Bizkaiko kontserberetako langileek greba eguna izan dute, hitzarmen duin baten alde. Patronalaren itxikeriaren aurrean, lan baldintza duinak aldarrikatzeko eta haien kontrako gehiegikeriak amaitu daitezen exijitzeko atera dira kalera. Greba ia erabatekoa izan da, %90eko jarraipena izan baitu.
Gasteizko epaitegien aurrean mobilizatu gara, riderren lan eskubideen defentsan
Azaroaren 30aren etorrerarekin egin da GLOVOko langileen lana aitortzeko lehen epaiketa kolektiboa Araban. LAB sindikatutik, azken urteetan egindako ibilbidearekin koherente izanik, epaitegien aurrean bildu gara beraien kontratuen lan izaera defendatzeko.
Lehen urratsa dugu lan-harremanak Uberizatuak dituzten horien aurrean. Nahiz eta Rider Legea pausu garrantzitsua izan, gaur egun epaitegietara jo behar dugu lan harremanak aitortuak izan daitezen. Hori da, agian, salatu beharreko lehen gaia: nola liteke, Auzitegi Gorenaren doktrina egonda, lan-eskubide oinarrizkoenak aitortzeko epaitegietara jotzea derrigortzea?
Beste alde batetik, sektorearen erregularizazioa askotan iragartzen da, eta digitalizazioaren aldeko apustua egiten duten lobby handiei beren presioa egiten jarraitzeko aukera ematen zaie. Garaia da alderdi politikoak Euskal Herrian kokatzeko eta konpromisoak hartzeko, ez bakarrik etxez etxeko banatzaileekin, baizik eta iruzurrezko praktika horiek eragindako sektore guztiekin.
Hori guztia dela eta, mobilizatzea erabaki dugu, Riderri babesa eta elkartasuna adierazteko eta haien lan-eskubideak defendatzeko.
Gure elkartasun eta babes osoa adierazten diogu Tubacex-eko lan heriotzen aurreko protesta ekimen batengatik bihar Gasteizen epaituko duten Ernai-ko kideari
2019an Tubacex-eko lantegietan lanean zeuden bi langile hil ziren hiru hilabete eskasetan. Lehenengoa, uztailaren 4an, Laudioko lantegian lanean zegoen I.E.A. 25 urteko langilea eta bigarrena, irailaren 18an, Amurrioko lantegian lanean zegoen M.G.R. 59 urteko langilea.
Tubacex-ek ukatu egin zuen zerikusirik izatea gertatutakoekin, baina enpresako langileen ordezkaritzatik eta LABetik argi geneukan lan istripu hauek lan baldintza prekarioen ondorio zirela. Horregatik prekaritateak eragindako heriotza hauek salatzeko hainbat ekimen egin genituen, 24 orduko lanuztea, manifestazioak, kontzentrazioak, etab.
Sindikatu zein eragile sozialek egindako ekimen jendetsuekin batera Ernai Aiaraldeak bestelako ekimen batzuk ere burutu zituen, horien artean Laudioko Zumalakarregi kalea moztea, Amurrioko lantegiko sarreran kateatzea edo Laudioko lantegiko sarrera gorriz margotzea. Ekimen hauengatik identifikatuak eta jazartuak izan dira Ernai Aiaraldeko gazteak. Gazteen kontra irekitako prozedura eta isunetatik batek aurrera jarraitu du, 7.000 eurotako isun-eskaerarekin. Bihar, azaroak 30, Ernaiko kide batek aurre egin beharko dio zigor eskaera honi eta epaitua izango Gasteizen lan heriotza bat salatzeko ekimen batengatik.
Gure babes eta elkartasun osoa adieraz nahi diogu epaitua izan den Ernaiko kideari zein Ernai Aiaraldeko kide guztiei, eta bihar 10:30etan Gasteizeko epaitegien aurrean egingo den elkartaratzean parte hartzera dei egiten dugu.
Azken urteetan 5 langile hil egin dira Tubacexen lanean ari zirela. Hau ez da kasualitatea, lan baldintza prekarioen ondorio baizik. Eta are larriago dena da behin lan heriotza bat egon ostean benetako neurri efektiboak hartu ez izana. Gainera, langileen heriotzen aurrean Tubacexeko zuzendaritzak ez du inolako erantzukizunik hartu nahi izan, aldiz, langile zein gazte konprometituak kriminalizatzeko lotsarik ez dute. Kasu honetan argi diogu, Tubacex-eko zuzendaritza da epaitu beharrekoa.
Prekarietatearen aurrean antolatzea eta borrokatzea dagokigu. Oraina margotuz geroa eraiki.
Bilboko Udalaren aurrekontuetan zerbitzu publikoak garatu eta kontratetan prekarizazioa saihestea eskatu dugu
Gaur, azaroak 29, Bilboko Udalak 2022ko aurrekontu proiektua onartu du. Aurrekontuak herritarren beharrei erantzun beharko lieke, kalitatezko zerbitzu publikoen garapena lehenetsiz, denon artean sortutako aberastasunaren banaketa zuzena ziurtatuz. Gaur onartu den aurrekontuak ez du helburu hori betetzen eta honen aurrean, mobilizazioa egin dugu, Bilboko Udalaren aurrekontuetan zerbitzu publikoak garatu eta kontratetan prekarizazioa saihestea eskatzeko.
Onartutako aurrekontuek ez diete erantzungo gai hauei:
– Udaleko langileekin hartutako konpromisoei.
– Osoko Bilkuran onartutako Gizarte Politiken Itunari, ez duelako behar adina diru bideratzen itun hori garatzeko behar diren langileak kontratatzeko.
– Herritarren eta udaleko langileen hizkuntza-eskubideak bermatzea helburu duen Euskararen Erabilera Normalizatzeko Planari, ez baitute Plan hori garatzeko behar diren langileak kontratatzeko behar adinako aurrekontu-zuzkidura ematen.
– Ez du emakumeen eta gizonen berdintasunaren alde egiten. Berdintasun saila sortu zutenetik berdintasun teknikari bakarra dago. Berdintasun-planak eta ordenantzak onartzea baliabide nahikorik ipini barik marketing eta iruzurra hutsa besterik ez da.
Aldiz, aurrekontu hau bai erabiliko direla Bilbao-SAMUR, Udal Anbulantziaren Zerbitzua ixteko, 18 lanpostu suntsituz, eta baita Basozaintza Zerbitzua pribatizatzeko, enplegu publikoa suntsitu eta lan prekarioa sortuz. Ikusten dugu Udalak ez duela bere gain hartu nahi enpleguaren prekarizazioan duen erantzukizuna.
Egun, kontrata askotan lana prekarizatuta dago, are gehiago sektore feminizatuetan (lanaldi partzialak, behin-behinekotasuna…), kasu batzuetan ez baitira betetzen Langileen Estatutuaren oinarrizko alderdiak, hala nola atsedenerako eskubidea.
Udalak adi egon behar du eta espedientea egin behar die lan arloko araudia betetzen ez duten kontratei. Honekin lotuta, aipamen berezia egin nahi diogu Taludes Bilbao ABEEko langileen borrokari. Lorezaintza kontratako langileen soldata baino %20 gutxiago kobratzen dute eta azken egunotan, ekiparazioa eskatzeko borroka hasi dute. Lau mobilizazio egun egin dituzte dagoeneko, eta abenduaren 1ean kaleak hartuko dituzte berriro.
Garaia heldu da udalaren zein udal enpresen kontratazioen baldintza-agirietan, langileen lan-baldintzak prekarioak izan ez daitezen beharrezkoak diren klausulak sartzeko.
- 1.400 eurotako gutxieneko soldata.
- Herrialdeko lan hitzarmena betetzea.
- Subrogazioa.
- Kontratu mugagabeen kopurua saritzea.
- Lanaldi osoen kopurua saritzea
- Emakumeen eta gizonen arteko berdintasun-irizpideak sartzea, soldata arrakala gainditzekoak besteak beste.
Beste urte batez, Udal Gobernuak ez du bere gain hartzen enpleguaren prekarizazioan duen erantzukizuna. Udal Gobernu honek enpresen etekina lehenesten jarraitzen du, pertsonen bizi-kalitatearen gainetik. Gero eta langile pobre gehiago sortzen laguntzen ari da enpresa pribatuen etekinak handitzeko.
Irmotasunez eta sektore osoko lan- eta bizi-baldintzak hobetzeko konpromisoarekin ekiten diogu Bizkaiko metalgintzako hitzarmen berriaren negoziazioari
Gaur osatu da Bizkaiko metalgintzako hitzarmen berriaren negoziazio-mahaia, azkena sinatu zenetik bi urte igaro direnean.
Azken hitzarmenaren kasuan, akordioa 10 greba egunen ostean etorri zen, maila laboral eta sozialean borroka historikoa izan ondoren. Borroka bateratuan, gehiengoa eta gutxiengoa duten sindikatu guztiek, hainbat gizarte-mugimendurekin batera, indarrak batu genituen kalera irten eta Bizkaiko metalgintzan lan-baldintza duinak dituen hitzarmen baten alde borrokatzeko.
Borroka honen ondorioz, inputatu ugari eta zigor ekonomikoak izan ziren. Gaur egun, 5 langile daude espetxe-eskaerekin, eta Mozal Legea aplikatzeagatik epaituko dituzte. Salaketa horien guztien atzean dagoena salatu nahi dugu: grebarako eskubidea kriminalizatzea da helburua. Lan- eta bizi-baldintza duinak babesteko egiten diren borroka guztiak kriminalizatzeko nahia dago. Horregatik, langileen aurka irekitako prozesu judizial bertan behera uzteko eskatzen diogu Eusko Jaurlaritzari.
Azken bi urte hauetan hainbat eraso jasan dugu sektorean pandemiaren aitzakian, enpleguaren suntsiketa lan-baldintzak prekarizatzeko etengabeko ahaleginak… Horregatik, LABek irmotasunez ekiten dio negoziazio berri honi, eta Bizkaiko metalgintzako langile guztien beharrak negoziazioaren erdigunean jartzeko helburu argiarekin, sektore osoko lan- eta bizi-baldintzak hobetzeko konpromisoa berresten dugu. Badakigu patronalak ez digula ezer emango, badakigu ez dela erraza izango, baina badakigu zein den gure helburuak lortzeko bidea: aktibazioa, antolakuntza, aliantzak sortzea eta borroka.
Datozen egunetan delegatuen batzarrak egingo ditugu eskualde guztietan, LABen plataformaren edukiak partekatzeko eta erabakitzeko.
Kulturako Teknikarien sektorearen erregulazioa erreibindikatu dugu Nafarroako Parlamentuan
Kulturako teknikarien sektorea prekarizatua da guztiz, eta sektorea arautuko duen hitzarmen kolektiborik ez egoteak lan errealitate gogorra ekartzen du. Horregatik, “kultur jarduera duintzeko eta haren etorkizuna bermatzeko ponentzia” bat egin dute gaur goizean Nafarroako Parlamentuan. Bertan hartu dute parte lau sindikatu nagusietako ordezkariek. LABekoak sektoreak erregulatzeko beharra erreibindikatu du.
Administrazioa da sektore horretako kontratatzaile nagusia ―egiten den zerbitzuaren % 90 inguru izanen da berea―eta, beraz, LAB sindikatuak zuzenean inplikatzea eskatzen dio, hitzarmen kolektibo batean jasotzen diren lan baldintza duinak lortzeko. Hitzarmenik gabe, lan baldintzak esleipen lehiaketetan ezarritako baldintzen araberakoak dira, langileen ekarpenak kontuan hartu gabe, Gayarre antzoki enblematikoarekin gertatu den bezala.
Gaur egun ez dago zentro bakar bati atxikituriko langilerik, ezta gutxieneko langile zehatzik ere, eta horren ondorioz Gayarre edo Baluarte bezalako antzokietako teknikarien kaleratzeak eta lanaldi murrizketak gertatzen ari dira.
Horregatik guztiagatik, eta zerbitzua lantzen duten pertsonak zaintzeko planteamenduarekin bat etorriz, LAB sindikatuak Parlamentuko ponentzian defendatu du subrogatu beharreko langileek antzokiko gutxieneko taldearekin bat egitea eta subrogazioak, bere lan baldintzak kontuan hartzeaz gain, bere kontratuan ezarritako lanaldia errespetatu eta inoiz ez murriztea.
Horrez gain, gaur egun martxan dauden lizitazio guztiak bertan behera uzteko eskatu dugu, sektorea arautzen ez den bitartean. Funtsezkoa da subrogazioa zehazteko irizpidea bidezkoa izan dadin, kontratazio publikoaren legea errespeta dadin eta Nafarroako espazio eszenikoetan subrogatu beharreko langile teknikoen jardunaldiei eutsi diezaien.
Nafarroako Osasuneko Mahai Sektorialak argilun asko utzi ditu, eta berri on bakar batzuk
Azaroaren 25ean egindako Osasuneko Mahai Sektorialak argilun asko utzi ditu, eta berri on bakar batzuk.
2021eko LEPari dagokionez, honela banatuko dira lanpostuak: 271 lanpostu Osasunbiderako eta 14 lanpostu NOPLOIrako (7 osasun arlokoak eta 7 osasun arlokoak ez direnak). Osasunbidean, 271 lanpostu horietatik 108 alboko fakultatiboenak dira, 35 OOLTkoak, 30 erizainenak, 12 erizain espezialistenak, 45 EZLTenak…
Enplegua egonkortzeko 2017ko LEPari dagokionez, 79 lanpostu gehituko dira: 31 erizainenak, 21 EZLTEenak, 12 zeladoreenak…
Hasita dauden hautapen prozesuak ez dira geldiarazi behar, Espainiako Kongresuak enplegua egonkortzeko LEPari buruz erabakitzen duenaren zain.
LAB sindikatutik, berriz salatzen dugu hautapen prozesuen segurtasun juridikorik eza, bai eta hedatzen ari diren bigarren mailako lan baldintzak ere. Iragarri duten LEPa ez zaigu nahikoa iruditzen, eta berriz azpimarratzen dugu beharrezkoa dela Espainiako Estatuak ezarritako ordezte-tasa kentzea, behin-behinekotasun tasa % 8ra jaistea eragozten baitu.
Urtetako negoziazioen ondoren, koordinatzaileen figura eta barne-igoera arautzen dituen 347 Foru Dekretuaren aldaketa aurrera doa, Funtzio Publikoak aldeko txostena eman ondoren. Hemendik 4-6 hilabetera argitaratuko da. LAB sindikatuak oso positibotzat jotzen du dekretu hori aldatzea, aldi baterako barne-igoera erregularizatzea eta burutzak demokratizatzea dakarrelako, nahiz eta SMN eta SATSE sindikatu korporatiboak aurka egon.
Jaiegun bereziak: azken Mahai Orokorrean salatu genuenez, LAB sindikatuak uste du jaiegun bereziak langile guztiei ordaindu behar zaizkiela. Langile batzuei bakarrik ordaintzea bidegabekeria bat da; beste bat.
LAB sindikatuak behin baino gehiagotan adierazi du COVID kontaktuen jarraipen-lanetan militarrak jartzearen aurka dagoela, uste dugulako haien presentzia ez dela beharrezkoa eta ez dagoela justifikatua. Profesionalen Zuzendaritzatik ez dugu inolako erantzunik jaso. Erabaki horrekin, Osasunbideko langileak kontratatzeari uzten ari zaio, eta, gainera, militarrak herritar guztien historia klinikoetara sartzen ahal dira. Hori guztia Nafarroako Gobernuaren onespenarekin.
Halaber, Osasunbideko Profesionalen zuzendariaren dimisioaren berri eman digute, pandemiaren egoerari eta jasaten ari garen gorabeherei dagokienez une kritiko batean gertatu dena. Ez dugu ulertzen Carlos Artundo eta Santos Indurain osasun arduradunek horrelako kromo eta zuzendaritza aldaketak egitea une kritiko honetan.
LABetik, Osasun Departamentuan dagoen komunikazio falta eta zuzendari nagusiaren eta kontseilariaren politikak salatzen ditugu. Izan ere, langile faltagatik argi eta garbi bideraezinak diren planak iragartzen segitzen dute, Oinarrizko Osasun Laguntzako Plana, esate baterako, eta argi uzten ari dira zerbitzu gehiago pribatizatzeko asmoa dutela, fisioterapia-zerbitzua, konparazio batera.
Azken lan heriotzak salatu ditugu Portugaleten
Euskal gehiengo sindikalak deituta, Portugaleten mobilizatu gara, asteartean herrian bertan izandako lan heriotza salatzeko, non eraikuntzako langile batek bizia galdu zuen, bosgarren solairu batetik erori ondoren. Azken astean gertatutako lan istripu hilgarriak salatu ditugu, bost eguneko epean hiru langile hil eta gero, eta, odolusteak etenik ez duela ohartarazteaz gain, prekaritateak hil egiten duela nabarmendu dugu.
EHUk doktoretza aurreko ikertzaileei zor diena ordaindu beharko die Gorenak kasazio-errekurtsoa atzera bota eta gero #LortuDugu
Espainiako Auzitegi Gorenak ez du onartu doktoretza aurreko ikertzaileen aldeko ebazpenaren aurka EHUk ezarritako kasazio-errekurtsoa eta, LABek erreklamatu bezala, soldatak egokitzera behartzen du unibertsitatea.
2019ko martxoaren 16an, epainiar Estatuan EPIPFa (Doktoretza aurreko Ikertzaileen Estatutua) sartu zenean, LABetik behin eta berriz EHU interpelatu genuen ikertzaile horien soldatak lege horrek ezarritako gutxienekoetara egokitu zitzan, baina ez genuen Administrazioaren aldetik erantzun positiborik jaso.
Egoera horren aurrean, LABek doktoretza aurreko ikertzaileei dei egin zien jaso ez zituzten zenbatekoak judizialki erreklamatzera. LABetik dozenaka doktoretza aurreko ikertzaileren erreklamazioak tramitatu genituen eta erreklamatzaileen aldeko hainbat sententzia ebatzi zituen EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak.
EHUk, ordea, sarritan baliatutako bere langileen aldeko neurriak hartzeko nahikoa oinarri juridikorik ez egotearen argudioa erabiliz, Madrilgo Auzitegi Gorenean kasazio errekurtsoa jarri zuen sententzia horien aurka. Hilabeteetako itxaronaldiaren ondoren, azken egunotan sindikatuko zerbitzu juridikoek jakinarazi digute Auzitegi Gorenak ez duela tramitera onartu EHUk jarritako lehenengo errekurtsoa eta, beraz, EAEko Auzitegi Nagusiaren erabakia berresten duela. Hau da, EHUk EPIPFak ezartzen dituen gutxieneko soldatak 2019ko martxoaren 16tik aurrera aplikatu behar zituela eta, ondorioz, ikertzaileen soldatak egokitu. Logikoa denez, beste kasazio-errekurtsoak bide beretik joango direla uste dugu.
Amaitu dira aitzakiak, beraz. Doktoretza aurreko ikertzaileei zor zaien dirua ordaintzen hasteko garaia iritsi dela ozenago berresten dugu LABetik.

