2026-01-23
Blog Page 428

Salatu dugu Castillo de Javier hotelaren jabea esplotazioagatik kondenatu izanak ez duela ezabatzen eskrupulurik gabeko enpresaburuek langileen eskubideak urratzeko duten inpunitatea

Duela astebete atera zuen Nafarroako Probintzia Auzitegiak epai irmoa Juan Carlos Cipres Aznarren aurka, Iruñeko San Nikolas karrikako Castillo de Javier hotelaren jabearen aurka, bulgariar jatorriko langile migratu batek jarritako salaketa penalaren ondoren. Juan Carlos Cipresek 9 hilabeteko kartzela-zigorra jaso du, langileen eskubideen aurkako delituagatik, eta 3.000 euroko kalte-ordaina eman beharko dio dio langileari, sei urteko esplotazio jarraituan langileari sorturiko kalte moralengatik. LABen ustez halako kalte-ordain irrigarria ezarri izanak eta epaian biktimaren generoa eta etorkin izaera aintzat hartu ez izanak erakusten dute bizi-bizirik dagoela eskrupulurik gabeko esplotatzaile hauek darabilten inpunitatea.

LAB sindikatuak beharrezkotzat jotzen du azpimarratzea sistema judiziala eta enpresaburuak eskutik hartuta dabiltzala, lotura estua dutela, eta Nafarroako (in)Justizia Jauregitik ateratzen diren gauza bakarrak sistema arrazista, heteropatriarkal eta kapitalistari leial zaizkion sententziak direla, behin eta berriz ukatzen ari baitira gizon zuri boteretsuengandik emakume langile askok jasotzen duten zapalkuntza hirukoitza.

Orain ezagutu den epaiaren salaketa ez zen izan Castillo de Javier hotelaren aurka jarritako bakarra. Peparen lankide bat izan zen Lan Ikuskaritzan salaketa jarri zuen lehena, lanean ari zen baldintzak salatzeko; izan ere, Pepa migratu berria zenez, ez zen gai salaketa gaztelaniaz egiteko. Lankide horrek berak animatu zuen Pepa LAB sindikatura hurbiltzera, hurrengo ekintza judizialetan laguntzeko eta aholkuak emateko. Sindikatu honek hainbat salaketa jarri zituen Lan arloko Epaitegian, kopuruak erreklamatzeko eta lan-jatorriko kontingentzia bat eskatzeko. Gainera, 2008 eta 2015 bitartean jasan zuena bide penaletik salatzeko aholkuak eman zizkion. Eta, azkenik, LAB sindikatuak ere ekintza sindikala erabili zuen, pikete feministaren protesta baten bidez, 2017. urteko abenduan.

Aipatzekoa da bai Lan Ikuskaritzak eta bai Lan arloko Epaitegiak zegozkien salaketak tramitatu zituztela eta Juan Carlos Cipres zigortu zutela bere garaian, nahiz eta ezarritako zehapenen zenbatekoek ez zieten justiziarik egin salatutako gertaerei. Orduantxe, bertze behin ere egiaztatu zen Juan Carlos Cipres bezalako esplotatzaile bati merkeago ateratzen zaiola esplotatzen jarraitzea gauzak behar bezala egitea baino.

2017an LABek egin zuen protesta-ekintzan, pikete feministak salatu zuen Juan Carlos Cipres Aznarrek jazartzen, esplotatzen eta erasotzen zituela langileak, oinarrizko eskubideak urratuz, eta halaxe egin zuela Peparekin: astean 6 gautan aireztapenik eta garbiketarik gabeko biltegi batean lo egitera behartzen zuen, gaueko harrera-zerbitzua egiteko; ez zuen asteko atseden egunik; lanaldi bikoitza egiten zuen; ez zitzaizkion lan istripuak onartzen…

Jendea nahieran esplotatu ahal izateko Cipresek langileak patroi jakin baten arabera kontratatzen zituen: emakumea, kanpotarra, bere inguruan inor ez zuena eta/edo bere kargura pertsonaren bat zeukana, eta hizkuntza guztiz menderatzen ez duena (kasu honetan gaztelania). Horrek guztiak are zaurgarriagoa egiten du langilea, eta are gehiago enpresa txiki batean, non oso erraza baita botere-harremanak ezartzea, ez baitute ordezkaritza sindikalaren babes legala.

Urte luzez esplotatua eta jazarria izan ondoren, eta urte luzez borrokatu ondoren, azkenean Pepak epaiketan ikusi behar izan ditu hor bota diren gezurrak eta testigantza faltsuak, eta nola sententziak ez dituen larrigarritzat hartu ez generoa eta ez etorkin izaera. Hori dela eta, Pepak gaur egun ondorio psikiko eta fisikoak ditu, (in)justizia-sistema honek inondik inora onartzen ez dituenak.

Zorionez, nabarmentzekoak dira Peparen lankide izan zirenen elkartasuna, ahalduntzea eta borroka —emakume migratuak denak—; izan ere, haien kontakizunak eta laguntza funtsezkoak izan dira esplotatzaile hau agerian uzteko eta Pepa jasaten ari zen bakartzea hausteko. Azpimarratzekoak dira, halaber, egoera horren aurrean hainbat erakundek eta auzo mugimenduk emandako erantzunak.

Botere judizialek eta administratiboek bertze alde batera begiratzen duten bitartean, LABek langileekin salatzen jarraituko du onartzen eta estaltzen diren abusu horiek guztiak, eta langileak ahalduntzeko tresna izaten jarraituko du. Hori dela eta, gure laguntza eskaintzen diogu langileen aurkako esplotazioa edo gehiegikeriak salatu nahi dituen pertsona edo erakunde orori, bereziki ahulenei. Ezin baitugu ahaztu Castillo de Javier hotela ez dela langileak esplotatzen diren leku bakarra.

Kaleratzeen eta prekarizazioaren aurkako aldarriak Bilboko kaleak hartu ditu

Tubacex, Petronor, UTE Bilboko Argiak eta PCBko enpresa batzordeek mobilizazioa egin dute Bilbon, “Lau enpresa, borroka bat” leloarekin. Prekaritatearen kontrako mobilizazioa izan da, eta manifestazioan bertan H&M-eko langileak ere batu dira.

Kaleratzen aurka hartu dituzte kaleak, langile borroka eta elkartasunaren izenean.

Eraldaketa sozialerako prozesu soberanistak aktibatzeko beharra azpimarratu dugu Galizako CUT sindikatuarekin izandako bileran

Galizako Central Unitaria de Traballadores y Traballadoras sindikatuaren ordezkaritzarekin bilera bat izan dugu Bilbon, gure egoitzan. LAB sindikatuko Garbiñe Aranburu idazkari nagusia eta Koldo Saenz Nazioarteko Harremanetarako idazkaria Galizako CUTeko idazkari nagusi Ricardo Castro, Nazioarteko Harremanetarako idazkari Manolo Camaño eta Nazioarteko Harremanetako arduradunaren ondoko Laura Sousarekin bildu dira.

Bileran bi sindikatuok pandemiak utzi digun testuinguru politikoa, ekonomiko eta soziala eta estaturik gabeko nazioetako sindikatu soberanistetatik eraldaketa politiko eta sozialak nola bultzatu aztertu dugu.

Bileran hitz egindakoaren harira, LAB sindikatua eta Galizako CUT-ek eraldaketa sozialerako prozesu soberanistak aktibatzeko beharra azpimarratu dugu, eta, norabide horretan aliantza ezberdinak eraikitzearen beharra ikusita, zubiak eraikitzen joateko konpromisoa berretsi dugu.

Sopelako EAJk lan-prekaritatea iraunarazi nahi du kiroldegian

Atzo, maiatzak 27, Sopelako Udalak kiroldegia kudeatzeko 20 urterako pleguak onartu zituen ohiko Osoko Bilkuran, EAJren eta PSEren botoei, bozketaren une erabakigarrian Elkarrekin Podemoseko zinegotzi bat ez egoteari eta alkatearen kalitatezko botoari esker.

20 urterako pleguak, Udalak berak kudeatu beharko lukeen udal-zerbitzu bat udalekotzeko aukera eragozten dutenak. EAJk, PSEk eta Elkarrekin Podemoseko zinegotziak enpresa pribatu baten esku utzi dute kiroldegiaren kudeaketa. Eta ez hori bakarrik, onartutako agirietan ez da jasotzen langileek egindako aldarrikapen bakar bat ere.

Gogora ekarri nahi dugu gaur egun BEONE SERVIOCIO dela kiroldegia kudeatzen duen enpresa, eta seguruenik horrela izango dela datozen 20 urteotan ere. Enpresa honek urtebete baino gehiago darama ABEEEn, eta langile gehienek oinarri arautzailearen %70 kobratzen dute; ez ditu ikastaroak berraktibatzen eta Bizkaiko sektoreko hitzarmena ez aplikatzeko ahalegina egin zuen, hitzarmenean jasotakoa ezartzeari uzteko.

LABetik argi utzi nahi dugu gure borroka ez dela hemen amaitzen, langileentzako lan-baldintza duinak eskatzen jarraituko dugu, honek Sopelako bizilagunei zerbitzu egokia ematea ekarriko duelako.

Zuzenean EAJri egozten diogu zerbitzua udalekotzera eramango lukeen bidea ixtea, horrela, kiroldegiko langileen artean dagoen prekarietatea mugatzea zailduz.

Mobilizazioa egin dugu Bizkaiko aniztasun funtzionaleko hitzarmenaren alde

Manifestazioa egin dugu Bilbon, Pio X plazatik hasi eta Bizkaiko Foru Aldundiak Gran Vian duen egoitzaraino, aniztasun funtzionalaren esparruko langileentzako herrialdeko hitzarmena eskatuz. Kalitatezko aniztasun funtzionaleko sektorea aldarrikatu dugu eta zerbitzu sozialen sistema publiko, unibertsal, kalitatezko, komunitario eta kudeaketa zuzenekoa.

Aniztasun Funtzionalaren eremuan lan egiten dugun langileok hezkuntza-funtzioak betetzen ditugu, aniztasun funtzionala duten pertsonak lagundu eta hauei arreta emanez.

Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemako langileak gara, erantzukizun eta finantzaketa publikoa duena. Hala ere, erakunde titularrak, Bizkaiko Foru Aldundiak, kudeaketa pribatuko eredu bat aukeratu du, erregulaziorik gabekoa eta opakua. Lankidetza-hitzarmenen eta diru-laguntzen bidezko hitzarmen-eredu bat, ez duena bermatzen ez lan-egonkortasunik ez lan-baldintzarik. 

Lan-baldintzak Estatuko Hitzarmen Kolektibo Sektorial batek arautzen ditu. Langileek ez dugu honetan parte hartzen, eta hemen negoziatutako herrialdeko hitzarmen kolektibo sektorialik ez dagoenez, sektorea bera atomizatuta dago hainbat enpresa-hitzarmen, enpresa-itun eta Estatuko Esparru Hitzarmena aplikatzen zaien erakundetan. Honek ekarri du jarduera bera edo antzekoa egiteagatik lan-baldintza eta konpentsazio-baldintza desberdinak egotea.

Langileek jasaten dituzten laneko arriskuak ez dira behar bezala ebaluatzen eta ez da prebentzio-neurri eraginkorrik ezartzen. Horrek eragin kaltegarria izan du zerbitzuaren kalitateari eta langileen eskubide eta baldintzei dagokienez.                                  

Bada garaia gizarte-zerbitzu sozial publiko eta kalitatezkoen eredurantz aurrera egiteko, erabiltzaileen eta langileen eskubideak bermatuz. Hori horrela, LAB sindikatuak Bizkaiko Foru Aldundiari eskatzen dio plan bat egin dezala zerbitzu guztiak publifikatzeko eta langile guztiak subrogatzeko.

Honetaz gain, Bizkaiko Sektoreko Hitzarmen Kolektiboa sortzea eskatzen du LABek, herrialdeko aniztasun funtzionalaren eremua arautuko duena, langileek egiten dituzten funtzioak behar bezala aitortuz eta lan-baldintzak parekatuz. 

Ezin dugu enplegu bat bera ere galtzen utzi

Azken egunetan sarritan galdetu digute Corrugados Azpeitiaren balizko irekieraren inguruan, eta LABek ezer gutxi esan du orain arte. Izan ere, nekez baloratu dezakegu ezagutzen ez dugun hura. Partaidetzaren aldarria hitzetik hortzera darabilte patronalek eta instituzioek, baina hitz hutsak besterik ez dira izaten. Corrugados Azpeitia irekitzeko ustezko proiektu horren berri ez zaie bertan lanean aritu ziren langileei eman, ezta sindikatuei ere. Langileon bizitzaren inguruan aritzen dira langileekin eta sindikatuekin kontatu gabe. Horregatik, gardentasuna exijitzen dugu: alderdikeriak utzi eta mahai gainean jar dezatela aurkeztu omen den proiektua. Guk, ikusi arte ez dugu sinestsiko.

Industria politika ezaren ondorioak larriak dira gaur egun, baina norabidea aldatu ezean okerragoa izango da etorriko dena. Azken urteetan industriak pisua galdu eta galdu ari da. Esaterako, manufaktura industriako lantegien %20a galdu da azken 12 urtetan. Diru publikoarekin sortutako proiektuak kanpoko funtsen esku gelditzen ari dira eta inbertsio berriak erakartzeko ahaleginak porrot esanguratsuak jaso ditu, azkenengoa Iberdrolaren eskutik. Propaganda bai, ugari, 4.0. propaganda ere bai, baina estrategiarik ez.

Egoeraren larritasunari aurre egin beharrean, interes partidistak gailentzen ari zaizkio industria politikari. Harriduraz eta auzolotsaz entzun dugu Arantxa Tapia existitzen ote den ez dakigun proiektu bateko lanpostuen defentsan.  

Ez dugu ahaztu behar duela 8 urte bazen proiektu bat, Azpeitian lanpostu duinak zituena eta bidegabeki itxi zena. Zer egin zuen Eusko Jaurlaritzak 300 lanpostu horiek  salbatzeko? Jaurlaritzaren kexu bakarra itxieraren berri aurretik jakin ez izana izan zen. Itxiera prozesuan langileei bizkarra eman zien gero.

8 urte igaro dira eta lan erreformaren eraginez lanpostuak suntsitzen edo azpikontratatzen dira enpresek gehiago irabazteko. Lan erreforma industria ehuna suntsitzeko makina da. Adibideak ugariak dira: Tubacex, Aernnova, ITP-Aero, Alestis…  non dago industriaren eta enpleguaren aldeko defentsa kasu horietan? Antza denez, Europako funtsetatik ekarpenak egin behar dizkie Jaurlaritzak enplegua suntsitzen duten enpresei. Enplegu horiek ez al dute balio?

Iruñeko komun publikoetako langileek Navarra Sumari erronka irabazi izana ospatu dugu, nahiz eta ohartarazi Sarasate pasealekukoak arriskuan daudela oraindik #LortuDugu

Iruñeko Udalak komun publiko ia guztiak komun automatiko bilakatu nahi zituen, baina Navarra Sumak atzera egin du azkenean, langileek hainbat mobilizazio egin eta gero. LABen ustez ospatzekoa da hori, baina ohartarazi nahi du Sarasate pasealekuko komunen etorkizuna iluna dela, kenduko dituztela adierazi baitute.

Langileek salaketa kanpaina bat egin ondoren, azkenean Navarra Sumak onartu zuen komunak ixteko plan bat zegoela, PSN eta UPNren arteko itun batean jasota 2011-2015 legealdian. Hala ere, langileek, beren determinazioari esker, lortu dute plan horrek aurrera ez egitea.

Dena dela, garaipena ez da erabatekoa, atzo jakinarazi baitzuten Sarasate pasealekuko zerbitzuak kentzeko asmoa, eginen diren peatonalizazio obrak aprobetxatuz. Alde horretatik, LABek dei egiten die langileei eta herritarrei itxiera hori ez onartzeko, bai eta lanpostuak eta langile horiek egiten duten zerbitzu publiko ordezkaezina defendatzeko ere.

Funtsezkoak direla ozen aldarrikatu dute Osakidetzako garbitzaileek

Osakidetzako garbitzaileek greba egin dute euren lan baldintzen defentsan, eta mobilizazioak egin dituzte Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, LAB, ELA, UGT, CCOO eta ESK sindikatuok deituta. Hala, maiatzean egindako mobilizazioak biribildu dituzte greba egunarekin, Osakidetzaren mendeko zentroetako garbitzaileek bizi duten egoera ikustarazteko helburuarekin. Funtsezkoak badira, lan-baldintza duinak egokitzen zaizkiela aldarrikatu dute.

Bilbon, esaterako, Jaurlaritzako Osasun sailaren aurrean eserialdia egin dute manifestariek. Era berean, greba oztopatzeko inposatutako %100eko gutxieneko zerbitzuak salatu dituzte.

Osakidetzako garbitzaileek hiru urte baino gehiago daramatzate euren Hitzarmen Kolektiboa negoziatzen. Hala ere, enpresekin akordio batera iristetik urrun jarraitzen dute. Are gehiago, negoziazioak hilabeteak daramatza blokeatuta; ez dago aurrera pausurik. Enpresek ez dute negoziatzeko borondaterik. Negoziazio-mahaian ordezkaritza dugun sindikatuok uste dugu irtenbiderik gabeko kale itsu batean gaudela.

Horregatik, lan-baldintzak eta Hitzarmen Kolektiboa defendatzeko, mobilizazio dinakima jarri dugu abian sindikatuok.

Ondorengoak dira aldarrikapen nagusiak:

-2012ko Garapen Profesionalera sarbidea.

-Lanpostu hutsen estaldura arautzea, partzialtasunak suposatzen duen kondena saihesteko.

-Txanda-kontratuari lotutako erretiro partziala hartzeko aukera.

-Osasun-zentroetan ere plantilla-akordioak ezartzea.

-Absentzien estaldura, lan-kargak saihesteko.

-Zerbitzua publifikatzea, enplegua bermatuz.