2026-04-21
Blog Page 432

Bizitza duina helburu, Greba Orokorrak aldaketa sozialak eta burujabetza hauspotzeko balio behar du

Garbiñe Aranburu idazkari nagusiak agerraldia egin du Bilbon, kurtso hasiera markatzen ari diren aktualitateko gai nabarmenen irakurketa egiteko. Hala, besteak beste, bizitza erdigunean kokatuko duen eredu berri baterako trantsizioa egin behar dela nabarmendu du, eta LABek trantsizio ekosozialista eta feminista aldarrikatzen duela berretsi. “Datozen hilabeteetan, estatuaren lurralde-ereduaren krisiak eta hura bideratzeko beharrak agenda politikoan zentralitatea hartuko duela dirudi. Gure lana izango da borroka politiko horretan langileen interesak bermatzea. Funtsezko gaietan, hala nola enpleguan, pentsioetan edo gizarte-babesean, eskumenak eta legegintza-gaitasuna behar izatea eskatuko dugu”, adierazi du.

Greba Orokor baten beharra planteatu du berriro kurtso honetarako: “Langileok kalean gaude aldaketak bultzatzen eta haien alde borrokatzen. Maiatzaren Lehenean, LABek mahai gainean jarri zuen urrats berriak eman behar zirela ziklo mobilizatzaile horretan, eta adierazi zuen egoerak beste Greba Orokor bati buruzko eztabaida irekitzea eskatzen zuela. Hilabete batzuk geroago, gero eta gehiago dira ideia horrekin bat egiten duten ahotsak. Dagoeneko gehiengo sindikala gara grebaren beharrarekin bat egiten dugunak, pentsiodunak ere zentzu berean azaldu dira”, azaldu du.

Hain zuzen ere, Greba Orokorrak lantokietan eta kalean ematen ari diren borroka sindikalak eta sozialak bultzatzeko eta bateratzeko balioko du. Greba hori ofentsiban planteatu beharko litzateke:

– Patronalari aurre egiteko eta argi uzteko ez dugula onartuko prekaritatea ezartzen jarraitzea, lantokietan enplegu duinaren alde borrokatzen jarraituko dugula argi izan dezan.

– Madrilgo Gobernua presionatzeko balio behar du, lan eta pentsio erreformak bertan behera uzteko eta murrizketa gehiago ez ezartzeko.

– Gobernu autonomikoak interpelatu behar ditu, itunaren eta hitzarmenaren aukerak erabil ditzaten fiskalitatearen arloan bira emateko, zerbitzu publikoak indartzeko eta bestelako politika publikoak bultzatzeko.

– Burujabetza eta esparru propioa edukiz betetzeko dugun eskubidea aldarrikatzeko balio behar du, inolako esku-sartzerik gabe.

Madrilen irekita dagoen Elkarrizketa Sozialaren mahaiari buruz ere hitz egin du. Lan harremanei dagokionez, azken urteetan erreformaz erreforma, prekaritatea legeztatu egin dela aipatu du, negoziazio kolektiboa zentralizatu eta ahultzearen aldeko aukera egin dela eta ia erabateko boterea eman zaiela enpresei, nahieran ari daitezen. Ez dago inolako orekarik.

Garbiñe Aranbururen esanetan, “eraldaketa handi baten premia dago. Lan guztiak aitortu, banatu eta duindu behar dira, zaintza barne. Horretarako, bertan behera utzi behar dira 2010 eta 2012ko lan erreformak”.

Naftomar itsas-enpresa 81.000 euro ordaintzera zigortu dute amiantoaren ondorioz gertatu zen mekanikari baten heriotzarengatik #LortuDugu

Duela gutxi jaso dugu Bilboko Lan arloko 5. Epaitegiko epaia. Honek, amiantoaren ondorioz sortutako gaixotasun baten eraginez hil zen merkataritza-ontzi bateko mekanikari baten oinordekoei 81.000 euro ordaintzera zigortzen du Naftomar itsas-enpresa.

Mekanikariak nazioarteko hainbat enpresa eta ontzi-ustiatzailetan egin zuen lan, baina egiaztatuta geratu da joan den mendeko 60ko hamarkadatik aurrera eraikitako ontzi guztietan amianto-kopuru handia zegoela, eta “mekanikari gisa, lan mekanikoak, eskuzkoak, soldadura elektrikokoak edo autogenokoak etab. egiten zituen, eta amiantoarekin berotutako hodietan mantentze-lanak egiten zituen. Konponketak egiteko, amiantoa estaltzen zuen geruza metalikoa kentzen zuten, eta, ondoren, isolatzaile-geruza hori (amiantoa), hondatu egiten zena. Amianto-zati horiek berriro erabiltzen zituzten hodien gainean jartzeko, eta, horretarako, urez bustitzen zituzten. Hodi, galdara eta ponpen gainean jarduten zuen. (…) Galdaretara konponketak egitera sartzeko, amiantozko jantzia erabiltzen zuen, gorputzean bakarrik, ez buruan. (…) Soldatzeko, kareta eta mantala erabiltzen zituen, baina ez maskara. (…) Amiantoarekin kontaktua izatea ohikoa zela uste du”.

LAB sindikatutik epai hau modu positiboan baloratzen dugu hainbat arrazoirengatik. Batetik, langilearen gaixotasuna eta heriotza amiantoa bezalako mineral kantzerigeno hori prebentzio-neurririk gabe erabiltzeagatik gertatu dela aitortzea. Bestetik, itsas merkataritzaren esparruan epai aitzindari bat lortzeagatik. Izan ere, gutxi dira itsas merkataritzan aitortutako lanbide-gaixotasunagatiko kalte-ordaina ezartzen duten epaiak amiantoari esposizioa frogatzeko zailtasunengatik, esposizio hau duela urte askotakoa denean edo honezkero desagertuta dauden itsasontzietan gertatutakoa.

Hau tanta berri bat da ozeano honetan, non amiantoaren biktimek banaka borrokatzen jarraitu behar duten. Horregatik, berriz ere eskatzen diegu botere publikoei, Gasteizko eta Iruñeko gobernuetatik hasita, neurriak har ditzatela amiantoaren biktimak aitortzeko, kasuak aztertzeko, tratatzeko eta ikertzeko bidea errazteko, bai eta amiantoaren biktimek ordaina jaso dezaten ere.

Martinikako UGTM sindikatuko idazkari nagusi Patrick Doré hil da

Abuztuaren 23an hil zen Patrick Doré, Martinikako UGTM sindikatuko idazkari nagusia, 61 urte zituela. LAB sindikatuaren eta Euskal Herriaren laguna eta Estaturik Gabeko Nazioetako Sindikatuen plataforman bidelagun izan zen.

Patrick Doré borrokalaria eta konbikzio indartsuko militantea izan zen. Alderdi anitzetakoa, beti borrokarako prest, eta lehenego lerroan langile klasearen eta bere herriaren aldeko eta kolonialismoaren kontrako borrokan.

Borroka ugari egin zituen ospitale publikoen alde oro har eta psikiatriaren alde bereziki. Aktibista antikolonialista sutsua ere izan zen. Hori horrela, Asé Pléré An Nou Lité (APAL) mugimenduaren zuzendaritzako kidea izan zen.

Musikaria eta kulturaren maitalea, 1980an Léon Bertide eta Edmond Mondésir-ek sortutako Bélénou musika tradizionaleko talde konprometituaren parte zen.

Gure doluminak etxekoei eta UGTM sindikatuari.

Patrick Doré eta UGTMrekin, gure Herrien aldeko hasitako borrokak eta bideak jarraituko ditugu.

Lurrak goxo har zaitzala. Agur eta ohore

Mobilizazioa egin dugu Tuteran, Oleofat-eko gure hautagaia berronartzea eskatzeko

Tuterako La Serna industrialdean dagoen Oleofat enpresan hauteskunde sindikalak egitea sustatu genuen abuztu hasieran. Erantzun bezala, enpresak LABen hautagaia kaleratu zuen. Kaleratzea salatu eta gure hautagaia berriro lanean hastea eskatzeko mobilizazioa egin dugu Tuterako Foru Plazan.

Gezurretan oinarritutako diziplinazko kaleratzeak bidegabeagoa eta mingarriagoa egiten du oraindik. Langileak ez du ohartarazpen bakar bat ere izango enpresan lanean eman duen denbora guztian.

Foru gobernuak Oleofat proiektua interes lokaleko inbertsio izendatu du, etorkizun oparoa izan dezakeen enpresa delako. Gobernuak lupaz begiratu beharko luke, halaber, langileei ematen zaien tratua, beren eta lankideen eskubideak defendatzea erabakitzen dutenean. Gainera, Oleofaten azken hilabeteetan izandako lan-istripuetako batzuk ere arretaz begiratu beharko lituzke, adibide pare bat jartzearren.

LAB sindikatutik bere jarrera zuzentzeko eskatzen diogu enpresako zuzendaritzari , eta bide berri bati ekin diezaiola, arazoak konpontzeko bide moduan langileen eskubideen errespetua erabiliz. Langile hori berriro hartzea eta eredu sindikalak jazartzen ez dituzten hauteskundeak egitea eskatzen dugu.

Bitartean, honelako egoerekin amaitzeko lanean jarraituko dugu eskura ditugun baliabide guztiekin.

Prekaritateak hil egiten duela azpimarratu dugu Jaurlaritzaren aurrean

40 langile hil dira gutxienez Euskal Herrian lanean edo lanaren ondorioz aurten, horietatik 5 abuztuan bertan. Horren aurrean, mobilizazioa egin dugu gehiengo sindikalarekin batera Eusko Jaurlaritzaren Bilboko egoitzaren aurrean. Laneko heriotzen aurrean patronala eta administrazioek duten erantzukizuna salatu dugu eta prebentzio neurri eraginkorrak eskatu ditugu odoluste hau gelditzeko.

Iraultza Txikien Akanpadan parte hartuko dugu, Huerta de Peraltako grebaren esperientziaren berri emanez

Abuztuaren 25ean hasiko da Iraultza Txikien Akanpada. “Piztuko dugu sua?” lemarekin, Bizkaiko Artean egingo da herri mugimenduen topalekua, abuztuaren 29raino luzatuko dena. Egitarau oparoa izango da bertan, eta honetan LABek ere bere lekutxoa izango du. Abuztuaren 27an, 10:00etan, “Gurea da gaipena! Borroka arrakastatsuen bizipenak” izenburuko mahai-inguruan Huerta de Peraltako grebaren inguruko esperientzia kontatuko dugu.

Aurten lau langile hil dira jada altueratik erorita, saihestu zitezkeen heriotzak guztiak

Odolusteak ez du etenik. Larunbatean behargin bat hil zen Derion, altueratik erorita. Konpontzen ari zen teilatutik erori zen. Aurten, gutxienez 40 langile langile hil dira lanean Euskal Herrian, horietatik 5, abuztuan. Honen aurrean, gehiengo sindikalarekin aterako gara kalera abuztuaren 24an, 12:00etan, Bilboko Eusko Jaurlaritzaren egoitzaren aurrean (Gran Via, 85).

Lehenik eta behin, LAB sindikatutik gure elkartasuna eta babesa adierazi nahi diegu hildako langilearen familia eta gertukoei. Zoritxarrez, gaur gertatutakoa ez da berria. Aurten lau langile hil dira altueratik erorita. Segurtasun neurriak hartuz ekidin daitezkeen istripuak dira, baina, zoritxarrez, errealitateak erakusten digu ez dituztela segurtasun neurriak hartzen honelako istripuak berriro gerta ez daitezen. Antza, administrazio publikoen arduradunek ez dakite hau. Non daude administrazioko arduradunak eta Jaurlaritza? Zein aldaketa egin eta zein pauso emateko prest daude egoera honi buelta emateko? Lakuako Gobernua prest al dago agenda politikoan lan istripuen arazo larria eta egiturazkoa behingoz kokatzeko? Edo beste aldera begiratzen jarraituko du?

Zeintzuk dira Elkarrizketa Sozialeko Mahaiaren emaitzak? 2010. urtean “Lotu” programa martxan jarri zuten martxan, goitik beherako erorketen prebentziorako, eta hau da emaitza? Pasa den urtean Behatokia jarri zuten martxan, eta zeintzuk dira emaitzak? Bakarrik dirua banatzea eta antzerkia: badirudi zer edo zer egiten dutela, baina praktikan ez dute ezer egiten. Hori ez da bidea.

Argi daukagu lan istripuak ez direla zoriak edo kasualitateak sortuak, ematen diren lan harremanen, prekarizazioaren, lan arautegiaren eta, azpikontratazioaren emaitza dira. Administrazio publikoei exigitzen diegu istripua ikertzea, arduradunak seinalatzea eta ordaindu dezatela.

LAB sindikatutik argi dugu. Bizitza eta lan duinak behar ditugu, lanetik onik eta bizirik bueltatzeko eskubidea dugu. Zentzu honetan, norbanakoena, familiena eta jendarte osoarena den gaitz honekin bukatzeko bide bakarra borroka eta antolakuntza dira, lan harremanen eta joko arauen aldaketatik etorriko da aldaketa. Eredu berri bat gauzatu behar dugu, langileon bizitza eta osasuna lehenetsiko dituena.

LAB sindikatutik lanean eta borrokan jarraituko dugu langileon eskubide, segurtasun eta osasunaren alde. Dei egiten diogu langile klaseari eta herritarrei, abuztuaren 24an, asteartea, 12:00etan, Bilbon, Eusko Jaurlaritzaren aurrean (Gran Via, 85) gehiengo sindikalak deitutako elkarretaratzean parte hartzera.

Lanetik onik eta bizirik bueltatzeko eskubidea dugula aldarrikatu dugu Jaurlaritzaren aurrean

Laneko istripuak ez dira zerbait isolatua, ekonomia langile klasearen osasun eta bizitzaren gainetik jartzen dituen eredu produktiboaren isla baizik. Horrela, mobilizazioa egin dugu gehiengo sindikalarekin batera Eusko Jaurlaritzak Donostian duen egoitzaren aurrean, “Prekaritatea hiltzailea, lan istripu gehiagorik ez” lemarekin. Lanetik onik eta bizirik bueltatzeko eskubidea dugula aldarrikatu dugu bertan, eta neurri eraginkorrak eskatu dizkiegu administrazioei 6 egunetan 3 langile hil dituen eredu hau gelditzeko.

Urte hasieratik, gutxienez 39 dira Euskal Herrian lanean edo lanaren ondorioz hil diren langileak. Azken egunak bereziki beltzak izan dira. Izan ere, abuztuaren 17an, langile bat hil zen Urretxuko Almacenes Usabiaga enpresan, femwich orga batek harrapatuta, abuztuaren 16an Moyua enpresako 54 urtetako I.S.A. hil zen Ormaiztegin eta abuztuaren 12an, Donostiako Garbiketa Aldi Baterako Enpresa Elkarteko (ABEE) M.S.L. hil zen Gipuzkoako hiriburuan.

Bat egiten dugu Sarek “Ibilian ibilian” ekimenaren baitan larunbaterako Donostian deitu duen manifestazioarekin

Sarek manifestazioa deitu du abuztuaren 21erako Donostian. “Ibilian ibilian, etxerako bidean” lemarekin, mobilizazioa 17:30ean abiatuko da Artzain Onetik. Bat egiten dugu mobilizazio honekin eta bertan parte hartzeko deia egiten dugu, kalera ateratzea garrantzitsua baita indarrean dagoen salbuespenezko kartzela politikarekin amaitzeko. Preso, iheslari eta deportatuak etxerako bidean jartzeko urratsak eman behar ditugu.