2026-08-01
HomeEkintza PolitikoaGarbiñe Aranburu: "Sindikatuko emakumeak funtsezkoak zarete borroka sindikal eta sozialean"

Garbiñe Aranburu: “Sindikatuko emakumeak funtsezkoak zarete borroka sindikal eta sozialean”

Zaintzaren eremuan lan egiten duten hainbat emakume langile Altsasun bildu dira, “Bizitza posible egiten dugu, somos esenciales” lelopean, sindikatuak antolatutako topaketen harira. Hain zuzen ere, zaintzarekin lotutako sektoreetako borrokak, erabat feminizatutako sektoreetakoak, lehen lerrora eraman ditugu eta, bildutako guztien artean, lan horiek funtsezkotasunaren neurriko aldarrikapen sorta adostu dugu.

Garbiñe Aranburu idazkari nagusiak hitzartzea egin du topaketetan, langileon funtsezkotasuna eta borroka grina aitortuz: “LABeko emakumeak protagonista garrantzitsuak zarete borroka sindikal eta sozialean. Ezinbestekoak zarete; funtsezkoak”.

Jardunaldiei amaiera emateko, sindikatuak konpromiso irmoak hartu ditu, adostutako aldarriei lotuta: publifikazioa, zaintza sistema publiko komunitarioa eta feminismoa lan harremanetan gauzatzeko aldarriak, besteak beste.

Osatu dugun adierazpenari helduta, Angela Davis ekintzaile feministaren esaldi bat ekarri dugu gogora lehenik: “Justizia sozialaren aldeko borrokaren bizkarrezurra izan dira beti emakumeak”.

Ondoren, gure gogoetaren berri eman dugu: “Funtsezkoak gara, bai. Bizitzeko behar diren ezinbesteko gauza horiek egiten ditugulako. Ikusi nahi ez diren horiek, ordaintzen ez diren horiek. Etxean egiten ez direnean miseriazko soldata eta baldintzen truke egiten ditugun horiek. Funtsezkoak, sistemarentzat?”.

“Zainduko dugu, heziko dugu, bizitzaz gozatzeko eta bizitza goxatzeko lan egingo dugu. Baina ez gaudelako zaintzari kateatuak bizitzeko prest. Gauzak aldatzeko, Euskal Herri aske eta feminista eraikitzeko, zaintza eskubidea aitortzeko, zaintzaren negozioa desegiteko borrokatzen dugu. Borrokak egiten gaitu funtsezko!”, adierazi dugu.

“Langileak gara, emakumeak, borrokalariak. Funtsezkoak izan gara justizia sozialaren borrokan. Eta funtsezkoak izango gara justiziazkoa den zaintza lanak berrantolatzeko borrokan. Hori gure konpromisoa. Hori eskatzen dugun konpromisoa!”, erantsi dugu.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Helegiteak aurkeztu dizkiegu 1.200 milioitik gorako kostu estimatua duten anbulantzien makro-esleipenei, eta pribatizazioaren aldeko apustua salatzen dugu

Sindikatuak errekurtso berezi bat jarri du Osasun Sailaren pleguen aurka, Oinarrizko Bizi Euskarriko eta Garraio Programatu eta Hitzartuko zerbitzuei dagokienez. Bestalde, salatu du Alberto Martínez sailburuak Osasun Planaren ildoak alde batera uzten dituela, gizartearen eskaerari entzungor egiten diola eta beste autonomia-erkidego batzuetan osasun-zerbitzuen kudeaketa publikoa berreskuratzeko izandako esperientzia arrakastatsuak ere baztertzen dituela, lan-arloko ez-betetzeengatik ezagunak diren enpresa piratak saritzen jarraitzeko.

Patronalak Bizkaiko Arrain Kontserben eta Gazituen hitzarmenerako proposamen bat aurkeztu du, eta LABek langileen erabakipean jarriko du

Proposamenean jasotzen diren aurrerapenak urte eta erdi baino gehiagoko negoziazioaren emaitza dira, eta, batez ere, langileen egindako borrokaren eta greben ondorio dira.

Hezkuntza Sailak udal haur eskolei finantzaketa kentzeko aldebakarrez hartutako erabakiaren aurrean, bertako langileak babesten dituen akordioa lortu du LABek

Andoaingo, Usurbilgo, Oiartzungo, Ordiziako, Aretxabaletako eta Gaubeako langileek bertako haur hezitzaile izaten jarraitzeko akordioa sinatu du LABek; ez da kaleratzerik egingo, eta karrerako funtzionarioek tokiko administrazioan haien izaerari eutsiko diote jubilatu bitarte.