal Sestaon txantaiarik onartuko

Arcelor Mittal multinazionalak prentsa bidez jakinarazi duen arren azaroaren 15an ekoizpena gelditzekoa asmoa duela, zuzendaritzak azaroaren 30an ekoizpena geldituko dutela jakinarazi du. LABek “Haien kontura” lelopean abiatu dugun kanpainan salatzen dugun moduan, gaur egungo testuinguruan, enpresak edozein egoera langileen bizkar jartzeko saiakera egiten ari dira.

Industrian arazoren bat eragiten duen edozein gertakari langileek ordaindu behar dutela dioen iritzi-egoera sortzen ari da, instituzio publikoek nabarmen sustatuta. Hornikuntza faltak, mikrotxipak, argindarraren prezioa… edozein arrazoi erabiltzen dute langileen eskubideak murrizteko. Bizitzaren kostuaren igoeraren aurrean, langileak pobretzeko estrategia abiatu dute, enpresen irabaziak handitzeko.

Argindarraren prezioa izugarri igotzen ari da. Era lotsagarrian pribatizatu ziren energia enpresak sekulako negozioa egiten ari dira. Argindarra garestitzearen ondorioak herritarrak jasaten ari gara. Arcelor Mittal Sestaon geldialdi bat egingo omen dute horregatik, hilabete amaieran 70 langile lanik gabe utziko dituena eta beste 50 urtarrilean martxan hasten ez bada. Hau da, bertako langileek bi aldiz ordaindu beharko dute igoera.

LABen iritziz, Arcelor Mittalen kasuan, argindarrarena aitzakia bat besterik ez da, kezko hesi bat. Arcelor Mittalen ez dago argindarrarekin inolako arazo larririk. 2021eko lehen sei hilabeteetan, Arcelor Mittalek 5.322 milioi euroko irabazi garbiak izan ditu eta bere akzioen kotizazioa %90 igo da. Hori bai, Arcelor Mittalek gobernuak eta langileak presionatzeko erabili du geldialdiaren karta.

Eskubideak urratu nahi ditu, Enpresa Batzordeak mantenu lanak egiteko sistema aldatzeari uko egin diolako. Enpresa Batzordearen ezezkoaren arrazoia, gainera, langileen lan osasuna arriskuan jartzen dela da. Ez al geunden guztiok lan istripuak eragoztearekin ados?

LABek Arcelor Mittalen langileen kontrako xantaia salatu nahi du: 120 aldi baterako langileen kaleratzearen mehatxua egin du eta langile edadetuenen aurrejubilazioa baimentzeari uko egin dio langileen artean zatiketa bultzatzeko. Lan hitzarmena adostu ezean urtarrilaren 1an agian lantokia martxan ez duela jarriko adierazi du multinazionalak.

Gogoratu nahi dugu, gainera, Arcelor Mittalek uztailean harro jakinarazi zuela 2025ean altzairu “berdea” ekoiztuko zuen lehen altzairutegia izango zela Arcelor Mittal Sestao, deskarbonizazio prozesuaren aitzindari. Horrela garatuko al du Eusko Jaurlaritzak bere “Basque Green Deal”? Diru publikoz ongi hornituta baina enpresei ezer exijitu gabe?

Horregatik, Eusko Jaurlaritzari eskatzen diogu ez dadila enpresa hauen jokoan sartu, azter dezala kasu bakoitza, begira ditzala enpresen kontu ekonomikoak eta utz diezaiola multinazionalen bozeramaile eta morroi akritiko izateari. Ez dezala hauspotu gezur handi hau, langileen lan baldintzak okertzeaz gain lantoki historiko honen etorkizuna auzitan jarri dezakeena.

LABek argi eta garbi esaten du: erronda hau ez dute langileek ordainduko. Arcelor Mittalek jarrera aldatu behar du, eta gutxieneko berdintasun baldintzetan hitzarmen kolektiboaren negoziazioari ekin behar zaio. Kaleratzerik gabe, hitzartutakoa betez eta mehatxu eta xantaiarik gabe.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

00:02:45

[ARGAZKI GALERIA]: Birbanaketa politikak eta langileen aldeko neurriak aldarrikatu ditugu Euskal Herri osoan egindako 26 manifestaziotan

Eskualdez eskualde mobilizatu da sindikatua Maiatzaren Lehenean, etxebizitza eskubidearen, kalitatezko zerbitzu publikoen eta soldata nahiz pentsio duinen aldarrikapenak ardatz hartuta.
00:13:27

Garbiñe Aranburu: “Inor atzean ez uztea da faxismoaren eta oldarraldi atzerakoiaren aurrean eman dezakegun erantzunik hoberena”

Langileok eragin da aurtengo leloa. Eragiten ari gara. Gaur berriro Euskal Herri osoan kalean gara, eskualdez eskualde. Aipamen berezia Ipar Euskal Herriko gure kideei. Urteetako lan nekaezinak emaitzak eman ditu, eta intersindikaleko sindikatuekin batera Baionan eta Maulen ere mobilizatu gara.

LABek sinatu du Nafarroako zahar egoitzetako lehen aurreakordioa, sei urteko borroka sindikalaren ostean

LAB sindikatuak Nafarroako zahar egoitzetako hitzarmen kolektiboaren lehen aurreakordioa sinatu du, sei urteko mobilizazio eta antolakuntza sindikala eta gero. Hitzarmenak hobekuntza nabarmenak izango ditu...